Anjel Lertxundi: teknolekto berriaz, Plazido Mujika, tradizioa zer den
Hamabi laguneko audientzia ikaragarriaren aurrean, Anjel Lertxundiren hitzaldia joan den ostiral arratsaldean Markeskuan: literaturaz eta teknologiaz.
Apunte batzuk, bereziki interesgarriak eibarnautontzat Eibartarrak zerrendan ere aipatu direlako...
- Eibarren ahaztu ditugu ugaratxoak, baina euskara osoan ahaztu dira duela 35 urteko berbak.
Anduren iloba bati gertatu. Traktoreari pieza falta, Interneteko bilaketa batzuen ondoren, jarri da kontaktuan fabrikatzaileekin Italian, esan diote haiek eskatzeko Tarrassan Espainian duten banatzaile ofizialari. Tarrassan esan diote, aldiz, Euskal Herrirako bada, beste banatzaile batengana jotzeko, Villafranca de Orian. Eta ilobak jakin ez hori non den; osaba Anduri galdetu behar. Ordizia!, ugaratxoa Eibarren bezain ahaztua dago, beraz, hori ere.
- Tradizioaz:
Norbaitek esana, "tradizioaren traizioa ere tradizioa da. Tradizioa, mantentze hutsarekin, hil egiten da."
- Plazido Mujikaren hiztegia:
Mujika hiztegia, irizpideekin erabili behar da, ze bestela... erderazko berba hartu, eta haren ordainezko lehen euskal adierarekin erantzunda, hainbat eta hainbat desastre egin izan dira euskaraz. Anduk dioenez, horretan du jatorria "combinación de trenes" azpikogona bihurtu zenekoa. Beste bat berak ikusia DV-ko eskela batean. Lertxundi delako bat zen hildakoa, eta bera fijatu: gaztelaniaz carnicero
zuen ofizioa, euskaraz haragijalea
. Plazido Mujika errudun, nonbait. Irizpiderik gabe tresnak erabiltzeko arriskua, eta Xuxen zuzentzaile automatikoa ere irizpideekin banatu beharko litzateke, pedagogia jakin bat erakutsi hura erabiltzeko.
Ondare publikoa babestu eta biderkatu copyleftari esker
Ondare publikoa edo erakunde publikoek sortutako ondarea babesteko neurria ere bada copyleft-a.
BBCk Creative Commons lizentziak erabiliko dituela irakurri ondoren idatzitako haurnarketa bat.
Ezagutza biderkatzen du, kopiak biderkatzeko ahalmena ematen duzulako, eta normalean lizentzia hauek lan eratorriak ere lizentzia berdinarekin egitera behartzen duzularik, hori ere ezagutza biderkaketa bilakatzen da.
Euskal Herrian ondare publikoa behar lukeena, ordea, ez dakigu norena den. Euskalterm publikoa omen. Baina ez dago osorik jaisteko moduan. Banan-banan termino guztiak eraitsi eta CD bat aterako banu nik gehikuntza batzuekin, legea hautsiko nuke? ez dakigu, ez digu esaten ezer Jaurlaritzak edo UZEIk.
Susak ere Intza proiektuko lokuzioak atera ditu. Publiko izendatu ditu, baina ez dakit eskubiderik ote dudan, horrekin, haiek denak CD batean pegatu, eta Eibarko esamolde batzuekin batera 1000 aleko edizio bat egiteko, demagun herriko aldizkariarekin banatzeko, karatulan babesle baten propagandarekin...
Lizentzia libre batek babestuko balu Intza proiektua, beharbada nik eskubidea nuke CD hori egin eta baita harekin negozioa egiteko ere (karatulako propagandarekin), baina aldi berean jatorrizko sortzaileak aipatu beharko nituzke, eta lizentzia berarekin banatu ere: nik hartan gehitutako Eibarko esamoldeak ere, efekto biralaren ondorioz, libreak lirateke. Eta CDaren jasotzaileek, eskubidea lukete, are kopia gehiago (eta ahal bada, eduki hobeekin) egiteko.
Aldiz, inork ezingo luke material hori beste batzuek egiten dituzten CD-ak bezalako batean sartu, non edukia, jada, copyright batekin giltzapetua dagen, eta ez dagoen kopiatzeko eskubiderik.
X-Flow: Webgune eleanitz batean itzulpenak eta zuzenketak kudeatzeko workflow bat
Honako proiektu hau EIZIE eta IZO (Itzultzaileen Zerbitzu Ofiziala, HAEE-IVAP-en barnekoa) erakundeek antolatutako Zuzenketen gaineko jardunaldietan aurkeztu genuen 2004ko maiatzaren 7an. Presentazio grafikoa aurkeztu genuen orduan, eta hemen dago hori. Honako Senez aldizkarirako EIZIEk eskatu digun testua da.
Luistxo Fernandez – CodeSyntax: Interneterako softwarea eta estrategia
Fernando Quintana – DELI (Deustuko Unibertsitatea): www.deli.deusto.es
Zuzenketen gaineko jardunaldiak - EIZIE / IZO (HAEE) - Donostia 2004.05.07 1. Sarrera
DELI ikerketa taldearen eta CodeSyntax enpresaren artean egindako ikerketa + garapen proiektu baten emaitza da X-Flow.
DELI Deustuko Unibertsitateko ingeniari, hizkuntzalari eta informatikarien taldea da. Bilbon daude, ESIDE fakultatean, eta hizkuntzen teknologian lan egiten dute aspalditik. Taldeko idazkaria, Joseba Abaitua, bereziki, itzulpengintzako teknologietan lan asko egindakoa da.
CodeSyntax, berriz, 2000. urtean sortutako enpresa da. Eibarren dago kokatua, eta hiru ekintzaileren artean sortutako sozietate pribatua da. Interneterako softwarea egiten dago berezitua, sarerako aplikazioak, webguneak, komunikazio proiektuak, eduki kudeaketa, aholkularitza... Internetekin zerikusia duten hainbat alorretan egiten du lan.
Hizkuntzarentzako teknologiak ere lantzen ditu CodeSyntax-ek: lokalizazioa eta internazionalizazioa, eta itzulpengintzarako laguntza tresnak.
2. Itzulpengintzarako teknologia
Azken alor honetan, zenbait proiektu burutu ditugu: dokumentazio elebiduna kudeatzeko sistemak ezarri ditugu, besteak beste Deustuko Unibertsitatean (TEI formatu berezira egokitua, Sare-Bi izeneko tresna), eta Bizkaiko Foru Aldundian (Doc eta PDF formatuko dokumentuekin, IEB deritzo tresna honi). Bestalde, Tumatxa izeneko tresna garatu dugu.
Tumatxa, itzulpen memorien web bidezko kudeaketarako egokitutako tresna da. Tumatxak itzultzailearen lana erraztea du helburu. Gaur egun, piskanaka-piskanaka, itzulpen-memoriak eta memoria horiek sortzeko eta kudeatzeko programak hedatzen ari dira bai profesionalen artean eta baita erakundeetan ere. Baina memoria horiek lan talde zabal baten kide guztien eskura jartzeko aukerak mugatuak eta urriak dira. Hain zuzen ere, oztopo horiek gainditzeko balio du Tumatxak, izan ere, talde-lanean memoriak, terminologia eta itzulpenak elkartrukatzeko modu oso eraginkorra eskaintzen baitu. Gainera, lan-taldean elkarlanean jardun behar duten itzultzaileei, programa espefizikorik izan gabe ere, itzulpen-memoriak kontsultatzeko modua ematen die eta baita terminologiari dagozkion bilaketak, behar ahala, online egiteko aukera ere.
Besteak beste, ondorengo aukerak eskaintzen ditu Tumatxak:
Itzulpen zerbitzuak bere bezeroekin
Itzulpen enpresa batek bezero bakoitzari egin dizkion itzulpenen memoria esku-eskura edukitzeko aukera eskain diezaioke Tumatxaren bidez. Honela, bezeroak itzulpen enpresarekin kontratatu eta ordaindu dituen itzulpen guztiak toki jakin batean gordeta izango ditu nahi duenean deskargatzeko edo bat-bateko kontsultak egiteko, www.translationcompany.com/private/customer1 bezalako helbide batean.
Itzulpen enpresa bat lana banatzen
Itzulpen enpresak eginkizun jakin batzuetarako kanpoko itzultzaileengana jo dezake. Denek oinarri berberaren gainean lan egin dezaten, terminologia berarekin, esate baterako, memoria bilduma pribatua ezarriko da, hala nola www.translationcompany.com/private/project2004_0012 eta bertatik jasoko dute materiala azpikontratatuek. Bakoitzak bere partea osatu ahala, bilduma hazi egingo da halaber. Kasu honetan, eta baita aurrekoan ere, sistema geure beharretara egokitu daiteke erabat, esate baterako, itzultzaileei memoriak deskargatzen ez uzteko, eta bai, ordea, kontsultak egin ahal izateko.
Itzulpen memoriaren banku publikoa
Herri-erakundeek, bereziki Euskal Herrian, memoria ugari sortzen dute dokumentazio ofiziala itzultzean. Itzulitako dokumentuak publikoak baldin badira, haien itzulpenak eta memoriak ere hala izan daitezke, izan ere, herritarrek zergen bidez ordaindu baitituzte. Banku edo bilduma publiko batek, gainera, beste erakunde batzuei ere laguntza handia eman diezaieke itzulpen-lanak errazago egiteko edo terminologia bateratzeko.
Software libreko proiektuak
Software libreko komunitateetan, itzulpen ekimenetan Gettext metodologia jarraitzen bada, sortutako .po fitxategiak bilduma batean elkar daitezke. Denak batera pilatu, eta fitxategi batean jaitsiz gero, KBabel-ekin lan egiteko memoria txukuna izango du eskura komunitateak. Era berean, bilduma online kontsulta daitekeen glosario erabilgarri bat bihurtzen da.
Memoriak intranet batean
Erakunde handi batean, itzultzaile zenbait aritu daiteke lanean, bulego desberdinetan. Kasu horietan, ez da erraza, lizentziengatik eta arazo teknikoengatik, itzulpen-memoriako programak sarean lan egiteko konfiguratzea. Baina Tumatxa intranetean instalatuz gero, itzultzaileek elkartrukerako tresna egokia izango dute.
Itzulpen departamentuei egindako galderak
Erakunde elebidun edo eleaniztunetan, itzulpen arduradunek jasotzen dituzten eskabide gehientsuenak ez dira dokumentu zehatzak itzultzeko izaten, zalantza edo galdera jakin bat argitzeko baizik. Tumatxa instalatuz gero, bulegoan lan egiten duten langile guztiek itzulpen departamentuak egindako itzulpenak esku-eskura izango dituzte intranetean, eta bulegoko langile bakoitzak bere pantailatik zuzen-zuzenean sortzen zaizkion zalantza askoren erantzunak aurkituko ditu bere kasa. Lan antolaketa honek itzulpen sailari beste lan batzuetarako denbora gehiago emango dio.
Webgune bat dugu irekia, Tumatxa.com eta bi demo ditugu han ikusgai.
3. Eleaniztasuna eta itzulpena webgintzan
Itzulpen munduarekin izandako harreman horrez gain, webgintzan ere lan egin dudgu dexente. Eta webgune eleanitzak egiten, bereziki. Langintza horretatik ere, itzulpen beharren beste ikuspegi bat ezagutu dugu.
Webgintzan, Interneteko aplikazioen diseinuan, lan egiteko modu zehatz bat dugu markatua. Batetik Programazioa, Diseinua eta Edukia bereizturik daude gure produktuetan, behar duen bezala. Bestetik, erabilgarritasunari, estandarrak betetzeari garrantzia ematen diogu, eta uste dugu, esperientziak erakusten digun heinean, diseinu erakargarriarekin bateragarri dela. Tresna horiek, gainera, eduki kudeaketa errazerako prestatzen ditugu, bezeroaren esku egon dadin edukiaren kudeaketa hori.
Hori guztia, ingurune eleanitz batean, Euskal Herrian lan eginez, hemengo eragileen webgintza proiektuentzat, hauek ere eleanitz direlarik gehien-gehienetan.
Eleaniztasuna webgintzan, injinerutza konplexua da. CodeSyntax-ek software librearen munduko aportazio interesgarri batzuk darabilzki erronka horri aurre egiteko: Zope web aplikazioen zerbitzaria, eta haren barruan garatu den Localizer produktua. Horrez gain, software libreko munduko internazionalizazio metodologia estandarra darabilgu: GNU Gettext delakoa.
Oinarri horien gainean, egin daiteke webgune eleanitzek, tresna egokiekin hornitu aplikazioa. Adibidez:
Interfazeko mezuen katalogo bateratuak. Glosario automatizatu moduko batzuk dira horiek, aldagaiekin jokatzeko gauza direnak. Alegia, glosario batean, esaldi edo berba bakanak izaten dira, baina produktu informatiko batekin aldagaiak agertzen dira, eta horrek sintaxia bihurritzera behartzen zaitu. Esate baterako, Se han hallado %i resultados en la carpeta %A... Aldagaiak eta berbak ordenez eta kokapenez aldatzeko modua egon behar du hori beste hizkuntza batean jartzeko, esate baterako euskaratzeko.
Logikaren kudeaketa ere kontuan hartu behar da, eta horretarako ere hornituak daude tresna hauek. Data formatuen egokitzapena da adibide bat, zifratan ematekotan guztiz alderantzizkoa baita estandarra gaztelaniaz eta euskaraz, dakigun bezala. Logika bereiziaren beste adibide bat, bilaketetarako algoritmo desberdinen erabilpena da: euskarazko bilaketa batean, terminoa deklinabidea igarriko dion algoritmo batetik igarotzen da, baina ez gaztelerazko bilaketa batean. Hizkuntzaren logika, beraz, kasu batzuetan agerikoa zaio erabiltzaileari (data formatuak ikusi eta irakurri egingo ditu), eta beste batzuetan ez: bilaketa operazioan, lehiatila berbak idatzi, berdin egingo du gazteleraz eta euskaraz, baina erabiltzalek ez dakiela, azpian logika desberdina aplikatzen da.
Kontuan hartzeko beste detaile bat, hizkuntza lehenespen eta hautespenarena da. Lehen orrian zein hizkuntzarekin egingo du topo bisitariak? Orri jakin batean dabilela, aldatzeko aukera izango du eta eduki horixe bera aurkituko du beste hizkuntzan? Modu desberdinetan komeni daiteke detaile hauek doitzea, bezeroaren beharren arabera.
Horrekin, guztiarekin, egin daitezke webgune eleanitz txukunak. Adibidez, e-administrazioarentzako gidaliburuek agintzen dituztenak bezalakoak. Jakina, beste nonbaiteko gidaliburuek, hemengo administrazioek ez baitute irizpiderik Interneteko komunikaziorako, are gutxiago komunikazio eleanitzerako.
Beste toki batzuetan azkarrago dabiltza. Erresuma Batuko e-administrazioarentzako gidaliburua aipatzeko modukoa da. Galesa, ingelesaren pare jartzen du. Eta Londresko administrazioaz ari gara, ez Galesko Asanbleaz. Gidaliburuan eskatzen diren detaileen artean daude, haiek gune elebidunentzat giltzarritzat jotzen dituzten hiru puntu:
- Domeinu bikoitzak, cymru.gov.uk / wales.gov.uk biak dira Galesko Asanblearen loturak.
- Eduki bera, batean eta bestean
- Hizkuntza aldaketa, orri bakoitzean
4. Eduki eleanitzaren kudeaketa (itzulpena, zuzenketa)
Hori egiteko koxka aurreko guztia da eta, bereziki: eduki eleanitzaren kudeaketa. Eta esparru horretan, garapen propioa darabil CodeSyntax-ek, DonEdukia izenekoa.
Donostiako Edukia da DonEdukia, objektu karpetati bat (folderish, Jose Luis Agotek itzuli bezala), eta Donostiako bezero batentzat sortu genuen arren, hainbat proiektutan eduki eleanitzeko webgunea kudeatzeko oso baliagarria suertatu da. EIZIE elkartearen Eizie.org gunea ere, lau hizkuntzatan, DonEdukietan oinarritzen da hein handi batean.
DonEdukiaren ezaugarri nagusia da edukia paraleloan dagoela. 1. irudiak erakusten duen bezala, webguneko atal jakin batek duen izenburua lau hizkuntzatan toki berean editatzen ahal da. Irudi horretatik klik bat harantzago, edukia ageruko zen, hura ere lau alor editagarritan. Ondoren, adibidez, web mapa ikusten ari garelarik, hartan hizkuntza aldatzen badugu, batean agertuko zaigu euskarazko alorrean dagoen titulua, EIZIE elkartea
eta bestean 'L'Association' frantsesez ikuskatzen badugu.
1. irudia
Eredu honek ez du itzulpen edo zuzenketa prozesuaren gaineko kontrolik. EIZIEk izena aldatuko balu eta Fundazio bihurtuko balitz, webguneko atal horren editoreak Fundazioa jarriko luke euskarazko alorrean, baina frantsesez eta ingelesez zer egin? Hizkuntza horiek ezagutzen baditu (eta EIZIEn ez da falta jenderik, jakina) Foundation jarri ahal izango du, edo, ezin badu ordain zuzenik eman unean-unean, kontzientzian kargua geratuko zaio, itzultzaileren batengana jo eta ordaina aurkitu behar duela.
Prozesu hori, ordea, automatizatu nahi dugu. Editoreak dokumentuaren hizkuntza orijinalean aldaketa edo berrikuntza sartzen duenean (EIZIE elkartea --> EIZIE fundazioa bihurtu, adibidez), abisua jaso dezala itzultzaile batek, frantsesezko ordaina eman behar duela. Itzultzaileak, web bidez emango du ordain hori. Ondoren, beste abisu bat zuzentzaile batek gainbegiratua edo zuzenketa egiteko. Ondoren, again, beste abisu bat webmasterrari lana egina dagoela esanez, eta beste gainbegiratu batekin eduki berrikuntza sarean publiko egiteko... Prozesu hori, lanen katea, workflow bat da.
Honek hari enkargua, hark egin, eta beste batek ikusi, eta listo. Erraza dirudi, baina workflow honen atzean dagoen lan fluxua oso konplexua da. Ikus, adibide gisa, 2. irudian, lan hau egiteko burututako eskemetariko baten zati bat.
2. irudia
Webguneko objektuek (alor eleanitzak dituzten dokumentuak) status edo egoera desberdin ugaritan egon daitezke, itzultzaile edo zuzentzaile edo editore bakoitzak eginkizun desberdinak izan ditzake (gerorako utzi, orain aldatu, abisua pasa), eta egoera eta eginkizun bakoitzaren ondoriox fluxuak hartzen duen bidea ere (abisua honi, hari, besteari, eta abisuarekin batera material hau edo bestea pasatu itzulpenerako...) konplikatu egiten da.
5. Itzulpenaren lan-fluxu edo workflow-a: X-Flow
Fluxu konplexu horri erantzuteko, beraz, DonEdukia objektuaren belaunaldi berria edo bertsio hobetua diseinatu dugu, eta BilEdukia, Bilboko Edukia, jarri diogu izena, hobekuntza nabarmenen adierazgarri argia delakoan. Izatez, dena den, BilEdukia X-Flow proiektuaren barruan dagoen aplikazio edo dokumentu era jakin bat da. Proiektu osoari X-Flow deritzo.
BilEdukian, beraz, alor eleanitzak daude objektu-dokumentu baten bakoitzean, baina haietan edukia itzultzeko (edo zuzentzeko, edo ikuskatze editorialerako) bidaltzeko funtzionalitate gehigarriak daude (3. irudia). Era berean, itzultzaile jakin batek, abisu automatizatu bat jasotzen du, eta edizio pantaila berezitu batzuetarako sarbidea lortzen du, non testu orijinala ezin duen ikutu, baina bai, ordea, berari editatzea-itzultzea dagokion atala (4. edukia). Horiez gain, bertsioen kontrolerako aukerak ere badaude.
3. irudia
4. irudia
Aukera horiek workflow batean integratuta daude, eta horrez gain, benetako workflow baten ezaugarri oinarrizkoena betetzen du: Nagusiak nahi duenean, tranpa egin, eta urrats guztien gainetik igaro.
Laburbilduz X-Flow izendatu dugun workflow eredu honek honako urrats tekniko-editorial nagusiak kontuan hartzen ditu:
- Eduki orijinala gehitzen da / eraldatzen da BilEdukian eta editoreak aginduak programatzen ditu. Hau itzultzera, zuzentzera, editoreak berrikustera...
- Eginkizun zerrenda batean, zuzentzaile-itzultzaileek egitekoak ikusten dituzte: klikatu eta egin.
- Bertsioen kontrolerako interfazea
- Kontrol editoriala, aldi berean
Tresnaren ezaugarri nagusia, bestalde, web bidez lan egiteko prest dagoela da, Intranet zein web zabaleko inguruenean. Eredu hori, webguneen egiturari eta web orrien testu aldakorrari dago egokitua batik bat. Adibide batekin ilustratzeagatik: Erlezaintza Sailaren eginkizunen dekretua, behin argitaratzen da; baina Erlezaintza Sailaren webguneko aurkezpena, "hau eta hau egiten dugu", hilabetero aldatzen da. Itzulpen lan jarraia eskatzen du webgintzak, eta bertsioen kontrol zorrotza, dokumentuak ez direlako hiltzen argitaratzen direnean, berregokitzapenetara irekitzen baitira une horretatik. Dokumentu orijinalen sorkuntza ez da sekula amaitzen, eta haien zuzenketa eta itzulpena ere etengabea (izango) da.
Ezaugarri horrek, itzulpenak egiteko modua ere aldatuko du, administrazioa e-administrazio bihurtzen den heinean. Beharbada gaur egun itzulpen zerbitzu ofizialetan itzulpenak egiteko lan mekanika partikularrari baino, etorkizuneko mekanikari hobeto lotzen zaio workflow honen eredua.
Nolanahi ere, web-tresna izan arren, uste dugu X-Flowk balio duela ez bakarrik web-testuak editatzeko, baizik eta izaera aldakorra duten testuen itzulpenerako ere balio dezake: web tresna bat erabiliz, beste jomuga bat duten testuak itzultzeko tresna gisa, azken oinarri fisikoa papera izan daitekeelarik ere.
Gainera, X-Flow eta BilEdukiak ez dira prozesu elebidun eta norabide bakarrekoetara mugatzen. Garapen zehatz bat ezarririk, ez da zertan beti es>eu erako itzulpenetarako izango. Hizkuntza gehiago ere sartzen ahal dira, bi sartzen diren erraztasun berarekin, eta itzulpen, zuzenketa eta gainerako aginduak, hizkuntza horien artean nahi diren sorburu-xede pareak eginez bideratu daitezke.
Nolanahi ere, ikerketa eta garapen proiektu bat da, eta produktu osoa izan arte falta zaizkio gauzak. Esate baterako:
- Baimenen araberako ikuskatzeak / agindu bideratzeak. eu-en lantzen duen X itzultzaileak, bere zereginen berri daki, eta kitto.
- Abisu automatikoak e-postaz
- Bertsio pare onartuen gainean, alineazio automatikoa, eta memoria sorkuntza (aginduekin batera bidaltzeko modukoa)
- Berba kontaketa, aurrekontu kalkuluak
- Oro har, pantaila anitzen ugaritasun eta konplexutasuna sinpletu behar da, erabilgarriagoa izan dadin tresna.
Baina iritsi den puntura iritsira ere, I+G proiektu gisa, argitaratua dago X-Flow. Libreki erabil daiteke. Software lubrea da, horrek dituen abantailekin. Nolanahi ere, falta zaizkionak eta test sakonagoak egiteko, prest gaude Deustuko Unibertsitatea eta CodeSyntax garapen esperimentalekin saiatzeko han edo hemen, itzulpenen lan-fluxua antolatu nahi duen euskal erakunderen batekin.
Erreferentziak:
Sustatu berdiseinatzeko ideiak
Sustaturen diseinu berri baterako ideia batzuk. Adibidez: erantzunak, eskilaretan harilkatuta? ala erantzun-kate laua? ezkerreko zutabea edukia eskumakoa
ezkerreko zutabea, eduki zuhaitz gisa egituratu. Bi mailakoa, behintzat, atal hauekin.
Publizitatea - hau - bestea - estatistikak? - ... (gotzonek egoki irizten dizkion orriak eta azalpenak)
XML - Sustatu-ren feed-aren inguruan - Sustaturen titularrak zeure webgunean - Bloglines www.bloglines.com/public/euskaraz eta azalpenak
Honi buruz - Arauak - Kontaktu orria - Goiena (beste produktu batzuetara loturak) - CodeSyntax (beste produktu batzuetara loturak)
Parte hartu - Zeuk idatzi - Egutegian kargatu
E-postaz - Harpidetzeko orria - Harpidetzaren konfigurazioa
Tresnak - Sustatu PDA-n - Nabigatzailea euskaratu - ...
Denak klikableak eta edukiz hornituak egingo nituzke, atal-buruak eta atal-barruko edukiak. DonEdukien bidez egingo nuke. Testu egituratuarekin, eta ilustrazioak testu egituratuan egiten ditugun bezala. Bai Goienak eta bai CSk jakingo dugu horrela hori editatzen.
Goiko eskema horretan ez ditut pil-pilean
eta azkenak
loturak jarri, baina nonbait asmatuko genuke toki bat.
--------- Edukia. Portadan, edo sailkako portadan, oraingoa funtsean.
Albiste jakin batean. Erantzunak orain bezala eskilara-erako harilkatzearekin? ala harilkatze planoa denak jarraian? Nik bigarrena nahiago.
Harilkatze planoarekin, diseinu promozio aukera bat gehiago. Artikulu nagusiaren amaieran, eta lehen erantzunaren artean, lerro batzuetako tartea GoogleAds batzuekin. Zatarra, baina deigarria. Testu erako iragarki asko lortuko bagenu ere hori izan zitekeen toki bat.
---------- eskumako zutabea
Portadan. - testu erako iragarkiak - egutegia - babesleak (kromo bereziak)? (beharbada footerrean) - GoogleAds?
albiste jakin batekin: - testu erako iragarkiak? (agian Edukiaren barruan, artikulu eta erantzunen artean) - babesleak? (beharbada footerrean) - GoogleAds?
-- Goiburuan: - banner tipikoa orain bezala goiburuan.
Footerra: - euskalbannerra? nik uste dut ez dabilela oso santu... Kendu egingo nuke, eta kontaktu orrirako lotura utzi. - Babesleen kromo berezien tokia ere izan daiteke, eskumako zutabetik kenduta?
Beste kontu bat, argazkiak:
a) Ilustrazioak, bai ala ez? b) Ilustrazioak, bat artikuluko, ala aukera "maketatzeko" DonEdukietan bezala? c) Ilustrazioak portadan agertzekotan, nola?
Printze baten liburutegia
Txaskarrilluekin segitzeko, hona Felipe eta Letizia printze-printzesen etxetxo berriko liburutegia
Kontatu, kontatu liburuak, ja ja ja...
Eskerrak gastronomia kultura den, eta Arzakengana etorri diren euskal kulturaz bustitzera.
Faisan lumak eta miseriak
Rouco berriro protagonista. M-11ko hileta ofizialean esandakoak: "Nacionalismo exacerbado" delakoa salatu zuen Roucok orduan. Exarcebado hori sumindu bihurtuz euskaraz, Erlijio suminduak kritikatzea ahaztu zitzaiola aipatu zuen Amatiñok Deiako artikulu batean eta Eibartarrak zerrendan. Oraingoan, "lujo exarcebado" edo "pribilegios exacerbados" edo antzekorik ez zuen aipatu Roucok (ez dakit adiera hauetan sumindu
kalifaktiboak balio duen). Eta horiek ere izango dute, munduko terrorismoetan zerikusiren bat. Harrokeria koloniala eta aristokratikoa, eta zapalduen miseria: alderaketa hori agerikoegia da. Eta hain urrutira joan gabe ere, sozialista berri hauek, benetan, irudi tristea ematen... Zapateroren oso gertuko bat bada, Trinidad Jimenez, alkatetzarako porrot egin zuen Gallardonen pare. Joan den astean ikusi nuen saltoka Gallardon besarkatzen Olinpiaden hautagaitzan oraingoz aurrera doalako Madril. Eta gero, ezkontzan ere ikusi nuen (begira egon nintzen TB-n, bai), buruan faisan lumak edo nik zer dakit zeramala... Bitartean, Eibarren zinegotzi sozialistak bizkarzainekin dabiltza ezinbestean. Batzuen faisan lumak eta hemengoen egoera, hori ere alderaketa latza, patetikoa, egiten zait, eta honetan Roucok ez dut uste zerikusi askorik daukanik. Beste norbaitek hartu beharko luke erantzukizuna. Baina Espainiak ondo funtzionatzeko, España va bien esateko, telebistatik "ondo emateko", ez da behar hemengoa konpontzerik. PP-k bazekien hori, eta PSOEk ere badaki, tamalez.
Eibartarrak zerrendaren eboluzioa Yahoo atzean utzirik
Interneteko euskal zerrenda beteranoetako batek, helbidez aldatu dugu. Eibartarrak zerrendak Yahoo Groups utzi du, eta software libre eta euskaldunera igaro da, Postaria.com zerbitzura. Era berean, Gmane eta Google Groups 2 zerbitzuen aukera osagarri batzuz baliatzen da zerrendaren antolakuntza berria. Duela sei urte pasa, 1998ko apirilean, sortu zen Eibartarrak zerrenda. Orduan, Makelist zeritzon sistema doako batean jaio zen euskarazko zerrenda hau. Ondoren, zerbitzu hura eGroups bihurtu zen, eta gero, Yahook eGroups erosi zuenean, Yahoo Groups bilakatu zen zerrendaren kudeaketako oinarria.
Kudeaketa hori, eta harpidedunek jasotzen zituzten mezuak, erdaraz izan dira orain arte (ingelesez edo gaztelaniaz), eta publizitatez hornituak zeuden. Orain, Postaria.com zerbitzuan, mezuak eta argibideak euskaraz dira osoki, eta ez dago publizitaterik. Postariak software euskalduna eta librea du oinarri: Mailman zerrenda-kudeaketarako sistema.
Yahoo Groups-en 8000 mezu baino gehiago trukatu ziren Eibarnauten artean. Sistema berrian ere, bizi-bizi jarraitzen du mezu trukeak. Ez bakarrik Eibarko jendea, inguruko internautek ere hartzen dute parte zerrendan. 90 bat harpidedun dira gaur egunean. Jarduna euskaraz da zerrenda honetan, eta ez da partaidetza anonimorik onartzen.
Zerrendaren oinarri aldaketarekin, artxibo berriak ere estreinatu ditu Eibartarrak-ek. Danimarkan antolatu duten Gmane zerbitzu interesgarria baliatu dugu horretarako:
- http://news.gmane.org/gmane.culture.language.basque.eibartarrak/
- artxiboan bilaketak egiteko aukera majoa dago. Yahoo Groups-en bilaketa aukera oso murriztua dago azken aldi honetan: termino konbinazioetarako ez dago aukeratik, eta azkenetatik hasita, mezuetan dozena batzuk besterik ez ditu arakatzen. Aspaldikoak aurkitzeko, ikaragarrizko pazientzia behar da.
- Usenet-eko berri-talde gisa irakurri daitezke mezuak orain, gainera: gmane.culture.language.basque.eibartarrak
- Gmane-k aukera ematen digu Yahoo Groups-en utzi ditugun 8000 mezuak berreskuratu eta artxibo berrira ekartzeko. Ez dugu hori egin oraindik, baina aukera teknikoak aztertzen ari gara.
Horrez gain Google Groups 2 Beta zerbitzu berriaren aukera osagarri batzuk baliatuz, Eibartarrak zerrendak orain XML feed bi ditu (Atom formatuan, RSS edo XML feed-en edo albiste-jarioen irakurgailu batekin jasotzeko berritasunen berri):
- Hariaren arabera - XML (haria hasten duten mezu nagusiak bakarrik)
- Mezu guztiak - XML
Zerrendan parte hartu nahi baduzu, hemendik duzu sarbidea.
Eibartarrak zerrendaren ardura Eibar.org Eibarko Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkarteak dauka. Eibar.org webguneak ere merezi du berrikuntza bat honezkero, zerrendak izan duen bezala. Hori ere laster iritsiko dela espero dugu.
Fernando Pessoa eta Interneteko txakurra: troll bat sartu da Sustatun
Troll bat sartu da Sustatura, Iban Zaldua eta Xabier Mendigurenen artean adostu/idatzitako liburu promozio baten harira, jendea molestatzera. Fernando Pessoa ezizena erabili du. Nik erantzun egin nion, honela:
Ba idatzi zuk gustuko dituzun liburuen berri, eta "Zeuk idatzi" aukeran klikatu.
Interneteko txakurrarena badakizu, ezta? fernando pessoa ezizenarekin sinatzen zuen txakur bat bazegoen, eta bere lagun txakur bati esan zion behin etxean:
- Interneten inork ez daki txakurra naizela eta Pintto dela nire benetako izena.
Eta beste txakurrak erantzun zion:
- Baina denek dakite tontoa zarela.
***************************
Interneteko txakurrarena ez da nik asmatua, noski. The New Yorker aldizkarian azaldu zen Interneteko prehistorian, 1993an. Mezu honekin pegatu dut irudia.
Pessoa delakoak bere kexuetan esaten den guztia kaka besterik ez da: totxoak idazten direla, Interneteko copypastearen kalitatea, anonimotasunaren inguruko filosofaldiak, errespetuaren arauena. Dena gezurra, dena kaka. Zera da asunto honen egia, benetako koxka: troll bat da hori. Troll bat da Interneteko foro edo halakoren batean "joditzeko" helburuarekin sartzen den bat. Batzuetan, sartzeko unean forma konstruktiboak erakusten ditu, baina bere asmoa suntsitzea da. Kasu honean troll-aren helburua da:
- Sustatu bera eta han jendeak egiten dituen aportazioak zapuztea
- edo, beharbada, Elkarren liburu promozioa eragoztea Sustatun
Baina helbururako jomuga taktikoa ez da Sustatu. Jomuga dira Iban Zaldua edo Xabier Mendiguren. Taktika da lagun horiek akojonatzea, horiek beldurtzea ez daitezen ausartu erreseina edo totxo gehiago bidaltzen. Hau ere oso teknologikoa da, oso Internetekoa: FUD taktika esaten zaio. FUD = Fear, Uncertainty, and Doubt.
Fear: Zaldua edo Mendiguren kikildu.
Uncertainty: argudio guztiak (totxoak, copypastearen kalitatea eta filosofia...) despisterako gezurrak besterik ez dira.
Doubt: anonimoarekin berriketan, nor ote? ezagutzen ote dut?
Errespetuarena, jakina, pertsonei aplikatzen ahal zaie. Fernando Pessoa ez da pertsona bat, ex-pertsona bat da, Monty Pythonen loroa baino hilago dago. Pintto txakurra da. Eta troll bat troll bat da.
Leikedogu eta Aldási
Eibartarrak zerrendan jarraitu dugu euskeranto berriaren aditz-formekin jolasean. Leikedogu, leikedot... Elena Laka abokatua Bergaran bizi da eta diosku: "Leikedot" umeen artekoa da (nik Taliban lanak egiten dittut neuriarekin ikastolatik bueltan batzuetan horrelako batek ihes egiten detsanean). Eta nik Elenari: Ai, Elena, nere umiak leikedot
esango baleu poztasun apur bat emongo zestan bihotzian... Donostian beste zeozer pasatzen jakue potentzialei. Lenguan esan netsan. - Bueno, amaittu dira marrazki bizidunak, afaltzera orain. - Ez aita! Aldási! - Zer? - Aldási aita, aldási berriro sintxan. Osease: Ahal da hasi. Ahal da hasi berriro Shin-chan. Gitxienez eibartarra balitz aditz trinko bat erabiliko leuke. Baina hemen Donostian, Ikastolako ume guztiak Al-kaedakuak dira. Aldá etorri, aldá egin hori... Eta andereñuak, bardin.
Euskeria hobeto zaindu leikedogu
Eibartarrak zerrendan izan da. Nik beste eibarnauta bati, Elizian
erabili dabelako: "zaindu euskeria, Muqtada." Eta gero nik neuk: "alkatiak ezkondu ZESKUAN".
Amatiño eta Leire atento ibilli dira jokaldira. Eskerrik asko zuzenketiagaittik. Denon artian, euskeria hobeto zaindu leikedogu.