Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Ereserki duin bat

Luistxo Fernandez 2007/09/20 17:48
Kantu bat blogera atera du Amatiñok, eta lehengoan Euskadi Irratian abesten ere ausartu ei zen: Jeiki jeiki, etxekoak... Kantu honen inguruan Xabier Mendigurenek zerbait komentatuko zuela uste nuen, baina bera lotsatiagoa denez, nik esango dut haren partez. Kontua da, Mendigreen lagunaren iritziz edo, Euskal Errepublika independiente batean, himno ofiziala bihurtzeko hau baino kantu hoberik ez legokeela: ez Gora ta Gora, ez Eusko Gudariak, ez Gernikako Arbola. Eskoziarrek eta, rugby partiduetan denak kantuan hasten diren ereserki horietako baten tankera duela honek, doinu epiko bat. Ados nago berarekin.



Aste honetan kamiseta showa Espainiako Kongresuan. PPkoak ere igo zuen Espainiako selekzioaren gorria. Kamisetena barik, himnoena izan balitz auzia? Txunta-txuntaren ondoan Gora-ta-gora ere ondo gera zitekeen konparazioan, baina zer esanik ez Jeiki-jeiki, Kongresuko mikrofonoetatik...

Zazpi probintzien mapa

Luistxo Fernandez 2007/09/14 19:05
National Geographic aldizkariak 1995eko azaroan argitaratu zuen Euskal Herriari buruz nik ezagutzen dudan azken artikulu luzea. Zazpi probintzietako mapa bat egin zuten, Euskal Herria jarrita (nahiz eta izenburua Basque Homeland den)...


National Geographic aldizkariak ez zuen Espainiako gaztelaniazko ediziorik 1995ean, mapa hori argitaratu zutenean. Ikusiko ote genuke gaur horrelakorik?

Tarte honetan, zazpi probintzien mapa argitaratzea edo erabiltzea ETArekin bat egitearen frogatzat aurkeztu izan da (Egunkaria kasuan adibidez), eta Euskal Herria terminoa esistitzen ez dela behin eta berriro esaten dute Espainiako politikari eta jakintsuek... Era berean, irudi horri Mapa del País Vasco deitu diot nik neure erdarazko blogean, eta hori barik agian Euskalerrikoa dela erantzun dit nonbait Eibarkoa den batek... País Vasco = Euskal Herria = Basque Country = Pays Basque ekuazioa ez da argia, gure herrian ere.

Aste honetan Yahook mapagintzarako aukera berri bat aurkeztu du: MapMixer. Eta bertara kargatu du National Geographic-eko mapa hauxe da emaitza.

Beste aproba bat egin dut Donostiako autobus lineekin. Emaitzan ikusten den alineazioa ez da txukunegia, baina tira. Irudi honetan puntu batzuk komentatzen ditut.

Josu Jon Imazen alde

Luistxo Fernandez 2007/09/13 08:31
Uztailean Eibartarrak zerrendara bidali nuen mezu hau du gaurko honek oinarri.  

Igual teknologoa delako, eta apurtxo bat tratua izan dudalako harekin, niri Josu Jon Imaz gustatu egiten zait. Peloteo itxura izan dezake aitorpen honek, ze gauza ezaguna izan daiteke askorentzat, harentzako lanak egin izan dituela ni nabilen enpresak (CodeSyntax-ek egin du azpiegitura EAJren webgune elektoral bitan: ibarretxe.com eta eginbehardugu.com), baina tira, nik politikari zintzo baten itxura hartzen diot... Eta ez naiz jeltzalea (akaso Ibarretxezalea). Esango nuke halaber Imaz baino independentistagoa naizela... Eibartarrak zerrendara bidalitako beste mezu batean nire independentismo heterodoxo baina erradikala definitzen ere saiatu nintzen duela ez asko.

Irudi problema bat ere bazuen edo badu Imazek, ze ikusi behar da gero, abertzale euskaltzale jendearen artean zelako fama txarra duen gizon horrek. Neure ezagun gutxik sinesten du nik estimua diodanik. Madrilen bota izan dizkioten loreek ere izango dute zerikusia.
 
Espero dut politikatik kanpo dabilela ere, Imazen jendea agurtzeko erabiltzen duen modu bitxi, zuzen eta adeitsua berriz sentituko dudala.

Mehatxua 2.0

Luistxo Fernandez 2007/09/12 09:34

Edo purea jaten hasten zara, edo plater aurrean egiten ari zaren antzerki hau grabatu eta Youtube-n jarriko dut!<br />

Pollo coshquero

Luistxo Fernandez 2007/09/10 13:38
Josetxo Anitua disko-jartzaile eibartarrari elkarrizketa Argian. Fermin Etxegoienena da elkarrizketa, eta intro laburrean dio: "Hamar urtez musika-jartzailea izan da euskarazko pop-rock kantuak entzunarazi dituen Euskal Herriko dantzaleku handi bakarrean." Dantzaleku hori, Bilboko Kafe Antzokia da. Gero, selekzio musikal bat eskatzen dio Ferminek Josetxori,  gauez ondoen funtzionatu duten kantu ederren zerrendatxoa. Eta Josetxoren zerrenda:

"White Stripes taldearen Seven Nation Army, Outkast-en 0h yeah, Atom Rhumba bilbotarren Gone, Kuraiaren Egunsentian, Xabier Montoiaren Izorra hadi, Txuma Murugarrenen Ganbaran gordetakoak, Scissor Sisters taldearen I don't feel like dancing, Lyricsson-en Bad Load (ragga estiloan), Sean Paul-en Temperature (dancehall), Rhianna-ren Umbrella (hip-hop)."

Bistan da Josetxo Anituak ez duela zerikusi handirik Donostian Haizearen Orraziaren 30. urteurrenaren inguruan antolatu dituzten gauzekin. Joan den ostegunean, kontzertua: Alex Ubago, Txetxo Bengoetxea (21 japonesas eta beste batzuk), Mikel Erentxun eta Amaia Montero (La Oreja de Van Gogh). Biharamunean argazkian ikusi nituen pertsonaje horrekin, Luis Chillida. Esango ziela, pentsatzen dut, "El aitá estaría orgulloso bla bla bla...". Qué coshquero. Berriz ere. El aitá negargarri horretaz, ondo idatzi zuen, blogista zen garaian, Julen Gabiriak.

Larunbatean modan jarri den Donostiako jatetxe batean egon nintzen. A Fuego Negro. Menuan aukera, "La selección berezi de nuestros sukaldaris". Gero ekartzen dizkizute gauzak, eta "Taquito de lumagorri aderazado con...". Oilaskoari pollo deitzea baino indioagoa eta coshqueroagoa da lumagorri esatea. Jau!

Niri iraingarri samarra iruditu zitzaidan. Eta jana, pintxo selekzio ustez estetiko bat, eskasa. Ez joan.

Darfurko haur euskalduna

Luistxo Fernandez 2007/09/04 09:38
Aiherran, Nafarroa Beherean, bizi diren lagun batzuk dira Eñaut eta Patrizia. Hiru seme-alaba dituzte, baina beste bat adoptatuko dute laster, Darfurkoa. Gutuna zabaldu dute lagunen artean.

Darfurreko haur bat Otamendian

Gutun honen bidez, hartu dugun erabaki baten berri eman nahi dizuegu, eta zuen laguntza eskatu ere.

Aste batzuen buruan, Darfurreko haur umezurtz bat hartuko dugu gure familian : Otamendian 5etik 6 izatera pasako gara.

L'Arche de Zoe gobernuz kanpoko erakundeak Darfurretik 10 000 haur umezurtz ateratzea erabaki du, han ez baitute bizitzeko esperantzarik, azken urteetan bizi duten gerlarengatik. 1 000 haur Frantziako estatura ekarri nahi dituzte, 250 inguru lehen operazio honetan.

Horra zenbait datu, Nazio Batuen bilanetatik hartuak : azken lau urteetan 2 000 000 jende desplazatuak izan dira Darfurren (Sudan), 1 195 hiri edo herri osoki suntsituak, 200 000 pertsona bederen hil dira, eta orotara gatazka horrek 4 000 000 pertsonei eragiten die.

Ondorioz, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 5 familia engaiatu gara Darfurreko haur umezurtz bat hartzera, 5 urte petikoa. Arche de Zoe erakundeak eginen duen operazio horren finantzatzeko, familia bakoitzak 1 400 euro ordaindu dugu. Baina azken berrien arabera, dirua eskas da.

Bestalde, haurrak etxean hartuko dituzten familiak kolektibo batean antolatu gara, hainbat arazori aurre egiteko : prozedura administratiboak, abokaten gastuak, osasun gastuak, eta abar. Kolektibo hori COFOD deitzen da (Collectif des Familles pour les Orphelins du Darfour), eta haurrak etorri bezain laster COFODek ditu gauza guziak kudeatuko, Arche de Zoe-ren betebeharra haurrak ekartzera mugatzen baita. COFODek dirua behar du bere beharrei aurre egiteko.

Ulertu duzuen bezala, zuei zuzentzen gara, gure erabakiaz informatzeaz gain, diru-laguntza eskatzeko. Diru-laguntza COFODen izenean egin behar da. Zuen jestuaren eskertzeko, karta postal batzuk inprimatu ditugu, eta berantago emanen dizkizuegu.

Milesker zuen arretarengatik. Milesker ere mezu hau zuen inguruan ahal bezain zabal hedatzeagatik.

Turista euskaldunaren nekeak bere herrian

Luistxo Fernandez 2007/08/29 09:15
Abuztuaren 24 Berrian irakurritako artikulu erakargarri baten ostean, biharamunean Gipuzkoako Pagoetako naturguneko parketxe berria ezagutzea erabaki genuen, Iturraran baserri berrituan (Aia), bisita gidatu bat iragartzen zela ikusita: erlategi batzuk eta inguruak ezagutzeko (lorategi botaniko polita ere bada han).

Azaldu ginen eta kontxo, gaztelaniaz bakarrik. Zenbait bisitarik protesta egin genuen, Berria-n irakurria baikenuen azalpenak emateko gidari parea izaten dela (batak talde batekin euskaraz, besteak gaztelaniaz). Baina informazio hori Parketxeak berak antolatutako bisitentzat omen zen, eta erlategien bisita espezifikoak Urola Kostako Mankomunitateak antolatzen ditu. Tamalez behin baino gehiagotan entzundako aitzakiak jarri zizkiguten.
  • Taldean euskaraz ez dakien jendea dago. Bisitarien artean gaztelaniaz ez dakien hiru urteko haurrik ere bazen.
  • Turistentzat egiten dira gauza hauek. Barne-turismorik egiteko eskubiderik ez dugu euskaldunok, eta, bestalde, turista titulua merezi duen turista bakarra espainola da, ingelesak ere ez dira sartuko kategoria horretan.
  • Gidaria euskara ikasten ari da ahalegin handiarekin. Agindu zigun bai, bietan egiten saiatuko zela, baina gaztelera hutsez hasi zen beste barik, ez zuen euskaraz jarraitzeko gogorik azaldu, eta gainera nerbioso protesten aurrean: ez jarraitzea erabaki genuen, eta ez dakit nola jarraituko zuen kontuak, baina pertsona batek ez badu gidari izateko perfilik betetzen, ez du betetzen, horixe da kontua. Eta bere ikasketa prozesuaren nekeak eta problemak errespetatzekoak izango dira, baina euskaldunak bere herrian euskaraz egin diezaioten hartu behar dituenak ere ez dira nolanahikoak.
  • Berria-koek ez dute deitu informazioa baieztatzeko; kazetariak, badakizue... Bale, baina Mankomunitatearen informazio propioan ere ez dago bisiten hizkuntza politikari buruzko ohar minimorik.
Urola-Kostako Mankomunitetarena dirudi ardura. Edo ardura falta. Gaztelania hutseko bisitak programatzea, onartezina iruditzen zait. Bisita gidatuen hizkuntzaz informatzeko beharra ere badagoela pentsatzen dut, eta beren webgune turistiko penagarrian ez dago horren zantzurik. Adibide hoberik bada ikasteko: Donostiako Tabacaleran bisitak bi hizkuntzetan daude antolatuta, eta ondo ematen da abisua, norberak aukeratzeko. Beste kontu bat da zentro horren irudi politika: bisitarioi ez digute argazkiak egiten uzten, egunkari monarkiko espainolistei (hedabideei oro har), bai ostera (honen aurrean intsumisioa aldarrikatzen dut!)

Urola-Kostara itzulita, zertarako dira Mankomunitate horretako bi udalerri UEMAko partaide? Getaria da herri horietako bat eta ibilbide eta itsas-zeharkaldiak antolatzen dituzte, besteak beste: hizkuntza politikarik gabe horiek ere. Alegia, edo denak euskaldunak loteria hutsez (eta orduan ere, segun zeinek atenditzen zaituen), edo gaztelaniaz, automatikoki. Herriko plazan Elkanori jarri dioten zutoin berrian ere ikusten da herri honetako hizkuntza politika koherentea: ELCANO deritzo itsasgizonari. Gora euskal grafia! Pena ematen dit emaztearen herriaz horrela idatzi beharra, baina bera ere mintzen da gauza hauekin. Hala ere, ezin gara ohitu txapuza hauetara, eta uste dut salatu behar ditugula.

Ilea ikuskizun, Loiola auzoan hurrengo

Luistxo Fernandez 2007/07/27 07:56
Sanjuanetan ikusi nituen Antigua auzoko jaietan, Donostian. Ile-apaindegi harrigarria egiten dute kalean Sienta La Cabeza talde katalaneko bi apaintzaile eta disko-jartzaileak. Boluntario ausartenei ilea (edo larrua, burusoilen kasuan) modu harrigarrian apaintzen, kalean bertan, denen aurrean. Argazki sorta hau atera nuen hemen izan ziren azkeneko horretan. Benetan, jai batzuk animatzeko, paregabea iruditu zitzaidan.



Laster itzuliko dira berriro. Donostiako Loiola auzoan,18.00etatik 21.00etara uztailaren 30ean. Ikuskizun gomendagarria, eta lotsarik ez baduzu, burua dotoretzeko aukera paregabea.

Islandia maite dugu oraindik

Luistxo Fernandez 2007/07/16 10:14
Aspaldi ez nintzela nazioarteko kontzertu batera joan... Baina gustatu zitzaidan Björk islandiarrarena joan den ostiral gauean, giro, toki eta konpainia onean Bilbon. Esperimental samarra da kantatzen, baina soinua goratzen denean, trip-hop erritmo gogorrekin, orduan ondo geratzen da, eta martxa du. Niri gustatu zitzaidan. Hori bai, reactable izeneko trastoa ikusi genuen, eta gezurrezkoa iruditu zitzaigun: ez zuen soinurik egiten. Eta, bestetik, euskaldunok nerbioso jarzen hasi ginen, behin eta berriro Gracias gracias gracias entzuten... Azken kantuaren aurretik, eskerrik asko bota zuen euskaraz azkenean (atzean norbaitekin kontsultatu ondoren), eta horrek arindu zuen gure egonezina: kantua bera Declare Independence izatea keinutzat hartu genuen (ez dakit zuzen ala oker). Dena den, amaitu zuenean, berriro Gracias bota zuen. Puf. Hala ere, Islandia maite dugu oraindik.

Mezu sekretua

Luistxo Fernandez 2007/07/02 11:24
Joan den astean, mezu pribatu sekretua bidali nion Joxe Aranzabali.

Joxe
, sartu Facebook-en: http://www.facebook.com

Hau handia da, Unibertsitate munduan bereziki. Laster dator ona, eta ez badator, etor bedi behintzat Mondragon Unibertsitatera eta HUHEZIra.
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004