Badirudi ezer ez dela aldatu
Gaurko egunez orain dela 27 urte, 1981ean, hil zen Joxe Arregi zizurkildarra, hamar egunez torturak jasan ostean Madrllgo DGSn. Geroztik torturaren kontrako eguntzat gogoratzen da otsailaren 13a, eta aurten Wislawa Szymborskaren poema bat erabili da horretarako; hona, euskaraturik, poeta poloniar eta Nobel saridunak 1986an idatzitako olerkia:
TORTURA
Ezer ez da aldatu.
Gorputza mingarria da,
jan egin behar du, lo egin behar du, arnasa hartu.
Azal mehea dauka, eta isuri egiten duen odola,
hortz eta azkazal kopuru egokiak,
hautsi egiten diren hezurrak, eten egiten diren junturak.
Torturak kontuan hartzen du hori dena.
Ezer ez da aldatu.
Gorputza ikaratu egiten da Erroma sortu aurretik
eta Erroma sortu ondoren ikaratu zen bezala,
Kristo aurreko eta ondoko hogeigarren mendean bezala.
Torturak berdin dirau, lurra da murriztu egin den bakarra,
eta dena gertatzen da pareta bitarte bezala.
Ezer ez da aldatu.
Gizaki gehiago dagoela, besterik ez,
irain berriak erantsi zaizkiela betiko irainei,
benetakoak, asmatuak, aldian aldikoak eta inoiz ezekoak,
baina gorputzak erantzuten dien garrasia
errugabearen oihua zen eta izango da beti
denborak eta tonalitateek ezarritako eskalaren arabera.
Ezer ez da aldatu
ohitura, zeremonia eta dantza batzuk izan ezik.
Baina burua babesten duten eskuek
mugimendu bera egiten dute beti.
Gorputza bihurritu egiten da, izutu, askatu egin nahi du,
behaztopan jausten da, edo belaunak zorabiatzen zaizkio,
ondoeza egiten zaio, puztu egiten da, adurra dario, odola.
Ezer ez da aldatu
mugak izan ezik,
oihan, kostalde, basamortu eta glaziarrak izan ezik.
Bazter hauetan barrena doa arima erratua,
ezkutatu egiten da, itzuli, hurbildu edo urrundu egiten da,
bere buruaz arrotz, beti harrapagaitz,
noiz seguru, noiz bere buruaz etsita.
Baina gorputza, ordea, gorputza da: da, da, da,
eta, egia esan, ez dauka non.
Oso polita Xabier; zenbat pertsona torturatzen da gaur egun (oraindik) beste guztiok eguneroko zeregin arruntak betetzen ari garela? Badugu ideiarik ere?
Atzo amaitu nuen Paperjalearen dieta, Xabier. Gustatu zait, aurreko zure beste liburuak bezala (Berriro igo nauzu, errekarteko koaderanoa, arbelaren gainean...) Zorionak eta segi berdin.