Money, money, money...
Azaroaren hasieran, idazle katalan, galiziar eta euskaldunen urteroko topaldia ospatu zen; hiru nazioen artean txandaka antolatzen da Galeusca literarioa, eta aurtengoa euskaldunoi egokitu zaigu. Iruñean gauzatu den XXIII. edizio honek gai zentral bat izan du hitzaldi, mahai-inguru eta eztabaidetarako: tabua, dela alderdi afektibotik, dela politikotik, dela estetikotik ikusita. Han esandakoen gainean interesa dutenentzat liburu eder askoa kaleratu du Idazle Elkarteak, mintzaldi eta ipuinak hiru hizkuntzatan jasoz.
Nik bisita laburtxo bat egin nuen Iruña Park hotelera, baina handik egun batzuetara, han izandako idazle batekin berbetan ari nintzela, halaxe esan zidan: "Era guztietako tabuak jorratu ditugu; hor ibili gara, intzestua gora, kanibalismoa behera... Idazleak gizarteko tabuak hausten aitzindari izan behar duela aldarrikatu da behin eta berriz. Baina badakizu zer ez den behin ere aipatu? Dirua".
Solasaldi horretaz gogoratu nintzen aurrekoan, Durangon nengoela bat-batean Sautrelakoak etorri zitzaizkidanean, beste idazle batek bota zidan galderari erantzun behar niola-eta. "Zertaz ez zenuke sekula idatziko?" galdetu zidan Miren Agur Meabek, eta gehiegi pentsatu barik bota nuen arrapostua: "Diruaz". Nire zalantza da, ea gutxi interesatzen zaidalako baztertzen dudan gai moduan, ala duen garrantzia eman nahi ez eta tabu baten moduan ezkutatzen dudan.