Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Atzerakoiak ote gara?

Atzerakoiak ote gara?

xme 2005/10/18 08:00

Atzoko trikiti-kontuekin loturik, kantu bat datorkit gogora, Juan Carlos Perezen "Hau berua" disko zoragarri hartakoa. Hala zioen "Herriko neskak" abestiaren zati batek: "Gelatxok jo zuela San Jeronimoko erromerian atzo esan didate, eta egunsentia arte jarraitu zuela. Eta ni ezin izan nintzen egon zurekin hemen nengoelako, eta han egotea gustauko ziten, zuk ondo dakizu hori...", eta kantuak aurrera jarraitzen du, baina nik hemen utziko ditut kantari eta trikiti kontuak.

Izan ere, joan den larunbat arratsaldean niri ere Idiazabalen egotea "gustauko ziten", Bertsolari Txapelketako saioa entzuten, baina ezin izan nintzen han egon, familiarekin ere konplitu beharra dagoelako eta Urbileko zentro komertzialean nengoelako,

Goazen ba Urbilera: larunbat arratsaldeetan normala da hura gainezka egotea, baina joan den 15ean besteetan baino beteago, autoa ere non utzi ez geneukala, eta bertako arduradunek esanda arauz kanpoko tokian utzi behar azkenean.

Zer gertatzen ote da? Nondik nora halako jendetza? Horrek bakarrik ez du azaltzen, noski, baina bere ekarpena izango zuen sartzean ikusi genuen kartelak: "Miss & Mister Gipuzkoa. Urriak 15, casting-a". Afixak zioen legez, barrura sartu eta hantxe ikusi genituen neska pinpirin eta mutil gihartsuak, pasarela xixtrin batean atzera eta aurrera, lagun, fan, ahaide eta miresleen animo-oihuen artean.

Bitxia da miss eta mister lehiaketen kasua. Halakoekin dudan lehenengo oroitzapena 10 urte nituenekoa izango da, orduan atera baitzen Amparo Muñoz andaluziarra Miss Mundo, 1974an. Edertasun-ikono bat izango zen seguru asko niretzat, eta beste askorentzat. Handik hilabete batzuetara, baina, uko egin zion Muñozek tituluari, eta gero bizimodu nahasi samarra etorri zen, tartean drogak eta beste, Leon de Aranoak "Familia" filmean rol bat eskaini zion arte.

Miss-en kontu horrek gazta zaharrak baino har gehiago zituela esango nuen nik, eta (Amparo Muñozen kasua paradigmatikotzat harturik edo) frankismo garaiko horrelako ikuskizun penagarrien antzera pixkanaka itzaliz joango zela. Aintzat hartzeko edozein ikuspegi seriotatik ez baitago halako zerbait nondik salbatu: mundu ikuskera ezkertiarra edukiz gero, guztiz alienatzailea eta atzerakoia da; feminismoa aintzat hartu nahi duenarentzat, degradante eta lotsagarria; ikuspegi kristau edo humanista soil batetik ere, giza duintasunaren kontrakotzat jo genezake, eta arau estetiko hutsetik epaituta ezin kutreagoa da.

Eta hala ere egundoko arrakasta dute, ez bakarrik gero eta jarraitzaile gehiago dituztelako, eta oihartzun handia komunikabideetan; kontrako ahotsik ere ez da ia entzuten gaur egun. Kontra gaudenak garela atzerakoiak atera behar ote dut ondoriotzat?

etiketak: Saski Naski
matxalde
matxalde dio:
2005/10/21 22:08

Zirugia plastikoa? Ez, eskerrik asko. Eztakit'pa! Nik mobilik ez, sekula ez! Eta orain? Nik trajerik ez! Eta orain? Ezkontzetara joan besterik ez dago gazte jendea nola joaten den ikusteko: mutikoek trajea, neskek txonkatila arteko gona; biek makilaia. Bai, geroz eta gehiago; fijatu bestela, gabaz, neoi argipean, aurpegiak distiraz blai. Izerdia? Ez, makilaia. Nork ez dio begiratzen miss/mister bati? Ez gezurrik esan; nortasuna baino petxonalidadea/"txokolate tableta" bistagokoa geratzen da beti. Zer? Zirugia plastikoa? Erantzun'iazue hamar urte barru!!

asier
asier dio:
2005/10/23 03:06

Ohore handia da niretzat biok ala biok ere nire hankasartzea barkatu izana, orain Iñaki Mendigurenek du hitza, bera da eta azken aitatua.

asier
asier dio:
2005/10/19 22:38

Gaur egun jende askok ez du duintasun minimo batez zahartzea onartzen: "oraindino ez, baina inoiz gorputza zahartuta ikusten badut, ez dut zirujia egiteko zalantzarik izango". Beti gazte, beti eder... Beste kultura askotan zaharrei dieten begirunearen balorea galdua dugu aspalditik,

Julen
Julen dio:
2005/10/21 10:51

Niretzat ere ohorea da Iñaki Mendigurenekin nahastea. Digoooo... joe, Xabi, eske mundu guztiaren antza duzu!

xme
xme dio:
2005/10/19 13:21

Ez da zer barkatu, Asier:

Julenekin nahastea ohoretzat hartzen dut. Berak zer esango lukeen ez dakit baina.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/10/19 14:46

Jente guapoa eta gaztearen menpe dago mundu hau, zentzu batean. Itxurazaleen esku dago "Dermoesthetic Corporation Planet" hau.

Gaur egun zirujau plastikoa izatea... hori da hori pagotxa!

asier
asier dio:
2005/10/19 13:18

Neu ere atzamarrari begira geratu naiz, San Jeronimoko jaiak ume-umetan ezagutu nituen, Ondarrun bizi nintzela, eta oroitzapen politak dauzkat eduki ere. Gaur egun gogoratu ere ez dut egiten noiz ospatzen diren...

Ni neu aurrerakoi plantak egitea gustatzen zaigulakoan nago, baina atzerakoitik ere edonork daukala uste dut. Ez dakit non irakurri nuen norberaren kontraesanak izerdiaren antzeko zeozer zirela, ekinaren ekinez azaletik kanpo isurtzen ditugun atzerakoikeritxoak.

Julen, HAU BERUA diskoarenean konforme nago bete-betean eta gaur egun hipermerkatuetako disko merkeen artean ikusteak jendearen irizpide musikalak zeintzuk ete diren pentsarazten didate.

asier
asier dio:
2005/10/19 13:19

Barkatu, Xabier, Julen deitzeagatik. Auzokoaren blogean ari nintzelakoan izan da.

Gari
Gari dio:
2005/10/18 11:19

Xabier ilargia seinalatuz, ni behatzari begira.

Beti izan dut San Jeronimoko jaietara joateko gogoa. Oso jai alai eta familiartekoak izaten direla entzun izan dut. Mutriku eta Saturraran arteko errepide ertzean, kotxez pasatzean ezin da pentsatu toki txiki hartan jairik ospatzen denik.

San Jeronimo ermitaren argazkia

San Jeronimo ermita

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.