Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Emazteak adarrak jartzen dizkizunean

Emazteak adarrak jartzen dizkizunean

xme 2005/10/24 10:00

Ez nabil bihotzeko penak kontatzen, ezta ipuina asmatzen ere. Bertso-kontu batek ematen dit hizpidea.

Atzo Arrasaten izan nintzen, bertsolari txapelketako saioan. Amaia antzokia beteta, kanpoan ere jendea, giro beroa, final erdietara nor pasako zen ikusteko irrika...

Ikusmin handiko jaialdietan maiz gertatzen da bertsoak berak eskas samarrak izatea, futbol-derbietan bezala, baina igande arratsalde hau aberatsa izan zen kalitatean ere. Aitor Sarriegi nire herrikidea izendatu zuten saioko irabazle, merezimendu osoz nire ustez, eta bera igaroko da zuzenean final erdietara.

Beste bi bertsolari ere sailkatu ziren hurrengo faserako: Arkaitz Estiballes galdakoztarra eta Arkaitz Goikoetxea oiartzuarra. Biak ere bikain eta indartsu saio osoan, puntuari erantzuteko lehen bertsoan Estiballesek laprast egin zuen arren. Horri esker aterako zituen beharbada puntu gehiago Goikoetxeak. Hala ere, bien kartzelako lana komentatu nahi nuke, laburki.

Irekiak ari dira jartzen txapelketa honetan kartzelako gaiak, eta halakoxea izan zuten bart ere: "errezeloak hartuta zeunden, eta kamera ezkutua jarri zenuen etxean; orain, grabatutakoa ikusten ari zara".

Irekia bai, baina planteamendu polizial batera erraz eramaten ahal zaituena, eta halakoxea izan zen bertsolari askok hartutako bidea: alaba drogatu egiten dela (Iñaki Zelaiak), senarrak alaba bortxatu duela (Nahikari Gabilondok), haurtzainak umea jipoitu egiten duela (Estitxu Arozenak). Umoretsuago hartu zuen gaia Sarriegik, delituan ez baina kameran zentratuta, dinamismoa emanez saioari: karteratik dirua falta zuela-eta, semearen juzgu txarra egina dauka, baina, kamerak erakutsi dio senarra zela eskuluzea.

Arkaitz biena axola zait ordea, biek abiapuntu bera hartu baitzuten: neska-laguna beste batekin ote dabilen susmoa. Abiapuntu bera, baina guztiz desberdina izan zuten jarraipena, bai ideologiaz bai bertsokeraz.

Bertsokera esatea okerra izango da agian, baina azalduko dut: hiru bertso osatzeko bakarkako gaia ematen denean, hiru bertsoak banaka onak izatea da lan bat, baina hiruren artean lotura eta garapena egotea beste bat. Goikoetxeak onak egin zituen hirurak, baina nire ustez herren geratu zen garapenaren aldetik. Estiballesenak, berriz, biribilak bi aldeetatik.

Buruz ari naiz, baina gogoratzen dudanaren arabera azalduko dut: andrea deskubritzean hartutako ezusteko eta mina azaldu zuten biek lehen bertsoan. Bigarrenean, oiartzuarrak min horretan insistitu zuen, hizkeraz bertso ederra osatuz baina inongo ideiarik erantsi gabe, eta hori, bertso luze batean gainera, betelana iruditzen zait niri; galdakoztarra, berriz, bideoan ikusitakoak deskribatzean harriduraz ohartzen da etxean sartu zaion arrotz hori bera baino askoz ere maitale abilagoa dela, eta emazteak beste norbait bilatu izanaren errua berea dela pentsatzen du.

Azken bertsoan, Goikoetxeak minarekin bueltaka segitu zuen, eta amaieran beste ideia bat erantsi: bere andrea utzi eta traizionatuko ez duen beste baten bila hasiko dela. Bego. Estiballesek biribildu egin zuen berea: bideoan ikusitakoa beretzat gordeko du, emaztearengana joango da, ahal bezain amultsu, eta maite duela esango dio.

Mundu-ikuskera tradizionalago eta estuagoa erakutsi digu batek, askeago eta ausartagoa besteak. Norberak ikusiko du zerekin identifikatzen edo hunkitzen den; hori ez dut uste epaileek baloratu beharko luketenik, bestela pentsaera bateko bertsogintza bultatzen ibiliko ginateke-eta. Baina, pentsaerak pentsaera, Estiballesen saioak askoz ere emozio, jakin-min, intriga, kolore, ñabardura, sakontasun, originaltasun eta umore gehiago izan zuen besteak baino. Epaileek esaten dutena esaten dutela.

etiketak: Saski Naski
Ejem
Ejem dio:
2005/11/01 23:44

Ni ere Aritzekin erabat ados nago, nire aurreko mezuan hori transmititzen asmatu ez badut ere. Urtziei kontraesan batean zegoela ikusarazi nahi nion, ez besterik. Niri ere gehiegizkoa iruditzen zait arkatza hain zorrotz zorroztea. Zurekin ados nago, eta "Irudiaren diktadura?!"-rekin ere bai.

Beasainen
Beasainen dio:
2005/10/24 14:57

Antzeko zerbait gertatu zen zure herrian bertan, Xabier. Baina 1991an izan zen, Gipuzkoako txapelketako final laurdenean. Orduko hartan "Zure emaztea beste gizon batekin dabilela jakin duzu. Bere etxera bidean zoaz." zen gutxi-gorabehera gaia, eta han oso nabarmen geratu zen bi aukeren artek zuloa.

Zaharrenek, nolabait esateko, aurre egitearen aldeko aukera egin zuten, baita muturrean ematekoa ere.

Gazteagoek aldiz, emaztearen esku utzi zuten aukera eta izan zen buelta eman eta etxera itzutlzea erabaki zuenik ere (Andoni Egaña bera). Goikoa irakurtzean saio harekin gogoratu naiz.

Urtzi Urrutikoetxea
Urtzi Urrutikoetxea dio:
2005/10/24 16:32

Erabat ados, XM, nik ere inpresio hori hartu nuen eta hala esan nion Arkaitzi. Kartzelan bera eta Sarriegi ibili ziren ondoen, nik uste, besteek lehen bertsoan bakarrik aipatu zuten kamera eta gero beren sentimenduetan sartu ziren buru-belarri. Goiko biek, baina, istorioa osatu zuten, ikusitakotik tiraka, gaiari lotuta. Agian ikus-entzunezko munduan sartuegi ibiltzeak ekarri zidan ideia, baina zorrotzean zorrozten hasita, inork erreparatu ez zion kontu bati: gaiak "kamera bat jarri duzu" zioen, ez gure inguruan jatorragoa litzatekeen "kamera jarri duzu". Eta "bat" horrek kamera bakarra esan gura du, beraz non jarri kamera? Etxeko-atarian? Logelan? Batean jartzeak bestean ez jartzea ekarriko luke eta ikusten denaren eta ez denaren arteko jolas hori, planoan sar liteke une batez, gero alde, gero oihuak entzun ditzake agian, edo plazer-irrintziak, baina ikusi ez... ikus-entzunezkoek horrelako garrantzia duten garaian, ez zion inork detaileari erreparatu. Baina esandakoa, agian zorrotzegi jokatzea da eta oholtza gainean egon behar da hori guztia kontatzeko/kantatzeko. Hara Arkaitzen bertsoak, transkribatuta:

Bederatziak eta etxean hor dago neska laguna/ hamarrak dira ta sukaldean nere maitale kuttuna/ ta hamaiketan bat-bapabatean (sic) atean dantzut tuntuna/ gizon altu bat hortxe sartu da eta ez da ezaguna/ barrua sartu ta ez dut ahaztuko ikusi dudan eguna/ ze zaila dugun ikusi beharra ikusi nahi ez duguna.

Ze goxoa den neska laguna tratatzen duen modua/ muxu batekin estali dio bere ezpain ingurua/ honek dirudi ikutu behar duela laster zerua/ laztan umelek asetu dute nire neskaren barrua/ ta nik sekula jo ez bezala jo dio bertan larrua/ ta ohartu naiz igual nirea izango dela errua

Luzea dugu konfiantzaren faltak daraman itzala/ eta kamara jartzea ere ez zen hain gauza normala/ baina egia hementxe dago esan zidaten bezala/ laurak aldean erropak jantzi ta aldegin du berehala/ bostetan heldu ta ferekatu beharko diot azala/ sekretu hauxe neuretzat gorde ta esan maite dudala.

Eta Beasainen-ek dioenaren harira, gauzak zelan aldatzen diren erakusgarri, gaur ezinezkoa da 1991ko gai hori jartzea, ez horrela planteatuta behintzat.

matxalde
matxalde dio:
2005/10/25 12:34

Eskerrik asko, Urtzi, bertsoak izan ez ginenon eskutan uzteagatik. Orain badakigu zertaz, zehatz, ari den Xabier.

Irudiaren diktadura?!
Irudiaren diktadura?! dio:
2005/10/25 12:49

Ni ere Arrasaten izan nintzen igandean, eta, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi nizkieke han parte hartu zuten sei bertsolariei, eta berdin lehen fase honetan aritu diren guztiei. Eman diguzue zer gozatua, zer esana eta zer irakurria (blog honetan, besteak beste)... Kontzeptu handiak, bihurriak eta ikuspegi entendimentuz jantziak (inor ez aspertzeko modukoak).

Ez zait justua iruditzen, eta bai arriskutsua, minutu eta erdi baten gorabeheran hartutako erabakiak dogma filosofikoak balira bezala neurtzea. Bi Arkaitzek kartzelan egindako lanak desberdinak direla esatea, “bego”, bai ikuspegiz, planteamenduz zein bertsokeraz. Bat bestea baino gehiago gustatu zaigula esatea, “bego” (bakoitzak badaki zein eta zergatik gustatu zaion gehien). Baina ez dut egonean utzi nahi Goikoetxearen 2. bertsoaren inguruan esana (eta uste dut bertsoaldi osorako balio duela).

Badirudi Goikoetxearen 2. bertsoak ez zuela istorioaren garapenean ezer aportatzen, ez zuela progresiorik, “betelana” zela, “inongo ideiarik eransten ez eta”. Ez nago ados. Egia da ekintzetan ez zuela garapenik; kameran ikusi beharreko guztia ikusia zuen —“ez ikustea nahiago”—. Baina ekintzekin bakarrik egiten al du istorio batek aurrera? Ideiak soilik erantsi ote daitezke? Eta, sentimenduak?

Nik gizon bat sentitu nuen minez, desesperaziorako bidean, gero eta “abailduago”, “bizirik hiltzeraino”. Sentimenduetan ez al dago progresiorik? Galdera ideologikoa izango da, agian... Emakumea naizelako ote?

Dena den, ziur nago sentimendu progresio horretan gizon baten istorioa ikusi zutela Arrasaten askok. Nire ondoko gizonari begiak gorritu zitzaizkion; pena, azkar disimulatu behar izan zuen.

Ikus-entzunezkoetan dabiltzanak ere kamerak eta ekintzak asetzen ditu, nonbait (bai gai aproposa beraientzat!). Estiballes eta Sarriegiren lanak, apartak. Baita niretzat ere. Baina “kamerari eta gaiari lotu gabeko” istorioak ez gutxiago. Gutxi iruditu zaizkit, eta irudituko, ziur aski, Arozenaren bertsoaldia bezain hunkigarri eta sinesgarriak. “Kamera utzi eta sentimenduetan buru-belarri barneratu ziren bertsolariek”, nire ustez, kamera utzi baino gehiago, lehen plano bat eskaini ziguten. Gauza jakina da zineman lehen planoak erabiltzen direla sentimenduak adierazteko, eta inork ez luke esango aurpegi horiek istorioaren garapenetik kanpo daudela.

Bat bestea baino gehiago gustatzea, normala. Baina sentimenduetan sartu izanaren inguruko arrazoiketak zer pentsa ematen dit.

Urtzi Urrutikoetxea
Urtzi Urrutikoetxea dio:
2005/10/25 16:42

Bai, baina han aipatu zuten kamera ez zen zinemakoa, beraz voyeur baten gisan kamera horrek grabatutakoa ari zara ikusten, ez dauka zoom-ik hurbiltzeko, ez dauka bere ardatzean jiratzerik panoramikarik lortzeko edo pertsonajeak segitzeko, kamera estatikoa da eta horrekin bazegoen jolastea, hori baino ez nuen esan gura. Horrelako kamera batekin zinemako lehen planorik lortzea ez zenuen esperoko, ez?

Pere
Pere dio:
2005/10/25 18:53

Oso-oso komentario interesgarriak iruditu zaizkidanez hemengoak, bertso txakelketaren foroan eman dut honen berri (harritu nau lehenago inork ez aipatzeak). Uste dut zuei ere ongi irudituko zaizuela.

http://www.bertsoforo.com/viewtopic.php?t=55

Ejem
Ejem dio:
2005/10/29 00:25

Urtziri zera esan nahi nioke. Ikus-entzunezkoetan aditua zarela dirudi. Hala izango da, ez dut zalantzan jartzen. Baina pertsona horri, gaia hain zorrotz aztertu duen horri aipamentxo bat egin nahiko nioke. Oso zorrotza izan zara aurreko mezuan, gai jartzaileak "kamera BAT" jarri duela esan zuela aipatzearakoan. Egia da hori. Baina gaia hain zorrotz aztertzen baduzu gauza batzuetarako, zergatik ez duzu berdin aztertzen gauza guztietarako? Hau da, gai jartzaileak ez zuen esan kamera estatikoa zela, ezta hurrik eman ere. Eta zuk berriz, azkeneko mezuan ziurtasun osoz esan duzu kamera estatikoa zela, gauza batzuk ez zirela ikusiko... ETA NORK ESAN DU HORI? NORK ESAN DU KAMERA ESTATIKOA ZELA? Gai-jartzaileak ez behintzat. Inor kritikatzen hasi aurretik zuk zer pentsatzen duzun argitu beharko zenuke, eta zergatik.

Aritz
Aritz dio:
2005/10/31 15:00

Ah ze kakanahastea!

Gai bat jorratzeko modu ezberdinen inguruan gogoeta egitea interesgarri iruditzen zait. Baina harkatza zorroztearen zorrozteaz "lorntzitik kanpo pix egiten" ari garela uste dut.

Kamera bat edo kamera, kamera hori estatikoa den ala ez den, ene,... Ni bertsozale naiz ez meta-bertsozale. Uste dut bertsolariek nahikoa dutela gaiari erantzuten (errimatuz, argudioak botaz, zentzua emanez, desafinatu gabe ahal dela,...) lehendik gai jartzaileak botatzen dien esaldiaren testu iruzkinik egin behar izan gabe. Bapatekotasuna da bertsolaritza mota honen adierazgarri nagusienetakoa eta Urtzik eta Ejem-ek proposatzen dituzuen xehetasunak, taulatik kanpo, patxadaz egindako analisiaren ondorio direla iruditzen zait niri.

Niri bertsoa majikoa iruditzen zait (nire abilidade eta ahalmenetik kanpo dauden beste hainbat gauza bezala) eta bertso barruan miatzen ibiltzeak majikotasuna kentzen dio.

PD: Txapelketa paralelo bat jarri dut martxan. Meta-bertsolaritza baino bertsolaritza gustuko duzuenok, parte hartu bildur gabe: (http://lusarreta.blogspot.com/2005/10/txapelketa-paraleloa.html)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.