Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Aspaldiko eta etorkizuneko herio-kontuak

Aspaldiko eta etorkizuneko herio-kontuak

xme 2006/03/13 14:35

Asteburuan Philip K. Dick-en ipuin batzuk irakurtzen aritu nintzen; tartean "Minority Report", Spielberg-en izen bereko filmaren oinarria izan zena.

Bitxia da Dick-ekin gertatu dena: asko idatzi zuen eta ez zuen fama handirik bildu; nahiko gazte hil zen, eta bere heriotzaz geroztik egundoko arrakasta dauka. Erdian, film bat: Ridley Scott-en "Blade Runner", Dick-en nobela batean oinarritua: "Ardi elektrikoekin egiten al dute amets androideek?". Ondotik, film gehiago, itzulpenak hainbat hizkuntzatan... Zientzia fikzioa idazten zuen hark, bere garaian ez baizik geroan lortu du arrakasta.

"Minority Report" edo Gutxiengoaren txostena, berez, nahiko modu lardatsean idatzitako istorioa da, nahiz eta planteatzen duen gaia zirraragarria izan: etorkizuneko gizarte batean, krimena aldez aurretik ikusteko metodoa garatu dute; gaizkileak, beraz, beren azioa egin aurretik atxilotzen eta zigortzen dituzte; horrek moralki sor zitzakeen zalantzak ezabaturik geratu dira ekintza kriminalak ia desagertu direla ikusita; "Aurrekrimena" polizia-ataleko buruak, halako batean, jaso du hurrengo hilketen zerrenda, eta harriturik ikusi du bere burua, ezagutzen ez duen norbaiten hiltzaile gisa.

Hilko al du benetan delako gizon hori? Hala dio patuak, edo haren ordezko asmatu duten sistemak. Baina horren jakinaren gainean egoteak aukera ematen dio gizonari halabeharra saihesteko, berak ez baitu hiltzaile bihurtzeko inolako asmorik.

Ipuinak gai asko plazaratzen ditu, baina funtsezkoa, nik uste, patuarena da; seguru asko horregatik, Dick-en kontakizuna irakurtzean "Bagdadeko morroia"rekin gogoratu nintzen, Atxagak "Mila eta bat gau"etakoen moldean idatzitako istorioarekin: han ere pertsonaia batek herio ikusten du, azokan paseoan dabilela, eta ihes egin nahiko dio.

Hortik aurrerakorik ez noa kontatzera: badituzue beste bi ipuin, irakurketa kuttunen sailari eransteko.

etiketak: Liburu kritikak
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/14 16:21

Ohartxoa Iban Zalduari: ZFren Zinearekiko zorra aipatu dudanean idazleen lanak zabaltzeaz ari nintzen, ez ZFren berezko kalitateaz. Nobela filma baino hobea izatea da ohizkoena, dudarik gabe.

Eta beste filma gomendagarria , ikusi ez duenarentzat: "Gattaca". Benetan merezi du.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2006/03/14 17:55

Sentitzen dut, baina adiera horretan ere, ez nago ados zorraren baieztapenarekin, ez baitut uste (ez daukat irudipena behintzat) zinemak ZFko literaturaren ospe ona eta batez ere irakurle kopurua izugarri zabaltzen lagundu duenik, behintzat gure inguruan. Hots, uste dut baietz, ZFa ezagunagoa egin dela oro har biztanlegoarentzat zinemaren eta telebistaren bitartez, ohiko zerbait alegia, baina horrek ez duela ZFko literatura bere ghetto erlatibo horretatik ateratzen lagundu (gero eta gehiago diren arren beren obretan ZFko elementuak erabiltzen dituzten generoko kanpoko idazleak: M. Atwood, M. Houellebecq, K. Ishiguro, R. Reig, J. Bonilla... baina hori beste kontu bat dela uste dut). Ez dakit, agian pertzepzio kontu bat besterik ez da.

Magabila
Magabila dio:
2006/03/13 23:47

Horrelako mezuak gehiago irakurri nahiko genituzke...

Nik pelikula ikusi nuen eta gaia zirraragarria iruditu zitzaidan oso...

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/14 12:25

Zientzia Fikzioak beditanik ospe taxarra izan du kritiko eta filologoen munduan. Behe mailako literaturtzat jo dute. Ni zalea naiz eta pozten naiz normalean zientzia fikziozko liburuak argitaratzen ez dituen editore batek honelako mezua idaztea. Pasa den astean bukatu nuen Ray Bradburryren "Crónicas marcianas" liburua. Benetan zorragarria, bikaina. Enfin.., Zientzia Fikzioaren arloan badago harribitxi dexente, eta zinemarekin zorra handia dauka literatura moeta honek.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2006/03/14 14:29

Ez da guztiz zehatza esatea Dickek ez zuenik "fama handirik bildu": ZFaren alorrean idazle prestigiotsuenetakoa zen hil zenean (hala zen, gutxienez, Hugo saria irabazi zuenetik, 1962ko Gizona gaztelu garaian eleberriarekin, baduena harremanik gure Harkaitz Canoren Belarraren ahoarekin bestalde), eta gutxigatik ez zuen hortik kanpoko ospea ezagutu, Blade Runner filma errodatzen ari zelako heriotzak harrapatu zuenean. Egia da, edonola ere, ZFaren mugetatik at bertako idazle gutxik lortu dutela ospea eta batez ere errekonozimendua: Dicken kasu postumoaz gain, agian aipa daitezke Bradbury bera (noski), Ballard, Clarke (garai batean behintzat) eta, agian, Lem eta LeGuin... baina ez askoz ere gehiago. Eta egia da ere bai Dickek diru-estualdiak pasa zituela, belaunaldi bereko ZF barruko eta kanpoko beste idazle estatubatuar prestigiotsu batzuen antzera bestalde.

Dicken lanen artean, aipatu The Man in the High Castle horretaz gain, eta Xabierrek hizpide dituen ipuin andanaz aparte (Minotauro argitaletxeak haren ipuingintza osoaren edizio txukuna egiten ari da azkenaldi honetan), nik bi liburu gomendatuko nituzke: La penúltima verdad, III. Mundu Gerraren ondoren kokatutako fabula beldurgarri bat, biziki inpresionatu ninduena nerabezaroan irakurri nuenean, eta duela urte gutxi irakurri nuen Ubik, askorentzat Dicken lanik onena (La Factoría de Ideas argitaletxeak 2000. urtean erreskatatu zuen Espainian).

Bestalde, nik uste dut zinemak zor handiagoa duela ZFarekin, aldrebes baino. Asko hitz egiten da nobelaren krisiaz, baina zinemari gertatzen zaionari buruz gutxiago eztabaidatzen da: azken urteetako zinema estatubatuarraren ideien harrobi nagusi biak dira zientzia fikzioa, alde batetik, eta komikia, bestetik. Alde horretatik, gomendio bat, ikusi ez duenarentzat: "Código 46" filma, Michael Winterbottom britainiarrarena, Tim Robbins aktorearekin, ZF duina baino gehiago: ez dago Dicken ipuin edo nobela batean oinarrituta, baina berdin-berdin egon zitekeen, planteatzen dituen paradoxak eta etorkizuna oso dicktarrak direlako. Oso ona.

Bloodmoney
Bloodmoney dio:
2006/03/15 15:00

Dick-en beste liburu handi bat: "El doctor Moneda Sangrienta".

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/14 20:18

Baietz, horrela planteatuta arrazoi osoa duzu Iban..., baina hori ez da bakarrik ZFren arazoa, hori edozein literatura klasearekin gertatzen ari da. Normalean aretoak betetzen dituztenak ez dira irakurle amorratuak, eta alderantziz. Eta lehen ahaztu zait komentatzea badagoela ZFek zinemarekiko duen beste zorra garrantzitsu bat: filmetako ahalbide teknikoak. ZFren paisai abstraktoak gauzatzea eta eleberrien datu plastiko-teknologikoak berrasmatzea eskertzekoa da. Jakina da literatur irakurle garenok askotan baztertzen ditugula zinearen horrelako "laguntzak", baina zinemak, askotan, ZFari beharrezko "soporte estetikoa" eman dio.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.