Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zer dakit nik

Zer dakit nik

xme 2006/03/17 09:02

Lau urte nituela hasi nintzen eskolan, baina ez daukat orduko akordurik. Ordurako ba ote nekien erdaraz? Ez naiz gogoratzen. Nire oroimenean, beti jakin dut hemengo bi hizkuntzetan moldatzen: bata etxekoa zen, bestea hortik kanpokoa.

Dena dela, hemen ez dut elebitasun konturik aipatu nahi. Sei urte nituela aldatu ninduten eskolaz, parvulitoetatik egebera; lehen mojetan nenbilen eta harrezkero fraideetan, baina beti eliza amaren babesean.

Nire lehen oroitzapenetako bat da amak fraideetan izena ematera eraman ninduenekoa; xehetasunik ez, baina gauza bat daukat gogoan: amak nola esan zion hermano haietako bati banekiela leitzen, eskribitzen eta lau erregelak. Mutil bizkorra nintzela nahiko zion adierazi, ama guztiek pentsatu ohi duten bezala.

Hogeita hamabost urte igaro dira handik hona. Munduak mila buelta. Nik ez hainbeste seguru asko. Tartean hainbat gauza ikasiko nuen, eta beste horrenbeste ahaztu, Imanolek eta Moustakik abesturiko Miranderen hitz haiek zioten bezala: "Zergatik ikasi / ahanztekotz gero / ikasiak oro".

Ikasien eta ahantzitakoen kontaduria egin ostean, zer egiten dakidan pentsatzen jarri nintzen aurreko batean, eta ondorio sinple batera iritsi nintzen: irakurtzen, idazten, eta matematikako lau erregela nagusiak.

"Hortako patu al diau hainbeste estudio?", galdetuko lidake amak hau ikusiz gero. Ez litzaioke arrazoirik faltako, noski, ama guztiei bezala semeoi kontuak eskatzean. Dena dela, esan dezadan neure alde ondo irakurtzen eta ondo idazten saiatzen naizela; eta, harrokeria barkatzen badidazue, ez dela gutxi.

etiketak: Saski Naski
matxalde
matxalde dio:
2006/03/17 16:24

Irakurtzen, lerro artean irakurtzen, idazten, bi esan nahiko esaldiak idazten, eta lau erregelak, umore onez gaudenean batuketa eta umore txarrean gaudenetan kenketa erabiltzeko. Gutxi iruditzen al zaik? Ondo patutako eskola, Xabier, izerdiz ondo patutakoa.

Usaia
Usaia dio:
2006/03/19 23:55

Ez da gutxi, batez ere, bizitzeko era bat aukeratu duzulako. Idazle bihurtu zara nahi zenuen bezala, hori ez du jende guztiak lortzen. Adibidez nire ametsak oraindik ez dira bete, baina denbora badago edo hori uste dut.

Asier
Asier dio:
2006/03/18 00:45

Horixe ei da, ba, kultura:15 bat urte ikasten, beste hamabost bat ahazten eta geratzen zaigun hondarra: KULTURA

Inor kultu izatekotan 40 bueltan gabiltzanok, beraz; gauza berriak ikasten ala zaharrak ahazten jarraitu?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.