Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Laurak aspaldiko ezagunak

Laurak aspaldiko ezagunak

xme 2008/02/12 15:29

Astelehen goizean, irratia piztu eta, albisteetan, lau izen: Karmelo Landa, Eusebio Lasa, Mikel Etxaburu eta Karmele Aierbe. Gero, beste batzuk ere bai, baina aurrena lau horiek, Batasuna berregiten saiatzeagatik atxilotu egin zituztela-eta. Eta orduan bururatu zitzaidan laurak ezagutzen nituela, ez politika-kontuengatik, bestela baizik.

Eusebio Lasa nire herrikoa da. Ni baino pare bat urte zaharragoa, baina eskola berean ikasia: Beasaingo Lasalleko fraideen ikastetxean. Ezaguna zen gure artean Eusebio, batez ere futbolari trebea zelako, baina horrez gain fama zen mutil azkar eta fina zela, jatorra eta zintzoa, bai ikasleen bai irakasleen artean estimatua. Haren jaiotetxe Zaldizurreta kale-baserria aspaldi bota zuten, eta Lasa bera Bilbon bizi zen  auskalo noiztik.  Bertako  Aste Nagusian ikusi nuen azkeneko aldiz, orain dela urte batzuk; bitxia egin zitzaidan goierritarron hizkera galdua zuela, baina haren  jatortasunak lehengoan segitzen zuela iruditu zitzaidan.

Herritik hurbilekoa dut Karmele  Aierbe ere, euskalgintzako lan-talde eta ekintzetan beti laguntzeko prest eduki duguna, bere umore on eta eskuzabaltasunaz. Euskal Herrian Euskaraz-en  zebilen, nik uste, ezagutu nuenean, eta geroztik beste  arlo batzuetan ere ibili den arren, euskaltzale moduan gogoratzen dut beti irakasle ataundarra.

Karmelo Landa, berriz, 20 bat urte nituela ezagutu nuen, Argia astekarian kolaboratzen hasi nintzenean, hura ere Bilboko Anaitasunako taldearekin hara bildua baitzen. Ni neu filologiako ikasle eta idazlegai, bera kazetaritzako irakasle unibertsitatean, baina biok ere euskal prentsaren bultzatzaile eta borondatezko langile; Arestiren heriotzaren 10. urteurrenean haren lan guztiak editatzeko lanari ekin zion Landak hurrena, eta langintza hartan laguntzaile izateko ohorea egokitu zitzaidan. Geroztik, Ean antolatzen dituzten Poesia Egunak direla-eta elkartu gara maizenik. Poesia, lagunok, poesia.

Mikel Etxaburu kasualitatez ezagutu nuen. Duela hainbat urte, Bilbon bazkaltzen nengoen behin, neu bakarrik. Aldameneko mahai batean ezagun bat ikusi eta hura agurtzera jo nuen; txikitako lagun min batekin zegoen, eta orduan aurkeztu zidan Mikel, gazte argi eta ipurtarina iruditu zitzaidana, noizbait idazteko gogoa ere ba omen zuena, orduan gizarte-mugimenduetan buru-belarri sarturik zebilen arren: etorkin eta marjinatuekin lanean, besteak beste.

Lagun txarrekin elkartzen naizela esango lidake epaile jaunak. Argi ibili beharko nuke beharbada, honezkero lagunak eta iritziak aldatzeko zaharregia naiz baina.

Kontuak kontu, politikan inoiz ibili ez naizen honek, lau lagun ikusi ditut espetxean sartzen, beste askorekin batera. Ez dira lehenak, eta beldur naiz ez direla izango azkenak. Ez naiz sartuko zenbat gauzatan nengoen ados edo desados espetxeratuekin: horren gainetik dago, politika egiteagatik, eta horregatik bakarrik, espetxeratu dituztela. Zer eta demokraziaren izenean.

iñigo ibarguren
iñigo ibarguren dio:
2008/02/13 16:52

Zer egin nahi du Espainiako gobernuak? Denok eraman behar gaituzte barrura? Horrela lortu nahi dute bakea? Ustel usaina darie alde guztietatik?

27zapata
27zapata dio:
2008/02/13 00:59

Denok ari gara negarretan, kexuka. Bueno, denok ere ez, batzuk baino ez esango nuke. Baina gaur inoiz baino gehiago irtenbideak behar ditugu. Non bilatu behar genituzke?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.