Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Bizirik irtengo ote naiz?

Bizirik irtengo ote naiz?

xme 2006/12/14 11:02

Noizbait irakurri edo entzun nuen lau zirela pertsonaren oreka psikologikoari gogorkien erasotzen dioten aldaketak: dibortzioa, lana galtzea, minbizia bezalako gaitz larri bat, eta etxe-aldaketa. Lehenengo hiruretatik libre naiz oraingoz, baina laugarrenak harrapaturik nauka egunotan.

Ez naiz etxebizitzaz aldatu: lantokian ditugu aldaketak; lehengo tokian geldituko gara, baina, barrukoa goitik behera moldatuko dela-eta, gure paper eta traste guztiak edo zakarretara bota edo kaxetan sartu behar ditugu, ahalik txukunen, gero non zer gorde ote genuen galdurik ez ibiltzeko. Eta bada paperik nirea bezalako lantoki batean! "Denon artean mila kaxa baietz atera!" bota zidan lankide batek zalaparta honetan hasi ginenean, Durangotik bueltan. "Bai zera!" erantzun nion nik, baina uste dut berak irabaziko duela apostua.

Zer bota eta zer gorde erabakitzeko tiradera barrenak husten eta arakatzen zabiltzala, uste ez dituzun gauzak agertzen zaizkizu etengabe, eta oroimenaren nahiz ahazturaren mekanismo bereziez ohartzen zara bat-batean: "Kontxo! Hau hemen al dago?", esaten duzu batzuetan, eta bizi-bizi gogoratzen dituzu orduko kontu eta gorabeherak; beste batzuetan, berriz, arrastorik ere ez zer ote den armairuaren azpialdean azaldu den hori, ezta zertarako gorde zenuen ere.

Hamalau urte pasatxo dira mahai eta txoko berean lanean nabilela. Hamalau urteko historia, ordu gutxitan errepasatua. Ez dakit beste horrenbeste pasatuko diren hurrengo aldaketarako baina, hau ez da ez, pertsonarentzako martxa!

etiketak: Saski Naski
sare
sare dio:
2006/12/16 18:39

Eta nire bururari galdetzen diot erantzun bat aurkitzen ez doten bitxartian...Nun egon zera, Sare, azken hilabete hontan? Nora begira?

Ustekabez jo dut berriz ere jada historiarako disekauta naukan blog hontara. Alegia, zuk Anaitasuna aldizkariaz noizbait zerbait idatzita ote zenuen edo ez bilatzera. Eta hara! Nire helburua bertan behera laga dot eta hilabete honetan zerbait galdu doten ala ez konprobatzen aritu naiz. Normalak bagina bezela irentsi guran.

Anaitasunan noizbait idatzi zenuenataz, begirauko dot beste une batian.

Poztu nau bai honek, asko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.