Santi Leoné: “Asmatu dugulako existitzen da Euskal Herria”
Aspaldiko proiektua zenuen hau, edo nondik nora sortu da?
Bai, aspaldiko proiektua da. Gogoan dut duela beharbada lau urte lagun bati kontatu niola, kapituluen eskema deskribatu niola, eta berak idaztera animatu ninduen. Gero idatzi nahian ibili naiz, baina, beti mila gauzatan sartuta, ez nuen buruan neuzkan ideia horiek paperean paratzeko momentua aurkitzen. 2005eko uda izan zen bilatzen ari nintzen momentu hori. Dena den, proiektua nola bururatu zitzaidan galdegiten badidazu, bada, tesian Nafarroaren nortasuna izan nuen mintzagai eta, tesia egin bitartean, anitzetan galdetu izan zidaten ea Euskal Herria inoiz existitu zen. Galdera horren bidez jakin nahi zuten ea Euskal Herria izeneko entitate politikorik edo erresumarik edo dena delakorik aurkitzerik bazegoen historian. Galdera horrek bi gogoeta mota sortarazi zidan. Alde batetik, dokumentuetan maiz agertzen ziren izendapenek (euskarazko “Euskal Herria”, baina baita ere gaztelaniazko “tierra del vascuence”, “provincias del vascuence”, “pais bascongado”) erakusten zuten euskal kontzientzia bat bazegoela aspalditik, batez ere eliteen artean, nahiz eta Euskal Herria ez den agertzen nazio politiko gisa 19. mendera arte. Eta, aldi berean, iduritzen zitzaidan puntu horretan, 19. mendera arte nazio gisa ez agertze horretan alegia, Euskal Herria ez zela salbuespena. Bertze aldetik, ikusten nuen modu sinpleago batez ere erantzun zekiokeela goitian aipaturiko galdera horri: euskal erresumarik existitu al da inoiz? Bai horixe, “Nafarroako erresuma” izenpean. Alegia, navarrismoak behin eta berriz errepikatutako dogma batek (“Euskal Herria ez da inoiz existitu, horren izeneko entitate politikorik ez delako inoiz existitu”) esplikatzen zuela neurri handi batean Nabarraldek emandako erantzuna.
Euskal Herria herri asmatua dela diotenen kontra, gure antzinatasuna aldarrikatu ordez, beste bide bat proposatzen duzu...
Euskal Herria herri asmatua dela diotenek, aldi berean, Espainia arrunt nazio zaharra dela diote. Beraz, antzinako nazio egiazkoen eta gezurrezko nazio asmatuen artean bereizketa ezartzen dute. Nire ustez, gure antzinatasuna aldarrikatzean, abiapuntuan dagoen bereizketa hori onartzen dugu. Alta, nik uste abiapuntu hori dela lehenik eta behin kritikatu beharreko puntua. Hau da, nire iduriko, justu kontrakoa aldarrikatu behar genuke, Euskal Herria herri asmatua dela, eta hain zuzen ere asmatu dugulako existitzen dela.
Nazionalismoak, historialariak
Nazionalismoari buruzko teoriak sakon samar ikertu dituzula ageri duzu. Zer diote gai honetaz?
Sobera ez luzatzearren, asmatua izateaz bi jarrera aurki ditzakegu. Alde batetik, asmatua izatea gezurrezkoa izatearekin berdintzen duena. Arras ikuspegi instrumentala du nazionalismoari buruz: nazioak (bereziki nazio txikiak) boterea lortu nahian dabiltzan elite batzuen tresnak dira. Elite horiek mota guzietako sinboloak eta tradizioak… asmatu dituzte, jendea mobilizatzeko. Beraz, ikerlari kritikoak tradizioaren asmatze hori ikertu ez ezik salatu ere egin behar du. Ikuspegi horren liburu ospetsuenetariko bat The Invention of Tradition izan zen, eta gurean ere oihartzun zabala lortu zuena: gogoratu bertzerik ez dago Jon Juaristiren El linaje de Aitor liburuak La invención de la tradición vasca zuela azpititulu. Bertzetik, bigarren jarrera batek balio positiboa ematen dio asmatze kontzeptuari. Nazioak, arbolak edo mahaiak ez bezala, ez dira uki ditzakegun objektuak, gure buruan, gure irudimenean baino existitzen ez diren kontzeptuak baizik. Alde horretatik, nazioa gizataldeek beren burua ulertzeko edo beren buruari zentzua emateko erabiltzen dituzten kontzeptu horietariko bat da.
Espainiarekiko historiografia ofiziala ez duzu oso maitea, dirudienez...
Liburuan nire jarrera pertsonal batzuk islatzen dira, eta zuk aipatu duzuna bat da. Tesia egin bitartean, Unibertsitatean, ikusi dut nola fama irabazia zuten irakasle zaharrak, ospe horri esker oztopo bihurtzen ziren eta anitzetan ezgai ziren ikerketa berriak ulertzeko eta sustatzeko. Orokorrean, Errege Akademia bezalako erakunde arranditsuak gorroto ditut. Iraganeko jarreren gordelekuak iruditzen zaizkit, bai ideologikoki eta bai metodologikoki ere. Orain isilik dago, baina bolada batean zenbait liburu publikatu zituen Akademiak, Espainiako historia zer zen eta nola egin behar zen eta abar azalduz. Eta liburu horietan guzietan, politikoki lerratuen ari zirelarik, are ozenkiago aldarrikatzen zuten akademikoek beren objektibotasuna. Nire saiakeran horren guziaren zergatikoak azaltzen saiatu naiz, alegia, zein den Historiaren Errege Akademia baten funtzioa, zergatik aldarrikatzen zuten behin eta berriz objektibotasuna, eta abar…
Nabarristak, Nabarralde
Zure liburuaren zati zabalena navarristei eskaini diezu, Nafarroaren historiaz eta izateaz egiten duten interpretazioari. Haien teoriak ala praxiak asaldatzen zaitu gehiago?
Biak uztarturik heldu dira. Praxia eguneroko bizitzan nabaritzen dugu, baina praxi horrek teoria du euskarri. Urtarrilaren 14an 800 bat lagun bildu ziren Jaime Ignacio del Burgoren azken liburuaren aurkezpenean. Hori jende anitz da. Galde genezake zer zertan oinarritzen den, Del Burgoren ospea historialari gisa bere jarduera politikoan, edo alderantziz. Izan ere, jende frankorendako Del Burgoren jarrera politikoa bere jakinduria historikotik dator, Nafarroaren izaerari leial izaten jakin duelako. Beraz, biek asaldatzen naute. Praxiak asaldatzen nau, zeinen gaixtoa eta zeinen maltzurra den ikusten dudalako, baina teoriak ere bai, pobrea eta eskasa izanda ere, oinarri ematen diolako praxi politikoari.
Eta ondotik, paraleloki, Nabarraldekoak aipatzen dituzu. Horrek zauriak ireki ditzakeela jakitun izango zara...?
Bai, baina egin beharreko kritika zen. Nafarroan bada jende anitz, historia tradizionalak edo ofizialak asetzen ez duena. Jaime del Burgok edo Martín Duquek edo Luis Javier Fortúnek botatako teoriak erosteko prest ez dagoena. Hortaz, historiaren irakurleen aldetik bada hutsune bat, eta hutsune hori betetzera etorria da Nabarralde. Meritu hori aitortu behar zaio. Kontua da Nabarraldek navarrismoari egin duen kritika arras azalekoa dela. Erretorika erakargarria du, lelo politiko batean laburbil daitekeena, baina nire ustez historia navarristaren funtsa ez du ukitu ere egin. Bertzerik gabe, navarristek Espainia jartzen zuten tokian, Euskal Herria jarri dute Nabarraldekoek. Nafarroa Espainia da, historiak hala erakusten digulako, dio Del Burgok. Nafarroa Euskal Herria da, historiak hala erakusten digulako, diote Nabarraldekoek. Bi teorietan, nafarrek edo, oro har, euskaldunek ezer gutxi dugu erabakitzeko, eta, historia “ongi” ikasita, eztabaida politikoa sobran dugu. Edonola ere, zaurien kontura bueltatuz, egia da kritika gogorra egin diedala, baina beharrezkoa zela uste dut.
Eztabaida intelektualak arazoak konpontzen lagundu dezakeela uste duzu? Polemikarako gogoz zabiltza, ala zer espero duzu liburu honekin?
Probokazio puntu bat bada ere, ez dut polemikarik bilatzen. Liburuak pentsaraztea gustatuko litzaidake. Eztabaida intelektualek ez dute arazorik konponduko, baina, zuk diozun bezala, lagun dezakete.
Liburu serioa da zurea, baina Zaldi Eroaren marrazkiek umorez zipriztindua. Zer-nolako ezkontza da hori?
Nire ustez, umorea osagaietako bat da Zaldi Eroaren marrazkietan eta, bertzalde, umorearen bidez gauza serioak erran daitezke, oso modu eraginkorrean gainera. Liburuarekin batera doazen marrazkietan, nire ustez ikusten da Zaldi Eroak liburua irakurri ez ezik, ulertu ere ederki ulertu duela (hau egilearen ikuspuntutik errana dago, alegia, nik botatakoa Zaldi Eroaren marrazkietan islatua ikusten dut). Eta, aldi berean, marrazkiak Zaldi Eroarenak dira, hau da, bere estilokoak, liburuetako ideiak bere unibertsora eraman ditu. Are gehiago, goitian errandakoaren ildotik, anitzetan marrazkiak testua bera baino eraginkorragoak dira. Beraz, nik uste ezkontza zoriontsua izan dela liburuaren eta marrazkien artekoa, eta horretan meritua marrazkigilearena izan dela.
Badirudi ezer ez dela aldatu
Gaurko egunez orain dela 27 urte, 1981ean, hil zen Joxe Arregi zizurkildarra, hamar egunez torturak jasan ostean Madrllgo DGSn. Geroztik torturaren kontrako eguntzat gogoratzen da otsailaren 13a, eta aurten Wislawa Szymborskaren poema bat erabili da horretarako; hona, euskaraturik, poeta poloniar eta Nobel saridunak 1986an idatzitako olerkia:
TORTURA
Ezer ez da aldatu.
Gorputza mingarria da,
jan egin behar du, lo egin behar du, arnasa hartu.
Azal mehea dauka, eta isuri egiten duen odola,
hortz eta azkazal kopuru egokiak,
hautsi egiten diren hezurrak, eten egiten diren junturak.
Torturak kontuan hartzen du hori dena.
Ezer ez da aldatu.
Gorputza ikaratu egiten da Erroma sortu aurretik
eta Erroma sortu ondoren ikaratu zen bezala,
Kristo aurreko eta ondoko hogeigarren mendean bezala.
Torturak berdin dirau, lurra da murriztu egin den bakarra,
eta dena gertatzen da pareta bitarte bezala.
Ezer ez da aldatu.
Gizaki gehiago dagoela, besterik ez,
irain berriak erantsi zaizkiela betiko irainei,
benetakoak, asmatuak, aldian aldikoak eta inoiz ezekoak,
baina gorputzak erantzuten dien garrasia
errugabearen oihua zen eta izango da beti
denborak eta tonalitateek ezarritako eskalaren arabera.
Ezer ez da aldatu
ohitura, zeremonia eta dantza batzuk izan ezik.
Baina burua babesten duten eskuek
mugimendu bera egiten dute beti.
Gorputza bihurritu egiten da, izutu, askatu egin nahi du,
behaztopan jausten da, edo belaunak zorabiatzen zaizkio,
ondoeza egiten zaio, puztu egiten da, adurra dario, odola.
Ezer ez da aldatu
mugak izan ezik,
oihan, kostalde, basamortu eta glaziarrak izan ezik.
Bazter hauetan barrena doa arima erratua,
ezkutatu egiten da, itzuli, hurbildu edo urrundu egiten da,
bere buruaz arrotz, beti harrapagaitz,
noiz seguru, noiz bere buruaz etsita.
Baina gorputza, ordea, gorputza da: da, da, da,
eta, egia esan, ez dauka non.
Laurak aspaldiko ezagunak
Astelehen goizean, irratia piztu eta, albisteetan, lau izen: Karmelo Landa, Eusebio Lasa, Mikel Etxaburu eta Karmele Aierbe. Gero, beste batzuk ere bai, baina aurrena lau horiek, Batasuna berregiten saiatzeagatik atxilotu egin zituztela-eta. Eta orduan bururatu zitzaidan laurak ezagutzen nituela, ez politika-kontuengatik, bestela baizik.
Eusebio Lasa nire herrikoa da. Ni baino pare bat urte zaharragoa, baina eskola berean ikasia: Beasaingo Lasalleko fraideen ikastetxean. Ezaguna zen gure artean Eusebio, batez ere futbolari trebea zelako, baina horrez gain fama zen mutil azkar eta fina zela, jatorra eta zintzoa, bai ikasleen bai irakasleen artean estimatua. Haren jaiotetxe Zaldizurreta kale-baserria aspaldi bota zuten, eta Lasa bera Bilbon bizi zen auskalo noiztik. Bertako Aste Nagusian ikusi nuen azkeneko aldiz, orain dela urte batzuk; bitxia egin zitzaidan goierritarron hizkera galdua zuela, baina haren jatortasunak lehengoan segitzen zuela iruditu zitzaidan.
Herritik hurbilekoa dut Karmele Aierbe ere, euskalgintzako lan-talde eta ekintzetan beti laguntzeko prest eduki duguna, bere umore on eta eskuzabaltasunaz. Euskal Herrian Euskaraz-en zebilen, nik uste, ezagutu nuenean, eta geroztik beste arlo batzuetan ere ibili den arren, euskaltzale moduan gogoratzen dut beti irakasle ataundarra.
Karmelo Landa, berriz, 20 bat urte nituela ezagutu nuen, Argia astekarian kolaboratzen hasi nintzenean, hura ere Bilboko Anaitasunako taldearekin hara bildua baitzen. Ni neu filologiako ikasle eta idazlegai, bera kazetaritzako irakasle unibertsitatean, baina biok ere euskal prentsaren bultzatzaile eta borondatezko langile; Arestiren heriotzaren 10. urteurrenean haren lan guztiak editatzeko lanari ekin zion Landak hurrena, eta langintza hartan laguntzaile izateko ohorea egokitu zitzaidan. Geroztik, Ean antolatzen dituzten Poesia Egunak direla-eta elkartu gara maizenik. Poesia, lagunok, poesia.
Mikel Etxaburu kasualitatez ezagutu nuen. Duela hainbat urte, Bilbon bazkaltzen nengoen behin, neu bakarrik. Aldameneko mahai batean ezagun bat ikusi eta hura agurtzera jo nuen; txikitako lagun min batekin zegoen, eta orduan aurkeztu zidan Mikel, gazte argi eta ipurtarina iruditu zitzaidana, noizbait idazteko gogoa ere ba omen zuena, orduan gizarte-mugimenduetan buru-belarri sarturik zebilen arren: etorkin eta marjinatuekin lanean, besteak beste.
Lagun txarrekin elkartzen naizela esango lidake epaile jaunak. Argi ibili beharko nuke beharbada, honezkero lagunak eta iritziak aldatzeko zaharregia naiz baina.
Kontuak kontu, politikan inoiz ibili ez naizen honek, lau lagun ikusi ditut espetxean sartzen, beste askorekin batera. Ez dira lehenak, eta beldur naiz ez direla izango azkenak. Ez naiz sartuko zenbat gauzatan nengoen ados edo desados espetxeratuekin: horren gainetik dago, politika egiteagatik, eta horregatik bakarrik, espetxeratu dituztela. Zer eta demokraziaren izenean.
Boxeo pixka bat zure bizitzan
Orain dela urte batzuk izan zen. Nire liburu atera berriren bat zela-eta elkarrizketa egiten ari zitzaidan Arantxa Iturbe Arratsaldekoa saioan (idazle guztioi, liburua arreta osoz irakurri ondoren egiten digun moduan, ez dakit inoiz behar bezala estimatuko eta eskertuko diogun). Gogoratzen naiz udaberri partean geundela, elkarrizketaren erdian eten bat egin behar izan baikenuen, Italiako Giroko berriak jasotzeko, oker ez banago. Etena elkarrizketa behar bezala egiteko oso txukuna ere ez zela-eta, haria berriro eskuratzean, ziklismoa interesatzen al zitzaidan galdetu zidan Iturbek. Ez dakit ondo zer erantzun nion. Uste dut ez nintzela batere originala izan, eta ziklismoak gure zibilizazioan epikaren errepresentazio gisa funtzionatzen duela edo halako zerbait esan niola, epikak bestelako alorretan fama txarra duenez gero. Eta erantsi nuen, ziklismoak eta boxeoak betetzen dutela funtzio hori.
–Boxeoak? –harritu zen benetan kazetaria.
Boxeoak, bai. Edo, hobeto esanda, boxeo-pelikulak. Inoiz ez dut konbate bat aurrez aurre ikusi, eta telebistaz botatzen dituztenek ere ez didate interes handirik pizten. Baina boxeolarien gaineko filmak beti gustatu izan zaizkit. Halakoetan beti aipatzen da Toro Salvaje, Martin Scorsesek Robert de Nirorekin egin zuena, edo, askoz berriagoa, Million dollar baby, Clint Eastwood-ena Hilary Swank-ekin. Baina, hain bikainak izan gabe ere, gustura oroitzen ditut Campeón, Franco Zeffirellik egin zuena John Voight-ekin, edo Cinderella Man, Ron Howard-ena Russell Crowerekin. Eta are gehiago esango dut: orain ez dakit aguantatuko nukeen baina, mutikoa nintzela, irrikaz irensten nituen, zinemara iritsi ahala, Rockie-ren sagako ale guztiak, Stalloneren kontu korrontea gizentzen laguntzeko.
Zer dute ba boxeo-pelikulek? Ez dut uste nire barneko pultsio erasokorrak kanporatzeko bidea direnik, akaso hortik ere zeozer izan litekeen arren. Barrurago joanda, film horietan gizon batek (edo emakumeak, Swank-en kasuan), inongo tranpa eta martingalarik gabe egiten dio aurre bere arerioari, eta baita gizarteari, sistemari, munduari, bere eskuen indar hutsez. Planteamendu guztiz erromantikoa, baina hortxe dagoela uste dut nik istorio horien arrakastaren gakoa. Inguruan beti izaten ditu negoziante eta aprobetxategiak, baina boxeolariak bere bihotz zintzoarekin borrokatuko du beti. Diruaren aurretik jarriko du duintasuna. Osparen gainetik, emandako hitza.
Ez da izaten indarraren gorespen hutsa, gainera. Boxeo-film gehienetan, bera baino indartsuagoa den aurkaria ipiniko diote halako batean protagonistari. Egundoko kankailua, altzairuz egina dirudiena, parean daukana txikitzeko makina gupidagabea. Baina boxeolari zintzoak, kokildu gabe, bere sakrifiziorako ahalmen guztia aterako du, bere bizia ere arriskuan jarriz, indarrean falta duena beste ezaugarri batzuekin osatuz: pairamena, argitasuna, erabakimena.
Gure arbasoek armarri batean idatzi zuten lelo eder hartan bezala: "Txikiak handia bentzi leidi, asmoz ta jakitez".
Baina bizitza, ai, ez da zinema bezalakoa.
Logopedia-arazo aspaldiko bat
Aspaldi ez dela, idazle katalan bati irakurri nion, elkarrizketa batean, bere ipuinetako pertsonaiak, orain dela urte batzuk, festarik festa ibiltzen zirela, norekin edo zerekin mozkortuko, non-zer sartuko, eta orain, berriz, bere pertsonaiak ospitalera joaten zirela, gurasoei laguntzera, biopsia bat egiteko. Horixe baita gure bizitzaren martxa, ezinbestean.
Atzo, txikitako lagun baten aitaren hileta. Adin, auzo eta ikastetxe berekoak biok. Hura ere, ni bezala, familia euskaldun batean hazia eta eskolan erdaraz hezia. Pantxiko Mari batean, Francisco bestean, gero Patxi bihurtu zen arte. Ez dut zapalketa linguistikoaren salaketarik egin nahi, nik neuk ez dut oroitzen batere traumarik, baina ez nuke esango guztiz inokuoa zenik hizkuntzen eskizofrenia hori. Nire lagun Patxi izan liteke adibidea.
Zurutuza zuen, eta du, abizena. Gure ume garaian, con zeta de Zaragoza ahoskatzen genuena, halabeharrez. Halako batean, berriz, Franco hil berri eta lasalletarrak aggionartzen hasita, euskarazko klaseak emateari ekin zioten. Eta horra, euskaraz erdaraz baino lehenago ikasi zuen hark, euskaraz hitz egitean ere zeta guztiak gaztelaniazko Zaragoza bezala ahoskatzen zituela. Irakasleak akatsa zuzendu nahi, baina mutikoak ezin, blokeo bat nonbait.
Orduan ez zitzaidan bururatu loturarik egitea baina orain (psikologiaz deus jakin gabe, eta Zapiain maisuak zuzen nazala oker baldin banago) begi bistakoa iruditzen zait logopediazko akats horrek zerikusia behar zuela lau urtez geroztik egunero-egunero bere abizena fonetika arrotz batez esanarazi eta entzunaraztearekin.
Colombo eta AEBko presidentegaiak
Estatu Batuetako agintari jendeari erreparatzen badiogu, ez bakarrik lehendakariari, baita Bostongo alkateari, Nevadako senatariari, Hego Carolinako gobernadoreari, edo Nebraskako kongresistari, denek ere badaukate zer bat bateratzen dituena. Konparazio lotsagabe eta arrazoitugabe bat egiten uzten badidazue (zer litzateke gure jarduna halako lizentziarik gabe?), AEBko politikariak oro, Colomboren gaiztoak izateko modukoak dira.
Colombo tenientea nire adinekoek oso ondo gogoratuko dute, eta gazteagoek ere ikusiko zuten igual, tarteka errepikatzen baitituzte 70eko hamarkadako haren telesaileko atalak. Gogoan izango duzue beraz (eta bestela ikas ezazue), homizidioetan lan egiten zuela Colombok, eta aberatsen etxeetan gertatuak zirela beti hilketak. Dela aktore ospetsu batenean, dela abokatu garrantzitsuarenean. Eta gizaki inportante bezain ahaltsu hori izaten da beti hiltzailea, ustez hilketa perfektu eta akasgabea prestatu duena, harik eta Colombo tenientea agertzen den arte, bere gabardina ximurtuarekin, bere ibilera baldarrarekin, bere txakurraren eta emaztearen kontu txepelekin...
Ez ditut hemen argituko Colomboren dohain detektibeskoak: ezagutzen dituzuenontzat bistakoak dira, eta besteontzat ez da erraza azaltzen. Beste kontu bat nahi nuen adierazi: alegia, nolabaiteko erresumin soziala bideratzen zuela telesailak, 70eko hamarkada gorri haren ezaugarri, AEBko telebistako industrian gorri izan zitekeen neurrian, jakina. Kontua da, handi-mandi gaizto bat, egundoko txalet, pistina eta autoen jabea, bere zepoan harrapatzen zuela polizia txiki, itsusi, baldar eta xaxtarrak. Justizia dagoela erakutsiz, nahi baduzue, edo, benetako justizia sozialik ez dagoenez, fikzio bidezko justizia poetikoa ezarriz.
Dena dela, hasierako harira etorriz: AEBko politikariek Colombo telesaileko guest starring izateko itxura osoa zuten, bai lehen, eta bai orain ere. Zeren jendeak bere erresumin soziala bideratuko zuen akaso halakoak ikusiz, hemen tabernan baxoerdiaren konpainian gobernukoez gaizki-esaka aritzen garen bezala, baina botoa, gero, betikoei.
Eta kontua da, ez Hillary Clintonek, eta are gutxiago Barack Obamak ez dutela Colomboren gaizto izateko itxurarik (bai demokraten lerroan erretiratu zen Edwards guapo hark). Beraz, oraingoz eta gure hedabideen arabera faboritoak diruditen arren, erne errepublikanoekin.
Autoitzulpenaren mugak
Kontu ezaguna da hau euskaraz eta gaztelaniaz idatzi izan duen edonorentzat. Hizkuntza bakoitzak bere joerak izaten ditu: gaztelaniak adjektibo gehiago, menpeko esaldiak sortzeko erraztasuna, euskarak hitz-ordenarekin jokatzeko aukera, eta abar.
Horren ondorioz, idazle berak diferente idatzi lezake batean eta bestean. Ez bata bestea baino hobeto menderatzen duelako, ezpada, bakoitzean, barruko hiztunari edo senari edo dena delakoari ateratzen uzten diolako.
Horrek baditu hainbat abantaila, eta eragozpenen bat ere bai. Adibidez, testu bat hizkuntza batetik bestera itzultzean, zer egin? Itzultzaile finak, noski, jatorrizkoaren tonua eta mezua errespetatu behar ditu, aspaldiko legeak agintzen zuen moduan: ahal bezain hurbil, behar bezain urrun. Aldiz, jatorrizko testuaren egilea baldin bada bere buruaren itzultzaile, tentazio handiagoa izango du testu berri bat sortzeko, sorrera-hizkuntzan ez bezalako musika izango duena. Zenbateraino den hori mesede edo kalte, kasuz kasu ikusi beharko litzateke, eta zaila litzateke arau orokorrik ematea.
Gaur, erdi jolasean, nire haur liburu bat gaztelaniaz nola geldituko litzatekeen begira hasi naiz, eta testua konplexuago egiteko joera sumatu dut berehala. Joera horri galga jarri behar niokeela pentsatu dut, baina ez nago seguru muga non jarri:
Hona, Miss Txatarra liburua hartuta, itzulitako apurra:
–¿Tú crees que esa es postura para una señorita?
Es la abuela la que me riñe así, como siempre. Cada vez que voy de visita a su casa, la misma canción; al principio, todo son besos y zalamerías:
–¡Qué alegría! Pero qué reguapa que estás, Katia. Igualita, igualita que tu madre.
Luego llegan la queja y la pena:
–Aquí me tenéis, triste y sola, abandonada como una zapatilla.
A continuación una estricta inspección de mi aspecto:
–A ver, enséñame las uñas. ¿Y detrás de las orejas, te has lavado bien? ¿Y ese cuello, como una auténtica señorita?
Y después de esa revisión exhaustiva, llega por fin la hora de la merienda:
–Te he preparado chocolate a la taza. Verás qué rico.
Es verdad que el chocolate de la abuela está rico. Rico no: riquísimo, sabrosísimo, excepcional. El mejor chocolate que he probado nunca, y he probado unos cuantos. Junto con el chocolate prepara pan tostado, y encima le untamos mantequilla.
Eta hona zati horri dagokion jatorrizkoa:
–Hori al da señorita batentzako jarrera?
Amona ari zait errieta egiten, beti bezala. Bisitan joaten naizen guztietan izaten da gauza bera; aurrena, mila musu eta losintxa:
–Hau poza! Ze guapa zauden, Katixa. Zure amaren igual-iguala.
Gero, negarra eta marmarra:
–Bai, hementxe naukazu ahaztuta, traste zahar bat bezala.
Ondoren, nire itxuraren inspekzioa:
–Erakutsi azazkalak. Belarri-atzeak ondo garbitu dituzu? Eta lepoa, señorita batek bezala?
Ikuskapen zorrotza amaitu ostean, meriendaren ordua iristen da:
–Txokolatea prestatu dizut. Ikusiko duzu ze goxoa.
Egia da goxoa izaten dela amonaren txokolatea. Beste inon probatu ditudanak baino goxoagoa. Goxoa baino gehiago, mundiala. Ogi xigortua ere prestatzen du txokolatearekin, eta gurina igurzten dugu ogi xigortuaren gainean.
Ondo egindakoari zorionak
Sarri izaten da jendea kexu, euskal kulturan gauzak eskas dabiltzala, erdipurdiko lan franko ateratzen dela, gabezia ugari ditugula... Kritikarako trebeago izaten dugu mihia lanerako baino; gaur, berriz, laudorioz nator, ongi egindako lanak horixe merezi duelakoan.
Joan den astean aurkeztu zen Nora aldizkaria, Euskal Herria erdarazko aldizkaria kaleratzen duen Sua argitaletxeak egina eta Berria-k banatua. Produktu txukuna, kontzeptu argia daukana eta errealizazio ederra, bai testuei bai irudiei eta maketazioari begira. Salmentan arrakastarik izango duen ez dakit, aurrera egiteko zenbateko zabalkundea behar lukeen ere ez, baina harrerarik onena opa diot nik, lehendik ez zegoen hilabetekari polita eskaini digulako, eta beste arrazoi batengatik ere bai.
Izan ere, Euskal Herria aldizkaria plazaratu zutenean, bertako arduradunek esan zuten euskaraz ere ateratzea pentsatzen ibili zirela, baina, egindako inkesten arabera, jendeak ez omen zion behar besteko estimaziorik egingo, eta horregatik baztertu omen zuten asmoa. Gogoan dut haserre irakurri nituela adierazpen haiek: produktu bat euskaraz egitea galera-iturri izango dela iruditzen bazaizu eta zure enpresarentzako kalte, ba, ez egin, baina ez hasi esaten zuk nahi zenukeela baina euskaldunek ez-dakit-zer.
Inkesten eta merkatu-azterketen arabera ikastolek ez zuten zentzurik, euskarazko egunkariak ez zuen jaio behar, euskarazko kultura sortzen gabiltzan gehienok hobe genuke beste lanbide bat bilatu. Eta hala ere, egin egin dira horiek denak, egin egin behar zela pentsatu zuelako norbaitek, eta hartara jarri zituelako bere indarrak eta ahaleginak.
Borondatea ez da aski, noski. Horrez gainera talentua, zuhurtzia eta beste hainbat dohain behar dira proiektu bat aurrera ateratzeko. Baita erosleen erantzun eta konplizitatea ere. Horiek guztiak izan ditzala Nora jaioberriak.
Zenbat putazale dago gure herrian?
(Goierritarra aldizkarian ateratako artikulua)
Orain dela gutxi Emakunderen txosten bat atera zen komunikabideetan, gure gizarteko prostituzioaren ingurukoa. Han ziotenez, Euskal Komunitate Autonomoan pare bat mila emakumek lan egiten omen dute guztietan lehena omen den ogibide horretan; Nafarroako datuak ere berdintsuak omen dira, beste nonbait ikusi dudanez. Batekoz beste, mila biztanleko prostituta bat. Beraz, erraz atera lezake gutako bakoitzak bere herriko proportzioa: beasaindarrei dozena bat tokatzen zaigu, ordiziarrei bederatzi, segurarrei bat, eta abar. Ezin esan zehazki hala banatuta daudenik, posible baita leku batean bestean baino kontzentrazio handixeagoa egotea. Adibidez, pentsa liteke Legorretan hornituago egongo direla alde horretatik.
Mila biztanleko bat, esan dugu. Kopuru hori asko den ala gutxi, ez naiz eztabaidan hasiko. Beste bat da burura etorri zaidan galdera. Prostitutak zenbat diren bai, esan zaigu, baina zenbat dira gure arteko putazaleak? Emakunderen txostenak ez dio hitzerdirik horretaz; beraz, neure kalkuluak egiten hasi naiz. Bezeroak gizonezkoen artean topatzen dituzte, nik dakidala; hortaz, bostehun lagun gaude prostituta bakoitzeko. Oso umeak eta oso zaharrak direnak kenduko ditugu hurrena; ez dakit zenbat diren adina dela-eta jarduera honetatik kanpo geratzen direnak, baina jo dezagun bostetik bat baztertzen dugula gazteegi izateagatik eta bostetik bat helduegi izateagatik. Hirurehun lagun dira orain bezero potentzialak.
Orain artekoa erraz asma zitekeen. Hemendik aurrerakoa, berriz, aliritzira botako dut eta litekeena da oso deskuidatuta ibiltzea. Dena dela, segi dezadan. 300 horietatik batzuk sarri-sarri joango dira, eta beste batzuk noizbehinka. Prostitutek beren bizimodua aurrera ateratzeko eta putetxeetako enpresariek negozioa egiteko, zenbat zerbitzu egin behar dituzte, batez beste? Egun hobeak eta txarragoak izango dira baina, eman dezagun astegun buruzurietan hiru bat lagun atenditzen dituela emakume hauetako bakoitzak, bezero fijo samarrak, eta asteburuan gehiago.
Kalkulu horien arabera, profesional bakoitzeko 20 bat bezero zintzo edukiko genituzke, astero agertzen direnetakoak, eta beste zenbait (10, 20, 30?) noizbehinkakoak. Hortaz, norberaren herriko datuetara itzuliz, Beasainen igandean paseatzen edo dendaren batean erosketan ikusten ditudan gizonezkoetatik 200 lagun baino gehiago dira aste horretan Ontzatik edo antzeko lokalen batetik pasatu direnak, eta beste horrenbeste aldian behin bisita egiten dutenak. Ataunen eta Zegaman hogeita hamar bat, Lazkaon 140…
Prostituten %90 atzerritarrak zirela zioen Emakunderen txosten horrek, eta baten batek pentsatuko zuen halako gauzak kanpotarren kontuak direla, ez bertakoak. Baina, huts egiteko beldurrik gabe esan liteke bezero horietako %90 bertako gizasemeak direla; mutilzaharrak batzuk, ezkonduak beste batzuk; gazte, sasoiko, heldu… Asko den, gutxi den, bakoitzak jakingo du; niri behintzat izugarria iruditzen zait, eta barkatu sermoi-doinuan bukatzea gaurko artikulua.
Plantxatzeko tabla
Joan den ostiralean Argia Sariak, Lasarte-Oriako Txitxardin-Beltxa jatetxean egindako ekitaldi ederrean, euskarazko kulturako jairik dotoreena seguru asko. Irabazleen berri irakurri edo entzungo zenuten han-hemen: prentsa idatzian Imanol Murua Uria, irratian Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioa (Beloki, Iturbe eta Peñagarikano), telebistan Mihiluze, sarean euskal Wikipedia, publizitatean Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal komunikabideen alde egindako kanpaina, eta merezimenduzko saria Emilio Lopez Adan "Beltza"rentzat. Denak ere ondo merezitako sariak, eta, bakoitzaren gainean luze hitz egin litekeen arren, balio beza hitz bihotzeko batek beste guztien ordez: Zorionak!
Dena dela, beste zeozer komentatu gura nuen nik, sari horien harira. Publizitate atalekoa Miren Azkaratek jaso zuen, eta luze jardun zuen hizketan. Ezagun zuen pozik zegoela, lagun artean sentitzen zela, eta normalean hartuko ez lituzkeen lizentziak hartu zituen, horrenbestez: saritutako kanpaina horretako telebista-esketxa mintzagai hartuta, iragarkiko amonak "plantxatzeko tabla surfeko tabla" nola bihurtzen zuen aipatu zuen, eta halako zerbait erantsi: "eta, euskaltzaina izanda, badakit ez nukeela esan behar esan berri dudana, Hiztegi Batuak plantxa-ren ordez lisaburdina erabiltzeko agintzen baitu, eta tabla-ren ordez ohola".
Biharamunean, Berria hartuta sari-ematearen kronika irakurtzen ari nintzela, hor non ikusi nuen kazetariak lisatzeko ohola eta surfekoa aipatzen zituela, plantxak eta tablak bazterrera utzita. Txiste errazegia iruditu zitzaiolako sailburuarena? Baina hitzaldiko gauzarik deigarriena horixe bera izan zen, sailburuak Euskaltzaindiaren arau estuei irri egitea. Ala kazetaria (profesional ona, bestalde) arau estu horien gatibu sentitu eta ez zion bere buruari utzi zuzentzaileek gorriz markatuko luketen hitzik idazten? Marka litzateke gero, kronista batek akademikoak baino malgutasun eta libertate eskasagoa izatea hizkuntza erabiltzeko orduan. (Gara-ko kronikan, ordea, Azkarateren esamoldea bere horretan eman zuten, azalpen eta guzti).
Larunbat horretan eta euskarazko egunkaritik atera gabe, Imanol Murua sarituak Atutxari egindako elkarrizketa luze bat zekarren. Jakina da, politikan ohi diren hiztun txepel eta gazbakoen aldean, Atutxak ondo pentsatu eta argiro ahoskatzen duela berba bakoitza, haren jarduna gero euskara batu idatzian jasotzen erraza ez bada ere. Arratiarraren berbetaren ahogozo hori neurri batean errespetatzearen alde egin zuen kasu honetan kazetariak, "Ezker abertzaleko ordezkariegaz izaniko hartu-emonak" bezalako esaldiak erabiliz, -gaz kasua eta emon hitza euskara batutik kanpokoak izan arren eta, teorian, Berrian tokirik ez dutenak.
Arauak arau, kazetaritzaren bizitasunak bigarren aukera hau hobetsiko luke: aberasgarriago delako ez ezik, errealitatearen askotarikotasuna hobeto jasotzen duelako ere bai. Hizkuntzaren normalizazio beharrak muga non edo non jarri beharko du baina.