Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Axolagabeziaren onurak

Axolagabeziaren onurak

xme 2005/10/19 09:12

Aurreko batean nonbaiten irakurri nuen "Kaxmir, Guatemala eta Melillako azken kalamidadeen harira" heriotza gertakari bihurtzen dugula onenean, eta zifra huts beste askotan. Josef Stalinek ere uste dut esan zuela, gizaki baten heriotza drama bat zela, eta milioi batena datu estatistikoa. Komunikabideetan eman nahi zaion tratamenduaren arabera, erantsiko genuke.

Komunikazioaren teoriaz tesia egin nahi duenarentzako gai polita izan liteke, doluaren intentsitatea neurtzen duen formula zehatza asmatzea: kilometrotako urrun-hurbila hartu behar genuke kontuan, lehenik, baina distantzia geografikoa bezain inportantea da kulturala: Tunisera eta Napolira tarte berdina izan arren, gutarrago sentituko ditugu batzuk besteak baino; hurrago seguru asko kaliforniarrak malitarrak baino. Horren aplikazio politikoa eginda, gure herrikide gehienentzat tamalgarriagoa da Huelvako zoritxarra Pauekoa baino, Hazparnekoa ez aipatzearren. Telebistan ikusitako irudi eta erosten maiztasunak ere biderkatu egiten du gure bihozberatasuna.

Kontu ezagunak errepikatzen ari naiz ordea. Beste bide batera eraman nahi nuen hizpidea. Alegia, heriotzaren aurreko gure ahaztura goiztiarraz kezkatu ez baizik poztu egin beharko genukeela.

Gertuko norbait hiltzen zaigunean harekin bizi izandako esperientzia guztiak datozkigu gogora, galera izugarria sentitzen dugu, eta normala da beraz abailtzea. Izenez edo aurpegiz ezagutzen genituenekin nolabaiteko enpatia sentituko dugu, pena arin eta axalekoa. Ez aurpegiz ez izenez ezagutzen ez genituenen kasuan, berriz, zer sentitzen dugu? Barruan eta benetan, ezer gutxi, elkartasun abstraktu batetik harago. Eta eskerrak! Erotuko ginateke bestela.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.