Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Patxi Gallegorekin, Xabinaitorren itzuleraz

Patxi Gallegorekin, Xabinaitorren itzuleraz

xme 2006/12/18 14:16

Aurtengo Durangoko Azokako liburu arrakastatsuenetakoa izan da "Pololoak 2: Poxpoliñaren bahiketa", Patxi Gallegok Xabinaitor superheroiaz idatzitako komiki-liburua. Dagoeneko irakurri dutenentzat nahiz oraindik ezagutzen ez dutenentzat interesa duelakoan, sortzailearengana jo dugu galdezka.

Pololoen lehen liburuan agindu zenuen "Pololoak II" etorriko zela, eta, euskaldun legeari segituz-edo, bete egin duzu hitza...

Bai, baina erdia bakarrik bete dut, bigarren honekin Xabinaitorren kontu honi amaiera emango niola agindu bainuen, eta sentitzen dut baina hirugarren liburu bat jasan beharko duzue, bidean da honezkero. Hori bai, oraingo honetan zin dagit historio hau behintzat hortxe amaituko dela, trilogia osatuz. Jode, ze ondo geratzen den "trilogia" hitza, e, elegante...

Lehenengoan pertsonaia definituta, errazagoa izan da bidea, ala konplikazio bereziren bat izan duzu?

Konplikazio gehiegirik ez, bueno bai! Pertsonaia berri batekin, Anbotoko Marirekin hain zuzen ere, hor erabat trabatu nintzen. Nik Jainkosa benetan ederra marraztu nahi nuen eta ez nintzen gustura geratzen lortutako emaitzekin eta hamaika bider errepikatu nituen bere irudiak, behin eta berriz aldatzen nituen, erotzen hasia nintzela pentsatzera iritsi arte. Nola egon nintekeen, ederra eta Jainkosa izan arren, emakume baten marrazkitxo batekin hain obsesionatuta. Azkenean nahiko gustura geratzea lortu nuen, zorionez... Hmmm, dexente jartzen nau... Bestela, konplikazioak baino, sorpresa atseginak neure subkontzienteari bururatzen zitzaizkion xelebrekeriak ikusita.

Sexua eta askoz gehiago

Jarraipena emateaz gain, berezitasun ugari ditu 2. parte honek. Hasteko, testu gutxiago eta marrazki gehiago daukagu...

Bai, zati txiki bat kenduta dena komikia da, baina testu dexente dago hala ere, ez? Berrehun orritan bunbuilotan izan arren testu asko sartzen da. 2. liburu honek ez daukana da lehenengoak zeukan prosazko zati mardularen modukorik, ezta beharrik ere, oraingoa abentura bisualagoa baita. Berez, lehenengoan ere ez nuen hasiera batean prosaz zati hori sartzeko asmorik, baina berehala konturatu nintzen Xabik homeopatarekin zeuzkan elkarrizketa haiek eta Kariñe poxpoliñaren gogoetak biñetetan jartzeak ez zuela merezi. Oraingoan, berriz, ez zuen ezerk merezi prosan jartzea. Gora komikia. Gora!

Bestalde, sexua ere ugariago eta esplizituagoa da hemen.

Esandakoa: "bisualagoa" da, ejem. Eta lehenago aipatutakoa: nire subkontzientearen burutazioak dira, ez da neure errua, benetan, ni ez naiz horrelakoa, ez dakit zer egin zidaten ikastolan, zer-nolako ideiekin kutsatu zuten nire burmuin xaloa hain ondo usaintzen zuten andereño lirain haiek... Dena den, proportzioan ez zait iruditzen hainbesterako denik, sexua baino askoz gehiago dago liburuan, gertatzen dena da irudi horiek oso deigarriak direla, eta batzuentzat inpaktanteak, deitoragarriak, arbuiagarriak, gaitzesgarriak, nazkagarriak!!! Ai, benetan, sentitzen dut, ni ez naiz horrelakoa, berriro diot, soilik neure fantasia sexualei irtenbide bat ematen saiatu naiz modu natural batean, nire homeopataren aginduei jarraiki, besterik ez... Zilegi bekit, adixkide.

Zure marrazteko era perfekzionatu egin da, bide batez esanda.

Nik uste perfekzionatu baino gehiago definitu egin dela, pertsonaiei eta estiloari orohar punttua hartu diet, oraingoan lehenengo liburuan baino lasaiago aritu naiz marrazten, erlaxatuago, sueltoago, normala da. Dena den, egia da, niri ere bi liburuak eskutan izanda honek itxura hobea duela iruditzen zait.

Nafarroako Pirinioaren lilura

Bitxikeria bat: Xabi Lizuniaga Xabinaitor nola bihurtu zen, superbotereak noiz eta nola eskuratu zituen orain kontatu duzu, The Godfather II-an Don Vito Corleoneren historia kontatzen zen bezala edo...

Hori narrazioaren estrategiak dira, denboraren egitura egileak nahieran moldatzeko aukera, azken finean. Zineman, komikian, eta baita literaturan ere horren aukerak izugarriak dira eta edozein istorio erakargarriagoa bilakatu dezakeela iruitzen zait. Asko gustatzen zait jolas hori, flash back-ak, elipseak, eta hori guztia, irakurleari (edo ikusleari) dribling bat egitea bezala da, bere arreta erne mantenarazteko. Eta eskerrik asko Francis For Copularekin egin didazun konparazione horregatik, aizu.

Mendirako zaletasun ageri bat deskubritu dugu hemen. Xabinaitorren ezaugarria ala Patxi Gallegorena?

Bueno, galdera honen erantzuna uste baino konplikatuagoa da. Ea... bai, mendizalea naizela esan nezakeen eta kito, baina hori ez da oso erantzun orijinala herri honetan. Egia esan, niri gustatzen zitzaidana eskalatzea zen, haitzetara igotzea, basahuntzak bezala, edo "tximinoak bezala" esan beharko nuke? Mafaldari kolunpiotik jaisten zenean bezala, niri ere oinak lurrean jartzerakoan dibertsioa amaitzen zela iruditzen zitzaidan, ihesbide bat zen, han goitik mundua atseginagoa zen nolabait esateko. Baina ezin nuela beti ihesi ibili erabaki nuen unea ere iritsi zen, eta hemen nago oinak lurrean jarrita, dibertimendu "intelektualagoetan"(?!) murgilduta, baina hori bai, tximinoarena maizago ezin egin izateak frustrazio txiki bat ere sortzen didala onartu behar dut, eta agian frustrazio horren islada da liburuan agertzen dena neurri batean. Hala ere, puf!, hainbeste frustrazio dauzkat kontu honekin hasi nintzenetik, hau bizitza sakrifikatua daramadana... Hori batetik (Ez, ez, ez dut erantzunarekin amaitu). Bestetik nafar Auñamendienganako lilura dago, hori ere ez dut ukatuko. Beti iruditu zait, txiki-txikitatik, pelikula batentzako eszenatokia zela, spaghetti-western batentzako edo, ta bueno, halaxe egin dut nik neure pelikulatxoarekin, Monument Valley-n edo Almeriako basamortuan filmatu ordez, Nafarroako Piriniotan marraztu. Eta azkenik (Ezetz, ezetz, oraindik ere ez dudala amaitu), naturaren inspirazio iturria aipatu behar dut. Homeopatak esan zidan bezala, eta arrazoi osoa dauka, naturak irudimena suspertzen du. Ba bai, liburu honetan eta aurrekoan agertzen diren ideiarik lizunenak eta endretatuenak naturan bururatu izan zaizkit, mendian, istorio honen lehen-lehenengo bozetoa, adibidez, poxpoliña eder batekin egindako txango batean bururatu zitzaidan eta karteran neraman metroko txartel batean marraztu behar izan nuen; oraindik gorduta daukat. Hala da, nolabait esanda, naturak barruan daramadan basajauna aterarazten dit.

Soinu-banda ederra erantsi diozu zure liburu edo pelikula honi, ezta?

Hala iruitzen bazaizu... Nik Enio Morricone kontratatu nahi nuen baina Elkar-ekoek esan zidaten ez zegoela horretarako aurrekonturik, eta azkenean xiberutar kantutegira jo behar izan dut. Baten batek esango du "Ez al zen ba hau aurreko liburuan folklorismoa kritikatzen zuen guaya?" Ba bai, ni neu nintzen baina autokritika zen! Gainera, xiberutar kantu horien letrak mundialak iruditzen zaizkit, badaukate gizon-emakumezkoen zirikatze eta adarjotze-jolas punttu fin bat... Bueno, ta horretaz gain, esan Albert Pla eta Mikel Laboari egindako bi omenaldi-tributu daudela baita ere, zein baino zein orgasmikoagoak.

Karikatura sozialetik ihesi

Aurreko liburuarekin konparatuta alderdi soziologikoa ahuldu eta psikologikoa indartu da: love story bat daukagu hemen, gizon eta emakumeen arteko borroka-jokoak...

Gai unibertsaletan unibertsalena, ezta? Bai, halaxe da, lehenengo liburuaren gaia, nolabait esateko, identitate kulturalarena zen, beti ere parodiazko ikuspuntu horretatik begiratuta eta guztiaren ardatz nagusia pololoak zirelarik. Oraingoan, berriz, maitasuna, sedukzioa eta kortejoari buruzko neure ikuspuntua eman nahi izan dut. Jarraitu nezakeen lehenengo liburuko joerarekin karikaturismo soziala egiten, baina errepikapenetan jaustea litzateke, ta gañera horretarko badaude Vaya Semanita, Terol & company, Todos nacemos vascos, Klikowskyak, ta wazemank-ekoak besteak beste (Jode, euskaraz egiten duten bakarrak azken hauek, e, a ze marka, penagarriya da...). Hala ere, irakurle potentzialari esan nahi diot ahalegin handia egin dudala horrelako gai topiko bati buruz istorio atipiko bat sortzerako orduan.

Ez dakit besterik erantsi nahi duzun... Bestela, 3. partearen zain gauzkazula esan behar dizugu.

Bai, ni ere zain nago, ea noiz datorren eta horrela amaiera jartzen diodan azken urteetan eramaten ari naizen kultureta enklaustratu altruista bizitza puta honi. Nekatuta nago, zera, zerbikalak, bizkarra, badakizu... Ta dena euskal kulturarengatik. Mereziko al du...? Aizu, ta ez didazu ezer galdutu liburuan agertzen diren pikoletoei buruz. Ez dezu istilutan sartu nahi, ezta...?

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.