Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gure belaunaldiko emakumeak

Gure belaunaldiko emakumeak

xme 2006/03/14 13:38

Aurreko batean, testu bat jaso nuen posta elektronikoz, emakumezko batek bidalita; mezuan bertan ageri ziren lehenagoko bidalketa eta birbidalketen aztarnak, denak ere nesken artekoak, eta pentsatzekoa da, beraz, zabalkunde dexentekoa lortu duela dagoeneko.

"Las mujeres de mi generación son las mejores" esanez hasten zen testu hura, Santiago Gamboa idazle kolonbiarrarena omen dena. (Gero Google-n bila hasi eta erreferentzia ugari bezain nahasiak datoz idazki horri buruz; hortaz, auskalo norena den).

Zein da belaunaldi hori? Ba, berrogeita pikoan dabilena, dela lauarekin dela bostarekin hasita. Testua idatzi duenaren ustez, "ederrak dira, oso ederrak, baina baita ere lasaiak, ulerkorrak, zentzudunak, eta batez ere sorgingarriro seduktoreak, nahiz eta begi-tximurrak izan, edo zelulitis oparo bat izterretan gozo, horrek ere guztiz humano eta benetako egiten baititu; edertasunean benetako".

Luzea da idazkia, eta ez dut osorik itzuliko; dena dela, lorez lore dabil bere belaunaldiko emakumeak goratzen; normala, beraz, adin horretako andrazkoen artean lortu duen arrakasta. Niri, baina, bi zalantza sortu zaizkit.

Bata: nik ez daukat arazorik berrogeitaka urte dituzten emakumeak nahi adina laudatzeko, baina bizkorrenak horiek direla esanez zer adierazi nahi da: hogeita pikokoak lerdoak, umeak, histerikoak direla? (Hirurogeitaka dituztenak, gaurkoz, alde batera utziko ditut, barkazioarekin).

Eta bigarren zalantza: berrogeita piko urteko gizonezkoak dira adin bereko emakumezkoez nazkatuen daudenak (eta alderantziz, of course). Susmoa dut, baina, alor honetan mirespenak multzoka doazela eta mespretxuak banaka. Danilo Kis-i, "Hildakoen Entziklopedia"n irakurri berri diot: "Liburu asko, ez dira arriskutsuak. Bakarra izatea da arriskutsua". Gizonezko batzuen aburua ere bide beretik doala pentsa liteke: "Emakumezkoak, genero bezala, zoragarriak dira; baina niri tokatu zitzaidana ez dago aguantatuko duenik".

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.