Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zaldi Eroa: "Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzean aurkitu nuen euskara ikasteko gakoa"

Zaldi Eroa: "Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzean aurkitu nuen euskara ikasteko gakoa"

xme 2005/10/20 08:00

Goizeroko irribarreen iturri izaten dira "De Rerum Natura" izenpean Patxi Huarte "Zaldi Eroa" marrazkilariak kaleratzen dituen komiki tirak: ustekabekoak, jostagarriak, gaurkotasunaren ikuspegi txoro eta aldi berean txorrotxa ematen digutenak. Orain bilduma batean argitaratu ditu onentsuenak, eta irakurleari aukera eman liburuan topatzeko haren pertsonaia ahanztezinak: Gizon Jakintsua eta M'ongolo, Euskal Taliban Jatorra eta Yoda, Nafarroa kapitaina eta Petilla komandanteordea, The Organitation, La Pelota Basqua...

Faltzes 1966 irakurtzen dugu zure fitxan. Erriberatartasun gutxi sumatzen dizugu hala ere. Zer gorde duzu eta zer galdu, Iruñera etorrita?

Jaio Erriberan jaio nintzen, baina betidanik (hiru urte bete nituenetik) Iruñean bizi izan naiz. Oporraldi motz batzuen oroimenak gorde ditut. Usaiak batez ere: tomateak, pepinoa, untxien kaiolena. Eta zarata bat: kaleetatik astoen apatxek sortzen zutena. Hori guztia galdu dut.

Eta euskararen mundutxoan sartzea zer izan zen, halakoetan arakatzea zilegi bada: planeta berri bat deskubritzea? Zure barruko ni-arekin topo egitea?

Euskarara ikastolatik atera nintzenean hurbildu nintzen. Euskara galtzen ari nintzenean. Orduan jabetu nintzen nire barruko zer edo zer garrantzitsuarekin lotzen ninduela euskarak eta euskalduntzerari berrekin nion. Kuriosoa da zeren gakoa Ipar Amerikako indioei buruz irakurtzean aurkitu nuen. "Kultura natiboa"ri zor zaion errespetuaz jabetzeko, aurretik lekutaraino joan behar izan nintzen.

Biografiarekin segitzeko, edo amaitzeko: noiz hasi zinen ikusten marrazkilaritzat zeure burua? Zaletasuna ogibide bihurtzea bide erraza edo zaila izan da?

Marrazkilaria Korrok aldizkarian izan nintzen. Aurretik ez nuen marrazten. Irratigintzan aritzen nintzen, irrati libreetan. Ogibide bihurtzea zaila eta aldi berean erraza izan da. Erraza, zeren ez diot denborarik eskaini, ez naiz lan horren bila tematsu ibili; baina aldi berean zaila, zeren ez dago aukera gehiegi aurrera egiteko.

Gatozen zure liburura. "De Rerum Natura" (Gauzen izaeraz, Lukrezio filosofo-poetak bere gogoetak biltzen zituen obrari emandako izenburu bera): titulua ez al da handigura samarra? Zer adierazi nahi zenuke horren bitartez?

Aldrebes. Oso titulu umila da. Niretzat "hitz egin dezagun edozein gauzaz" moduko zerbait da. Egin dezagun inguratzen gaituzten gauzen katalogo bat. Baina aldi berean badu "natura" hitz zoragarri hori, oso Zen bihurtzen duena, badakizue: gauzen funtsa eta irudia, zer da erreala, zer da ilusioa (dena da ilusioa). Handiguraren trazak igual latinez dagoelako izango ditu, Kultura hermetikoaren guruek erabiltzen dutena. Baina nik Lukreziogandik atera nuen eta ez Latin departamentu arrandios batetik. Esan nahi dut, Luterok zioen moduan, Jainkoarekin hitz egiteko ez dela artekaririk behar.

Egunkariko lanak liburu batean biltzeko, zer izan da akuilu handiagoa: artistaren banitatea, ala lagunen laudorio eta eskeak?

Laudorio eta eskeek banitatea puztu eta horrelako erabakiak hartzera bultzatzen gaituzte, noski. Dena den, kalitate  bat bazegoela eta merezi zuela pentsatzen nuen, eta horrela dela beste batzuek ere baieztatu didatenez ba, tira, erabakia hartu nuen.

Prentsarako marraztu ohi duzu, gauza laburrak oro har; formatu horretan gustura, ala istorio luzeagoak idazteko desiratzen zeundeke, modurik edukiz gero?

Egia esan, liburua ikusita: hain polita, hain dotore... gauza gehiago, eta berriak, egiteko zirrara sortu zait. Proiektu posible berrietan pentsatzen hasia naiz, bai.

Fan mordoa daukazu, goizero zure istorioaren zain daudenak, eta horientzat opari goxo bat izango da liburu hau. Hala ere, izango dira zure pertsonaiekin lehenengoz topo egingo dutenak: dosi bortitzegia ote da, dena batera irensteko?

Pentsatzen nuena baino arinagoa iruditzen zait orain liburua. Eta uste dut kontua pertsonaia desberdinak tartekatzean datzala. Erritmo bat ematen diote liburuari. Ez da arratsalde batean irakurtzekoa, baina irakurri... irakurri daiteke! Ez da katalogo bat soilik.

Gizon Jakintsua, Taliban Jatorra, Nafarroa kapitaina... Zein duzu maiteena zure pertsonaien artean?

Morroiak beti, ahulenak. Nabarrako erregearen bufoia. Talibanaren yoda. Kapitainaren Petilla. Patxiren Xaxa.

Egiazko pertsonak ere sartu dituzu: Fernando Sebastian monsinorea, Ibarretxe lehendakaria, Iturgaitz... Bide hori gehiago lantzeko asmorik bai, ala alde batera utzia duzu?

"Egiazko pertsonak" esatea gehiegitxo da. Nahiko "pertsonaiak" dira. Batez ere Sebastian. Dagozkien "paperak" bete, osatzen dituzte. Atzean pertsonak egongo dira, sinetsita nago, baina nik ez ditut orain artean ikusi. Eta bai... beraiekin eta berriekin segitzeko asmoa daukat.

Umoreak ezinbestekoa al du gizarte-kritika?

Ez, ezinbestekoa ere ez da. Baina eskertzen da. Niretzat, ni oso ideologizatua nago, aitortzen dut, gizarte kritika behar dugu, ezinbestekoa da.

Eta horren haritik, zu bezalako komikilari batentzat saihestezina bihurtzen da bere pentsaera, filiak eta fobiak agerian jartzea?

Bai noski. Niretzat saihestezina baino gehiago... nire helburua hori da!!! Beste elkarrizketa batean aitortu dudan bezala ni moralista hutsa naiz!. Ratzinger bezala: Doktrina, doktrina eta doktrina!!

etiketak: Editore lanak
Petrus
Petrus dio:
2005/10/20 23:40

Mesede bat eskatu behar diot Zaldi Eroari: ez atzendu Petrus Secundus Navarrae Rex, faborez! Ezta esparragoaren kofradia ere. Sinestezina zait benetan zein maisutasunez islatzen duen Zaldi Eroak gure gaurko nabarridadea, edo nabarrismoa, edo dena delako hori.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/10/21 13:20

Fan mordoa daukazu, goizero zure istorioaren zain daudenak, eta horientzat opari goxo bat izango da liburu hau.

Zalantza barik. Ni neu adibide, Zaldi Eroa (eta Juan Cruz Lakasta)ren zale fidela.

Atzoko "El País"en zuzendariari bidalitako gutun guztiak harenegun zendutako Eduardo Haro Tecglen-eri buruzkoak ziran (dan-danak!). Horietako batean, batek aitatzen eban zelan goxero irakurle askok egunkari hori irakurteari Haroren zutabetik ekiten eutsien.

Horixe bera gertatzen jat neuri "De Rerum Natura" edo "Serio Demonio"gaz.

Goian bego http://www.eduardoharotecglen.net/blog/

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.