Nora hoa, telebista?
Ez dakit ba ote dakien Atxagak telebistako pertsonaia komikoa dela. Atxaga The Pooh, Euskal Hiria dioen marrazki bizidunen marko bukoliko batean agertzen da, gauza korrienteenak biribilguneekin azaltzen. Grazia du, Noaoaren esketxak.
Jarri naiz sarean bilatzen ea esketx horietakoren bat topatzen nuen. Eta Noaoaren webgune ofiziala topatu dut: xolomo bokadilloen irudiak, bate bestearen atzean. Itxuraz, esketxen baten leitmotifa ei da xolomoarena... baina ulertzen ez dudana da, nola den xolomoaren anekdota hori Noauaren web osoa. Ez dago besterik. Ez dago esketx edo bideo bat bera ere. Ze pobrea.
Espainiako telebistan umorezko beste programa berri bat dago, Muchachada Nui. Haren webgunearen muina esketxak dira, bideoak bertan, eta pegatzeko aukerarekin, Enjuto Mojamutoren abentura zoragarrienak, adibidez:
Ze atzeratua eta traketsa, Noaoa, horrekin konparatuta. Nagusiren bati entzun diot, gainera, Noaoa ez dela Wazemank bezain barregarri, estudioko kontu gehiegi daukalako. Neure semea Peru ados dago diagnostikoarekin. Nik ez nuke zer esan jakingo, ze ez dut saio osorik ikusi. Gero eta gehiago, pilulatan kontsumitzen dut telebista. Ez dakit, adibidez, ze egun edo ordutan ematen duten Muchachada Nui telebistan, baina beren esketxak eta Enjutorenak, bereziki, alde guztietan agertzen zaizkit.
Kontsumo modu hau da etorkizunekoa, seguruenik. Youtube eredua. Telebista pilulatan, norberak aukeratuta. Horixe esan zigun Vicent Partal Vilaweb atari/proiektu katalanaren sortzaileak joan den ostiralean Sareko Argiaren edizio jarraiaren 10. urteurreneko ekitaldian bildu ginenoi. Gertu neukan Bingen Zupiria. Oso kezkatua zirudien.
Institutuan ez da ezer sumatzen
dioenarekin.
Ni hasia naiz hemengo gure arazo hau nahiko urrutitik ikusten. Hiritarra naizen aldetik, neure burua inplikatua ikusten nuen lehen. Ez dizut esango manifestazioetan eta ibiltzen nintzenik, baina gaiak kezkatzen ninduen. Inplikazio handiagoa neukan. Baina uste dut Barajaskoak jendeak uste baino gehiago suntsitu zuela. Orain, arazoa oso urrutitik hasi naiz ikusten, ezaxolaz. Beharbada, horrela esatea krudela da, baina iritsi naiz pentsatzera bakar bakarrik interesatzen zaidala fikziorako material gisa. Tristea da horrela esatea, baina puntu honetara ekarri naute. Gizarte aldetik, beste fase batera pasa gara. Lehen, Barajaskoaren aurretik, jendeak ilusio handiz ikusten zuen egoera. Baina, orain, urrutiko inplikazio horretatik axolagabetasunera igaro gara. Harrigarria da, baina alderdi politiko bateko buruak espetxean daude, eta hemen ari gara zerbezak hartzen, eta institutuan ez da ezer sumatzen!
Atomoak eta bit-ak
Azkar laburtzeko, gutxi gora-behera: 10 urtetan berrikuntza bit-etan zetorrela pentsatu dugu... baina, hara, atomoak berriro jarri dira modan. Gauza fisikoak egiten. Beharbada erregai fosil karbono-jaurtitzaileak garraiatzeko gauza erraldoiak baino, gehiago gauza berdeak-eta, baina hortik doaz tiroak. Esate baterako, hirugarren munduko umeentzako pentsaturiko PC sinple horretan indarra emateko erabiliko den manibela, Potenco izeneko enpresa berritzaile batena omen.
Han eta hemen ikusten dudan beste ideia oso fisiko bat kopiagailu tridimentsionalak da. Inprimagailuaren parekoak, baina objektu, material eta agian mekanismo tridimentsionalak sortzeko gai diren orotariko makina berriak.
Analogia bat terminologian: Think Tank aroan bizi izan gara. Pentsatzea helburu zuten batzordeak... Ba orain Make Tank aroan omen gaude. Ez dakit zehatz Tankeak Egin esan nahi duten, ala Egitekoak Egin Batzordeak, baina ulertuko didazue (akaso).
Interesgarria iruditzen zait kontua, eta honen inguruan pentsatzen. Hala ere, pertsonalki, zuhurtzariako motibo bi:
- Aukeratu dudan norabide profesionaletik ez doa joera berri hori. Ni bit-etan nago...
- Esparru fisiko honetan, patenteetan oinarritzen da aberastasun sorkuntza neurri handi batean. Ez naiz gehiegi fio kontu horrekin. Software librearen eta eduki askeen filosofiarekin bat egin dut azken urteotan, eta jakintzaren askatasunari balioa ematen diot, komentzimenduz.
Manga, industria kultural esportatzailea
Bi datu jakingarri, oso jakingarriak, iruditu zaizkidanak:
- Japoniaren esportazio ekonomiko nagusia, une honetan, zera da: manga alorrean jatorria duten materialak (jokoak, frankiziak, telesailak). Ez elektronika, baizik eta sorkuntza kulturala saltzen du Japoniak. Elektronika eta manufaktuak, dakigun bezala, Txinan sortzen dira gaur egunean, ez Japonian.
- Manga munduaren alderdirik interesgarrienetakoa piratak dira: Dojinshi edizioak, legez kanpo, pertsonaia eta istorioen egile eskubideei kasu egin gabe milaka fan-en artean eraikia dagoen merkatu paraleloa (ez ezkutukoa, baizik eta alegala, oso agerikoa baita mundu hori, komentzio ikaragarri popularretan elkartzen dira milaka). Hala ere, industria ofizialak ez du pirata hauen kontra egiten, bezero sutsuenak hor dituztela dakitelako, eta gero haiek industrialki esplotatu dezaketen sormenaren harrobia bertan dagoelako.
Wikipedisten zerrenda baten alde
Berria naiz Wikipedian. Ez naiz oso ona nire aldaketak proposatzen eta artikuluak atontzen. Eta ez naiz aklaratzen laguntza sistemarekin eta eztabaida ereduekin.
Eskaera zuzendu diet beteranoei Txokoan, posta-zerrenda baten sorrera egoki ikusiko balute, gustura parte hartuko nukeela. Zerrendak ez luke oraingo sistema ordezkatuko. Osatu eta aberastu, izatekotan. Eta susmoa dut berriontzat izango zela baliagarri zerrenda batez ere.Wikipedista askok darabiltzate zerrendak, eta aldi berean, barne-sistemak ere seguro erabiliko dituztela. Ikusi zerrenda multzoa, gaztelaniazkoa, nola gordetzen diren Gmane sisteman. ItzuL eta Eibartarrak zerrendek darabilten artxibo sistema da hori. Ikusi adibidez gaztelaniazko zerrenda nagusiaren jarduna. Kontu honi buruzko iritzirik baduzu eta euskarazko Wikipedian izena emanda bazaude, igaro hemendik zure alea uztera. Eskerrik asko.
Mekaben Pott
Iraultza iritsiko da egunen batean. Ez dute telebistaz emango. Eta prentsaurrekoz iragarriko ez denez, paperean ere ez dugu ikusiko. Pott Bandaren lehen editorial hura ere ez zuten egunkariek notiziatzat eman.
Gainbehera ote doa papera indar digitalen aurrean? Neurri batean bai. Euskarazko paperezko literatur fanzine gehiago ez da publikatuko. Sekula ere ez.
Baina iritsiko ote da eguna paperean albisterik gehiago publikatuko ez dena? Beharbada bai, baina ez Interneten erruz, baizik eta, bereziki, papergileek uko egiten badiote albisteak publikatzeari. Errutina paperean publikatzea errazagoa da, dudarik gabe, literatura edo albisteak publikatzea baino.
Eskerrak gaztetxo teknofilo batzuek euskal kazetaritza salbatuko duten beren begirada fresko eta nerabearekin, adi adi zer mugitzen den non: Hasier Etxeberria, Joxe Aranzabal, Anjel Lertxundi delako blogista hori, Renotik edo Renoko norbaitekin Mezularian komunikatzen den hori. Biba zuek, erredakzioetako kimu berriok.
Elgoibarren
Guru bat elkarrizketatu nahi zuten urteurrenerako, eta ni aukeratu ninduten. Kazetari gazte bat etorri zen, Asier Orbe. Tipo azkarra, Bloglines zer den badaki eta erabiltzen du (zenbat kazetari ote dira euskal medioetan horrela lanean?), eta kamaratxo eta tripodearekin etorri zen. Bideoz ere grabatu ninduen.
Dena hemen argitaratu dute.
Eibarrek ere merezi luke holako webgune bat... Baina ez dugu.
Teknologia eta berrikuntza, 2010
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2010 Planaren aurkezpenera joateko. Txartelontzio handi bat irudi gisa, e-postaz. Tori teknologia eta berrikuntza. Aurrera doan herria.
Ereserki duin bat
Aste honetan kamiseta showa Espainiako Kongresuan. PPkoak ere igo zuen Espainiako selekzioaren gorria. Kamisetena barik, himnoena izan balitz auzia? Txunta-txuntaren ondoan Gora-ta-gora ere ondo gera zitekeen konparazioan, baina zer esanik ez Jeiki-jeiki, Kongresuko mikrofonoetatik...
Zazpi probintzien mapa
National Geographic aldizkariak ez zuen Espainiako gaztelaniazko ediziorik 1995ean, mapa hori argitaratu zutenean. Ikusiko ote genuke gaur horrelakorik?
Tarte honetan, zazpi probintzien mapa argitaratzea edo erabiltzea ETArekin bat egitearen frogatzat aurkeztu izan da (Egunkaria kasuan adibidez), eta Euskal Herria terminoa esistitzen ez dela behin eta berriro esaten dute Espainiako politikari eta jakintsuek... Era berean, irudi horri Mapa del País Vasco deitu diot nik neure erdarazko blogean, eta hori barik agian Euskalerrikoa dela erantzun dit nonbait Eibarkoa den batek... País Vasco = Euskal Herria = Basque Country = Pays Basque ekuazioa ez da argia, gure herrian ere.
Aste honetan Yahook mapagintzarako aukera berri bat aurkeztu du: MapMixer. Eta bertara kargatu du National Geographic-eko mapa hauxe da emaitza.Beste aproba bat egin dut Donostiako autobus lineekin. Emaitzan ikusten den alineazioa ez da txukunegia, baina tira. Irudi honetan puntu batzuk komentatzen ditut.