Hiri barnean, hiri bazterrean
"La ville est tranquile" zuen izena Robert Guédiguian marseillarraren film eder batek. Trankila iruditu izan zait niri Iruñea ere, Europako eskuin muturreko sekta indartsuena eta jairik basatienak dituen hiria. Hala ere, oraingo Iruñean gauzak aldatzen ari direla ematen du.
Egunotan pare bat aldiz izan naiz bertan, aurkezpen, mahai-inguru, hitzaldi eta horrelako kultur saltsetara joanda. Erdi Aroan Nabarreria izenekoa zen baskoien auzoa, eta orain ere inguru horretan ibili naiz, euskaldunoi uzten dizkiguten ghetto-etan: Zabaldi, Zaldiko eta abar. Gustura hala ere, eta konpainia onean.
Aldaketak aipatu nahi nituen ordea. Leizarragak Euskaldunen Hiri Buruzagia deitu zuen hura Barcinopolis bataiatu du Zaldi Eroak, ez alferrik: hirigunean, adibidez, aste honetan bertan zabaldu da El Corte Inglés, arau urbanistiko guztiak hankapetik pasatuz, dendari txikien haserrea piztuz eta ezinezkoa zirudien miraria lortuz: Baluarte baino eraikin are itsusiagoa egitea.
Horretan Hegoaldeko gainerako hiriburuekin berdintzera jo dutela esan liteke: Corte Inglesak badira Gasteiz eta Bilbon, Fnac-Zara erraldoia Donostian. Merkataritzaren lege berriak, Yolandaren eskutik etorriak. Aldirietan berezitasun bat deskubritu nuen ordea, euskal hiriburuetan ikusi gabe nengoena, eta Iruñeari buruzko inongo gida ofizial nahiz panfleto alternatibotan aipatzen ez dena:
Afaldu eta gero etxerako bidea hartu eta, hiriaren ipar-mendebaldeko urbanizazio berri batean, Berriozarrekiko mugan ia, neska beltxaranak kamino bazterrean, autoei gelditzeko keinuak eginez. Merkataritzako tratu zaharrenetako bat eskainiz.
Corte Ingelesaren kontrako elkarretaratzeak direla eta, Asterix eta Obelix-en herrixkan bizi garela esan zioten lagun batzuek Zaldi Eroari.
-Hobe Asterix eta Obelix-en herrixkan biziko bagina -erantzun zuen berak. Honako honetan ere asmatu zuen.
Nabarreriari beti hartu diot Asterix eta Obelix-en herrixkaren itxura (desertu handian oasi moduko bat). Patxi, gaiak ez al du tira bat merezi? Bartzina erromatar zenturionez jantzita,... mmmmmm!