Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Txikizioaren falaziak

Txikizioaren falaziak

xme 2006/03/15 14:40

Desarrollismo txikitzaileak eztarriko zulotik sartu nahi dizkigun herrilan erraldoi horietan bi dira amorrarazten nauten gauzak: bata, txikizioa bera, naturaren, paisaiaren, mendeetako ondarearen axolarik batere gabe jo eta eraitsi arteko onik ez daukan sukar izugarri hori; bestea, proiektu burugabe horiek zuritzeko eta irentsarazteko asmatzen dizkiguten gezurrak era erdizkako egiak, ergeltzat hartzen zaituztela pentsarazten dizutenak.

Manipulazioaren eta eromen eraikitzailearen adibiderik gorena, gure artean, Abiadura Handiko Trena dugu, baina Pasaiako portua ere ez da makala eta, AHTaz hainbat aldiz idatzi dudanez, Jaizkibelgo superportuaz arituko naiz gaur.

Proiektuaren berri izan nuenetik, arreta apur batez irakurri ditut kanpoko portua defendatzen dutenen agiriak eta adierazpenak, desmasia hori arrazoizko bihurtuko duten argudioen bila. Serioski mintzatzen direnean ez dute esaten portua txiki gelditu denik, gaurko trafikorako murritzegi bihurtu denik, baizik eta handiago eginez gero, etorkizunean sumatzen diren aukerak aprobetxatuko liratekeela eta, hartara, biderkatu egingo luketela gaurko joan-etorria. Nork ez du handitu nahi bere negozioa?

Gero, lustre ekologista pixka bat eman nahiz, eransten dizute errepideetako trafikoa murrizteko aproposa dela portuak erabiltzea, eta Europa barruko itsas merkataritza bultzatzeko asmoa dagoela horretarako. Ze ondo, esaten duzu, errepideak lasaiago, hainbeste kamioirik gabe.

Nongo errepideak baina? Alemania eta Herbehere aldetik Iberiar Penintsulara eta kontrako bidean doan merkantzia-garraiorako kamioiak erabili ordez itsasontziak baliatzen badira, Rotterdam eta Hanburgoko portuetatik Pasaiara eta alderantziz tonak eta tonak barkuz eramanez, zein izango da ondorioa?

Frantziako errepideek igarriko diote, onenean, eta poztekoa izango da, baina gurean areagotu egingo da dagoeneko jasanezina den kamioien joan-etorria. Pentsa: Mediterraneo aldera doazen merkantziak ere, muga La Jonqueran zeharkatu ordez, Pasaiara ekarriko dituzte, hemendik kamioiz hara eramateko. Eta alderantziz, berriz diot.

Gipuzkoa zeharkatzen N-I deritzan errepidea gainezka dago aspaldidanik, eta egoera okerrera doa. Aski da kamioi batek deskuido bat izatea, probintzia osoan kaosa sortzeko. Eta hori ez da posibilitate urrun bat, zentral nuklearren istripuarena bezala, sarri-sarri gertatzen den kontua baizik. Azkena, atzo bertan.

Gure munduaren martxak (kapitalismoaren logikak) lehengaien, hornigaien eta salgaien mugimendu hazkorra dakar; etengabe hazkorra. Horri Pasaiako portu berriaren ekarria eransten badiogu, laster batean orain halako bi izango da kamioi trafikoa. Eta orduan? Orduan errepide berriak asmatuko dizkigute. Eta AHT eskaini panazea moduan, noski. Baina horretaz beste batean jardungo dugu.

etiketak: Politika
d.sastre
d.sastre dio:
2006/03/15 20:57

Bete betean asmatu duzu, eta pasaitarra naizen aldetik biziki eskertzen dizut lehendabiziko paragrafoa. Gezur handi honen inguruan Pasaiatik kanpo ezagutzen ez den beste datu bat: Portuko agintaritza serio serio agertu ohi da esanez Gipuzkoako enpresarik handiena dela kaia. Zera ahazten zaio eranstea: enpresa horrek ez du inolako udal zergarik ordaintzen. Hau da: ez industria zergarik, ez obra lizentziagatik, ez deus ezengatik. Eta kaian lan egiten duten enpresa gehienek (hau da: denek) Pasaiatik kanpo dutela egoitza. Ondorioz, Pasaian kaka jan bai, bai onurak jaso bat ere ez. Kai honetatik sartu den aberastasuna ez da bertan gelditu. Honi gehitu behar zaio PNVk ez duela inoiz izango Pasaiako alkatetza, ta ondorioz ere Aldundiatik zigor luze eta sakon bat pairatzen duela herria. Iraingarriena, halere, zera da: pasaiako balorea barne kaia izatean datza. itsasoan kai bat eraikitzea, berriz, nonahi egin daiteke, baita Donostiako uhartean ere. Baina, noski, horrelako azpiegutura onugarriak beti berdinei eskeintzen dizkigute. Gure onerako, badakizu.

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/03/16 12:25

Pasaian bizi nintzen urte pila eta askotan handik nabil ere, eta herriaren lau barrutien egoera benetan larria da.

Ni ere Jaizkibelgo portuaren kontrakoa naiz erabat, baina manipulazioen artean ahaztu zaizu pasaitar batzuk (ez gutxi) erraz onartzen ari diren falaziarik erakargarriena: Portua kanpora atera eta badia rejeneratzeko promesa.

Jakin badakigu gezurra merkea eta espekulazioaren harrobia izango dela, baina, batez ere Antxo eta Trintxerpe aldean, zikinaren erdian bizitzeaz nazkatuta daudenez, promesa sinistu nahi dute. Kapitalak mugitzeko Jaizkibel hondatu. Nazka eta pena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.