Patxi Gallegorekin, Xabinaitorren itzuleraz
Aurtengo Durangoko Azokako liburu arrakastatsuenetakoa izan da "Pololoak 2: Poxpoliñaren bahiketa", Patxi Gallegok Xabinaitor superheroiaz idatzitako komiki-liburua. Dagoeneko irakurri dutenentzat nahiz oraindik ezagutzen ez dutenentzat interesa duelakoan, sortzailearengana jo dugu galdezka.
Pololoen lehen liburuan agindu zenuen "Pololoak II" etorriko zela, eta, euskaldun legeari segituz-edo, bete egin duzu hitza...
Bai, baina erdia bakarrik bete dut, bigarren honekin Xabinaitorren kontu honi amaiera emango niola agindu bainuen, eta sentitzen dut baina hirugarren liburu bat jasan beharko duzue, bidean da honezkero. Hori bai, oraingo honetan zin dagit historio hau behintzat hortxe amaituko dela, trilogia osatuz. Jode, ze ondo geratzen den "trilogia" hitza, e, elegante...
Lehenengoan pertsonaia definituta, errazagoa izan da bidea, ala konplikazio bereziren bat izan duzu?
Konplikazio gehiegirik ez, bueno bai! Pertsonaia berri batekin, Anbotoko Marirekin hain zuzen ere, hor erabat trabatu nintzen. Nik Jainkosa benetan ederra marraztu nahi nuen eta ez nintzen gustura geratzen lortutako emaitzekin eta hamaika bider errepikatu nituen bere irudiak, behin eta berriz aldatzen nituen, erotzen hasia nintzela pentsatzera iritsi arte. Nola egon nintekeen, ederra eta Jainkosa izan arren, emakume baten marrazkitxo batekin hain obsesionatuta. Azkenean nahiko gustura geratzea lortu nuen, zorionez... Hmmm, dexente jartzen nau... Bestela, konplikazioak baino, sorpresa atseginak neure subkontzienteari bururatzen zitzaizkion xelebrekeriak ikusita.
Sexua eta askoz gehiago
Jarraipena emateaz gain, berezitasun ugari ditu 2. parte honek. Hasteko, testu gutxiago eta marrazki gehiago daukagu...
Bai, zati txiki bat kenduta dena komikia da, baina testu dexente dago hala ere, ez? Berrehun orritan bunbuilotan izan arren testu asko sartzen da. 2. liburu honek ez daukana da lehenengoak zeukan prosazko zati mardularen modukorik, ezta beharrik ere, oraingoa abentura bisualagoa baita. Berez, lehenengoan ere ez nuen hasiera batean prosaz zati hori sartzeko asmorik, baina berehala konturatu nintzen Xabik homeopatarekin zeuzkan elkarrizketa haiek eta Kariñe poxpoliñaren gogoetak biñetetan jartzeak ez zuela merezi. Oraingoan, berriz, ez zuen ezerk merezi prosan jartzea. Gora komikia. Gora!
Bestalde, sexua ere ugariago eta esplizituagoa da hemen.
Esandakoa: "bisualagoa" da, ejem. Eta lehenago aipatutakoa: nire subkontzientearen burutazioak dira, ez da neure errua, benetan, ni ez naiz horrelakoa, ez dakit zer egin zidaten ikastolan, zer-nolako ideiekin kutsatu zuten nire burmuin xaloa hain ondo usaintzen zuten andereño lirain haiek... Dena den, proportzioan ez zait iruditzen hainbesterako denik, sexua baino askoz gehiago dago liburuan, gertatzen dena da irudi horiek oso deigarriak direla, eta batzuentzat inpaktanteak, deitoragarriak, arbuiagarriak, gaitzesgarriak, nazkagarriak!!! Ai, benetan, sentitzen dut, ni ez naiz horrelakoa, berriro diot, soilik neure fantasia sexualei irtenbide bat ematen saiatu naiz modu natural batean, nire homeopataren aginduei jarraiki, besterik ez... Zilegi bekit, adixkide.
Zure marrazteko era perfekzionatu egin da, bide batez esanda.
Nik uste perfekzionatu baino gehiago definitu egin dela, pertsonaiei eta estiloari orohar punttua hartu diet, oraingoan lehenengo liburuan baino lasaiago aritu naiz marrazten, erlaxatuago, sueltoago, normala da. Dena den, egia da, niri ere bi liburuak eskutan izanda honek itxura hobea duela iruditzen zait.
Nafarroako Pirinioaren lilura
Bitxikeria bat: Xabi Lizuniaga Xabinaitor nola bihurtu zen, superbotereak noiz eta nola eskuratu zituen orain kontatu duzu, The Godfather II-an Don Vito Corleoneren historia kontatzen zen bezala edo...
Hori narrazioaren estrategiak dira, denboraren egitura egileak nahieran moldatzeko aukera, azken finean. Zineman, komikian, eta baita literaturan ere horren aukerak izugarriak dira eta edozein istorio erakargarriagoa bilakatu dezakeela iruitzen zait. Asko gustatzen zait jolas hori, flash back-ak, elipseak, eta hori guztia, irakurleari (edo ikusleari) dribling bat egitea bezala da, bere arreta erne mantenarazteko. Eta eskerrik asko Francis For Copularekin egin didazun konparazione horregatik, aizu.
Mendirako zaletasun ageri bat deskubritu dugu hemen. Xabinaitorren ezaugarria ala Patxi Gallegorena?
Bueno, galdera honen erantzuna uste baino konplikatuagoa da. Ea... bai, mendizalea naizela esan nezakeen eta kito, baina hori ez da oso erantzun orijinala herri honetan. Egia esan, niri gustatzen zitzaidana eskalatzea zen, haitzetara igotzea, basahuntzak bezala, edo "tximinoak bezala" esan beharko nuke? Mafaldari kolunpiotik jaisten zenean bezala, niri ere oinak lurrean jartzerakoan dibertsioa amaitzen zela iruditzen zitzaidan, ihesbide bat zen, han goitik mundua atseginagoa zen nolabait esateko. Baina ezin nuela beti ihesi ibili erabaki nuen unea ere iritsi zen, eta hemen nago oinak lurrean jarrita, dibertimendu "intelektualagoetan"(?!) murgilduta, baina hori bai, tximinoarena maizago ezin egin izateak frustrazio txiki bat ere sortzen didala onartu behar dut, eta agian frustrazio horren islada da liburuan agertzen dena neurri batean. Hala ere, puf!, hainbeste frustrazio dauzkat kontu honekin hasi nintzenetik, hau bizitza sakrifikatua daramadana... Hori batetik (Ez, ez, ez dut erantzunarekin amaitu). Bestetik nafar Auñamendienganako lilura dago, hori ere ez dut ukatuko. Beti iruditu zait, txiki-txikitatik, pelikula batentzako eszenatokia zela, spaghetti-western batentzako edo, ta bueno, halaxe egin dut nik neure pelikulatxoarekin, Monument Valley-n edo Almeriako basamortuan filmatu ordez, Nafarroako Piriniotan marraztu. Eta azkenik (Ezetz, ezetz, oraindik ere ez dudala amaitu), naturaren inspirazio iturria aipatu behar dut. Homeopatak esan zidan bezala, eta arrazoi osoa dauka, naturak irudimena suspertzen du. Ba bai, liburu honetan eta aurrekoan agertzen diren ideiarik lizunenak eta endretatuenak naturan bururatu izan zaizkit, mendian, istorio honen lehen-lehenengo bozetoa, adibidez, poxpoliña eder batekin egindako txango batean bururatu zitzaidan eta karteran neraman metroko txartel batean marraztu behar izan nuen; oraindik gorduta daukat. Hala da, nolabait esanda, naturak barruan daramadan basajauna aterarazten dit.
Soinu-banda ederra erantsi diozu zure liburu edo pelikula honi, ezta?
Hala iruitzen bazaizu... Nik Enio Morricone kontratatu nahi nuen baina Elkar-ekoek esan zidaten ez zegoela horretarako aurrekonturik, eta azkenean xiberutar kantutegira jo behar izan dut. Baten batek esango du "Ez al zen ba hau aurreko liburuan folklorismoa kritikatzen zuen guaya?" Ba bai, ni neu nintzen baina autokritika zen! Gainera, xiberutar kantu horien letrak mundialak iruditzen zaizkit, badaukate gizon-emakumezkoen zirikatze eta adarjotze-jolas punttu fin bat... Bueno, ta horretaz gain, esan Albert Pla eta Mikel Laboari egindako bi omenaldi-tributu daudela baita ere, zein baino zein orgasmikoagoak.
Karikatura sozialetik ihesi
Aurreko liburuarekin konparatuta alderdi soziologikoa ahuldu eta psikologikoa indartu da: love story bat daukagu hemen, gizon eta emakumeen arteko borroka-jokoak...
Gai unibertsaletan unibertsalena, ezta? Bai, halaxe da, lehenengo liburuaren gaia, nolabait esateko, identitate kulturalarena zen, beti ere parodiazko ikuspuntu horretatik begiratuta eta guztiaren ardatz nagusia pololoak zirelarik. Oraingoan, berriz, maitasuna, sedukzioa eta kortejoari buruzko neure ikuspuntua eman nahi izan dut. Jarraitu nezakeen lehenengo liburuko joerarekin karikaturismo soziala egiten, baina errepikapenetan jaustea litzateke, ta gañera horretarko badaude Vaya Semanita, Terol & company, Todos nacemos vascos, Klikowskyak, ta wazemank-ekoak besteak beste (Jode, euskaraz egiten duten bakarrak azken hauek, e, a ze marka, penagarriya da...). Hala ere, irakurle potentzialari esan nahi diot ahalegin handia egin dudala horrelako gai topiko bati buruz istorio atipiko bat sortzerako orduan.
Ez dakit besterik erantsi nahi duzun... Bestela, 3. partearen zain gauzkazula esan behar dizugu.
Bai, ni ere zain nago, ea noiz datorren eta horrela amaiera jartzen diodan azken urteetan eramaten ari naizen kultureta enklaustratu altruista bizitza puta honi. Nekatuta nago, zera, zerbikalak, bizkarra, badakizu... Ta dena euskal kulturarengatik. Mereziko al du...? Aizu, ta ez didazu ezer galdutu liburuan agertzen diren pikoletoei buruz. Ez dezu istilutan sartu nahi, ezta...?
Bizirik irtengo ote naiz?
Noizbait irakurri edo entzun nuen lau zirela pertsonaren oreka psikologikoari gogorkien erasotzen dioten aldaketak: dibortzioa, lana galtzea, minbizia bezalako gaitz larri bat, eta etxe-aldaketa. Lehenengo hiruretatik libre naiz oraingoz, baina laugarrenak harrapaturik nauka egunotan.
Ez naiz etxebizitzaz aldatu: lantokian ditugu aldaketak; lehengo tokian geldituko gara, baina, barrukoa goitik behera moldatuko dela-eta, gure paper eta traste guztiak edo zakarretara bota edo kaxetan sartu behar ditugu, ahalik txukunen, gero non zer gorde ote genuen galdurik ez ibiltzeko. Eta bada paperik nirea bezalako lantoki batean! "Denon artean mila kaxa baietz atera!" bota zidan lankide batek zalaparta honetan hasi ginenean, Durangotik bueltan. "Bai zera!" erantzun nion nik, baina uste dut berak irabaziko duela apostua.
Zer bota eta zer gorde erabakitzeko tiradera barrenak husten eta arakatzen zabiltzala, uste ez dituzun gauzak agertzen zaizkizu etengabe, eta oroimenaren nahiz ahazturaren mekanismo bereziez ohartzen zara bat-batean: "Kontxo! Hau hemen al dago?", esaten duzu batzuetan, eta bizi-bizi gogoratzen dituzu orduko kontu eta gorabeherak; beste batzuetan, berriz, arrastorik ere ez zer ote den armairuaren azpialdean azaldu den hori, ezta zertarako gorde zenuen ere.
Hamalau urte pasatxo dira mahai eta txoko berean lanean nabilela. Hamalau urteko historia, ordu gutxitan errepasatua. Ez dakit beste horrenbeste pasatuko diren hurrengo aldaketarako baina, hau ez da ez, pertsonarentzako martxa!
Errataren ederra
Idazle eta editoreon buruhaustea izaten dira testuetan deskuiduan pasatzen zaizkigun akatsak. Batzuetan zalantza ere izaten da, hutsa den edo ez. Lizardiren olerki-zati ezagunenetako batek hala dio: "Oi zein dan ituna / behera behar hau / nik ez nahi eguna / bihurtzerik gau". Poetaren lagun batek zioen "itun" hori gaizki-ulertu bati zor zaiola, idazleak "ilun" idatzi eta, inprimategian, nahastu egin zituztela orduko ortografian erabiltzen zen l gandorduna eta t letra.
Lizardiren beste poema-txatal bat da, sasoi honetako giroari dagokiona, "egur hezearen kea / goiak du kolore"; Koldo Izagirrek inoiz komentatu izan du ausardia falta izan zitzaiola Lizardiri bere konparazio eta metaforetan, zenbat ederrago eta sujerikorrago ez ote zen izango "hezur hezearen kea" idatzi balu. Letra bateko aldea, inprimatzailea nahastu balitz.
Egunotan zuzentzen nabilen itzulpen batean aurkitu dut errata harrigarri bat. (Ez dut izenbururik esango, ez bainaiz inoren lana maiseatzen ari). Hala zioen pasarteak: "Hori egitean gona altxatu zitzaion, eztarriak eta kulero urdin argiak agerian utziz". Jatorrizko testuan begiratu eta ikusi dut "eztarriak" dioen lekuan "izterrak" behar zuela, "lapsus calami" bat izan duela euskaratzaileak. Hala ere, esaldia berriz irakurri eta, zenbat ederrago eta adierazgarriago errata eta guzti!
Money, money, money...
Azaroaren hasieran, idazle katalan, galiziar eta euskaldunen urteroko topaldia ospatu zen; hiru nazioen artean txandaka antolatzen da Galeusca literarioa, eta aurtengoa euskaldunoi egokitu zaigu. Iruñean gauzatu den XXIII. edizio honek gai zentral bat izan du hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidetarako: tabua, dela alderdi afektibotik, dela politikotik, dela estetikotik ikusita. Han esandakoen gainean interesa dutenentzat liburu eder askoa kaleratu du Idazle Elkarteak, mintzaldi eta ipuinak hiru hizkuntzatan jasoz.
Nik bisita laburtxo bat egin nuen Iruña Park hotelera, baina handik egun batzuetara, han izandako idazle batekin berbetan ari nintzela, halaxe esan zidan: "Era guztietako tabuak jorratu ditugu; hor ibili gara, intzestua gora, kanibalismoa behera... Idazleak gizarteko tabuak hausten aitzindari izan behar duela aldarrikatu da behin eta berriz. Baina badakizu zer ez den behin ere aipatu? Dirua".
Solasaldi horretaz gogoratu nintzen aurrekoan, Durangon nengoela bat-batean Sautrelakoak etorri zitzaizkidanean, beste idazle batek bota zidan galderari erantzun behar niola-eta. "Zertaz ez zenuke sekula idatziko?" galdetu zidan Miren Agur Meabek, eta gehiegi pentsatu barik bota nuen arrapostua: "Diruaz". Nire zalantza da, ea gutxi interesatzen zaidalako baztertzen dudan gai moduan, ala duen garrantzia eman nahi ez eta tabu baten moduan ezkutatzen dudan.
Gora bibliotekari insumituak!
Liburutegi publiko mordoxka bateko bazkidea naiz, gaur egun tarteka baizik erabiltzen ez baditut ere. Bakoitzeko txartel bana dut, hori bai; eta, pentsatzen jarrita, zenbat txartel pilatu dezake gizon-emakume modernoak bere karteran? DNI, ENA eta EHNA, aukeran edo nahas-mahas, gidabaimena, bankuetako visak eta abarrak, bonobusa, osakidetzarena, organo-emailearena, kiroldegikoa, norbera partaide den elkarte, bazkun, erakunde, partidu, sindikatu eta partzuergo bakoitzeko beste horrenbeste...
Ez da harritzekoa, hortaz, halako batean gertatu zitzaidana gertatzea. Joan naiz liburutegi batera (ez dut esango non, ez noiz) liburu jakin baten bila eta, iragarkiko donutsak bezala, bat-batean konturatu etxean utzia nuela txartela. Halaxe kontatu nion ezer baino lehen mostradore atzeko langileari.
"Nire zenbakia lortzeko datuak emango dizkizut nahi baduzu, ez dakit maileguan ezer ateratzerik daukadan baina..."
"Ezin dizugu utzi. Arauak..." esan zidan bibliotekariak.
Arauen aurrean ze txintxo eta esanekoak garen bihurri usteko asko. Ni bai behintzat.
Alferrik egina nuen liburutegirako jira, nonbait, baina han nengoenez, apalategietara iritsi berri ziren liburuen artean gelditu nintzen kuxkuxean. Horretan nengoela, handik pixka batera, lehengo bibliotekaria etorri zitzaidan, mostradoretik aterata:
"Ezin duzula atera esan dizut lehen, horixe baita araua, eta atzean baineukan jefea, baina orain joan da, eta libururen bat hartu nahi baduzu..."
Hura poza hartu nuena! Liburu eta guzti ateratzeagatik baino gehiago, jefeen gainetik jendea, arauen gainetik liburuak jartzen dituzten funtzionarioak badaudelako oraindik ere. Urte askoan!
Lauzpabost puntu bertsoetako euskararen gainean
(Iazko Txapelketa Nagusiko bertsoak biltzen dituzten liburua eta CDak kaleratu ditu Bertsozale Elkarteak. Hor ere bada nire lantxo bat, elkartearen eskariz egina, txapelketan botatako bertsoen euskara aztertzen duena. Ia urtebeteko atzerapenaz bada ere, horra)
Zero. Bertsotik aparte dabilen honi eskatu diote txapelketako euskararen azterketa egiteko. Bertsogintza eta bertsolaritza barrutik eta eguneroko martxan ezagutzen dituenak hobeto egingo luke, dudarik gabe, baina kanpoko begirada bilatu nahi izan da, nonbait, balorazio hotzagoa edo. Saia nadin, beraz, neure ititzia ematen, bertsolarienganako estimazioa ezkutatu gabe baina estimazio horren erruz objektibotasuna galdu gabe.
Hasteko, txapelketan zehar botatako hainbat bertso entzun eta guzti-guztiak irakurri ondoren, bertsoetako euskararen gainean entzun ohi diren bi iritzi ukatu eta uxatu nahi nituzke: txarra dela, eta oso ona dela bertsoetako euskara. Biak batera ezin zitezkeen egia izan, noski, baina banan-banan hartuta biak okerrak iruditzen zaizkit.
Euskara txarra erabiltzen dela diotenek akats gramatikalei erreparatzen diete, esamoldeetako kalkoei, hiztegiko erdarakadei. Ezin ukatu halakoak ere badirena baina, oro har, hizkuntza zuzen, egoki, natural eta bizia erabili dute bertsolariek.
Euskararen gaina eta bikaina bertsoetakoa dela diotenak hitz-jokoen su-festarekin itsutu ohi dira; hala ere, asmamenerako gatza eta piperra izateak ez du esan nahi asmakizun horiek hizkuntzaren aberasgarri bihurtzen direnik, edo bihurtzen ahal direnik. Alde horretatik, iraunkorrago eta baliagarriagoak izan ohi dira literaturako aurkikuntzak, Izagirre edo Lertxundi batek egindakoak, esaterako. Neurri-errimen eta inprobisazioaren mugapean ezin besterik eskatu, noski: Egañak berak altxor mamitsuagoa eman ohi du idatziz ari denean.
Orokorkeriak utzi eta gatozen kontu zehatzak lantzera. Besteak beste, gai hauek aipatu nahi nituzke: ahozko lizentziak / idatziaren zurruna, euskalkiak / batua, metrikaren gorabeherak eta zenbait baliabide estilistiko.
Bat. Bertsoa ahozkoa da, noski, baina, hizkuntzaren erabilera formal eta landua den aldetik, idatziaren eragina izan ohi du, are gehiago Txapelketa Nagusian. Idatzia jasoaren sinonimotzat jo dezake askok (eta nik hobetsi egiten dudala atera ere bai lehen esandakoetatik), baina, arretaz ibili ezean, kalterako ere izan liteke eragin hori. Har dezagun adibidetzat Lekunberriko sorta bat: Bixente Gorostidi amezketarra Amaia Agirrerekin kantuan. Gorostidi bertsolari naturala da berez, baina, Txapelketako bere lehen ariketan ondo egin nahiaren estuasunak eramanda edo, hauxe kantatu zuen: Oihu ta buila hasten zatzaizkit / saioa hasi berehala. Zatzaizkit hori jasoa eta dotorea izan liteke, nahi bada, baina hasi berehala euskal gramatikari emandako ostikoa da, inondik inora; hobe zuen hasi ta berala kantatu balu, idatzizko eredutik urrunduz. Hurrena kantatu zuen bertsoan ere ausentzi bezain mingarri eta soma izan zaitut sarri bota zituen, agramatikaltasunaren marra gainditzen dutenak. Erantzule zeukan Agirrek, berriz, ahozko lizentziak hartu zituen, idatzizko morfologia bortxatuz nahi bada, baina euskara zuzen eta egokiaren barrutitik irten gabe: zure kontzertu deneta noa edo nekin lotsatzen bazera.
Bi. Euskalkien eta batuaren arteko teinka ere ezin da zirt-zart erabaki, bat-bateko ateraldiei utzi behar zaie askatasunezko tarte zabal bat. Hala ere, txapelketa honetan kantatuak irakurrita, konstatazio pare bat egin liteke: bata, gero eta euskara estandarrago eta berdinagoa egiten dugula, batetik bestera arazorik gabe mugitzeko balio diguna, Hego Euskal Herrian behintzat; bestea, gainerako euskalkietako bertsolariek batura biltzeko ahalegina egin duten bitartean, giputzek bereari eusten diotela, temoso baino gehiago eroso. Aipa ditzagun xeheago kontuok.
Colina, Arzallus eta Artetxe izan dira Iparraldeko ordezkariak, baina ez hango euskararenak. Hirurek ere ondo asko dakite entzule gehien nondik datorren, eta horren arabera moldatu dute beren bertsoa (horra, ekintza komunikatiboa izatearen on-gaitzak). Txapelketan jardun duten beste 35 bertsolarientzat normala da erreferentziak, mailegunak eta are interferentziak ere gaztelaniaren bitartez jasotzea; neurriz gain aritu direnik ez nuke esango, baina errealitatea hor dago, nahiz eta Sarriegik umore-ukituz frantsesa sartu Donostian (pomme de terre, garçon) edo Elortzak diplomaziaz BECeko agurrean (Egun on, bonjour ta buenos días). Colinaren kasuan are gordinagoa da moldatze hori, Hegoaldeko bertsolariek bezainbat espainolkada edo gehiago sartzen baitu bere bertsoetan (ulertu faltaz ez du entzun beharko Xalbadorren txisturik, ez).
Hegoaldeko batu antzeko batean kantatu dutela esan dugu, beraz. Hori bai: nafar, lapurtar eta bizkaitarrak dut, duzu aritu diren bitartean, gipuzkoarrek det, dezu jardun dute inongo lotsarik gabe (oiartzuarrak salbu: hauek ere dut dute berezko hizkera), besteak ere berera erakarriz zenbaitetan. Erdigunearen indar soziolinguistikoak azaltzen du jokabide hau, jakina, baina osotasunaren ardura ere badugunez, ez ote genieke bertsolari giputzei ahalegin handixeagoa eskatu behar, Txapelketa Nagusian bederen? Bizkaitarrek egin dutena baino txikiagoa litzateke hala ere. Mendebaldeko bertsolarietan Iratxe Ibarra izan da modu sistematikoan bizkaieraz kantatu duen bakarra, Zornotzako saioan. Etxean jarduteak izango zuen zerikusirik erabaki horretan. Euskal Herri osoarentzat kantatu arren aurrean duen entzulea bereziki zaindu behar luke bertsolariak; horregatik gertatzen da hain aldrebesa Julen Zelaietak Uztaritzen botatako agurra: hamarreko nagusi batean, hona ze lau perla espainolez ez dakien frantses euskaldunarentzat: klasea (eskola), enpollatu, ganberroekin, katxondeoa; etxetik ekarritako bertsoekin kezka gehixeago ez izatea ere
Hiru. Puntuaren eta ideia logikoaren lotura da bertsoaren berezko ezaugarri bat, bere alde on eta makurrak dituena (aldi bereko entzunaldia erraztea, batetik, esaldi ausartagoetarako muga, bestetik). Bi puntutan luzatzen diren esaldiak bezala lerrorik lerro salto egiten dutenak, zangalatrauak, salbuespen huts dira bertsogintzan, ez dakit saritu edo zigortu behar den salbuespena. Jon Martinek Iturriagarekin puntuka bota zuen bat Hendaian: Horretan laguntzen bait / dute mitxelinek; lerro berria erez hastea ere ikusi dugu bizpahiru aldiz. Dena dela, beste kontu bat ekarri nahiko nuke hizpidera: zortziko nahiz hamarreko nagusiak 10/8 egitura dutela esan ohi dugu (lerro bitan idatzirik Hegoaldeko tradizioan, lerro bakarrean Iparraldekoan); hala ere, zenbat eta bertso gehiago aditu, orduan eta garbiago dago 5/5/8 dela gaur egungo neurria; alegia, hamar silabako lerroa bost silabako hemistikioetan banatzen dela sistematikoki. Horren salbuespenak, zangalatrauenak bezain urriak dira txapelketa osoan: baina azken kolpea izan liteke (Lekuek Beran, -ea silaba bakarrean ahoskatu ez bazuen); 5/5 egitura ez haustea baino nahiago izaten du bertsolariak esaldi agramatikal bat egin: Berandu heltzen gu omen gara (Sustrai Colinak Beran). Hala bada hala da, ni ez naiz etorri bertsoak nolakoa izan behar duen esatera, baina, hala ere, esango nuke metrikaren berezko muga baino gehiago dela erabilitako doinuen eta kantaeraren bilakaeraren ondorioa. Ez dakit aldatzerik dagoen, baina bai libreago kantatuz gero bertsoak gauzak esateko aukera zabaloagoa eskainiko lukeela.
Neurriaz bezala errimaz ere zerbait esatea tokatzen da metrikaren alor honetan, baina ez zait ezer berririk bururatzen, ezpada errima-zaborraren ugaria salatzea. Errima-zaborra zeri esaten diodan? Ia esanahirik gabe eta hoskidetasun hutsez nonahi eta noiznahi sartzen dizkiguten porru-hazi horiei: tira, grabe, esklabo, trantzean, trantzeko, klaro, etekin Badakit bertsoak egitea zaila dena (jakingo ez dut ba, bertsorik kaxkarrena egiteko gauza ez naizen honek), eta neurri luzea hautatuz gero ez dela erraza bat-batean oin guztiak egoki paratzea; baina horrexek izan behar du bertsolariaren lana, eta horixe egiten saiatu behar luke, batik bat Txapelketa Nagusian.
Zaborra izan gabe ere, nolanahi sartutako hitzak ere izan dira: errimen almazena zabaltzeko usu eta aiduru bezalako hitzak hartu ditugu hiztegi jasotik, poztekoa, baina erne ibili behar genuke aldrebeskeriarik ez ugaltzeko, halakoak erraz zabaltzen baitira. Esaterako, Xabier Paiak Urretxun pixkat hurbildu heinean kantatu zuen (ez oso zuzen, nik uste), eta egun berean Irazuk nere bizitza heinean bota zuen (nahiko oker, esango nuke). Irudi luke poto telepatikoak suelto ibili zirela Urretxun, Estiballesek ere bi bertsoalditan erabili baitzuen majadero bezalako hitz markatu bat errimatzat.
Lau. Baliabide estilistiko bereziak aztertzean alde batera utziko ditut, leku faltaz, hainbat berezitasun lexikal: erreferentzia kulturalak sartzea, izen propioen xarma, hitz kultuak, erdarakadak. Zerbait nabarmentzekotan, errepikapenaren erabilera nabarmenduko nuke, azken urteotan haziz doan joera delakoan. Saio gehienetako eta bertsolari askoren adibideak dauzkat gordeta, baina aski bedi bakarra aipatuta, eta bat hori Iturriaga da, baliabide hori oparoen darabilena. Hendaian adibidez, poliziarekin ligatzen dueneko bertsoaldi gogoangarrian, zaude, zaude eta ohatzera, ohatzera entzun genuen. Hurrengo batean oso, oso, oso, hara, hara, hara eta abar. Unaik talentuz eta txinpartaz egiten duena beste batzuk neurririk gabe imitatzen hasten badira, ordea, ederra harria datorkiguna.
Errepikaren tresna hau beste era batean erabili du Lujanbiok, hala nola ejem-en saio ospetsuaren hasieran: hiru, ta hiru da hiru / hiru neke ta hiru lan karga / bider hiru zenbat diru. Ezinbestean dator burura beste Lujanbio handiak Canovasen heriotzan kantatua: Hiru reloju, hiruna kate / hiru mailakin bakoitza; mendea eta gehiagoko intertestualitatea, katea eten ez dela eta bolak biraka jarraitzen duela erakusteko.
Beasain 2006-01-16
Semaforoan
Joan den ostiralean Goierriko idazleen emanaldi bat izan zen Idiazabalen, eta hantxe izan nintzen ni ere, neure testuren bat errezitatzeko. Politak izaten dira halako ekitaldiak, baina nik badut arazo bat: ez naiz eroso sentitzen kontu bera birritan esaten. Beldurgarria iruditzen zait irakasleen patua, urtero gauza berak errepikatzen, baita egunero ere, maila bereko geletan; zer esanik ez antzerkia egiten dutenez. Hortaz, irakurraldia baino lehentxeago idatzi nuen testu bat, kalitatez badaezpadakoa, baina aurretik inon entzun gabea, eta nik behintzat berriz botatzeko asmorik ez dudana. Horra.
Semaforoan gelditu da autoa
barruan gizona
Etxerako ordua da
Auto mordoa ezker-eskuin
Denak alde egiteko presaz
etxera edo
Etxetik alde egiteko gero
beste norabait edo
Ordua gori, semaforoa gorri
Nekea aurpegietan, nekea irratian ere
txorakeria errepikatuak
berri zaharrak
musika gastatua
Gizonak aldamenetara begiratzen du
Ezkerrean, furgoneta batean, bi mutil gazte
Igeltseroak-edo, elektrizistak-edo, linterneroak-edo
pentsatu du gizonak, haien lan-jantziei begira
Eskuinean kotxe txuri txiki bat, eta barruan emakume gazte bat
Begirada nekatua du hark ere
Ala nostalgia ote da aurpegian islatzen zaiona?
Semaforo aurrean, eskuineko kotxe txikiko emakume gazte horri begira
Pentsatzen hasi da gizona
edo imajinatzen
edo buruari jaregin eta ametsetan
Nolakoa ote da emakume hori?
Ezpain artean kantatzen ote du irratiak kantu ezagun bat jarriz gero?
Arrautza frijituak jatean, zuringotik ala gorringotik hasten ote da?
Begiak erdizka ixten ote ditu zigarroetako kea botatzean?
Baina erretzen du?
Hotzak dagoenean aldamenean daukanaren kontra kixkurtzen ote da?
Eta kaletik ibiltzean, eskaparateetan gelditzen da ala zuzenean egiten du aurrerantz?
Zer pentsatzen du drogaren legalizazioaz?
Ba ote du iritzirik Ipar Poloaren urtzeaz?
Zer ditu nahiago: txuri-beltzezko pelikula zaharrak ala gaur egungoak?
Barre egiten ote du maitasuna egin ostean?
Semaforoa berde jarri da
Autoak badoaz
Ezkerreko igeltseroen furgoneta
eta berdin eskuineko kotxe txuria
Emakume horrek ez daki
Bere ondoan egon dela beharbada
Bera zoroki eta betiko maita zezakeen gizona
Zoroki maitatu ere duena, egiaz
Semaforoak gorritik berdera egin bitartean
Pertsonaia literarioa aurrez aurre
Herenegun iluntzean Iruñean, Iparla elkartean, Aingeru Epaltzaren "Mailuaren odola" eleberria aurkezten. Hogeita hamar lagunetik gora, aurrena entzuten, eta gero jan-edanean.
Hitzaldi bitartean, atzealdean ikusi nuen bistaz ezagutzen nuen mutil bat, izenik ez nekien arren. Baxoerdi eta pintxoen garaia iritsi zenean berriketan hasi ginen, elkarren berri galdetuz eta emanez. Pello A. zen bera, nire edade modutsukoa eta ni bezala goierritarra, baina aspaldi samarretik Iruñean bizi eta lan egiten zuena... Beste xehetasunen bat ere eman zidan eta orduan atera zitzaidan:
-Koño! Hi Pello "Belapeyre" haiz hortaz!
Athanase Belapeyre XVII. mendeko dotrina-idazle zuberotar bat izan zen, eta hari buruzko tesia landu zuen Pello honek. Horrek ez du interes berezirik ordea. Beste bat zen nire harriduraren iturria.
Luis Fernandezek "Kontaktua" izeneko ipuin luze eta txundigarri bat idatzi zuen orain dela hamar bat urte, gaur egun softwareko enpresari bihurturiko eibartarrak fikziozko literaturan egin zuen sartu-irten distiratsu bezain laburra. Belapeyreri buruzko ikerketan zebilen gazte bat zen kontakizuneko protagonista eta kontalaria, hainbat gorabeheraren ondorioz ETAko kontaktutzat hartzen dutena eta, batere uste ez duela, bere burua Gregorio Ordoñezen hilketan nahasturik ikusten duena.
Eta horra non topatzen dudan, hainbat urteren buruan, Fernandezen pisukide izan eta bere asmakuntzarako aitzakia eman zion mutila aurrez aurre. Ordoñezena Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren egunean bertan, kasualitatea.
Liburu berri guztiz eder baten aurkezpenean, istorio zaharxeago baina oraindik harrapatzen zaituena berrirakurtzeko gonbidapena.
Aingeru Epaltza: Abentura maite duenak izanen du non ase; gogoeta maite duenak ere bai
Mailuaren odola argitaratu berri du Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960), Erresuma eta Fedea deritzan trilogiaren lehen alea, XVI. mendeko Nafarroara garamatzan fresko liluragarri bat, dokumentazio itzelari eta hizkuntz maisuari kontalari iaioaren trebezia eransten diona.
Lan handia egin eta helmugara iritsita, pozik?
Beharbada nabari ez bada ere, lau urte inguru ibili naiz liburu honekin. Dokumentazio lanak denbora luzea eta izerdi handia kendu dizkit. Idazteak ere berea eraman du, ez bainuen tonu eta hizkera ustez egokia atzematen. Orain, horren guztiaren fruitua ikusita kontent, jakina.
Hala ere, lan handiagoa duzu egiteko oraindik, trilogia baten lehen partea denez honakoa...
Trilogia bat iragartzeak bere arriskuak ditu. Gero ezin hitza jan. Liburu bakarra egitea hauta nezakeen, baina euskal merkatuak nekez onartzen ditu orrialde kopuru jakin batetik aitzina egiten duten lanak. Bertzalde, hasieratik garbi nuen nire pertsonaia nagusiaren bizikizunek nobela bakarrerako baino gehiagorako ematen zutela. Pio Barojak 22 liburu idatzi zituen bere ahaide Abiraneta abenturazalearen bizian oinarrituak. Nirea hagitzez laburragoa izanen da haren aldean.
Lehen ere egin dituzu atzera-jauziak historian: 1944a "Tigre ehizan"en, Karlistaldia "Sasiak ere begiak baditik"en; orain, berriz, urrunago joan zara, eta lan luzeago batekin.
Historiazalea naiz eta historia, betidanik, harrobi interesgarria iruditu zait literaturan erabiltzeko. XVI eta XVII. mendeak, bertzalde, ikaragarri interesgarriak iruditzen zaizkit. Nolabait ere, gure oraina orduan hasi zen finkatzen. Bada, gainera, garai horiei, edo lehenagokoei, nostalgiaz eta bihotz-minez begiratzen dienik, une haietan zerbait galdu genuelakoan. Hori akuilu gehigarri bat izan da niretzat garai hartara bidaiatzeko.
Aspaldiko proiektua zenuen ala...?
Axular nobelako pertsonaia bilakatzea aspaldi zebilkidan buru barnean. Une batez, haren errelato erotiko apokrifoei lotzeko pentsamenduan ibili nintzen. Gero Nafarroako erresumaren inguruan reveival-a etorri zen eta Joanes Mailu pertsonaiaren lehen ernamuina etorri zitzaidan gogora: nafar fidelik fidelena, leher edo zalaparta bere errege-erreginen jarraikitzaile sutsua. Bi pertsonaia horiek elkar topatzea denbora kontua baizik ez zen.
Nolakoa izan da dokumentazio-lana? Liburuetan ez ezik, han-hemen ibili zarela ezagun duzu...
Nekagarria arrunt. Liburu anitz irakurri behar izan ditut, baina gure artean, gezurra badirudi ere, guti dago argitaratua garai horretaz, argitalpen orokor zenbait kenduta. Euskaraz batere ez, eta gaztelaniaz guti. Gure historia Amaiurrekin batera bukatzen dela ematen du gehienetan. Erabili dudan bibliografia gehiena, beraz, frantsesa izan da. Horretaz aparte, bidaiak egin ditut lekuak bertatik bertara ezagutzeko. Ibilaldi politak egin izan ditut Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Biarnon barna. Arroxelara ere joan nintzen, behin. Zoragarria.
Eleberri historikoak baditu zale itsuak, eta baditu hastio duten irakurleak ere. Zer harrera espero duzu?
Eleberri historikoak denbora pasa hutsarekin edo literatura komertzialenarekin lotzen dira maiz. Orainean ezinezko gertatuko liratekeen pertsonaiak eta egoerak aurkitzen ditudalako interesatzen zait niri iragana, baina baita orainaz gogoeta egiteko balio didalako ere. Mailuaren odolan abenturak maite dituenak izanen du non ase bere gogoa. Gogoeta maite duenak ere bai. Harrera? Auskalo. Euskal irakurlea misterio bat da euskal idazleentzat.
Genero horren barruan, baduzu erreferentziazko egilerik?
Nire erreferentziak, generoko idazle kanonikoak baino areago, iraganean kokaturiko nobelak idatzi dituzten idazle handien lanak dira bereziki, eta halakoak pilaka dira. Oroitu, konparaziorako, Margarite Yourcenar, Alejo Carpentier, Mario Vargas Llosa, Gore Vidal, Ismail Kadaré edo Evelyn Vaugh-ez. Bertzalde, gure artean hain ezagunak ez izan arren, fikzio historikoak eskola ederra du Erresuma Batuan edo Frantzian, baita Hego Amerikan ere aspaldi honetan. Bakoitzetik bat baizik ez aipatze arren, Lawrence Norfolk, Pierre Miquel edo Eduardo Labarca ari diren idazleak dira, ikaragarri lan ederrak eta literaturaren aldetik zinez estimagarriak idatzi dituztenak.
Epika, ironia, hizkera
Historiako datuek badute tokia, baina aurrera egin ahala istorioa nagusitzen da, ezagun duzu abentura-nobelaren plazerez aritu zarela.
Garai berezi baten argi-ilunak erakustea nire helburuetariko bat izan da, eta horretarako egiazko historiaren datuak erabiltzera beharturik nengoen. Benetan izan ziren pertsonaiak ere erabiltzen ditut, errege-erreginak, nobleak, gure literaturaren pertsonaia ezagunak... Alabaina azken batez, protagonista nagusia fikziozkoa da. Neurri handi-handi batean Joanes Mailuren joan-etorriek eta abenturek osatzen dute liburuaren puskarik handiena. Abentura eta akzioa nire liburu gehienetan agertzen dira eta hau ez da inondik ere salbuespena.
Lantzen duzun garaia munta handikoa izan zen, erresumaren galera eta abar; horrek halako zama epiko bat ematen diola kontuan harturik, nola jokatu duzu?
Euskaltzale eta abertzaleen imajinarioan epikotasunez jantzita agertzen dira garai horiek. Liburu honetan, berriz, irakurleak nekez aurkituko du halakorik. Herritarrek traizioa egiten diote erresumari eta fedeari. Errege-erreginak jende ezgauza dira. Eta gerlek handitasunik batere ez dute. Arrunt gerla zerriak dira.
Ironiaren ukitua nabarmena da eleberrian, ez hainbeste narratzailearen ahotan, hark oso serio hartzen baititu kontuok, baizik eta atzean dagoen idazlearen hautuetan. Esaterako, protagonista bi aldiz errege-odoleko eta bi aldiz bastart izate hori...?
Maiz leporatu izan didate halako krudelkeria bat nire pertsonaiekin, halako sadismo bat. Mailutarrak, berriz, deus izatekotan masokistak lirateke. Bai aitatxi bai iloba bortxatze banaren emaitza dira, eta hala ere haien fideltasuna ez da inola ere kolokan emanen. Unerik lazgarrienetan ere, ironia gaixtoa dago kontakizunaren azpian.
Hizkera ez nuke utzi nahi aipatu gabe. Garai eta toki hartan sinesgarri den hizkuntza-modua erabili duzu, baina gaurko irakurlea gogoan harturik, ezta?
Kezka gehien ekarri didan afera izan da, beharbada. Liburuaren protagonista nagusia kalbindarra izanagatik ere hasieratik baztertu nuen Leizarragaren hizkuntza eredua, niri buru-hauste sobera eta irakurleari hesi gaindiezina ekarriko zigulako. Bigarren protagonista, berriz, Axular da. Haren prosa eskuragarriagoa zaio, beharbada, gaur egungo irakurleari, baina hala ere urruna du. Ez dut soka sobera tinkatu nahi izan. Bada gure klasikoen prosaren oihartzuna, baina euskaraz irakurtzeko ohitura duen irakurle arrunt batendako aski eskuragarria dela uste dut. Nire bertze liburu batzuen aldean erranen nuke irakurterrazagoa dela Mailuaren odola.
Pertsonaia asmatuekin batera, historikoak sartu dituzu (erregeak-eta), eta euskal kulturako orduko protagonistak: Etxepare, Leizarraga, Zalgize, Axular...
Gure inguruko literatura guztietan bilakatu dituzte beren idazle nagusiak literatur lanetako pertsonaia. Horrek sekulako aukerak ematen ditu metaliteratura egiteko, gai berriak sortu eta bide berriak urratzeko irakurlearen konplizitatea galdu gabe, eta gure literatur tradizioaren gainean eraikuntza berriak egiteko. Sarrionandiaren, Izagirreren, Zabalaren edo bertzeren baten gauzaren batzuk kenduta, harrobi hori ia-ia ustiatu gabe genuen oraintsu arte. Iduri du hori aldatzen ari dela.
Eta bigarren partearen nondik norakoaz ezer aurreratzerik bai?
Erresumatik kanpora mundua ere badela ikasiko du Joanes Mailuk, baina ez beti onerako
Oihartzun aldrebesak
Orain dela urte batzuk ikusi nuen lehenengo aldiz aipatzera noan leloa; gero batere ez, eta pentsatu nuen baten batek ohartaraziko zuela egilea, nolako astakeria bota zuen. Oraintsu berriro ikusi dut, ordea: pankarta batean, Euskal Herrian Euskaraz-ek sinatua, halaxe zioen: "Herri bat, hizkuntza bat, legeria bat". Ez naiz hasiko esloganaren mamia aztertzen. Baina bai aipatuko beste esaldi ospetsu bat etorri zitzaidala gogora, nahi gabeko oihartzun moduan: "Ein Volk, ein Reich, ein Führer". Eta ez dut gogoratu beharko non, noiz eta nork zioen beste hori, ezta?