Bolantean egin litezkeenak
Legearen inguruko gogoetak amaitzeko, azken alea.
Dakizuen bezala, Hego Euskal Herriko errepideetan, autoa gidatzen goazela eskuko telefonoa erabiltzea legez kanpo jarri dute (ez dakit "debekatu" egin duten, edo azio hori egiten duenarentzako zigorra ezarri, besterik gabe). Erabaki normala da alde batera, arreta galduz gero asko handitzen baita istripuren bat izateko arriskua.
Telefonoa bezala debekatu omen dute MP3 entzungailu bat eramatea belarrietan, arrazoi berberarekin. Hori ere zabalduz doan ohitura izango da noski. Dena dela, pentsatzen jartzen da bat: jokaera arriskugarri guztiak aurreikusi behar ote ditu legeak? Arriskutsua izango baita, esate baterako, gidatzen goazen bitartean ogitarteko bat jatea, betaurrekoak garbitzea, mukiak kentzea, aldamenean doanarekin zirrika hastea, gustuko irrati-sintoniaren bila jardutea... Ez dut jendaurrean aitortuko jokabide horietan guztietan zein praktikatu dudan, poliziaren bat ere izan baitezaket zelatan, baina bat edo beste bai.
Bekatu bat aitortzen ausartuko naiz hala ere: autoa martxan doala ez, baina semaforo baten aurrean geldirik dudala, ezin tentazioari eutsi eta, behin edo behin, aldean daramadan liburua hartu izan dut, pasarte bat irakurtzeko. Semaforo gorriek eskuarki sortu ohi diguten irudipenaren kontra, ez dakizue ze laburra egiten den tartea!
Gaur, adibidez, Leire Bilbaoren Ezkatak neukan aldamenean, eta "Gereziondoak loretan" poema eder hau bezlakoak irakurtzeko aprobetxatu dut:
Bere haur negarra isilarazteko
bueltatu nahi duela herrira esan dit,
maiatzak ertza jo aurretik
gereziondoak loretan ikusteko.
Denborarekin kaleak eta iritziak
okertzen joan zaizkiola,
arnasa ez duela jada
utzi zuen lekuan aurkitzen.
Bakardadea neguko kaleetan
beroki lodi batekin ibiltzea dela,
badirela atea zabaltzean
inoiz ezer sartzen ez den etxeak,
kanpoko hotza ez bada.
Egunak hausten zaizkiola eskuetan,
hil berriak bezala prestatzen dela gauero,
lotsa ematen diola ohean biluzik hiltzeak.
Maiatzak ertza jo du,
eguzkiak berotu harriak sartu ditu poltsikoan.
Bere haur negarra isilarazteko
bueltatu nahi duela herrira esan dit.
Ez dakit zeinena den poema baina gauza bat argi dut: SARRI, ETXEAN NAHI ZAITUGU!
Usuaian galdutako pinguino bat