Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Zer dakit nik

xme 2006/03/17 09:02

Lau urte nituela hasi nintzen eskolan, baina ez daukat orduko akordurik. Ordurako ba ote nekien erdaraz? Ez naiz gogoratzen. Nire oroimenean, beti jakin dut hemengo bi hizkuntzetan moldatzen: bata etxekoa zen, bestea hortik kanpokoa.

Dena dela, hemen ez dut elebitasun konturik aipatu nahi. Sei urte nituela aldatu ninduten eskolaz, parvulitoetatik egebera; lehen mojetan nenbilen eta harrezkero fraideetan, baina beti eliza amaren babesean.

Nire lehen oroitzapenetako bat da amak fraideetan izena ematera eraman ninduenekoa; xehetasunik ez, baina gauza bat daukat gogoan: amak nola esan zion hermano haietako bati banekiela leitzen, eskribitzen eta lau erregelak. Mutil bizkorra nintzela nahiko zion adierazi, ama guztiek pentsatu ohi duten bezala.

Hogeita hamabost urte igaro dira handik hona. Munduak mila buelta. Nik ez hainbeste seguru asko. Tartean hainbat gauza ikasiko nuen, eta beste horrenbeste ahaztu, Imanolek eta Moustakik abesturiko Miranderen hitz haiek zioten bezala: "Zergatik ikasi / ahanztekotz gero / ikasiak oro".

Ikasien eta ahantzitakoen kontaduria egin ostean, zer egiten dakidan pentsatzen jarri nintzen aurreko batean, eta ondorio sinple batera iritsi nintzen: irakurtzen, idazten, eta matematikako lau erregela nagusiak.

"Hortako patu al diau hainbeste estudio?", galdetuko lidake amak hau ikusiz gero. Ez litzaioke arrazoirik faltako, noski, ama guztiei bezala semeoi kontuak eskatzean. Dena dela, esan dezadan neure alde ondo irakurtzen eta ondo idazten saiatzen naizela; eta, harrokeria barkatzen badidazue, ez dela gutxi.

Joxemari Iturralde: “Nobela historikoa esatea kontraesana da; edo nobela da, edo historia da”

xme 2006/03/16 10:38

Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) “Nafarroako artizarra” kaleratu berri du, 1984an euskal literatura berrian esanguratsu izandako eleberria, eta oraindik ere irakurleen interesa pizten segitu nahi duena.

Hogei urteren buruan zeure liburu zaharberritu batekin zatozkigu. Testuak berdintsu dirau baina, zertan aldatu da egilea?

Hogei urteren ostean pertsona guztiok aldatzen gara, batzuk besteak baino gehiago. Hogei urte hauetan liburu dezente kaleratu ditut eta beste egile askoren ehunka liburu irakurriko nituen. Suposatzen da horrek balio izan didala zertxobait gehiago ikasteko eta jakiteko ofizio honi buruz. Suposa daiteke, baita ere, orduan izan nuen freskotasun apur bat galduko nuela urte hauetan, baina ez dakit seguru.

Eta testuari urteek on egin diote, ala gehiegi antzematen zaizkio zimurrak, garai bateko kerak eta keriak?

Uste dut oraindik ere liburua oso fresko mantentzen dela, gustura irakurtzen dela eta erakargarria izan daitekeela. Baina hori, jakina, irakurleak esan beharko du.

Aurrerapenak eta gabeziak

Euskal literatura osoak urte hauetan egindako bilakaeraren lekuko moduko bat ere bada, ezta? Zer azpimarratuko zenuke alde horretatik?

Urte hauetan euskal literaturak izugarrizko aurrerakada egin du, bai kantitatean nola kalitatean ere. Nik “Nafarroako artizarra” publikatu nuenean literaturgintzan egiten zen guztia ezagutzen nuen, segitu eta irakurri egiten nuen. Gaur egun hori, zorionez, ezinezkoa litzateke. Orduan publikatzen ziren liburu onak, eta orain ere bai (gehiago orain, nik uste). Halaz ere, bi ataletan gabiltza oraindik nahiko gazki: ez dago kritiko literarioz osatutako taxuzko “corpus” edo multzo finko eta ezarririk. Eta garrantzizkoago dena, ez dago literatura-irakurle multzo handi eta ezarririk gure gizartean. Gazte jendeak irakurtzen du gehiago, baina behartuta eta eskola-zirkuituetan sartuta.

Kritikaz esan duzuna zehaztuko zenuke gehixeago?

Kritiko literarioak falta dira, eta, beraz, horien urtetako lanak osatuko lukeen “corpus” kritikorik ere ez dago: kritika estilo ezberdinak, kritika eskola diferenteak, ikuspuntu estilistiko ezberdinak, idazleon lanetara hurbiltzeko joera diferenteak... Idazleekin egin ohi den modura kritiko literarioekin ere posible izan beharko luke hauek sailaktzea era ezberdinetan beren lana egiteko estiloaren arabera: prestakuntza akademikoa, ideologia, esperientzia, irakurketa maila... Baina, tamalez, horretatik ez daukagu oraindik ere ezer.

**Gatozen “Nafarroako Artizarra”ra. Itxuraz nobela historikoa, izatez ez hainbeste...**

Ondo pentsaturiko liburua da. Nobela historikoen gainean egindako hausnarketa literario bat da, baina ez teorikoa, fikziozkoa baizik. “Nobela historiko” esatea kontraesan handi bat esatea da. Edo nobela da, edo historia da, ez dago besterik. Liburu postmoderno bat da, duela 23 urte idatzitakoa, horrelakorik euskaraz ez zegoenean. Irakurleari garai historiko bat kontatzen zaio, baina aldi berean idazleak abisatu egiten dio irakurleari ez sinesteko dena, keinu bat luzatzen dio esanez bromatan ari dela. Kontuan hartuta garai hartan zer-nolako nobela historikoak zeuden modan gure artean (“Joanak joan” eta abar) berehalaxe uler daiteke zein izan nuen helburu liburu hau idaztean.

Erdi Aroko Lizarra kulturen arteko bizikidetasun-adibidetzat har liteke, eta baita Toledo ere, zure pertsonaia batek egiten duen bidaiaren bi muturrak aipatzearren. Giro haren nolabaiteko lilurak bizi zaitu?

Erdi Aroko urte askotan, urte luzetan, Lizarra, Tutera eta antzeko hiriak eredugarri izan ziren kultura eta bizikidetasun aldetik. Nik juxtu egoera horren urraketa, amaieraren hasiera kontatzen dut. Eta denbora eta espazioarekin jokatuz ia gaur egun arte ekartzen dut protagonistetako bat. Alegia, giro on eta aparteko hura orduan hasi zen izorratzen eta badirudi (esaten nuen duela hogei urte) gaur egun arte ailegatu zaigula orduan hasi zen biolentzia eta elkar ezin ikusi hura.

Abentura eta metaliteratura

Liburuaren bigarren harian, pikaroaren figura daukagu, neurri batean, Damiano Txikilaurdenengan haragitua; abentura-generoarekiko zure zaletasunaren aitortza bat?

Bai: nobela pikareskotik asko du liburu honek. Baita Lazarillo, Buscon eta Quijoteren munduetatik ere. Omenaldi bat da zentzu horretan.

Abentura eta metaliteratura uztartu dituzu; dibertimendua eta jolas intelektuala elkartu litezkeela erakusteko edo?

Bai, dudarik gabe. Edota, hobeto adierazita, dibertimendua eta jolas intelektuala elkartu zitezkeela erakusteko, garai hartan eta gure hizkuntzan, hots, euskaraz. 1980ko hasierako urte haietan gure artean idazten zena errepasatuz ohar gaitezke ez zela alferrikako lana hori erakusten hastea.

Euskal geografian barrena egindako bidaia bat ere bada nobela hau. Esanahi edo arrazoi berezirik?

Modu triste batean apurtu eta hondatuko zen bizikidetasun eta elkar ikuste oneko giro aparteko hori ez zen gauza puntuala izan, soilik Lizarrakoa, euskaldun guztioi eta Euskal Herriko leku guztietan gertatuko zitzaigun zerbait baizik. Denboran eta espazioan zabaltzen joango zen maldizioa, Erdi Aroko beste izurrite baten modura.

Urte batzuk daramatzazu obra berririk plazaratu gabe. Sorkuntza-lanean, ala hausnarketa-aldian?

Denbora tarte dezentekoa uzten dut beti nik liburu batetik bestera. Nahita. Horrela, gutxienez, badut segurtasun bat, alegia, liburu berria nahiko diferente izango dela aurrekoarekin konparatzen badugu. Bost urte joan dira azkenekoa plazaratu nuenetik eta aurten kaleratuko dut berria. Azken ukituekin ari naiz denboraldi honetan.

Txikizioaren falaziak

xme 2006/03/15 14:40

Desarrollismo txikitzaileak eztarriko zulotik sartu nahi dizkigun herrilan erraldoi horietan bi dira amorrarazten nauten gauzak: bata, txikizioa bera, naturaren, paisaiaren, mendeetako ondarearen axolarik batere gabe jo eta eraitsi arteko onik ez daukan sukar izugarri hori; bestea, proiektu burugabe horiek zuritzeko eta irentsarazteko asmatzen dizkiguten gezurrak era erdizkako egiak, ergeltzat hartzen zaituztela pentsarazten dizutenak.

Manipulazioaren eta eromen eraikitzailearen adibiderik gorena, gure artean, Abiadura Handiko Trena dugu, baina Pasaiako portua ere ez da makala eta, AHTaz hainbat aldiz idatzi dudanez, Jaizkibelgo superportuaz arituko naiz gaur.

Proiektuaren berri izan nuenetik, arreta apur batez irakurri ditut kanpoko portua defendatzen dutenen agiriak eta adierazpenak, desmasia hori arrazoizko bihurtuko duten argudioen bila. Serioski mintzatzen direnean ez dute esaten portua txiki gelditu denik, gaurko trafikorako murritzegi bihurtu denik, baizik eta handiago eginez gero, etorkizunean sumatzen diren aukerak aprobetxatuko liratekeela eta, hartara, biderkatu egingo luketela gaurko joan-etorria. Nork ez du handitu nahi bere negozioa?

Gero, lustre ekologista pixka bat eman nahiz, eransten dizute errepideetako trafikoa murrizteko aproposa dela portuak erabiltzea, eta Europa barruko itsas merkataritza bultzatzeko asmoa dagoela horretarako. Ze ondo, esaten duzu, errepideak lasaiago, hainbeste kamioirik gabe.

Nongo errepideak baina? Alemania eta Herbehere aldetik Iberiar Penintsulara eta kontrako bidean doan merkantzia-garraiorako kamioiak erabili ordez itsasontziak baliatzen badira, Rotterdam eta Hanburgoko portuetatik Pasaiara eta alderantziz tonak eta tonak barkuz eramanez, zein izango da ondorioa?

Frantziako errepideek igarriko diote, onenean, eta poztekoa izango da, baina gurean areagotu egingo da dagoeneko jasanezina den kamioien joan-etorria. Pentsa: Mediterraneo aldera doazen merkantziak ere, muga La Jonqueran zeharkatu ordez, Pasaiara ekarriko dituzte, hemendik kamioiz hara eramateko. Eta alderantziz, berriz diot.

Gipuzkoa zeharkatzen N-I deritzan errepidea gainezka dago aspaldidanik, eta egoera okerrera doa. Aski da kamioi batek deskuido bat izatea, probintzia osoan kaosa sortzeko. Eta hori ez da posibilitate urrun bat, zentral nuklearren istripuarena bezala, sarri-sarri gertatzen den kontua baizik. Azkena, atzo bertan.

Gure munduaren martxak (kapitalismoaren logikak) lehengaien, hornigaien eta salgaien mugimendu hazkorra dakar; etengabe hazkorra. Horri Pasaiako portu berriaren ekarria eransten badiogu, laster batean orain halako bi izango da kamioi trafikoa. Eta orduan? Orduan errepide berriak asmatuko dizkigute. Eta AHT eskaini panazea moduan, noski. Baina horretaz beste batean jardungo dugu.

Gure belaunaldiko emakumeak

xme 2006/03/14 13:38

Aurreko batean, testu bat jaso nuen posta elektronikoz, emakumezko batek bidalita; mezuan bertan ageri ziren lehenagoko bidalketa eta birbidalketen aztarnak, denak ere nesken artekoak, eta pentsatzekoa da, beraz, zabalkunde dexentekoa lortu duela dagoeneko.

"Las mujeres de mi generación son las mejores" esanez hasten zen testu hura, Santiago Gamboa idazle kolonbiarrarena omen dena. (Gero Google-n bila hasi eta erreferentzia ugari bezain nahasiak datoz idazki horri buruz; hortaz, auskalo norena den).

Zein da belaunaldi hori? Ba, berrogeita pikoan dabilena, dela lauarekin dela bostarekin hasita. Testua idatzi duenaren ustez, "ederrak dira, oso ederrak, baina baita ere lasaiak, ulerkorrak, zentzudunak, eta batez ere sorgingarriro seduktoreak, nahiz eta begi-tximurrak izan, edo zelulitis oparo bat izterretan gozo, horrek ere guztiz humano eta benetako egiten baititu; edertasunean benetako".

Luzea da idazkia, eta ez dut osorik itzuliko; dena dela, lorez lore dabil bere belaunaldiko emakumeak goratzen; normala, beraz, adin horretako andrazkoen artean lortu duen arrakasta. Niri, baina, bi zalantza sortu zaizkit.

Bata: nik ez daukat arazorik berrogeitaka urte dituzten emakumeak nahi adina laudatzeko, baina bizkorrenak horiek direla esanez zer adierazi nahi da: hogeita pikokoak lerdoak, umeak, histerikoak direla? (Hirurogeitaka dituztenak, gaurkoz, alde batera utziko ditut, barkazioarekin).

Eta bigarren zalantza: berrogeita piko urteko gizonezkoak dira adin bereko emakumezkoez nazkatuen daudenak (eta alderantziz, of course). Susmoa dut, baina, alor honetan mirespenak multzoka doazela eta mespretxuak banaka. Danilo Kis-i, "Hildakoen Entziklopedia"n irakurri berri diot: "Liburu asko, ez dira arriskutsuak. Bakarra izatea da arriskutsua". Gizonezko batzuen aburua ere bide beretik doala pentsa liteke: "Emakumezkoak, genero bezala, zoragarriak dira; baina niri tokatu zitzaidana ez dago aguantatuko duenik".

Aspaldiko eta etorkizuneko herio-kontuak

xme 2006/03/13 14:35

Asteburuan Philip K. Dick-en ipuin batzuk irakurtzen aritu nintzen; tartean "Minority Report", Spielberg-en izen bereko filmaren oinarria izan zena.

Bitxia da Dick-ekin gertatu dena: asko idatzi zuen eta ez zuen fama handirik bildu; nahiko gazte hil zen, eta bere heriotzaz geroztik egundoko arrakasta dauka. Erdian, film bat: Ridley Scott-en "Blade Runner", Dick-en nobela batean oinarritua: "Ardi elektrikoekin egiten al dute amets androideek?". Ondotik, film gehiago, itzulpenak hainbat hizkuntzatan... Zientzia fikzioa idazten zuen hark, bere garaian ez baizik geroan lortu du arrakasta.

"Minority Report" edo Gutxiengoaren txostena, berez, nahiko modu lardatsean idatzitako istorioa da, nahiz eta planteatzen duen gaia zirraragarria izan: etorkizuneko gizarte batean, krimena aldez aurretik ikusteko metodoa garatu dute; gaizkileak, beraz, beren azioa egin aurretik atxilotzen eta zigortzen dituzte; horrek moralki sor zitzakeen zalantzak ezabaturik geratu dira ekintza kriminalak ia desagertu direla ikusita; "Aurrekrimena" polizia-ataleko buruak, halako batean, jaso du hurrengo hilketen zerrenda, eta harriturik ikusi du bere burua, ezagutzen ez duen norbaiten hiltzaile gisa.

Hilko al du benetan delako gizon hori? Hala dio patuak, edo haren ordezko asmatu duten sistemak. Baina horren jakinaren gainean egoteak aukera ematen dio gizonari halabeharra saihesteko, berak ez baitu hiltzaile bihurtzeko inolako asmorik.

Ipuinak gai asko plazaratzen ditu, baina funtsezkoa, nik uste, patuarena da; seguru asko horregatik, Dick-en kontakizuna irakurtzean "Bagdadeko morroia"rekin gogoratu nintzen, Atxagak "Mila eta bat gau"etakoen moldean idatzitako istorioarekin: han ere pertsonaia batek herio ikusten du, azokan paseoan dabilela, eta ihes egin nahiko dio.

Hortik aurrerakorik ez noa kontatzera: badituzue beste bi ipuin, irakurketa kuttunen sailari eransteko.

ta urte askotarako!

xme 2006/03/10 13:03

Atzo jaso nuen etxean Jakin aldizkariaren azken alea, 152.a. Urteko lehen alean ohi dutenez, Torrealdaik liburugintzaz egindako azterketak hartzen du toki nagusia (2004koa du oraingoan mintzagai); hortik aurrera, Toni Strubell Salamancan bahiturik zeuzkaten Kataluniako agiriez ari da, Idurre Alonso euskal irakurlearen tipologiaz, eta, egunen gurpilean atalean, Benito literaturaz, Suberbiola soziolinguistikaz eta Gaztelumendi teknologia berriez eta.

Hau ez da aldizkariaren erreseina egiteko tokia ordea, edo ez da hori nire asmoa. Izan ere, Jakin ahotan hartu badut, aldizkariak 50 urte bete dituelako egin dut. 1956an Arantzazun teologiako ikasle batzuek sortutako orri-sorta xume horrek bide luzea egin du, euskal kulturan pentsamenduari eskainitako agerkari nagusia izateraino. Nagusia eta ia bakarra.

Urrezko ezteiak esan ohi zaio 50. urteurrenari. Pasatako loria eta aintzazko uneak baino inportanteagoa da etorkizuna ordea. Kultur proiektu batek aurrera begiratu behar du beti, eta Jakin-ek asko du oraindik esateko, egiteko, emateko.

Dena dela, aitortza zor diegu orain arteko ibilbidea posible egin dutenei: Intxausti, Azurmendi, Agirrebaltzategi eta Torrealdaik osaturiko taldeari. Eta aitortzarekin batean, ohar bat: denak ere sasoi intelektual betean dabiltza, eta urte askoan iraun dezatela horrela, baina biologiak bere mugak ditu eta argi dago beraiek ezingo dutela izan hurrengo mende erdiaren protagonista. Frantziskotarren harrobiak eman du eman beharrekoa, eta beste mintegiren batetik atera beharko dira kimu berriak.

Gaur, martxoak 9, grebarekin bat egin du blog honek

xme 2006/03/09 01:01

Bolantean egin litezkeenak

xme 2006/03/08 17:17

Legearen inguruko gogoetak amaitzeko, azken alea.

Dakizuen bezala, Hego Euskal Herriko errepideetan, autoa gidatzen goazela eskuko telefonoa erabiltzea legez kanpo jarri dute (ez dakit "debekatu" egin duten, edo azio hori egiten duenarentzako zigorra ezarri, besterik gabe). Erabaki normala da alde batera, arreta galduz gero asko handitzen baita istripuren bat izateko arriskua.

Telefonoa bezala debekatu omen dute MP3 entzungailu bat eramatea belarrietan, arrazoi berberarekin. Hori ere zabalduz doan ohitura izango da noski. Dena dela, pentsatzen jartzen da bat: jokaera arriskugarri guztiak aurreikusi behar ote ditu legeak? Arriskutsua izango baita, esate baterako, gidatzen goazen bitartean ogitarteko bat jatea, betaurrekoak garbitzea, mukiak kentzea, aldamenean doanarekin zirrika hastea, gustuko irrati-sintoniaren bila jardutea... Ez dut jendaurrean aitortuko jokabide horietan guztietan zein praktikatu dudan, poliziaren bat ere izan baitezaket zelatan, baina bat edo beste bai.

Bekatu bat aitortzen ausartuko naiz hala ere: autoa martxan doala ez, baina semaforo baten aurrean geldirik dudala, ezin tentazioari eutsi eta, behin edo behin, aldean daramadan liburua hartu izan dut, pasarte bat irakurtzeko. Semaforo gorriek eskuarki sortu ohi diguten irudipenaren kontra, ez dakizue ze laburra egiten den tartea!

Gaur, adibidez, Leire Bilbaoren Ezkatak neukan aldamenean, eta "Gereziondoak loretan" poema eder hau bezlakoak irakurtzeko aprobetxatu dut:

Bere haur negarra isilarazteko
bueltatu nahi duela herrira esan dit,
maiatzak ertza jo aurretik
gereziondoak loretan ikusteko.

Denborarekin kaleak eta iritziak
okertzen joan zaizkiola,
arnasa ez duela jada
utzi zuen lekuan aurkitzen.

Bakardadea neguko kaleetan
beroki lodi batekin ibiltzea dela,
badirela atea zabaltzean
inoiz ezer sartzen ez den etxeak,
kanpoko hotza ez bada.

Egunak hausten zaizkiola eskuetan,
hil berriak bezala prestatzen dela gauero,
lotsa ematen diola ohean biluzik hiltzeak.

Maiatzak ertza jo du,
eguzkiak berotu harriak sartu ditu poltsikoan.
Bere haur negarra isilarazteko
bueltatu nahi duela herrira esan dit.

Hiltzea ez dago debekatua

xme 2006/03/07 13:33

Ez naiz kartzeletako egoeraz ari: atzoko artikuluaren jarraipen bat egin nahi nuke, gizakien legea, jainkoena, gizalegea eta beste nahastuz. Zuzenbidearen filosofia, nahi baduzue.

Gai horietan aditua den lagun batek adierazi zidan behin inor hiltzea (erailtzea, zehatzago esateko) ez dagoela berez debekatuta. Ezta lapurtzea, txikizioak egitea, inor bahitzea, bortxatzea, torturatzea ere.

Argi dezadan zertaz ari naizen: zigor kodeak hainbat ekintzaren kontrako neurriak zehazten ditu, delitu bakoitzak izan beharreko zigorra, baina ez omen du "debekatzen". Alegia, ez omen du esaten "debekatuta dago inor hiltzea", baizik eta: "norbait hiltzen baduzu halako eta halako zigorra izango duzu". Harrapatzen bazaituzte eta erruduntzat jotzen bazaituzte, betiere.

Txikikeria linguistikoa izan liteke, baina beharbada erro sakonagoak ditu kontu honek. Badira adiministrazioaren arauetan espresuki "debekatzen" diren egintzak. Adibidez, leku publikoetan erretzea, liburuak fotokopiatzea, kalera txistua botatzea... Hau da: konbentzioz itsusi samartzat jo ditugun egintzak.

Konbentzioz baztergarritzat jo baditugu, modu inplizituan onartzen ari gara bestela ere izan zitekeela. Alegia, posible dela, beste garai batean edo beste toki batean, debekaturiko horiek libre uztea: liburuak fotokopiatzea, kalera txistua botatzea, leku publikoetan erretzea.

Hilketa, bahiketa, bortxaketa eta halako delituak, berriz, nonahi eta noiznahi beharko lukete onarturiko araubideetatik kanpo, eta beraz ez dira "debekatzen", baizik eta zuzenean zigortzen. Ez beti modu berean baina. Horrek, ordea, filosofiaren mailatik errealitate gordinera jaistea eskatuko luke. Beste batean akaso.

Ez lapurtu. Eskerrik asko

xme 2006/03/06 14:40

Nire lantokia Donostiako aldirietako industrialde batean dago, orain gutxi arte baserriz eta errotaz osaturiko erreka-bazter batean. Oraindik ere, pabilioi eta auto pilatik metro gutxira hasten da zuhaizti eder bat, eta hortik barrena joaten gara noizean behin mendian galdutako ostaturen batean bazkaltzera.

Basoaren erdian, ipuinean bezala, txokolate koloreko etxe bat; Hansel eta Gretel ez baizik eta munduko ogibide zaharrena deitzen duten horretako profesionalak bizi direna. Ez noa horko istoriorik kontatzera ordea (jakin ere ez), ezpada aldameneko baratzean zegoen kartel bitxia aipatzera.

"No robar. Gracias" zioen hesola batean jositako afixak. Bertako tomate eta letxugak eramango zizkieten beldurrez edo. Guri beti sortzen zigun halako irri bat bertatik pasatzean, eta ezagutzen ez zuen gonbidaturen bat eramanez gero hutsik gabe erakutsiko genion: "begira, begira..."

Zer dela-eta halako barregura? Pentsatzen jarrita, mezuaren bi parteen artean nolabaiteko errakala sortzen dela esan daiteke. Ez lapurtzea agindu zorrotz eta dudaezinezkoa da, bai Jainkoaren legean bai gizakienean. Goitik beherakoa eta salbuespenik gabea, nonahi eta noiznahi.

Hala ere, segidan "eskerrik asko" eransten badiozu, zalantzan gelditzen da aurreko aginduaren erabatekotasuna. Izan ere, egin edo ez egin aukeran dauden gauzetan ematen dira eskerrak: norbaitek sua ematen dizunean zigarroa pizteko, adineko bati esertzeko tokia uzten diozunean autobusean...

Azkeneko aldiz baratze horren paretik igarotzean, hesola han zegoen baina txartela falta zen. Mezuak zioenaren kontrakoa eginez, apustu egingo nuke afixa bera eraman zuela baten batek, oroigarri moduan etxean gordetzeko. Hobe du, hala ere, baliozko zerbaiten ondoan ez uztea, bestela ideia txarren bat etor dakieke burura gonbidatuei...

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.