Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Bigarren eta hirugarren egunak, Bangkok eta Vientiane

Mikel Lizarralde 2011/08/01 19:10

(Uztailak 31 eta abuztuak 1)

Nahiago nuke futbol jokalarien moduko jet lag-a izan! Eta prentsan agertu ohiko 10 orduak ez ditudalako egin lo. Bangkok-eko lehen gabean hiruzpalau ordu egin ditut lo, tartekatuak. Ohean pasatako denbora gehiena esna egon naiz.

Goizean esnatu eta bizikleta erostera joan gara. Eñaut eta Mirenek lagunduta 190 euroko Trek bizikleta txinatarra erosi dut. Prezioa ez denez itxita egoten zertxobait negoziatzen ahalegindu naiz, batez ere unibertsitate pribatu batean ikasi dudala eta tipo argia naizela igerri dadin. Zer pentsatuko ote dute Asiako dendari gehienek mendebaldar batekin prezioa negoziatzean, jakin nahiko nuke.

Tren txartela erosi ostean hirian zehar pasiatzen ibili gara. Kontrastez betea dela esatea ez da asko esatea, izan ere, zein hiri ez dago kontrastez betea? Luxua eta txabolak, airean mugitzen den trena eta tuk-tuk-ak, Lumpini parkean tai-chi-a egiten duten señorak eta autopista azpiko belardian lo egiten duten eskaleak.

Hotelera bueltatzean motxilak parrillari lotu dizkiogu eta laster arte esan diet Eñaut eta Mireni. Egun batzuren buruan Laos iparraldean ikusiko ditut. Gurasoekin ere hitz egin dut, San Inazio eguneko bazkaria zuten.

Tren geltokira bizikletaz joan naiz. Ez nuen berehalakoan usteko Bangkok-en bizikletaz ibiliko nintzenik, baina bizikleta saltzaileak lasai joateko esan dit. Tira, iritsi iritsi baiz, baina azken aldia da halako hiri batean horrela nabilena, uff.

Trena Tailandian bidaiatzeko modu berezia da, gomendagarria guztiz, ezagutzeko modukoa. Halako bagoi batean egin dut mugarako bidea. Hemen ere tarteka egin dut lo.

Nong Khain trenetik jaitsi eta mugara, Friendship Bridge delakora. Tailandiako irteera-bisatua hartzen ari nintzela Laosen bizi den Singapurko tipo batek ekonomia lekzioak eman dizkit. Espainia oso gaizki dagoela. Baina Laos oso ondo, sendo. Gora ekonomian adituak!

Inork ez didanez kontrakorik esan bizikletan zeharkatu dut Friendship Bridge (debekatua dago) eta Laosko bisatua lortzeko prozesu amaitezinean hasi naiz. Zorionez bikote ingeles batekin berriketan hasi eta ordu erdi inguruz kontu kontari jardun dugu.

Zigilua lortu eta Vientianerako hogei kilometroak egin ditut bizikletaz. Itxuran sirimiria ez da euskalduna soilik; eta bai, mela-mela eginda bukatzen duzu ordubeteren ostean. Itxura negargarria izan arren galdetu dudan lehen hotelean aurkitu dut tokia. 

Arratsaldean kafea hartzera joan eta goizeko ingelesa ikusi dut. Ordubete inguruz jardun dugu berriketan. Hauek dira bidaietako une politenak, oharkabean, Qatarren bizi den kimika irakasle batekin ordubete pasatxoan hizketan. Bihar Vientiane erakutsiko diet. Monzoia dela eta eguraldi negargarria dago eta deskantsurako hartuko dut biharkoa.

Bizikletarekin

Lehen eguna, Bangkok

Mikel Lizarralde 2011/08/01 18:39

(Uztailak 30) 

Hamasei ordu eskaxetan Eibarren egotetik Bangkokera bidaiatu berri dut. Beti harritu izan naute bidaiek. Goizean leku batean gaude, eta arratsaldean handik hamar mila kilometrora. Patata tortila goizean, pad thai-a arratsaldean.

Atzo aitarekin Loiura joan eta Frankfurt-erako hegaldia hartu nuen. Alemanian bi ordu eskax egin eta hamar orduko hegaldia Bangkoka. Ia hegaldi osoa lo pasa dut. Gaixoa leihatila ondoan zegoen frantsesa. Komunera joan nahi zuen bakoitzean nire gainetik (literalki) pasa behar zen.

Tailandian sartzeko ilara luze bat itxaron beharra dago, bisatua (gutxienez doakoa da). Maleta jaso eta taxi bila joan naiz. Bangkokeko aireportua hiria bezalakoa da, modernoa baina kaosean murgildua. Jende mordoa zuri gauzak esaten, taxia dela, hotela, ... 

Bangkok-en Eñaut klasekidea eta Miren nituen zain. Beraiei esker errazagoa izan da nire lurrartzea. Eskerrik asko! Kuriosoa da lagun bati "hi, uztailak 30ean Bangkokeko hotel horren igerilekuan elkar ikusiko diagu, ados?" esatea.

Lehen noodle platerkada afaldu, zerbeza pare bat eta hotelean gabeko hamarretarako. Jetlag-ak ez du barkatzen eta sekulako logurea daukat.

Bihar egun inportantea izango da, bizikleta erosi eta Vientianera joateko tren-txartela lortu behar.

Gabon eta biba gu!

Badator

Mikel Lizarralde 2011/07/27 22:20

Bihar neskalagunari laster arte esango diot, Badoa bidaian. Ni etzi. Lehen aldia izango da urteetan horrenbeste denboran bata bestearengandik horren urrun egongo garena. Familia eta lagunei ere bihar eta etzi artean botako diet "gero arte" bat.

Ostiralean hegazkina hartu eta Bangkok alderantz. Badator aspaldian itxarondako momentua. Ilusioz eta beldurrez nauka esperoan. Gogoa daukat, baina urduri jartzen nau ezezagunak. Eskerrak Eñaut adiskidea zain izango dudala Bangkok-en. Lagun, familia eta bikotekideak erraza egiten didate guztia. Biba zuek, biba gu; benetan alboan eroango zaituztedala.

Bizikletazaleon beldurrak

Mikel Lizarralde 2011/07/11 15:33

Lagunek galdetzen didate ez ote naizen beldur Asian bizikletan ibiltzera joateagatik. Ezetz esaten diet. Beldur berdina (edo handiagoa) pasatzen dudala Euskal Herrian, errepidean zein mendian. 

Atzoko Tourreko istripuak nire bi beldur handienak batu zituen: autoak eta alanbradak. Beheko bideoan ikus daitekeen moduan, istripua eragin zuen autoa ez zihoan oso azkar (50-60 km ingurura?), baina Flecha eta Hoogerland ederki kolpatu zituen.

Eibartik Debara joatean, adibidez, autoak askoz abiada handiagoan ibiltzen dira. Begira berriz bideoari, eta pentsa zer egin zenezakeen txirrindulari bat harrapatuko bazenu 90 km/h abiaduran joanda.

Badakit txirrindulari asko talde handiegitan joaten direla, zabal-zabal, eta ez dela legezkoa. Bai, baina askoz gehiago gara bakarka goazenak. Ez jarri aitzakiarik txirrindulariekin sartzeko. Guk ez daramagu babesik, kaskoa soilik. Gure karrozeria aluminioa baino dezente ahulagoa da. Kolpe soil batek hil egin gaitzake, hil.

Bestalde, Hoogerland gaixoak alanbrada gainean erortzeko zoritxarra izan zuen. Zenbat aldiz begiratu ote ditudan alanbradak mesfidati. Orain badakit, bertara eroriz gero nire gorputza horrela gera daitekeela.

Asian ibili arte ezin jakin, baina oraingoz sentsazio horiek ditut. Euskal Herrian bizikletan ibiltzean kontrolatu ezin ditudan faktore batzuk arriskuan jartzen dute nire bizia.

Zeinen esku dago gure informazioa?

Mikel Lizarralde 2011/07/01 10:23

Jende asko larrituta dabil Interneten doan ematen dugun informazioagatik. Bakar batzuen esku informazio pertsonal asko dagoelako, eta berau aprobetxa dezaketelako edozertarako: eskaintzen dizkiguten produktuak hobetzeko, eskaintza komertzialak egin, datuak saldu, gobernuei eman, ...

Google+ berriaren iragarpenarekin ere kezka eta mezu ironikoak irakurri ditut. Orain informazio gehiago emango diogula Google-i.

Ulertzen ditut kezkak. Informazio pertsonal baliotsu larregi ematen diogu enpresa bakar batzuei. Baina sarean zer informazio partekatzen dugun, eta zer ez, gure esku dago. Nik erabakitzen dut Facebook-en, Twitterren edota Google+en zer esan eta zer ez. Nire esku dago Gmail edo Facebook-eko kontua ixtea, adibidez.

Ni neu gehiago larritzen naiz gure herriko kotila eta kuxkuxeroek niri buruz dakitenarekin. Akaso gertukoagoa dudalako, eta nire egunerokoan eragin zuzenagoa duelako. Senideei, koadrilakoei edota lankideei kontatzen dizkiegun gauza asko bolo-bolo ibil daitezke herrian zehar. Oporretan nora noan, etxetik joan naizela, senide honekin ez dudala hartu-emanik, lanetik bota nautela, zorrak besterik ez ditudala eta abar.

Eta informazio hori enpresetara (banketxeak, adibidez), erakunde publiko edota poliziara iristen da, erraz-erraz. Eta gure egunerokoan eragin zuzenagoa izan dezake horrek, nire ustez, Kalifornian dagoen enpresa batek eragin dezakeena baino gehiago.

Google edota Facebook-ek bezainbeste informazio daukate niri buruz herriko kuxkuxeroek.

Udako plana, Kanbodia eta Laos

Mikel Lizarralde 2011/06/27 08:54

Aspaldi erosi nuen Bangkok-a eramango nauen hegaldiaren txartela, baina erabakitzeke neukan ibilbidea. Azkenean Kanbodia eta Laos-en ibiliko naiz bizikletaz. Gutxi gora-behera, ondorengo plana jarraituko dut:

Thailandia eta Kanbodia arteko muga pasa eta erdirik-erdi zeharkatuko dut herrialdea, Mekong ibaiarekin topo egin arte. Gero Mekong-en gora joko dut Laosen iparralderantz. Bi mila kilometro pasatxo. Nondik nora ibiliko naizen badakit, gutxi gora-behera, pixkanaka egingo dut bidea.

Bi herrialde hauetan egona naiz jada, eta horrek lasaitasun puntu bat ematen dit. Hasieran Vietnam-a joatekoan nengoen, baina ez dit tira larregi egin, ez dakit zergatik, beste batean izan beharko da!

Tira, banabil ba gauzak pittin bat zehaztu eta argitzen.

Lasai, ez du ezer egiten

Mikel Lizarralde 2011/06/17 15:12

Demagun mendian gora noala, eta baserri batean solte dabilen San Bernardo bat zaunkaka hasten zaidala. Ni begira geratzen naiz, pixka bat beldurtuta, alboan duen ugazabak txakurra oratu zain. Demagun ugazabak Hartz izenez deitzen duela txakurra. Eta demagun, halako batean, "lasai, ez du ezer egiten" esaten didala; ugazabak, ez txakurrak. 

Laburbilduz: mendian gora, zaunkaka ari zait solte dagoen Hartz izeneko txakur handi-handia, ni pixka bat beldurtuta, eta jabeak dio ez didala ezer egingo. 

Doazela popatik hartzera halakoetan "lasai, ez du ezer egiten" dioten txakur-jabeak.

Hizkuntzak eta obren iraupena

Mikel Lizarralde 2011/06/16 23:45

Gure herrian egiten diren obrek ez daukate iraupen berdina euskaldunentzat edo erdaldunentzat.

Argazki hau maiatzaren bukaeran atera nuen gure pegoran:

null

Gaur beste hau atera dut, pegoran baita ere:

null

Pertsona elebidun bezala... zenbat irauten dute obrek? Ze batzutan nahiago dut euskalduna izan, eta bestetan erdalduna.

Ah, eta euskararen zuzentasunari... hobe ez begiratzea.

Send to Kindle

Mikel Lizarralde 2011/05/10 14:59

Kindle irakurgailua dugunontzat gehigarri interesgarria da Send to Kindle. Chrome-rentzat eginiko plugina da (Firefox-en bookmarklet moduan erabil daiteke).

Webgune batean nabigatzen ari garenean, egin klik botoian eta epostaz bidaliko dizu artikulua zure Kindle irakurgailura. Egokia da artikulu luzeak (edota momentuak irakurri ezin ditugunak) gure Kindle-ean eroso-eroso irakurtzeko.

Instalatzeko

  1. Sartu Send to Kindle webgunera eta jaitsi gehigarria.
  2. Pluginaren konfigurazio orria irekiko zaizu zure Chrome nabigatzailean. Zure Kindle eposta gehitzean aukeratu @free.kindle.com helbidea (hauxe da eta doako helbidea; @kindle.com helbidera bidalketak kobratu egingo dizkizu bestela Amazonek).
  3. null
  4. Sartu zure Amazon kontuan eta baimendu Send to Kindle zure epostara idazteko (gehitu kindle@klip.me helbidea baimendutako bidaltzaileen artean).
  5. Zure nabigatzailean botoi laranja bat ikusiko duzu orain nabigazioko tresna-barraren eskuman. Demagun Xabier Mendigurenen Sakonetaren lehen kapituluan zaudela; egin klik botoi laranjan. Lehenengo testu betsioan ikusiko duzu artikulua. Egin klik "Send" botoian.
  6. null
    null
  7. Artikulua zure Kindle-era iritsiko zaizu, Wifi-ra konektatzen duzunean. Hona Xabierren artikuluaren adibidea:
  8. null

 

Ama

Mikel Lizarralde 2011/05/09 23:56

Gure amak ez zuen bart lorik egin. Badaki erosi ditudala jada hegazkin txartelak. Urduri dago. "Nahiago nuke iraila balitz", esan dit. Aita ere urduri egongo da, seguru; baina ama, ama da.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.