Aingeru Epaltza: Abentura maite duenak izanen du non ase; gogoeta maite duenak ere bai
Mailuaren odola argitaratu berri du Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960), Erresuma eta Fedea deritzan trilogiaren lehen alea, XVI. mendeko Nafarroara garamatzan fresko liluragarri bat, dokumentazio itzelari eta hizkuntz maisuari kontalari iaioaren trebezia eransten diona.
Lan handia egin eta helmugara iritsita, pozik?
Beharbada nabari ez bada ere, lau urte inguru ibili naiz liburu honekin. Dokumentazio lanak denbora luzea eta izerdi handia kendu dizkit. Idazteak ere berea eraman du, ez bainuen tonu eta hizkera ustez egokia atzematen. Orain, horren guztiaren fruitua ikusita kontent, jakina.
Hala ere, lan handiagoa duzu egiteko oraindik, trilogia baten lehen partea denez honakoa...
Trilogia bat iragartzeak bere arriskuak ditu. Gero ezin hitza jan. Liburu bakarra egitea hauta nezakeen, baina euskal merkatuak nekez onartzen ditu orrialde kopuru jakin batetik aitzina egiten duten lanak. Bertzalde, hasieratik garbi nuen nire pertsonaia nagusiaren bizikizunek nobela bakarrerako baino gehiagorako ematen zutela. Pio Barojak 22 liburu idatzi zituen bere ahaide Abiraneta abenturazalearen bizian oinarrituak. Nirea hagitzez laburragoa izanen da haren aldean.
Lehen ere egin dituzu atzera-jauziak historian: 1944a "Tigre ehizan"en, Karlistaldia "Sasiak ere begiak baditik"en; orain, berriz, urrunago joan zara, eta lan luzeago batekin.
Historiazalea naiz eta historia, betidanik, harrobi interesgarria iruditu zait literaturan erabiltzeko. XVI eta XVII. mendeak, bertzalde, ikaragarri interesgarriak iruditzen zaizkit. Nolabait ere, gure oraina orduan hasi zen finkatzen. Bada, gainera, garai horiei, edo lehenagokoei, nostalgiaz eta bihotz-minez begiratzen dienik, une haietan zerbait galdu genuelakoan. Hori akuilu gehigarri bat izan da niretzat garai hartara bidaiatzeko.
Aspaldiko proiektua zenuen ala...?
Axular nobelako pertsonaia bilakatzea aspaldi zebilkidan buru barnean. Une batez, haren errelato erotiko apokrifoei lotzeko pentsamenduan ibili nintzen. Gero Nafarroako erresumaren inguruan reveival-a etorri zen eta Joanes Mailu pertsonaiaren lehen ernamuina etorri zitzaidan gogora: nafar fidelik fidelena, leher edo zalaparta bere errege-erreginen jarraikitzaile sutsua. Bi pertsonaia horiek elkar topatzea denbora kontua baizik ez zen.
Nolakoa izan da dokumentazio-lana? Liburuetan ez ezik, han-hemen ibili zarela ezagun duzu...
Nekagarria arrunt. Liburu anitz irakurri behar izan ditut, baina gure artean, gezurra badirudi ere, guti dago argitaratua garai horretaz, argitalpen orokor zenbait kenduta. Euskaraz batere ez, eta gaztelaniaz guti. Gure historia Amaiurrekin batera bukatzen dela ematen du gehienetan. Erabili dudan bibliografia gehiena, beraz, frantsesa izan da. Horretaz aparte, bidaiak egin ditut lekuak bertatik bertara ezagutzeko. Ibilaldi politak egin izan ditut Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Biarnon barna. Arroxelara ere joan nintzen, behin. Zoragarria.
Eleberri historikoak baditu zale itsuak, eta baditu hastio duten irakurleak ere. Zer harrera espero duzu?
Eleberri historikoak denbora pasa hutsarekin edo literatura komertzialenarekin lotzen dira maiz. Orainean ezinezko gertatuko liratekeen pertsonaiak eta egoerak aurkitzen ditudalako interesatzen zait niri iragana, baina baita orainaz gogoeta egiteko balio didalako ere. Mailuaren odolan abenturak maite dituenak izanen du non ase bere gogoa. Gogoeta maite duenak ere bai. Harrera? Auskalo. Euskal irakurlea misterio bat da euskal idazleentzat.
Genero horren barruan, baduzu erreferentziazko egilerik?
Nire erreferentziak, generoko idazle kanonikoak baino areago, iraganean kokaturiko nobelak idatzi dituzten idazle handien lanak dira bereziki, eta halakoak pilaka dira. Oroitu, konparaziorako, Margarite Yourcenar, Alejo Carpentier, Mario Vargas Llosa, Gore Vidal, Ismail Kadaré edo Evelyn Vaugh-ez. Bertzalde, gure artean hain ezagunak ez izan arren, fikzio historikoak eskola ederra du Erresuma Batuan edo Frantzian, baita Hego Amerikan ere aspaldi honetan. Bakoitzetik bat baizik ez aipatze arren, Lawrence Norfolk, Pierre Miquel edo Eduardo Labarca ari diren idazleak dira, ikaragarri lan ederrak eta literaturaren aldetik zinez estimagarriak idatzi dituztenak.
Epika, ironia, hizkera
Historiako datuek badute tokia, baina aurrera egin ahala istorioa nagusitzen da, ezagun duzu abentura-nobelaren plazerez aritu zarela.
Garai berezi baten argi-ilunak erakustea nire helburuetariko bat izan da, eta horretarako egiazko historiaren datuak erabiltzera beharturik nengoen. Benetan izan ziren pertsonaiak ere erabiltzen ditut, errege-erreginak, nobleak, gure literaturaren pertsonaia ezagunak... Alabaina azken batez, protagonista nagusia fikziozkoa da. Neurri handi-handi batean Joanes Mailuren joan-etorriek eta abenturek osatzen dute liburuaren puskarik handiena. Abentura eta akzioa nire liburu gehienetan agertzen dira eta hau ez da inondik ere salbuespena.
Lantzen duzun garaia munta handikoa izan zen, erresumaren galera eta abar; horrek halako zama epiko bat ematen diola kontuan harturik, nola jokatu duzu?
Euskaltzale eta abertzaleen imajinarioan epikotasunez jantzita agertzen dira garai horiek. Liburu honetan, berriz, irakurleak nekez aurkituko du halakorik. Herritarrek traizioa egiten diote erresumari eta fedeari. Errege-erreginak jende ezgauza dira. Eta gerlek handitasunik batere ez dute. Arrunt gerla zerriak dira.
Ironiaren ukitua nabarmena da eleberrian, ez hainbeste narratzailearen ahotan, hark oso serio hartzen baititu kontuok, baizik eta atzean dagoen idazlearen hautuetan. Esaterako, protagonista bi aldiz errege-odoleko eta bi aldiz bastart izate hori...?
Maiz leporatu izan didate halako krudelkeria bat nire pertsonaiekin, halako sadismo bat. Mailutarrak, berriz, deus izatekotan masokistak lirateke. Bai aitatxi bai iloba bortxatze banaren emaitza dira, eta hala ere haien fideltasuna ez da inola ere kolokan emanen. Unerik lazgarrienetan ere, ironia gaixtoa dago kontakizunaren azpian.
Hizkera ez nuke utzi nahi aipatu gabe. Garai eta toki hartan sinesgarri den hizkuntza-modua erabili duzu, baina gaurko irakurlea gogoan harturik, ezta?
Kezka gehien ekarri didan afera izan da, beharbada. Liburuaren protagonista nagusia kalbindarra izanagatik ere hasieratik baztertu nuen Leizarragaren hizkuntza eredua, niri buru-hauste sobera eta irakurleari hesi gaindiezina ekarriko zigulako. Bigarren protagonista, berriz, Axular da. Haren prosa eskuragarriagoa zaio, beharbada, gaur egungo irakurleari, baina hala ere urruna du. Ez dut soka sobera tinkatu nahi izan. Bada gure klasikoen prosaren oihartzuna, baina euskaraz irakurtzeko ohitura duen irakurle arrunt batendako aski eskuragarria dela uste dut. Nire bertze liburu batzuen aldean erranen nuke irakurterrazagoa dela Mailuaren odola.
Pertsonaia asmatuekin batera, historikoak sartu dituzu (erregeak-eta), eta euskal kulturako orduko protagonistak: Etxepare, Leizarraga, Zalgize, Axular...
Gure inguruko literatura guztietan bilakatu dituzte beren idazle nagusiak literatur lanetako pertsonaia. Horrek sekulako aukerak ematen ditu metaliteratura egiteko, gai berriak sortu eta bide berriak urratzeko irakurlearen konplizitatea galdu gabe, eta gure literatur tradizioaren gainean eraikuntza berriak egiteko. Sarrionandiaren, Izagirreren, Zabalaren edo bertzeren baten gauzaren batzuk kenduta, harrobi hori ia-ia ustiatu gabe genuen oraintsu arte. Iduri du hori aldatzen ari dela.
Eta bigarren partearen nondik norakoaz ezer aurreratzerik bai?
Erresumatik kanpora mundua ere badela ikasiko du Joanes Mailuk, baina ez beti onerako