Gora bibliotekari insumituak!
Liburutegi publiko mordoxka bateko bazkidea naiz, gaur egun tarteka baizik erabiltzen ez baditut ere. Bakoitzeko txartel bana dut, hori bai; eta, pentsatzen jarrita, zenbat txartel pilatu dezake gizon-emakume modernoak bere karteran? DNI, ENA eta EHNA, aukeran edo nahas-mahas, gidabaimena, bankuetako visak eta abarrak, bonobusa, osakidetzarena, organo-emailearena, kiroldegikoa, norbera partaide den elkarte, bazkun, erakunde, partidu, sindikatu eta partzuergo bakoitzeko beste horrenbeste...
Ez da harritzekoa, hortaz, halako batean gertatu zitzaidana gertatzea. Joan naiz liburutegi batera (ez dut esango non, ez noiz) liburu jakin baten bila eta, iragarkiko donutsak bezala, bat-batean konturatu etxean utzia nuela txartela. Halaxe kontatu nion ezer baino lehen mostradore atzeko langileari.
"Nire zenbakia lortzeko datuak emango dizkizut nahi baduzu, ez dakit maileguan ezer ateratzerik daukadan baina..."
"Ezin dizugu utzi. Arauak..." esan zidan bibliotekariak.
Arauen aurrean ze txintxo eta esanekoak garen bihurri usteko asko. Ni bai behintzat.
Alferrik egina nuen liburutegirako jira, nonbait, baina han nengoenez, apalategietara iritsi berri ziren liburuen artean gelditu nintzen kuxkuxean. Horretan nengoela, handik pixka batera, lehengo bibliotekaria etorri zitzaidan, mostradoretik aterata:
"Ezin duzula atera esan dizut lehen, horixe baita araua, eta atzean baineukan jefea, baina orain joan da, eta libururen bat hartu nahi baduzu..."
Hura poza hartu nuena! Liburu eta guzti ateratzeagatik baino gehiago, jefeen gainetik jendea, arauen gainetik liburuak jartzen dituzten funtzionarioak badaudelako oraindik ere. Urte askoan!
Mekaguen la letxe! Badakit nor den. Zuri egin dizun mesedeagatik, orain kalean da.
;-)