Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Lauzpabost puntu bertsoetako euskararen gainean

Lauzpabost puntu bertsoetako euskararen gainean

xme 2006/12/04 12:14

(Iazko Txapelketa Nagusiko bertsoak biltzen dituzten liburua eta CDak kaleratu ditu Bertsozale Elkarteak. Hor ere bada nire lantxo bat, elkartearen eskariz egina, txapelketan botatako bertsoen euskara aztertzen duena. Ia urtebeteko atzerapenaz bada ere, horra)

Zero. Bertsotik aparte dabilen honi eskatu diote txapelketako euskararen azterketa egiteko. Bertsogintza eta bertsolaritza barrutik eta eguneroko martxan ezagutzen dituenak hobeto egingo luke, dudarik gabe, baina kanpoko begirada bilatu nahi izan da, nonbait, balorazio hotzagoa edo. Saia nadin, beraz, neure ititzia ematen, bertsolarienganako estimazioa ezkutatu gabe baina estimazio horren erruz objektibotasuna galdu gabe.

Hasteko, txapelketan zehar botatako hainbat bertso entzun eta guzti-guztiak irakurri ondoren, bertsoetako euskararen gainean entzun ohi diren bi iritzi ukatu eta uxatu nahi nituzke: txarra dela, eta oso ona dela bertsoetako euskara. Biak batera ezin zitezkeen egia izan, noski, baina banan-banan hartuta biak okerrak iruditzen zaizkit.

Euskara txarra erabiltzen dela diotenek akats gramatikalei erreparatzen diete, esamoldeetako kalkoei, hiztegiko erdarakadei. Ezin ukatu halakoak ere badirena baina, oro har, hizkuntza zuzen, egoki, natural eta bizia erabili dute bertsolariek.

Euskararen gaina eta bikaina bertsoetakoa dela diotenak hitz-jokoen su-festarekin itsutu ohi dira; hala ere, asmamenerako gatza eta piperra izateak ez du esan nahi asmakizun horiek hizkuntzaren aberasgarri bihurtzen direnik, edo bihurtzen ahal direnik. Alde horretatik, iraunkorrago eta baliagarriagoak izan ohi dira literaturako aurkikuntzak, Izagirre edo Lertxundi batek egindakoak, esaterako. Neurri-errimen eta inprobisazioaren mugapean ezin besterik eskatu, noski: Egañak berak altxor mamitsuagoa eman ohi du idatziz ari denean.

Orokorkeriak utzi eta gatozen kontu zehatzak lantzera. Besteak beste, gai hauek aipatu nahi nituzke: ahozko lizentziak / idatziaren zurruna, euskalkiak / batua, metrikaren gorabeherak eta zenbait baliabide estilistiko.

Bat. Bertsoa ahozkoa da, noski, baina, hizkuntzaren erabilera formal eta landua den aldetik, idatziaren eragina izan ohi du, are gehiago Txapelketa Nagusian. Idatzia jasoaren sinonimotzat jo dezake askok (eta nik hobetsi egiten dudala atera ere bai lehen esandakoetatik), baina, arretaz ibili ezean, kalterako ere izan liteke eragin hori. Har dezagun adibidetzat Lekunberriko sorta bat: Bixente Gorostidi amezketarra Amaia Agirrerekin kantuan. Gorostidi bertsolari naturala da berez, baina, Txapelketako bere lehen ariketan ondo egin nahiaren estuasunak eramanda edo, hauxe kantatu zuen: “Oihu ta buila hasten zatzaizkit / saioa hasi berehala”. “Zatzaizkit” hori jasoa eta dotorea izan liteke, nahi bada, baina “hasi berehala” euskal gramatikari emandako ostikoa da, inondik inora; hobe zuen “hasi ta berala” kantatu balu, idatzizko eredutik urrunduz. Hurrena kantatu zuen bertsoan ere “ausentzi bezain mingarri” eta “soma izan zaitut sarri” bota zituen, agramatikaltasunaren marra gainditzen dutenak. Erantzule zeukan Agirrek, berriz, ahozko lizentziak hartu zituen, idatzizko morfologia bortxatuz nahi bada, baina euskara zuzen eta egokiaren barrutitik irten gabe: “zure kontzertu deneta noa” edo “nekin lotsatzen bazera”.

Bi. Euskalkien eta batuaren arteko teinka ere ezin da zirt-zart erabaki, bat-bateko ateraldiei utzi behar zaie askatasunezko tarte zabal bat. Hala ere, txapelketa honetan kantatuak irakurrita, konstatazio pare bat egin liteke: bata, gero eta euskara estandarrago eta berdinagoa egiten dugula, batetik bestera arazorik gabe mugitzeko balio diguna, Hego Euskal Herrian behintzat; bestea, gainerako euskalkietako bertsolariek batura biltzeko ahalegina egin duten bitartean, giputzek bereari eusten diotela, temoso baino gehiago eroso. Aipa ditzagun xeheago kontuok.

Colina, Arzallus eta Artetxe izan dira Iparraldeko ordezkariak, baina ez hango euskararenak. Hirurek ere ondo asko dakite entzule gehien nondik datorren, eta horren arabera moldatu dute beren bertsoa (horra, “ekintza komunikatiboa” izatearen on-gaitzak). Txapelketan jardun duten beste 35 bertsolarientzat normala da erreferentziak, mailegunak eta are interferentziak ere gaztelaniaren bitartez jasotzea; neurriz gain aritu direnik ez nuke esango, baina errealitatea hor dago, nahiz eta Sarriegik umore-ukituz frantsesa sartu Donostian (“pomme de terre”, “garçon”) edo Elortzak diplomaziaz BECeko agurrean (“Egun on, bonjour ta buenos días”). Colinaren kasuan are gordinagoa da moldatze hori, Hegoaldeko bertsolariek bezainbat espainolkada edo gehiago sartzen baitu bere bertsoetan (ulertu faltaz ez du entzun beharko Xalbadorren txisturik, ez).

Hegoaldeko batu antzeko batean kantatu dutela esan dugu, beraz. Hori bai: nafar, lapurtar eta bizkaitarrak “dut, duzu” aritu diren bitartean, gipuzkoarrek “det, dezu” jardun dute inongo lotsarik gabe (oiartzuarrak salbu: hauek ere “dut” dute berezko hizkera), besteak ere berera erakarriz zenbaitetan. Erdigunearen indar soziolinguistikoak azaltzen du jokabide hau, jakina, baina osotasunaren ardura ere badugunez, ez ote genieke bertsolari giputzei ahalegin handixeagoa eskatu behar, Txapelketa Nagusian bederen? Bizkaitarrek egin dutena baino txikiagoa litzateke hala ere. Mendebaldeko bertsolarietan Iratxe Ibarra izan da modu sistematikoan bizkaieraz kantatu duen bakarra, Zornotzako saioan. Etxean jarduteak izango zuen zerikusirik erabaki horretan. Euskal Herri osoarentzat kantatu arren aurrean duen entzulea bereziki zaindu behar luke bertsolariak; horregatik gertatzen da hain aldrebesa Julen Zelaietak Uztaritzen botatako agurra: hamarreko nagusi batean, hona ze lau perla espainolez ez dakien frantses euskaldunarentzat: “klasea” (eskola), “enpollatu”, “ganberroekin”, “katxondeoa”; etxetik ekarritako bertsoekin kezka gehixeago ez izatea ere

Hiru. Puntuaren eta ideia logikoaren lotura da bertsoaren berezko ezaugarri bat, bere alde on eta makurrak dituena (aldi bereko entzunaldia erraztea, batetik, esaldi ausartagoetarako muga, bestetik). Bi puntutan luzatzen diren esaldiak bezala lerrorik lerro salto egiten dutenak, zangalatrauak, salbuespen huts dira bertsogintzan, ez dakit saritu edo zigortu behar den salbuespena. Jon Martinek Iturriagarekin puntuka bota zuen bat Hendaian: “Horretan laguntzen bait / dute mitxelinek”; lerro berria “ere”z hastea ere ikusi dugu bizpahiru aldiz. Dena dela, beste kontu bat ekarri nahiko nuke hizpidera: zortziko nahiz hamarreko nagusiak 10/8 egitura dutela esan ohi dugu (lerro bitan idatzirik Hegoaldeko tradizioan, lerro bakarrean Iparraldekoan); hala ere, zenbat eta bertso gehiago aditu, orduan eta garbiago dago 5/5/8 dela gaur egungo neurria; alegia, hamar silabako lerroa bost silabako hemistikioetan banatzen dela sistematikoki. Horren salbuespenak, zangalatrauenak bezain urriak dira txapelketa osoan: “baina azken kolpea izan liteke” (Lekuek Beran, -ea silaba bakarrean ahoskatu ez bazuen); 5/5 egitura ez haustea baino nahiago izaten du bertsolariak esaldi agramatikal bat egin: “Berandu heltzen gu omen gara” (Sustrai Colinak Beran). Hala bada hala da, ni ez naiz etorri bertsoak nolakoa izan behar duen esatera, baina, hala ere, esango nuke metrikaren berezko muga baino gehiago dela erabilitako doinuen eta kantaeraren bilakaeraren ondorioa. Ez dakit aldatzerik dagoen, baina bai libreago kantatuz gero bertsoak gauzak esateko aukera zabaloagoa eskainiko lukeela.

Neurriaz bezala errimaz ere zerbait esatea tokatzen da metrikaren alor honetan, baina ez zait ezer berririk bururatzen, ezpada errima-zaborraren ugaria salatzea. Errima-zaborra zeri esaten diodan? Ia esanahirik gabe eta hoskidetasun hutsez nonahi eta noiznahi sartzen dizkiguten porru-hazi horiei: “tira, grabe, esklabo, trantzean, trantzeko, klaro, etekin” Badakit bertsoak egitea zaila dena (jakingo ez dut ba, bertsorik kaxkarrena egiteko gauza ez naizen honek), eta neurri luzea hautatuz gero ez dela erraza bat-batean oin guztiak egoki paratzea; baina horrexek izan behar du bertsolariaren lana, eta horixe egiten saiatu behar luke, batik bat Txapelketa Nagusian.

Zaborra izan gabe ere, nolanahi sartutako hitzak ere izan dira: errimen almazena zabaltzeko “usu” eta “aiduru” bezalako hitzak hartu ditugu hiztegi jasotik, poztekoa, baina erne ibili behar genuke aldrebeskeriarik ez ugaltzeko, halakoak erraz zabaltzen baitira. Esaterako, Xabier Paiak Urretxun “pixkat hurbildu heinean” kantatu zuen (ez oso zuzen, nik uste), eta egun berean Irazuk “nere bizitza heinean” bota zuen (nahiko oker, esango nuke). Irudi luke poto telepatikoak suelto ibili zirela Urretxun, Estiballesek ere bi bertsoalditan erabili baitzuen “majadero” bezalako hitz markatu bat errimatzat.

Lau. Baliabide estilistiko bereziak aztertzean alde batera utziko ditut, leku faltaz, hainbat berezitasun lexikal: erreferentzia kulturalak sartzea, izen propioen xarma, hitz kultuak, erdarakadak. Zerbait nabarmentzekotan, errepikapenaren erabilera nabarmenduko nuke, azken urteotan haziz doan joera delakoan. Saio gehienetako eta bertsolari askoren adibideak dauzkat gordeta, baina aski bedi bakarra aipatuta, eta bat hori Iturriaga da, baliabide hori oparoen darabilena. Hendaian adibidez, poliziarekin ligatzen dueneko bertsoaldi gogoangarrian, “zaude, zaude” eta “ohatzera, ohatzera” entzun genuen. Hurrengo batean “oso, oso, oso”, “hara, hara, hara” eta abar. Unaik talentuz eta txinpartaz egiten duena beste batzuk neurririk gabe imitatzen hasten badira, ordea, ederra harria datorkiguna.

Errepikaren tresna hau beste era batean erabili du Lujanbiok, hala nola ejem-en saio ospetsuaren hasieran: “ hiru, ta hiru da hiru / hiru neke ta hiru lan karga / bider hiru zenbat diru”. Ezinbestean dator burura beste Lujanbio handiak Canovasen heriotzan kantatua: “Hiru reloju, hiruna kate / hiru mailakin bakoitza”; mendea eta gehiagoko intertestualitatea, katea eten ez dela eta bolak biraka jarraitzen duela erakusteko.

Beasain 2006-01-16

etiketak: Liburu kritikak
julen zelaieta
julen zelaieta dio:
2006/12/06 16:22

iep! pare bat kontu: lehenik eta behin erran ustaritzeko agurreko "perletan" enuela erreparatu etxetik eramandako bertsoa izanda ere, nahiko lan nuelako nere buruarekin eta ondoren egin behar nuen saioarekin agurrean hainbertze pentsatzeko. Hala ere etzait iruditzen hainbertzekoa "perla" hoiek bota izana,iparraldean egonda ere entzule gehiengoa hegoaldekoa zela jakinda. Bertzelako kontua izango zen, hura iparraldean, eta iparraldeko entzuleekin egindako saio bat balitz...hor ia arrazoia emanen nizuke

Bertzetik, eta orokorrean, normala iruditzen zait bertsotan euskarari ostikadak ematea.Hitzegiten ari garela ere ostikadak ematen badizkiogu, nola eztizkiogu emanen, bapatean, presiopean, neurri baten barruan eta errimatua egin behar dugunean? gu ere "normalak bagina bezala" gara.

Ta bukatzeko eskertu liburukoa blogean argitaratu izana, liburua irakurri ezkero erantzuteko arrarekin geldituko delako bat baino gehiago eta honek erantzuteko parada ematen duelako.

Bertzerik ez! ongi segi! julen

eider
eider dio:
2006/12/05 15:08

“Colina, Arzallus eta Artetxe izan dira Iparraldeko ordezkariak, baina ez hango euskararenak. Hirurek ere ondo asko dakite entzule gehien nondik datorren, eta horren arabera moldatu dute beren bertsoa” diozu. Uste det hori afirmatzeko prueba gehiago behar direla. Uste det beren bertsoa edo euskara moldatu behar izaten dutela iparraldean ari direnean, haien berezko euskara ez delako iparraldekoena nahiz eta seguru oso ondo ulertuko duten. Noizbait egon zara bertsolari hoiekin eta ia publiko osoa iparraldeko jendez osatutako saio batetan? Uste det ezetz, bestela ez zenuke hori esango. Duela bi urte-edo egon nintzan Nafarroa Behereko saio batean eta han ez zuten hizkuntza hango publikoaren euskarara egokitu. “erran”, “biziki” eta holako hitz guretzako “ezagun” batzu bota bai, eta “jota” pronuntziatu beharrean “yota”, baina hortik aurrea gauz gutxi. Parean tokatu zitzaiten 40 urte inguruko gizon bati hitzak itzultzen ibili nitzan. Batzutan “izanen” esan ta geo igual hurrengo bertsoan “izango” botatzen zuten, errimatzeagatik hala komeni zalako. 2004ko Eskolarteko txapelketako liburuxkan azaltzen dira iparraldeko bertsolari gazte batzuk: Patxi Hiriart, Mixel Mateo, Luku anaiak eta beste batzuk. Horien kasuan argi dago nongo ordezkariak diren, naiz eta haien euskara publikora moldatu, argi dago iparraldekoak direla. hoien hizkuntz ekarpena urte batzuren buruan ikusiko da, bertsotan ondo ari direla ematen du eta. Orduan beharbada iparraldekoekin izango da bizkaitarrekin bezela; Lekue, Elortza, Onintza Enbeita, Ibarra... oso ondo dakite bertsotan batuan zein euskalkian, publikoaren arabera, horiek bai moldatzen dutela bertsoaren euskara publikoaren arabera.

txiki
txiki dio:
2006/12/11 12:48

Txapelketan bota diren bertsoen euskara maila eta kalitatea baloratzeari ongi deritzot.

Hala ere, eta terminologia zaindu behar dela kontuan hartuta, iraingarria iruditzen zait "hona ze lau perla espainolez ez dakien frantses euskaldunarentzat" esana. Horrelako "perlak" gure artean hedatzea eta naturaltasunez hartzea bai dela larria! Larri, larri, larria.

haundi
haundi dio:
2006/12/11 23:08

bai, "usu" euskara jasoa dela esatea bezala. Iparraldean mutuek ere "usu" erabiltzen dute. Eta "aiduru" zuberoan "usu" darabilte euskaraz ari direnek. Zer da euskara jasoa? Hegoaldean ezagutzen edo erabiltzen ez duguna? Orduan "maiz" jasoa da hazpandar batentzat. Eta "zain" zuberotar batentzat. "Ene" ere jasoa omen da. Iparraldekoen artean diferentzia handiz forma erabiliena da "ene, "nire" eta "nere"-ri konparatuz gero.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.