Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Logopedia-arazo aspaldiko bat

Logopedia-arazo aspaldiko bat

xme 2008/02/07 11:39

Aspaldi ez dela, idazle katalan bati irakurri nion, elkarrizketa batean, bere ipuinetako pertsonaiak, orain dela urte batzuk, festarik festa ibiltzen zirela, norekin edo zerekin mozkortuko, non-zer sartuko, eta orain, berriz, bere pertsonaiak ospitalera joaten zirela, gurasoei laguntzera, biopsia bat egiteko. Horixe baita gure bizitzaren martxa, ezinbestean.

Atzo, txikitako lagun baten aitaren hileta. Adin, auzo eta ikastetxe berekoak biok. Hura ere, ni bezala, familia euskaldun batean hazia eta eskolan erdaraz hezia. Pantxiko Mari batean, Francisco bestean, gero Patxi bihurtu zen arte. Ez dut zapalketa linguistikoaren salaketarik egin nahi, nik neuk ez dut oroitzen batere traumarik, baina ez nuke esango guztiz inokuoa zenik hizkuntzen eskizofrenia hori. Nire lagun Patxi izan liteke adibidea.

Zurutuza zuen, eta du, abizena. Gure ume garaian, con zeta de Zaragoza ahoskatzen genuena, halabeharrez. Halako batean, berriz, Franco hil berri eta lasalletarrak aggionartzen hasita, euskarazko klaseak emateari ekin zioten. Eta horra, euskaraz erdaraz baino lehenago ikasi zuen hark, euskaraz hitz egitean ere zeta guztiak gaztelaniazko Zaragoza bezala ahoskatzen zituela. Irakasleak akatsa zuzendu nahi, baina mutikoak ezin, blokeo bat nonbait.

Orduan ez zitzaidan bururatu loturarik egitea baina orain (psikologiaz deus jakin gabe, eta Zapiain maisuak zuzen nazala oker baldin banago) begi bistakoa iruditzen zait logopediazko akats horrek zerikusia behar zuela lau urtez geroztik egunero-egunero bere abizena fonetika arrotz batez esanarazi eta entzunaraztearekin.

xabat
xabat dio:
2008/02/08 19:48

nik, berriz, oso kontziente izan gabe, desberdin ahoskatzen dut askotan nire abizena, rodriguez (gaztelaniaz) eta rodriguez (euskal azentoz); zein trauma mota ote daukat?

Patxi
Patxi dio:
2008/02/07 15:08

Bi abizenak eskatzen dizkidatenean, medikuarenean eta, ni gogoratu egiten naizelako, perfekzionista xamarra naizelako (gauza batzuetan), nere ahalegina egiten det Zubeldia zeta euskaldunaz ahozkatzen. Beti esan det ordea Zubeldia, con Ceta, duela gutxi konturatu nintzen arte. Eta irudipena izaten det (irudipen hutsa baino gehiago, esango nuke), arraro xamar gertatzen dala, segun zeinentzat. Begira geratzen zaizkidala, "han, taliban bat" pentsatzen ari direla. Baina nik, militantziaz pixkabat, harrotasunez beste pixkabat, ondo goxatzen det nere zeta zoragarri zinpatikoa.

Patxi Zurutuza
Patxi Zurutuza dio:
2008/03/06 02:07

Ba dago arazo psikologikoa istori honetan. Zeta de Zaragoza erdaraz ahoskatzen ez duen ataundar baten semeak, aita-deituraren Z euskaraz ahotan hartzeko arazoak izatea. Ados helduok desberdin ahoskatu ohi ditugula euskal izen/abizenak euskeraz eta gaztelaniaz, baino ez da gauza txikia haurtzaroan. Garai haietan, naiz eta gurasoen aurrean euskaraz mintzatu, gaztelaniaz aritzen ginen jo-ta-su ikastetxeetan, kalean, lagun eta anai-arreben artean. Elebidunak garenok (euskaldunak) ba omen dugu nahiezta bi mintzaireen artean hierarkia garbia (hizkuntza nagusia bat, eta bigarrena bestea). Lehen irakaskuntza gaztelaniaz izan dugunok, euskara irakasgai soil bat zelarik, erdara genuen mintzaera nagusia. Heltzerakoan elebitasunaren arazoak argitu ohi dira eta hobekuntza prozesu honetan ez da beharrez euskara irabazle sortzen. Eta hau horrela ez bazan sar nazatela kalabazan, … Patxi Zurutuza.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/02/08 10:09

Xabier, ya te vale; dena den, hain gai interesgarria izanik harrigarria da fundatzaileek (Freud, Lacan) zein arreta eskasa jarri dioten. Freudek (eta Lontxo Oiartzabalen Klasikoak-eko itzulpenak dakar) inkontzientean zegoen trauma bat gogoratzeak trauma baino lehen zenekien hizkuntza baizik ezin erabiltzea ekartzen du ondorioz. Freudek kontatzen duen kasu zehatza oso polita da. Zuk aipatutako transtornoak presio espainolaren ondorio dirudi. Dena den, badaezpada ere: Zurutuzaren gurasoak ez dira Etxarri ingurukoak izango, ezta? Etxarritar askok ahoskatzen du euskal zeta erdal zetatik oso hurbil (institutuan ikasi genuen letrak idaztean, a, be, ce, de, z "ceta" idatzi behar zela; Lázaro Carreter). Badut lagun on bat, bakiotarra bat, 65 urte inguruko baserritarra, totela. Euskaraz berba egiteagatik jipoi ederrak jasoa eskolan. Kausa-ondorio, duda barik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.