Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Haplotaldeak eta ahaideak [geno-4]

Luistxo Fernandez 2014/05/20 20:05
Gaurko kapituluan, zuhaitz kladistikoak, haplotaldeak eta ahaidetzaren inguruko azalpen tekniko samar batzuk.

Genographic testarekin jakiten duzun datu nagusia zure haplotaldeak zein diren da: matrilineala eta patrilineala (bi, gizonezkoen kasuan, emakumezkoen analisian bakarrik matrilineala jakiten da). Haplotalde bat da, arbaso komun baten aztarna genetikoa daraman talde bat da. Milaka arbaso ditugu, eta haien guztien geneak ditugu, baina aztarna genetiko finkoak Y kromosomakoak eta mitokondrietakoak direnez, bi haplotalde motaz mintzo gara egiazki.

Aztarna genetiko horietan, mutazio bat gertatzen denean, azpi-haplotalde bat sortzen da. Horrela, haplotaldeak zuhaitz kladistiko baten eran antolatzen dira. Eboluzioaren zuhaitza ere, gaur egunean, horrela antolatzen da, animalia "moten" arabera baino gehiago, genetikaren arabera.



Ugaztunen zuhaitz honek erakusten du, adibidez, primate gisa ahaide hurbilagoak ditugula saguzarrak elefanteak baino.

Hala ere, haplotaldeen zuhaitzak, itxuraz antzekoak diren arren, esanahi desberdina dute. Ikus dezagun haplotalde mitokondrialen zuhaitz hau:



Ni, amaren partez, X2c taldekoa naiz, eta hortaz, ahaide hurbilagoa naiz X2a taldeko indiar amerikarretik? Ez. Saguzaharrak eta primateak bagara ahaide hurbilagoak, elefanteekin alderatuta, baina kasua ez da berdina haplotaldeekin. Eboluzioaren zuhaitz kladistikoan, populazioen genetikaz ari gara; haplotaldeen zuhaitz kladistikoan, pertsona indibidualen genetikaz ari gara, lerro matrilineal edo patrilinealen arabera transmititu diren gene zehatz batzuez.

Haplotaldea, modu figuratuan, leinu bat bezala ikusi daiteke. X2 leinukoa naiz, amaren partetik, eta euskaldunen %1 bakarrik omen da leinu horretakoa. Aldiz, Ojibwa indiarren artean, %25 dira X2koak. Horrela esanda, benetan harritzekoa dirudi eta, euskaldun euskaltzale indio samar bat naizen aldetik, harrotasun puntu baterako eman dezake... baina gauzak kontestuan jarri behar dira.

X2 izango naiz, baina horrek ez du esan nahi amaren aldetik lehengusu hurbilagoak ditudala Ojibwa indiarrak, euskaldun gehienak baino. Alderantzizkoa da egia: euskaldun gehienen ahaide zuzenagoa naiz, dudarik gabe, Amerikako indiarrena baino.

Kalkulu matematiko batzuk, Urkullu lehendakariaren ahaide ote naizen jakiteko


X2 markatzaileak adierazten du amaren amaren amaren lerroa... Lau 8 birraitona-birramona dauzkat, eta batengandik bakarrik jaso dut DNA mitokrondiala. Birramona hura zen X2 leinukoa, eta beste 7 arbasoak ba, ez dakit, estatistikoki aukera gutxi izatekoak, eta izan balira ere, haiengandik ezin jaso mitokondriak, iturri bakarrik baitatoz gene horiek, lehenago azaldu dudan bezala.

Egin dezagun matematika: 3 belaunaldi atzera joan, eta 2^3 (2 ber 3) arbaso ditut, 8 pertsona, eta 8ek pasatu didate arrasto genetikoa eta ahaidetza, baina bakarrak DNA mitokondriala eta X2 leinuaren marka. Egin dezagun atzera, 20 belaunaldi demagun, 500 urte edo, 1500 urteraino edo. 20 belaunalditan, esan nahi du nire arbasoak izan behar direla 2^20 (2 ber 20), hau da, 1.048.576 bir-arbaso. Ondo pentsatzen badugu, hau ez da posible: zuhaitz genealogiko horretan, lehengusu urrunen arteko parekatzeak egongo ziren (lehengusu hurbilenak ere bai, auskalo) eta izatez, askoz pertsona gutxiago izan behar dira, seguruenik, milioi hori baino.

Zenbat, ez dakit, populazio-genetista batek akaso kalkulu zehatzagoa izango da, baina demagun bakarrik 20.000 lagun direla benetan, garai hartako nire arbasoak: 1500. urtean bizirik zeuden 20.000 lagunek utzi dituzte geneak nigan. Igual oso zenbaki okerra da, baina utz dezagun, ariketa azaltzeko. Gauza bat dago argi, ordea, 1500. urtean bizirik zeuden pertsonen artean, bakarra da amaren aldeko amama matrilineala benetakoa, pertsona bat bakarra, eta haren X2 leinuko DNA mitokondriala da nik daukadana, emakumezko bakar horrena.

Orduan, nire ariketa hau errepika bedi beste edozein euskaldunekin. Adibidez, Urkullu lehendakaria. Seguruenik ez da X2 leinukoa (estatistikoki oso aukera txikia da). Baina 1500. urteko bere arbasoei begiratuta, bere  1.048.576 bir-arbaso potentzialetatik, 20.000 lagunera egindako murrizketa egingo bagenu, seguru-seguru bere jatorri bizkaitar horretan eta neure amarenean, kointzidentzia asko egongo direla. 1500. urtean Bizkaian bizi ziren pertsonen artean, estatistikoki oso posible da arbasoren bat izatea neuk eta Urkulluk. Hori bai, bere birramama matrilineala, seguruenik ez dator neurearekin. Hortxe dago koxka.

Hortaz, berriro begiratuta haplotaldeen zuhaitzari, irudiak adierazten duena hau da: amaren amaren amaren lerro matrilineal zuzenean, super-amama komun bat dugula x2c-ko guztiek. Eta X2c super-amama hori, benetan esistitu zen pertsona bat izan zela. Era berean, x2c super-amama (euskaldunen %1arena edo) eta x2a super-amama (Ojibwa indiarren %25arena), biak dira ondorengo zuzenak (matrilinealki), X2 taldea definitu zuen beste super-amama batenak. Euskaldun gehienon lerro matrilinealek N super-amaman egiten dute bat, duela 70.000 urte inguru.



Haplotaldeen zuhaitzean letra edo bifurkazio bat ikusten dugun bakoitzena, benetan esistitu zen pertsona baten aztarna erreala dagoela jakin dakigu, genetikatik, eta azken batean, denok gatozela Eba mitokondrial batengandik, duela 200.000 urte inguru bizi izan zen hiper-amama haren ondorengoak garelako gizaki guztiak.

Baliteke, Europako haplotalde mitokondrialen grafikoari begiratuta, Urkullu eta bion super-amama matrilineala N pertsona hori izatea. Ojibwatarrekin dudan super-amama komuna, aldiz, X2 (dudarik gabe hala da, Genographic-eko datuen arabera) agian duela 20.000 urtekoa da. Auskalo, beharbada Urkullu ere X2 taldekoa da. DNA analisatzera gonbidatzen dut hemendik.

Orain artekoak:

1. DNA analisatu dudala

2. Nola egin Genographic testa.

3. Nire zortzi deiturak, eta zer espero nuen.

Sei abizen euskaldun, eta bi erdaldun [geno-3]

Luistxo Fernandez 2014/05/15 20:55
Kapitulu honetan azaltzen dut ze espektatiba nituen, familia eta abizenak ezagututa. Jatorriaren nondik norako jakin bat jasotzea espero nuen, gutxi gora-behera. Emaitza ikusirik, sorpresa hartu dudala ikusiko duzue, baina paradoxa azalekoa da bakarrik, azaltzen saiatuko naizenez.

DNA analisia egiteko orduan, zertxobait espero nuen, aitaren eta amaren abizenengatik... Lerro matrilineala eta patrilineala aztertzen direnez nagusiki, gure aita eta amaren jatorri desberdinaren arrastoa espero nuen aurkitzea. Emaitzak pixkat paradoxikoak izan dira alde horretatik.

Hauek dira nire zortzi deiturak: Fernandez Ostolaza Zubimendi Sarasua Rubio Egaña Ibartzabal Arrate

Aitaren lerrotik datorkigu Fernandez, eta amaren partetik Ostolaza, nahiz eta, jakina, amaren deiturak ere maskulinoak diren azken batean. Hala ere, amaren amaren amaren aldetik, ez dugu zalantza handirik: Mallabiako zen ama, eta haren ama ere bai (amaren aita Ostolaza Itziarren jaioa zen: Gipuzkoako kostan zabaldua dago deitura hori, Ostolaza). Guk dakigunagatik, lerro matrilineala Oiz mendiarne inguruko Bizkaia baserritar, barnealdeko eta erabat euskaldunean kokatzen da.

Aitaren Fernandez eta Rubio horiek berriz... Aita Elgetan sortu zen, eta haren aita, gure aitita, izen espainol petokoa genuen: Agustin Fernandez Rubio. Izen espainola, baina Bergaran sortua eta euskalduna. Haren gurasoak ziren "kanpotarrak" eta, ustez, erdaldunak nahiz eta litekeena den euskara ikasiko zutela. Kanpotik etorritako maisu-maistrak ziren, aititaren ama Teresa Rubio Aragoikoa, eta aita Fernandez, uste dugunez arabarra. Arabar erdaldun eta Fernandez horretan amaitzen da nik dakidana letro patrilineala eta uste du gu familian, nolabait, ba "beheragotik igotako" Fernandez batzuen ondorengo izango zela hura, Espainiatik edo bederen Gaztelatik datorrela Fernandez izen hori. Fernandez de Zeozer formula arabarrekoa ere ez baita izena.

Orduan, bada, aitaren lerro patrilineala eta Y kromosomaren analisiak arrasto hegoaldetar eta espainol bat emango zidala uste nuen. Eta amaren lerro matrilinealetik analisatutako DNA mitokondrialak emango zigula zerbait autoktonoa eta euskalduna.

Eta hartutako sorpresa izan da, aitaren partetik, R1b haplotaldekoak garela, eta azpi-adar batekoak gainera, non euskaldun tipikoen ar/gizon gehienak sartzen diren (!). Eta amaren aldetik, berriz X2c talde exotikokoak garela.

Hona pare bat mapa, batak R1b taldearen azpitalde bat erakusten du (nire DNA hor sartzen da), eta X talde matrilinealaren mapa, izatez, are dispertsoagoa litzateke, baldin murriztuko bagenu nire DNA mitokondrialaren X2c taldera.



Paradoxa azalekoa da, egiazki

Hala ere, datu eta mapa hauek eragin didaten sorpresa eta paradoxa efektua, egiazki, azalekoa da. R1b euskaldunen artean hedatua dago, baina inguruan ere bai, Europako Mendebalde osoan dago zabaldua eta gure azpitaldea, berezikiago, Iberian eta Gaskoina aldean ere bai. Alegia, normala dela euskaldunak R1b izatea, eta baita ere, oso normala dela espainolak R1b izatea. Normala eta, areago ere esan daiteke, tipikoa ere bai, bi kasuetan.

Amaren aldetik ere paradoxa azalekoa dela uste dut: gutxiengo baten haplotipoa da X2C, baina %1 edo %2 baten markatzailea izan bada. Gutxi gara, baina bagara, eta zantzuak daude, gainera, aspalditik dagoela adar hori Euskal Herrian.

Hurrengo kapituluetan haplotaldeen saltsan sartuko naiz, aitaren eta amaren haplotaldeetan ikerketa egiten ari naiz, eta datuak bildu ahala joango naiz argitaratzen.

Orain artekoak:

Nola analisatu DNA Genographic proiektuan [geno 2]

Luistxo Fernandez 2014/05/13 18:20
Sorta honetako bigarren kapitulu gisa, Genographic analisiaren alderdi logistikoa azalduko dut.

Edozeinek analisatu dezake bere DNA, ordainduta, jakina. Adi, ez da merkea: 200 euro, biribilduta.

Kit bat erosi behar da National Geographic-eko sareko dendan, Europarakoa, zehazki. Aste pare baten buruan etxera iritsiko zaizu. Ireki, instrukzio labur batzuk ingelesez (grafikoekin), informazio orokor apur bat, eta eskuila txiki bi, flasko birekin.



Aho barruan, masailaren barruan eskuilarekin gogor eraginda, horrela lortzen da DNA. Bi eskuila daude, ezker eta eskuin egiteko eskatzen baitizute. Beraz, masail-barru bakoitzean eragin, eta eskuilaren muturra flaskoan sartu (beste ertzetik sakatuta, punta askatu egiten zaio). Bietako batean odola irten zitzaidan apur bat ("energikoki" egiteko esaten zuen instrukzioetan), eta lagina gorrituta joan zen horrela. Suposatzen dut kalterik ez zuela egin, odolean ere DNA baitugu, eta emaitzak lortu, lortu ditut. Baina tira, bi lagin hartzen badira badaezpada izango da. Prozedura honetan Lili alabaren laguntza preziatua izan nuen, eta interes bizia piztu zitzaion kontu guztiarekin, baita orain ere emaitzekin.

Flaskotxoak itxi, eta kit-ean jaso duzun gutunazal batean sartu behar dira. Texaseko helbide bat jarrita dauka han, eta hara iritsiko da postatik bidaltzen duzunean. Nik bidalketa arrunteko seiluak ordaindu nituen eta iritsi zen.

Kit-ean kode bat ere badago, eta kode horrekin Genographic webgunean konektatzen ahal zara. Hala egin nuen, baina jakina, emaitzarik ez zegoen hasieran. Halako batean, abisua, jaso zutela. Hurrengoan, DNA isolatu zutela. Gero, analisatu zutela eta azkenean, kontrol-test bat gainditu ondoren, txostena. Bost edo sei aste joango ziren horretan.

Emaitzak, beraz, Interneten dauzkazu, zure kodearekin sartzen zarelarik, deskargatzeko. Batetik, halako txosten labur bat jasotzen duzu, irudi batzuekin, eta baita CSV fitxategi batzuk, ze elementu analisatu dizkizuten eta ze emaitzarekin zehazten dutenak.

Gainera, emaitzak aberastu edo aldatu egingo dira denborarekin. Ondo ulertu badut, analisi genomikoan dakiguna hazten ari da denborarekin. Hain zuzen ere, analisi hauekin, lagin gehiago dauzkate, eta talde eta azpitaldeen historia genetikoaz gehiago dakite. Zenbat eta gehiagok egin testa, orduan eta emaitza hobeak. Horregatik, gaur egun baino gehiago jakin ahal izango dut, agian, sei hilabete barru itzultzen banaiz nire emaitzen analisi-orrira.

Baina bueno, hurrengo kapitulurako ez dut sei hilabete itxoingo, orain dakidanakin jarraituko dut hemen.

Oharra (emakumezkoentzat): zure DNA analisatu nahi baduzu eta emakumezkoa bazara, pentsatu pittin bat. Baduzu nebarik? Lehen kapituluan azaldu bezala, amaren jatorri genetikoa jakin daiteke DNA mitokondrialetik, eta hori denok dugu, gizonezko zein emakumezkook. Ostera, aitaren aldeko jatorri genetikoa bakarrik jakin daiteke Y kromosoma dugunon DNAtik, ar edo gizonezkoengandik. Horregatik, emakumezkoa bazara, nebaren DNA aztertuz gero, zeurea aztertuta baino datu gehiago jakingo duzu. Ez baduzu nebarik, baina semea baduzu, orduan jakingo duzu zure jatorri matrilineala (semeak zure DNA mitokondriala daukalako) eta baita zeure ume horren aitarena. Haur baten DNA analisatzea posible da, dokumentazioan ontzat ematen duzula sinatzen duzu eta kito. Jatorri patrilinealak ez badizu inporta, ahaztu gomendio hau.

Oharra (euskaldun alfabetatuentzat): Lehenengo kapituluan ADN eta ADNaz jardun nuen lehen bertsioan. Euskaraz DNA esan eta idazten da, eta artikulua duenean ere, berdin, DNA. Zuzendu dut hura, eta aurrerantzean ondo idatziko dut.

Genographic proiektuan DNA aztertu dut :-) [geno-1]

Luistxo Fernandez 2014/05/12 16:50
Nire DNA aztertu dut National Geographic institituaren Genographic proiekturako. Emaitzak ulertzeak denbora hartuko dit, eta blogean argitaratuko dut pixkanaka ikasten dudana, kapitulu desberdinak idatziz.
Genographic proiektuan DNA aztertu dut :-) [geno-1]

Amaren amaren amaren X leinua!

Genographic proiektua giza-populazioen jatorria ezagutzeko proiektu bat da, National Geographic erakundeak bultzatua. Test bat egin dut, eta emaitzak jaso ditut. Emaitza horiek ulertzeko gauza gehiago ikasi behar dut orain, eta artikulu batzuen bidez dokumentatuko dut hori nire blogean.

Lehenengo eta behin, saiatuko naiz azaltzen zer den Genographic-ek aztertzen duena.

DNA aztertzeko test bat da Genographic-ena. Etxera bidaltzen dizute kit txiki bat, instrukzio batzuekin (ingelesez), eta bi lagin itzuli behar dizkiezu postaz Estatu Batuetara. Handik bi hilabetera edo, emaitzak jasotzen dituzu sarean.

Batez ere, bi gauza aztertzen dira: pertsonaren jatorri patrilineala eta matrilineala. Gizonezkoa bazara hori; emakumezkoa bazara, matrilineala bakarrik. Bereizketa hau inportantea da ulertzeko, aztertzen den material genetikoarekin oso lotuta baitago.

Pertsona baten DNA bere bi gurasoen kromosometako geneen nahasketa bat da. Geneen erdiak amarengandik jasotzen ditugu, beste erdiak aitarengandik. Eta nahasketa aleatorioa da. Baina badaude bi DNA eremu non ez dagoen nahasketarik, Y kromosoma eta DNA mitokondriala.

  • Y kromosoma da (batzuk) ar egiten gaituen kromosoma. Gizonezkook bakarrik dugu Y kromosoma, ez emakumezkoek. Eta aita batek semeari pasatzen dio, aldaketa eta nahasketarik gabe. Hau da, nire Y kromosoma aitarengandik jaso dut, eta hark bere aitarengandik, eta horrela, aitaz aita...
  • DNA mitokondriala, berriz, zelulen barruan dauden mitokondria elementuetan dago, eta ez dago lotuta berez 23 kromosomen gizakiaren informazio genetiko orokorrarekin. Gauza da, mitokondrien DNA transmititzen dela osoki amaren bitartez, ez da nahasten. Hortaz, amak eman dit niri DNA mitokondriala, eta amari amamak eman zion, amaz ama transmititzen da hau.


Konbinazio edo nahasketarik gabe transmititzen dira beraz DNA zati espezifiko horiek. Ez dira eraldatzen belaunaldiz belaunaldi ez bada mutazio aleatorio bat gertatzen dela une jakin batean. Honek ondorio interesgarriak ditu. DNA, azken batean, kode bat da, kate luze bat non elementu batzuk konbinatzen diren, zehatz esateko lau nukleotido, bakoitza letra batekin azaldu ohi dena (G, C, T, A). Pentsa daiteke DNA zati bat dela esaldi luze bat, lau letrako alfabeto batez idatzia. Adibidez:

...TAGCGTTAAAAAAGTCAAGAAATCACAAGAAAACATTGGTTCTAAATTAGCCCTCGTCATGAAGAGTGGTAAATCCCAATTAGGTTA...

Testu bat dugu, azken batean, hor goian. Testu horretan, mutazioak puntualak dira, une jakin batean letra bat aldatu egin daiteke ausaz, eta harrezko haren umeei ere transmititu egingo zaie aldaketa. Demagun, aitita Albertok kode hau zuela:

AAAA

Baina seme bakarra izan zuen Albertok, eta AGAA mutazioa pasatu zion Gorka semeari. Gorkak, berriz, bi seme izan zituen, Gaizka, zeinak AGAA sekuentzia jaso zuen bere geneetan, eta Toribio zeinak, beste mutazio baten ondorioz, AGTA sekurentzia daraman.

Lau letrako sekuentziak izan beharrean, izan kontuan milioika karaktereko sekuentziez ari garela, eta hortaz, zaila dela mutazio bat toki berean gertatzea aurreko egoerara itzultzeko (nahiz eta posible den). Kontua da, mutazioen akumulazioa ondorengontzan ikusi egiten dela, eta AGTA sekuentzia duten guztiek, arbaso komun bat dutela, Toribio. Izatez, AGAA sekuentzia dutenen ahaide ere badira, baina aurreko belaunaldi batean, sekuentzia askoren konparaziotik ikusten baita lehenbizi gertatu zela AGAA mutazioa, eta ondoren AGAA-ren ondorengoen artean, batzuetan ikusten dela AGTA mutazioa.

Mutazio zaharrenak datatu dira horrela, eta era berean, segurantzia osoa dago, AGTA mutazioa duten guztiak direla, aita-seme oinordekotza maskulino zuzen batean, Toribio haren ondorengo, eta haren aurretik, halaber, Gorkaren ondorengo direla, eta lehenago, Alberto lehen patriarkaren ondorengo garela. DNA mitokondrialaren azterketaren arabera, adibidez, jakin dugu, benetan, denok garela, amaren-amaren-amaren arbaso lerroan, benetan Afrikan duela 100.000 eta 200.000 urte artean bizi izan zen emakume batengandik.

Eta, nagusiki, horixe aztertu dut nire DNAn. Hurrengo kapitulu batzuetan gehiago detailatuko dut, baina, aurreratzeagatik, amaren-amaren-amaren partez, X2 taldekoa naiz, Ipar-Amerikako Lakota/Sioux populazioaren %15 bezala (baina euskaldunen %1 edo %2 bakarrik, nonbait, gara halakoak). Beste modu batean esanda, Ekialde Hurbilean duela 22.000 urte bizi izan zen super-amama (benetako pertsona erreal bat, kontuan izan) baten ondorengo zuzenak garela (amaz amako lerroan) bai Lakota horiek eta bai neu.

Izotza ezagutu

Luistxo Fernandez 2014/04/18 09:02

Prentsan agertua, ama baten adierazpen estupidoak idazteko ohitura duen alaba bat duela eta... Eta Gabriel García Márquez hil da. Pentsakizun bat bi kontuak lotuz:

Ez da erraza nerabe izatea. Eta guraso izatea ere ez. Gaur gogoratu naiz nik teenager bat nintzela irakurri nuela Cien Años de Soledad. Eta Borges eta Cortazarren ipuin konpletoak ere. Inolaz ere ezin dut asmatu nola lortuko dudan nire seme-alabek halako bide bat jarraitzea. Galdutako aukeratzat daukat. Eta hala ere, sozializazioak ere izugarri kezkatzen gaitu gurasoak, eta notak eta ikasketak... Nik ere nahi nuke gogoratu nazatela etorkizunean, izotza ezagutzera eroan zituenean aitak, gogoratu dezatela arratsalde hura. Baina ez nago seguru non dagoen izotz magiko hori, edo niretzat magikoa izan daitekeena zer iruditu dakiekeen umeei.

Jose Luis Fernandez Zubimendi (Elgeta 1922 - Eibar 2014).

Luistxo Fernandez 2014/02/24 20:35
Gure aita, Jose Luis Fernandez Zubimendi, gaur hil da Eibarren, 91 urterekin. Zertzelada batzuk bere bizitzaz.
Jose Luis Fernandez Zubimendi (Elgeta 1922 - Eibar 2014).

Jose Luis Fernandez Zubimendi, 1998an

Elgetan jaio zen gure aita, Jose Luis Fernandez, 1922eko martxoaren 19an. 91 urterekin hil da beraz. Duela gutxi agertu zen medioetan, egun berean jaio zen beste pertsonaia bat, 2. mundu gerrako azken gerlaria (esan nahi baita, borrokatzen jarraitu zuen azkena), Hiroo Onoda tenientea. Hori ere aurten hil da, 91 urterekin. Albisteei erreparatu nionean fijatu nintzen bere jaiotzaren data bitxian, San Jose egunez, 1922 hartan jaio zelako gure aita ere.

Onoda tenientea ez bezala, gure aita ez zen sekula gerlari izan, eta ez zen errenditu, beraz. Eskopeta izan zuen, bai, kazaria izan zelako, baina afizio hori zorionez berarekin desagertu da familian. Gerra bizi izan zuen, bai, eta bera gazteen agertzen den argazkia Durangoko bonbardaketako hau da. Ez zaio igartzen, baina hor dago, Ezkurdi plazan, 15 urte bete berritan, 1937ko martxoaren 31n. Argazki hau duela gutxi ikusi zuen gure aitak. Hondakinen artean jaiki zen bonbardaketa igarota, zauri barik.

Gerra arte Elgetan bizi izan zen. Panaderokua etxean jaiotakoa zen, aita zuen Agustin, grabatzailea (Bergaran sortua), eta Juanita Zubimendi plasentziarra (gaur soraluzetarra). Gerran etxea galdu zuten, eta errefuxiatuta ibili ziren batetik bestera. Beste bonbardaketarik ere jasan zuten, adibidez Zaramillon (Bizkaia), baina aita ez zuten berriz hegazkinek sekula herrian harrapatu: hegaldietarako eguraldia bazegoen, Durangokoaz geroztik, basoan igarotzen zituzten eguna berak eta anaiek (Jose eta Miguel, biak sozialistak, gure aita ez bezala).

Aitita-amamak Errusiara zuzendu behar zen untzi baten zerrendan apuntatu zuten aita 1937ko udaberri hartan. Zorionez, Bilbo lehenago jausi zen, eta untzia galdu zuen. Gerra amaituta, beraz, Elgetara itzuli ziren eta ia etxea ere lortu bertan (alkate berriak bat eskaini zien), baina Bergarako falangista batzuek bestela pentsatu zuten eta aitita errepublikanoari ukatu egin zioten etxea, eta alde egin zuten (Elkoro delako jauntxo batek esan zion, gure aititari, "heuretzat ez daok etxerik hemen, hoia herrittik!"; irudikatu dezakezue noren aita izan zen hori). Antzuolan aurkitu zuten bizileku berria, eta handik mugituta, lehen lanbidea Eibarren topatu zuen aitak nerabe zela BH lantegian, ez bizikletak egiten baizik eta pistolak (gerra negozio handia zen Europan urte haietan). Urte beretsuetan Eibarko Eskola Armerian maestria industriala ere ikasi zuen aitak (azkarra zela uste dugu), eta geroxeago, soldadutza egitea ere tokatu zitzaion, 3 urte bata eta bestearen artean, Burgosen eta Donostian koarteletan.

Peripezia horien ondoren, bizitzako lanpostua aurkitu zuen: Alfan, josteko makinak egiten. Eta hantxe eman zuen lan-bizitza, jubilatu arte. Mallabiako baserritar batekin ezkondu zen (Joxepi Ostolaza), Logroñora egin zuten eztei-bidaia (aurrerago Madrilera ere joan ziren behin; aitak beste bidaia bat ere egin zuen Parisera behin Alfako talde batekin), eta Eibarko Bidebarrieta kalean bizitzen jarrita, lau seme-alaba izan zituzten: Agustin, Mariasun eta Ernesto jarraitu samar eta 3ak etxean, eta Ernesto munduratu eta 12 urte eta erdira, neu, Luis, Eibarko maternidadean. Aitari Jose Luis zeritzon, baina Luis esaten zioten, eta horregatik ni txikitan (edo familiarentzat) Luistxo nintzen, eta Interneteko aroan berpiztu nuen izen hau.

Bizitza osoan erre zuen tabakoa (akaso marihuana ere bai behin, ez dago argi); eta ardoa edan ere, azken unera arte, eta asko gainera. Modu nahiko harrigarrian, osasunez ondo eutsi zion azken urte hauek arte (baina aipatu beharko dut ama hil zitzaigula biriketako minbiziaz, erretzaile pasiboa izanik, suposatzen dut - erreprotxerik gabe esana, bide batez). Etxetik irtetea zaila izan zaionean ere, zainduta baina buruz argi, eta umorez (eta malaletxe puntuarekin), bizi izan da, lehenbizi Irma Ruiz kolonbiarrak zainduta, gero Mari Carmen de la Cruz dominikarrak. Azken gainbehera azkarra izan da, ez mingarriegia; urteberriarekin izan zuen beheraldia, eta gaur joan zaigun arte, jada ohean nagusiki.

Nik asko miresten dut nire aita, gizon zintzo eta langile bat izan da. Abertzale bat, bakezalea ere bai. EAJkoa izan zen, Francoren garaian propaganda banaketaren batean ere parte hartu izan zuen. Trantsizioatik ere jeltzale izan zen, baina EAra igaro zen, Garaikoetxearen aldekoa zelako. EArekin zapuztu egin zen gero, eta alderdi hori ere utzi zuen, Inaxio Oliveriren garaian (ez zitzaion gizon hori gustatzen). Beti izan zen ETAren kontrakoa, nik uste, baina zentral nuklearrik gabeko Euskal Herri bat lorpen bat izan zela entzun izan nion inoiz (seguruenik ez zituen une horietan Ryan ingeniariaren hilketa edo beste kasu batzuk kontuan hartuko).

Ia 55 urte zituela lortu zuten gurasoek etxea erostea. Ordura arte alokairuan bizi izan ginen. Ez zegoen diru asko, lau seme-alaba hazten nahiko lan, eta hala ere, egin zuten inbertsio esanguratsurik, bat estrategikoa, nik gehien eskertzen dudana: Eibarko Ikastolari lagundu zioten. Ni hara bidali ninduten, nire anai-arreba nagusiagoek eduki ez zuten aukera, eta Eibarko lokal batzuetan banatuta geunden umeek ikastetxea eduki genezan, dirua ere jarri zuten (dexente diru, gure etxean zegoenarentzako), eskola eraiki zedin. Ze suertea izan dudan horregatik, euskaraz ikasteagatik, beti eskertu ahal izango diot aitari.

Lau seme-alaba, eta hiru biloba (Ane, Peru eta Lili) geratzen gara haren oinordeko, denak harro aita eta aitita izan den gizonaren oroimenarekin.

(Asteartez, otsailak 25, Eibarko tanatorioan egongo gara bere kutxarekin, 11.00etatik 18.00etara; hileta katolikoa 19.00etan izango da Eibarko Karmengo elizan, gorpurik gabe. Erraustu egingo dugu eta familian barreiatuko ditugu errautsak, akaso Elgetako Asentzion, ikusiko dugu).

Euskara Twitterren eta Interneten ondo dabilela eta...

Luistxo Fernandez 2013/12/01 11:55

Itxura batean gaur Vocento taldeko egunkari batean edo bitan erreportaia omen dator bi orrikoa, El euskara vuela alto en la red. Nerea Azurmendi kazetariak sinatzen du (eguneraketa 2013.12.02: kazetariak bi zatitan bidali dit artikulua: bat, bi). Astean zehar telefonoz nirekin kontaktatzen saiatu zen Azurmendi, baina kanpoan izan naiz pare bat egunez (Inaki Irazabalbeitia eurodiputatuak gonbidatua euskalgintzako dozena bat lagunekin batera Europako Parlamentua bisitatzen), eta ahoz ezin izan genuen. Baina galderatxoa bota zidan e-postaz Azurmendik, eta Bruselatik azkar samar erantzun ahal izan nion, hiru lerrotan. Horra bere galdera eta nire erantzuna:

Batek baino gehiagok zuri bota dizu blogetan, Twitterren-eta hasi izanaren 'errua'. Zer aurreikusten zenuen akuilari ibili zinenean, zertan da kontua une honetan eta nora goaz/joan beharko ginake? (euskara eta sare/Internet sozialari buruz ari naiz, noski).

Informazio panorama berrian norbera da aktore nagusia, ez hedabideak. Horrez gain uste dut eztabaida publikoa funtsezkoa dela une soziopolitiko honetan. Eta euskarazko kultura eta bizirako ere, sorkuntza eta komunikazio publiko eta partekatua funtsezkoa da.

Twitter kanal funtsezko bat da Interneteko komunikazio esparruan eta goiko kontu horietara primeran egokitzen da.

Nora joan? Aurrera. Edo hil.

Horraino idatzi niona. Horretatik akaso zerbait jasoko zuen erreportaiak. Ez dut irakurri, eta izenburuaren doinu optimistarekin Nerea Azurmendi mezu egoki bat transmititzen saiatu dela ez dut dudarik egiten. Hala ere, sentsazioa daukat, "Interneteko trena hartu dugu eta bagoaz abiadan" mezua entzuten dugunean, ematen duela "hau egina dago" eta beste kezka digital handirik ez dugula izan behar. Ezin ikuspegi okerragoa: sarearen konektibitatea, telefonoen mezularitza batbatekoan, smart telebistetan, unibertso birtualen oinarritutako jokoetan; Internet ari da bifurkatzen mila trenbidetan, eta trenak (komunikatzeko molde eta komunitateak) abiatzen dira beste hizkuntzetan bide horietatik. Gure minorizazioa eta prekarietate komunitarioa areagotzeko aukera gehiago ikusten ditut, kontrakoarena baino.

Eta kontestu honetan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, 2013. urtean, %45 jaitsi zituen IKT/Euskara esparruko dirulaguntzak. Hemen bakoitzak bereari begiratzen dio, jakina, eta neuk neureari, eta kezkatzen nauenari eta gustatzen zaidanari, sarearen saltsa honi. Beraz, ba, kanaperen baten bueltan bada ere, abenduaren 3ko ekitaldi instituzionalean esan beharko diot zerbait Patxi Baztarrikari. You have been warned.

Previously in Breaking Bad Eibar

Luistxo Fernandez 2013/10/04 21:15
(fikzio bat)

Esaten dute batzuek Euskal Herrian egiten dela gaztelaniarik onena. Hala bada, Euskal Herrian bizi diren kolonbiarrek egiten dutena izango da. Baina susmoa dut, Extremaduran bizi diren kolonbiarren berdintsua izango dela, geografikoki kokatu behar badugu bikaintasun marka hori.

Izan ere, gure zaharren gaztelania lexikoz aberastea da kolonbiarren zereginetako bat. Beste batzuk dira jaten ematea, eskutik eustea paseoan, edo ohea zikintzen dutenean garbitzea. Egiteko gozoena, dena den, zahar zein kolonbiarrentzat, gaztelaniazko lezio horiek berriketan, horixe iruditzen zait neuri. Horrela ikasten du agure euskaldunak zelako destainaz begiratzen dion ecuatoriana bati colombiana batek, itsusiak iruditzen zaizkiela, ile lisoa dutelako besteak beste... Baina lezioa ere badator informazio item gaizto samar horrekin: ile lisoari ez baitzaio "el pelo liso" esaten baizik eta "el cabello lacio".

Konplizitateak ere eraikitzen dira gaizki-esaka, ezta? Halaxe sortu zaio Jose Luis aguretxo euskaldunari maitasun eta gertutasun hori Liliana kolonbiarrarekiko. Horrek bultzatu du gizona eskaera berezi bat egitera. Kolonbiara doa laster Liliana, aurreratutakoarekin bidaia baterako adina lortu baitu, eta bueltan zer ekarriko galdetu dio Jose Luisi.

- Tira, ba... Kolonbian asko ei dago eta, ekarridazu droga pixka bat. Egingo zenuke? kar kar kar!

- Jose Luis!!! Aizu! Arriskutsua da hori, oso. Asko harrapatzen dituzte aireportuetan, ez da txantxetarako. Gainera, ez pentsatu Kolonbian hain erraz bilatzen jakingo nuenik. Errazago aurkituko nuke hemen Eibarren!

Txantxa konplize bat besterik ez da izan, noski. Handik egun batzuetara, joan da Liliana Kolonbiara, eta bueltatu ere bai. Ez du ekarri drogarik, ez behintzat Jose Luisentzako. Eta eguneroko errutinan sartu dira berriro, paseoa, berriketa, higienea...

Astegun buruzuri batez, kaleko bueltatxo horietako batean, autoz ibilitxo bat egingo dutela diotso Lilianak Jose Luisi. Lehengusu batekin. Denak baitira lehengusu-lehengusinak, kolonbiar hauek. Sartu dira automobilean. Laster irten dira errepideetatik, eta porlanezko bide malkartsu batetik doaz, Arrateballeko orografia bihurrian. Baserri ezkutu samar batera iritsi dira; irten autotik, eta paseotxo bat bertan, naturaz inguratuta, besotik helduta Lilianari, jakina.

Aitak Aureliano Buendiari izotza erakutsi zion goiza gogoan duzue? Keinu berberaz luzatu du besoa Lilianak.

- Begira solo hauek. Badakizu zer den hau?

- Ez ba.

- Marihuana! Hementxe dago plantazioa kar kar!!

Jose Luisek ez du gogoan ezer probatzera gonbidatu zutenik. Baina gidoiak eskatzen du baietz, baserrian bertan erretzeko zerbait eskaini ziotela, eta agian horrexegatik ahaztu zaiola. 70 urtean pozoi klase guztiak xurgatzen, HU, Jean, Ideales edo haren aurretik egongo ziren beste kaldo mota guztiak erretzen (minbizia sortzeko adina, baina ez norberaren biriketan, emaztearenetan baizik!) iritsi da unea produktu autoktonoetara itzultzeko: arto-bizarrekin hasi zen nerabeak berriz euzko luŕak eman duen zerbait erre du arratsalde horretan.

Gero gerokoak. Polizia ez da enteratzen 5 edo 6 season igaro arte, jakina (2013ko abuztuan!). Eta bueno, ordurako, hildakoak ere bai, pentsa tartean ze abentura gertatuko ziren: badago gidoilarientzako materiala hemen. Mutil honi ere aurkituko diote tokiren bat traman, dudarik ez.


Mp4 batean irudi eta soinua, nola bateratu Ubuntun?

Luistxo Fernandez 2013/08/10 09:18

Mp4 bat daukat, baina bertan irudia eta soinua ez daude sinkronizatuta. Nola egin daiteke banandu, bat edo bestearen framerate-a (edo dena delakoa luzapen faktorea) aldatu, eta berriro batu gero audioa eta soinua? Egitekotan, Ubunturen gainean (hori baitut PCan). Laguntzeagatik ordaina, dokumentu interesgarri horixe, ondo sinkronizatuta.

Mila esker.

Espoilerrak (espoilerrik gabeko artikulu bat)

Luistxo Fernandez 2013/06/18 08:04
Game of Thrones eta Urte berri on amona, zeharkako komentarioren batekin.


Spoiler da, ingelesez, fikzio baten amaiera edo tramako une jakin bat aurreratzea, irakurketa edo ikuskatzearen plazer nagusietako bat zapuztuz: intriga hausten da, sorpresa ezabatuz, eta ez da istorio bat modu bertsuan jarraitzen. Nik uste dut terminoa euskaratutzat eman dezakegula gaur egunean, aurretik e bat gehituta: espoilerrak, esan dezakegu.

Telesailak kontsumitzeko era modernoak espoilerren arriskua handitu du. Saretik jaisten ditugu atalak, eta arrakastako zenbait sailetan, AEBetan estreinatu eta egun gutxira. Lehen denok batera kontsumitzen genuen kapitulu bat Dallasen. Orain, Urliak zuk baino lehenago ikusi du, eta berak badaki zuk ez dakizuna. Era berean, audiobisualen kontsumoa oso lotua dago Interneteko jardunarekin, eta ikusten duguna komentatzen dugu Facebook eta Twitterren. Azkenik, sail batzuek geek osagarri propio bat daukate gaiagatik (fantasia Game of Thrones batean, teknofilia The Big Bang Theory-n, joko intelektualak Sherlock-en), eta horrek handitzen du aukera meme bat edo fikzioaren detaile bat konbertsazio digitalera ekartzeko, eta baten bati jakin behar ez zuena zapuzteko.

Game of Thrones telesailak aurreko predisposizio guztiak betetzen ditu, eta osagarri extra bat ere badu espoilerrentzako, bereziki: liburu sorta batean oinarritzen da, eta beraz, zer gertatuko den idatzita dago!


Batekin eta bestearekin, dena dela, espoilerrak ebitatu izan ditut Game of Thrones-eko 3. denboraldian (salbu eta detaile batean: banekin atal jakin batean sarraski handi bat zetorrela pertsonaia zentral bat edo beste ezabatu behar zituena, baina ez nekien zehazki nor eta nola). Ondo dago Tronuen Jokoa. Eraztunen Jauna bezala, baina titi eta ipurdiekin. Eta odol esplizitua. Telesaila ikusi ahal izan dut aurtengo udaberrian, atalak AEBetan eman eta egun gutxira, euskarazko azpidatziekin (ez kalitate onenekoekin) eta meme eta halakoen jokoan sartuta, baina inori ezer zapuztu barik. Sarean ezagutzen dudan batek baino gehiagok jarraitu du antzeratsu telesaila, eta gehienak ere kontziente dira espoilerrak zabaltzea ez dela ona. Ondo portatzen gara.

Hala ere, badago espoilerrak aurreratzean halako gusto maltzur bat ere, erresistitzea zaila dela batzuetan. Duela gutxi ikusitako film batean konprobatu dut. Urte Berri On Amona ikusi nuen seme-alabekin. Haiek ikusia zuten lehenago ere eta... tira, 9 urteko neskato batek ezin dio tentaldiari agoantatu eta bere aitaren aurrean filmaren trama etengabe zapuztu eta zapuztu. Nire alabak bere aita maite du, eta ez du haserretzerik nahi, baina fikzio onak badu zerbait kutsagarria, maltzurra bada bereziki, ikuslea ere maltzur bihurtzeko, eta alde horretatik filmak guztiz gaiztotu zidan neskatoa. Eszena kolpe bakoitza zapuztu zidan, sistematikoki, espoilerrak ere dosifikatuz, ez guztia bat-batean, baizik eta detaile bakoitza tokatzen zenean.

Urte Berri On Amona ere gustatu zitzaidan, guztiarekin. Euskal kostunbrismotik Game of Thrones-era aldea dago, baina maltzurkeriaren erretratuak lortzen ditu bietan fikzioak, ondo lortu ere.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004