Oihartzun aldrebesak
Orain dela urte batzuk ikusi nuen lehenengo aldiz aipatzera noan leloa; gero batere ez, eta pentsatu nuen baten batek ohartaraziko zuela egilea, nolako astakeria bota zuen. Oraintsu berriro ikusi dut, ordea: pankarta batean, Euskal Herrian Euskaraz-ek sinatua, halaxe zioen: "Herri bat, hizkuntza bat, legeria bat". Ez naiz hasiko esloganaren mamia aztertzen. Baina bai aipatuko beste esaldi ospetsu bat etorri zitzaidala gogora, nahi gabeko oihartzun moduan: "Ein Volk, ein Reich, ein Führer". Eta ez dut gogoratu beharko non, noiz eta nork zioen beste hori, ezta?
Unai:
Euskaldunok hizkuntza komunitate bat osatzen dugu: bai. Baina ez da komunitate homogeneo eta isolatua, irizpide horrekin soilik bereizi daitekeena. Adibide pertsonala jarriko dizut: nik euskaraz egiten dut eta hizkuntza komunitate horren kide naiz. Baina gazteleraz ere egiten dut, eta euskaraz baino maizago eta errazago; nire etxeko hizkuntza da gaztelera, eta bizi naizen esparru gehienetan ere nagusia. Beraz, gazteleraz hitz egiten dutenen komunitate horren kide ere banaiz. Pertsona bat, bi komunitate. Hasi dira gauzak konplikatzen (ai, errealitatea oso konplexua da).
Eta hizkuntza faktore bat besterik ez da. Banketxeetako exekutiboen eta eraikuntzako langileen artean dagoen aldea, adibidez, indartsuagoa izan daiteke gizartea sailkatzeko hizkuntza baino. Eta kontutan har litezke geografia (mendialdetik kostalderantz bizi garenok eta mendialdetik lautadarantz bizi direnak), erlijioa (kristauak eta islamdarrak, sinestunak eta sinesgabeak), aisialdia (subentzioak idazleentzat nahi dituztenak eta Athleticentzat eskatzen dituztenak), ingurugiroarekiko jarrerak (todoterrenoak debekatu nahi dituztenak eta aire giroturik gabe bizi ezin dutenak), eta, adibide txatxuagoak jartzen jarraitu aurretik, infinituraino.
Zure arrazoiketari, beraz, akats hori ikusten diot: gutasuna soilik hizkuntzaren bidez erabakitzea. Gu, euskaldunok. Bai, ni euskalduna naiz, eta gutasun horren barnean nago. Baina beste mila gauza ere banaiz, gutasun ugari dauzkat. Hizkuntzarena gutasun bat baldin bada, nik arlo honetan bi dauzkat.
Ez dut sinisten ez Espainiaren batasun santuan ezta Euskal Herriarenean ere. Baina badakit arrazoi praktikoengatik errealitatea nola edo hala sailkatu behar dela, ezinbestean, funtzionatu nahi badugu. Eta ni ez naiz gai erantzun bete-betea emateko, ez zait horretarako errezeta definitiborik bururatzen. Gutxi gora beherako ideia zehaztugabe bat: gizartearen gehiengoak dituen hurbiltasunek, parekotasunek, interesek moldatu beharko lukete egitura politikoa/administratiboa, beti ere inperfektua izango dela jakinda. Ez genuke arkadiatan sinistu behar.
Eta, gaiaren mamiari azkenean helduz, euskara zaintzeko lege hobeak bilatu beharko dira, noski, baina gizartearen egituraketarako hizkuntza hain erabakigarria izatea ez zait egokia iruditzen. Hizkuntzan oinarritutako sailkapen horrek ez lukeelako gizarte nahaspilatuaren tuttifruttia modu egokian moldatuko.
Barkatu sermoia! Futbolaz hitz egiten ere badakit.