Previously in Breaking Bad Eibar
Esaten dute batzuek Euskal Herrian egiten dela gaztelaniarik onena. Hala bada, Euskal Herrian bizi diren kolonbiarrek egiten dutena izango da. Baina susmoa dut, Extremaduran bizi diren kolonbiarren berdintsua izango dela, geografikoki kokatu behar badugu bikaintasun marka hori.
Izan ere, gure zaharren gaztelania lexikoz aberastea da kolonbiarren zereginetako bat. Beste batzuk dira jaten ematea, eskutik eustea paseoan, edo ohea zikintzen dutenean garbitzea. Egiteko gozoena, dena den, zahar zein kolonbiarrentzat, gaztelaniazko lezio horiek berriketan, horixe iruditzen zait neuri. Horrela ikasten du agure euskaldunak zelako destainaz begiratzen dion ecuatoriana bati colombiana batek, itsusiak iruditzen zaizkiela, ile lisoa dutelako besteak beste... Baina lezioa ere badator informazio item gaizto samar horrekin: ile lisoari ez baitzaio "el pelo liso" esaten baizik eta "el cabello lacio".
Konplizitateak ere eraikitzen dira gaizki-esaka, ezta? Halaxe sortu zaio Jose Luis aguretxo euskaldunari maitasun eta gertutasun hori Liliana kolonbiarrarekiko. Horrek bultzatu du gizona eskaera berezi bat egitera. Kolonbiara doa laster Liliana, aurreratutakoarekin bidaia baterako adina lortu baitu, eta bueltan zer ekarriko galdetu dio Jose Luisi.
- Tira, ba... Kolonbian asko ei dago eta, ekarridazu droga pixka bat. Egingo zenuke? kar kar kar!
- Jose Luis!!! Aizu! Arriskutsua da hori, oso. Asko harrapatzen dituzte aireportuetan, ez da txantxetarako. Gainera, ez pentsatu Kolonbian hain erraz bilatzen jakingo nuenik. Errazago aurkituko nuke hemen Eibarren!
Txantxa konplize bat besterik ez da izan, noski. Handik egun batzuetara, joan da Liliana Kolonbiara, eta bueltatu ere bai. Ez du ekarri drogarik, ez behintzat Jose Luisentzako. Eta eguneroko errutinan sartu dira berriro, paseoa, berriketa, higienea...
Astegun buruzuri batez, kaleko bueltatxo horietako batean, autoz ibilitxo bat egingo dutela diotso Lilianak Jose Luisi. Lehengusu batekin. Denak baitira lehengusu-lehengusinak, kolonbiar hauek. Sartu dira automobilean. Laster irten dira errepideetatik, eta porlanezko bide malkartsu batetik doaz, Arrateballeko orografia bihurrian. Baserri ezkutu samar batera iritsi dira; irten autotik, eta paseotxo bat bertan, naturaz inguratuta, besotik helduta Lilianari, jakina.
Aitak Aureliano Buendiari izotza erakutsi zion goiza gogoan duzue? Keinu berberaz luzatu du besoa Lilianak.
- Begira solo hauek. Badakizu zer den hau?
- Ez ba.
- Marihuana! Hementxe dago plantazioa kar kar!!
Jose Luisek ez du gogoan ezer probatzera gonbidatu zutenik. Baina gidoiak eskatzen du baietz, baserrian bertan erretzeko zerbait eskaini ziotela, eta agian horrexegatik ahaztu zaiola. 70 urtean pozoi klase guztiak xurgatzen, HU, Jean, Ideales edo haren aurretik egongo ziren beste kaldo mota guztiak erretzen (minbizia sortzeko adina, baina ez norberaren biriketan, emaztearenetan baizik!) iritsi da unea produktu autoktonoetara itzultzeko: arto-bizarrekin hasi zen nerabeak berriz euzko luŕak eman duen zerbait erre du arratsalde horretan.
Gero gerokoak. Polizia ez da enteratzen 5 edo 6 season igaro arte, jakina (2013ko abuztuan!). Eta bueno, ordurako, hildakoak ere bai, pentsa tartean ze abentura gertatuko ziren: badago gidoilarientzako materiala hemen. Mutil honi ere aurkituko diote tokiren bat traman, dudarik ez.