Hiltzea ez dago debekatua
Ez naiz kartzeletako egoeraz ari: atzoko artikuluaren jarraipen bat egin nahi nuke, gizakien legea, jainkoena, gizalegea eta beste nahastuz. Zuzenbidearen filosofia, nahi baduzue.
Gai horietan aditua den lagun batek adierazi zidan behin inor hiltzea (erailtzea, zehatzago esateko) ez dagoela berez debekatuta. Ezta lapurtzea, txikizioak egitea, inor bahitzea, bortxatzea, torturatzea ere.
Argi dezadan zertaz ari naizen: zigor kodeak hainbat ekintzaren kontrako neurriak zehazten ditu, delitu bakoitzak izan beharreko zigorra, baina ez omen du "debekatzen". Alegia, ez omen du esaten "debekatuta dago inor hiltzea", baizik eta: "norbait hiltzen baduzu halako eta halako zigorra izango duzu". Harrapatzen bazaituzte eta erruduntzat jotzen bazaituzte, betiere.
Txikikeria linguistikoa izan liteke, baina beharbada erro sakonagoak ditu kontu honek. Badira adiministrazioaren arauetan espresuki "debekatzen" diren egintzak. Adibidez, leku publikoetan erretzea, liburuak fotokopiatzea, kalera txistua botatzea... Hau da: konbentzioz itsusi samartzat jo ditugun egintzak.
Konbentzioz baztergarritzat jo baditugu, modu inplizituan onartzen ari gara bestela ere izan zitekeela. Alegia, posible dela, beste garai batean edo beste toki batean, debekaturiko horiek libre uztea: liburuak fotokopiatzea, kalera txistua botatzea, leku publikoetan erretzea.
Hilketa, bahiketa, bortxaketa eta halako delituak, berriz, nonahi eta noiznahi beharko lukete onarturiko araubideetatik kanpo, eta beraz ez dira "debekatzen", baizik eta zuzenean zigortzen. Ez beti modu berean baina. Horrek, ordea, filosofiaren mailatik errealitate gordinera jaistea eskatuko luke. Beste batean akaso.