Ondare publikoa babestu eta biderkatu copyleftari esker
Ondare publikoa edo erakunde publikoek sortutako ondarea babesteko neurria ere bada copyleft-a.
BBCk Creative Commons lizentziak erabiliko dituela irakurri ondoren idatzitako haurnarketa bat.
Ezagutza biderkatzen du, kopiak biderkatzeko ahalmena ematen duzulako, eta normalean lizentzia hauek lan eratorriak ere lizentzia berdinarekin egitera behartzen duzularik, hori ere ezagutza biderkaketa bilakatzen da.
Euskal Herrian ondare publikoa behar lukeena, ordea, ez dakigu norena den. Euskalterm publikoa omen. Baina ez dago osorik jaisteko moduan. Banan-banan termino guztiak eraitsi eta CD bat aterako banu nik gehikuntza batzuekin, legea hautsiko nuke? ez dakigu, ez digu esaten ezer Jaurlaritzak edo UZEIk.
Susak ere Intza proiektuko lokuzioak atera ditu. Publiko izendatu ditu, baina ez dakit eskubiderik ote dudan, horrekin, haiek denak CD batean pegatu, eta Eibarko esamolde batzuekin batera 1000 aleko edizio bat egiteko, demagun herriko aldizkariarekin banatzeko, karatulan babesle baten propagandarekin...
Lizentzia libre batek babestuko balu Intza proiektua, beharbada nik eskubidea nuke CD hori egin eta baita harekin negozioa egiteko ere (karatulako propagandarekin), baina aldi berean jatorrizko sortzaileak aipatu beharko nituzke, eta lizentzia berarekin banatu ere: nik hartan gehitutako Eibarko esamoldeak ere, efekto biralaren ondorioz, libreak lirateke. Eta CDaren jasotzaileek, eskubidea lukete, are kopia gehiago (eta ahal bada, eduki hobeekin) egiteko.
Aldiz, inork ezingo luke material hori beste batzuek egiten dituzten CD-ak bezalako batean sartu, non edukia, jada, copyright batekin giltzapetua dagen, eta ez dagoen kopiatzeko eskubiderik.