Txillardegi: "ETAkoak asto hutsak direlako klixe hori salatu nahi izan dut"
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929) literaturara itzuli da Labartzari agur eleberriarekin. Beregana jo dugu beraz, huntaz eta hartaz galdezka.
Zure biografia aberatsean alderdi ugari landu dituzu, sarritan kontrajarriak diruditenak: ekintzaile eta pentsalaria, zeintziak eta letrak, pianoa eta ingeniaritza, eleberria eta hizkuntzalaritza... Jakin-min unibertsal batek eraginda, ala alor bakarrean aspertu egingo zinatekeelako ala...?
Aspertze konturik ez dago. Errealitatearen alor askok eta askok berebiziko erakarmena dute; egiaren gose bizi garenontzat bederen. Baina, hain zuzen, errealitatea garrantzitsuagoa da fikzioa baino. Eta honek markatu nau, uste dut; eta markatzen. Zientzia gorago ikusten dut Literatura baino; batez ere Literatura-mota iheslari xeru batzuk baino.
"Peru Leartzako"tik aurrera, hamar urtean behin egina zenuen nobela bana. Orain, berriz, epeak estutu egin dituzu. Asti gehiagorekin zabiltzalako, ala zer esana sentitzen zenuelako?
Ez nintzen konturatu ere egin! Baliteke. Irakasle izan direnek ongi dakite kurtso bat eman beharrak nolako loturak dakartzan. Are mentalak ere.
Labartzari agur duzu orain arteko azkena, kartzelan urte franko emandako gizonaren itzulera. Zu ez zara espetxean luzaroan egon baina, zein neurritan da Antton Ihartzegarai, iritzi eta zaletasunetan, zure buruaren isla?
Luzaroan ez baina hiru aldiz bai: 1950ean Martutene estreinatu berrian sartu ninduten hilabetez, 1960 berriro hiru hilabetez, eta 1980an Telesforo, Castells eta HBko beste hainbat Langraizen eduki gintuzten pare bat astez. Ez dira neuk ezagutu ditudan euskal preso askoren egonaldi luzeak, ezta hurrik eman ere, baina ezagutu, ezagutu dut espetxea, eta Ihartzegarairen gorabeherak sumatzea ez zait, horrenbestez, guztiz zail gertatu. Protagonistarekiko identifikazioari dagokionez, gauza bat azpimarratu nahi nuke, eta ez da lehenengo aldia: Ekin Bilboko Ingeniari Eskolan eta Deustuan sortu zen, eta ekintza-gizon intelektual franko egon da hor. Bat-batean bururatzen zaizkidan batzuk: Mikel Albisu, Txelis Alvarez Santacristina, Sarrionandi. Hitz batez: klixe hori (ETAkoa = asto hutsa) faltsua da eta salatu egin nahi dut.
Eleberriak gai eta giro anitz azaltzen du. Banaka aipatuko dizkizut batzuk, nahi baduzu iruzkin bat egin dezazun. Hasteko, badira maitasun-istorioak, ez inola ere idealizatuak baina bai goxoak.
Azaldutako kontuak klasikoak dira amodioetan. Hautatutako gertalekuak, bestalde, ongi ezagutzen ditudan lekuak dira: Baiona, Arcachon... Baina autobiografian bilatzea, alferrik, alfer-lana. Asmamen azkarrekoa ez izanik ere, tira...
Mugimendua eta ekintza ere sartu duzu, hitzaren adiera guztietan, Exkixu-ren antzera...
Hori ere erraza gure herrian, giro abertzalean mugitzen garenontzat behintzat. Seguru asko bere zapatillak behin ere kendu ez dituenarentzat, oso zailak. Baina borroka abertzalearen ondorioak oso hurbildik ezagutu ditugunoi, eguneroko ogia zaigu ia-ia.
Giza patuaren aldaezintasuna
Alderdi fisolofiko bat ere badu, bizitzaren aurreko jarrera... ez dakit nola definitu: etsia? ezkorra?
Existentzialismoa moda gisa joana da aspaldi. Baina giza patua ez da aldatu. Eta etsipen hori sentitzea normala da. Eta ETAko batek areago. Harrigarria da: Unamunoren kezka metafisiko nagusia (ikus El sentimiento trágico de la vida) ez da batere berria. Neanderthalgo gizonak ere bazeukan; eta zer esanik ez Cro-Magnon-darrok betidanik. Eta zer nabarmenagorik antzinako egiptoarren baltsamaketa teknikak berak baino?
Eztabaida politiko apur bat ere ageri da: zure egungo ikuspegi kritikoaren ildotik edo...
Filosofiatan ez sartzen saiatu naiz. Baina denok gara filosofo, hein batean behintzat.
Idazkera nabarmentzekoa da: esaldi laburrak, paragrafoak ere bai. Arintasun hori zer da: azkar eta aise irakur dadin, aukera estilistiko bat, protagonistaren barren urduriarekin ondoen ezkontzen den ezaugarria...?
Ez dut berariaz egin. Horrela bada, konturatu gabe gertatu da.
Bestalde, deigarria da pertsonaietako batzuek beren artean bizkaieraz egitea, ahozko jardunera hurbiltzen den idazkeran emana gainera...
Nobela, batuaz idatzia da, noski. Baina Labartza hori (mapan ez dagoena) Bizkaiko itsasertzean dagoenez, gisa da Ihartzegaraitarrek eta Labartzarrek bizkaieraz egitea. Bizkaieraz idatzi nituen elkarrizketa horiek. Baina Iñaki Gaminde eta Markos Zapiainen zuzenketak eta aldaketak ontzat eman ditut. Ez zen besterik falta!
Amaitzeko, saio-sorta batekin ere ari zinen, zientziaz, erlijioaz eta abar. Aurki amaitzekotan, ala itxaron egin beharko dugu oraindik?
Bidean dator, bai. Baina itxaron egin beharko da oraingoz! Sei saiakera izango dira: biga Astronomiaz eta Kosmologiaz, beste bat Erlatibitateaz (aurten izan baita Einsteinen urte miresgarriaren mendeurrena ), beste bat Eboluzioaz eta antrpoideez, bosgarrena Erlijioaz eta Antropozentrismoaz, eta seigarrena eta azkena Sartreri buruz, filosofo famatua 1905an jaio baitzen.