Boxeo pixka bat zure bizitzan
Orain dela urte batzuk izan zen. Nire liburu atera berriren bat zela-eta elkarrizketa egiten ari zitzaidan Arantxa Iturbe Arratsaldekoa saioan (idazle guztioi, liburua arreta osoz irakurri ondoren egiten digun moduan, ez dakit inoiz behar bezala estimatuko eta eskertuko diogun). Gogoratzen naiz udaberri partean geundela, elkarrizketaren erdian eten bat egin behar izan baikenuen, Italiako Giroko berriak jasotzeko, oker ez banago. Etena elkarrizketa behar bezala egiteko oso txukuna ere ez zela-eta, haria berriro eskuratzean, ziklismoa interesatzen al zitzaidan galdetu zidan Iturbek. Ez dakit ondo zer erantzun nion. Uste dut ez nintzela batere originala izan, eta ziklismoak gure zibilizazioan epikaren errepresentazio gisa funtzionatzen duela edo halako zerbait esan niola, epikak bestelako alorretan fama txarra duenez gero. Eta erantsi nuen, ziklismoak eta boxeoak betetzen dutela funtzio hori.
–Boxeoak? –harritu zen benetan kazetaria.
Boxeoak, bai. Edo, hobeto esanda, boxeo-pelikulak. Inoiz ez dut konbate bat aurrez aurre ikusi, eta telebistaz botatzen dituztenek ere ez didate interes handirik pizten. Baina boxeolarien gaineko filmak beti gustatu izan zaizkit. Halakoetan beti aipatzen da Toro Salvaje, Martin Scorsesek Robert de Nirorekin egin zuena, edo, askoz berriagoa, Million dollar baby, Clint Eastwood-ena Hilary Swank-ekin. Baina, hain bikainak izan gabe ere, gustura oroitzen ditut Campeón, Franco Zeffirellik egin zuena John Voight-ekin, edo Cinderella Man, Ron Howard-ena Russell Crowerekin. Eta are gehiago esango dut: orain ez dakit aguantatuko nukeen baina, mutikoa nintzela, irrikaz irensten nituen, zinemara iritsi ahala, Rockie-ren sagako ale guztiak, Stalloneren kontu korrontea gizentzen laguntzeko.
Zer dute ba boxeo-pelikulek? Ez dut uste nire barneko pultsio erasokorrak kanporatzeko bidea direnik, akaso hortik ere zeozer izan litekeen arren. Barrurago joanda, film horietan gizon batek (edo emakumeak, Swank-en kasuan), inongo tranpa eta martingalarik gabe egiten dio aurre bere arerioari, eta baita gizarteari, sistemari, munduari, bere eskuen indar hutsez. Planteamendu guztiz erromantikoa, baina hortxe dagoela uste dut nik istorio horien arrakastaren gakoa. Inguruan beti izaten ditu negoziante eta aprobetxategiak, baina boxeolariak bere bihotz zintzoarekin borrokatuko du beti. Diruaren aurretik jarriko du duintasuna. Osparen gainetik, emandako hitza.
Ez da izaten indarraren gorespen hutsa, gainera. Boxeo-film gehienetan, bera baino indartsuagoa den aurkaria ipiniko diote halako batean protagonistari. Egundoko kankailua, altzairuz egina dirudiena, parean daukana txikitzeko makina gupidagabea. Baina boxeolari zintzoak, kokildu gabe, bere sakrifiziorako ahalmen guztia aterako du, bere bizia ere arriskuan jarriz, indarrean falta duena beste ezaugarri batzuekin osatuz: pairamena, argitasuna, erabakimena.
Gure arbasoek armarri batean idatzi zuten lelo eder hartan bezala: "Txikiak handia bentzi leidi, asmoz ta jakitez".
Baina bizitza, ai, ez da zinema bezalakoa.