Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Lanerantz, esaneko baina errudun

Leire Narbaiza 2016/11/18 17:10
Gipuzkoako Hitzan 2016ko azaroaren 18an argitaratua.

Lanerantz irten gara. Aurretik egun luzea daukagu, ordutegi zoroari esker. Lan egin behar dugu bizi behar garelako, dirua ezinbestekoa zaigulako irauteko. Era berean, umeak ekarri behar direla esaten digute, etengabe. Emakumeko X haur behar dela gure gizarteari eusteko. Beste ardura bat gehiago andrazkoon bizkarrean. Seme-alabak ekarri, ederto. Hazi, ostera, zelan egin lan ordutegi infinitu hauekin?

Lanerantz irten gara. Esan ziguten lanagatik edozer egin behar genuela, lanpostua zegoen lekura joan behar zela, kosta ahala kosta beharrari eusteko. Harantz goaz, kilometroak eta kilometroak egin hara iristeko. Lan jardun eternala gutxi ez balitz, gehitu behar diogu bidean ematen dugun denbora. Automobilean joaten gara, garraio publikoan ezinezkoa delako: ez dagoelako, edo, egonda ere, bertan emandako denbora lotarako denborari ostu beharko geniokeelako. Horregatik egiten gaituzte aldaketa klimatiko eta kutsaduraren errudun. Kontzientziabako erosozale fama ere ezarri digute.

Lanerantz irten gara. Horretarako automobila erosi behar izan dugu, dakarren gastu eta arrisku guztiekin. Kexatu egiten gara xahutu beharreko dirutzagatik. Horren aurrean, auto ofizialean doazenek errieta egiten digute: uste badugu autobidearen kostua handiegia dela, har dezakegula errepide nazionala. Trajedun horiek errepide hori egunero erabiltzen ez duten seinale.

Lanerantz irten gara. Jakin badakigu osasuna galtzen gabiltzala auto-ilaretan eta istripuetan. Nerbioak galduta aparkatu ezinda ibiltzen gara, tentsio etengabean. Esaten digute garajea erosi edo alokatzeko, denon esku balego moduan aparkalekua ordaintzea. Aparkatzea ere, dirudunen mesede.

Lanerantz irten gara. Patronaleko arduradun ahoberoak esan digu ez dakiela denondako beharrik egongo den, gaztelaniazko maskulino plurala erabilita: para todos. Femenino pluralarendako, lanik ez. Gizonek lanposturik ez edukitzearen errudunak ere bagara etxetik kanpora lan ordainduan gabiltzan andreak.

Lanerantz irten gara, dirua kobratzeko asmotan. Gastatzeko esan ziguten, gure eskubidea zela, eta ekonomia indartuko genuela. Guk, esan eta egin. Orain ere, errudun bihurtu gaituzte, gure posibilitateen gainetik bizi izan garelako, maila sozial horretakoak ez ginenez, larregi gastatu, eta krisi ekonomikoa geuk sortu dugula.

Lanerantz irten gara, eta solidarioak izateko eskatu digute. Baina solidaritate bakarra gurea izan da, inortxok ere ez duelako elkartasun keinurik ere egin gurekiko. Zerbaiti ezetz esanez gero, gu gara errudunak.

Lanerantz irten gara. Eredu neoliberalak egin du ondoen dakiena egiten: errudunak aurkitu. Eta beti gara gu, norbanakook: umerik ez dugulako, kutsatzen dugulako, arazoak eragiten ditugulako errepideetan, emakumeok dagokigun lekuan egoten ez dakigulako, solidarioak ez garelako, krisia sortu dugulako. Errudunak norbanakoak, lanerantz irteten garenok. Sistemak, ordea, ez dio inoiz errurik egozten sistemari. Eta errudunak beti izango gara errudun, egiten duguna egiten dugula; kontrakoa egiten badugu ere. Neoliberalismoak norbanakoa kulpadun bihurtu du statu quo-ak bere horretan jarrai dezan.

Eta guk lan egin besterik ez genuen nahi…

Gipuzkokako Hitzan

Herio, Halloween eta hileta zibilak

Leire Narbaiza 2016/11/04 10:55
2016ko azaroaren 4an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Sartzea egin dugu azaroan, heriotzarekin estuki lotuta dagoen hilabetean. Baliteke, argi orduak murriztu eta egunak laburtzeak laguntzen duela konexioa egiten. Agian, udazkenak udaren amaiera dakarkigulako, eta iragartzen digulako naturaren lo-aldia. Horrek ere izango du eragina. Arbola askok ere hilda dirudite hostoak galduta. Tristura eta akabua irudikatuta izadian neguaren atarian.


Tradizionalki, heriotzaren errito eta jaialdiek bete dute urteko hamaikagarrena, Gaztainerre egunak, kasurako, Debabarreneko zati baten. Edo galiziarren Magostok. Jakina, Eliza katolikoak ere aprobetxatu zuen abagunea eta aste honen hasieran izan ditugu Domu Santu eta Arimen egunak. Eta nola ez, joan-etorriko Halloween dontsua, orain sustraietara itzuli ezinda darabilguna. Denetan Herio, guztietan hiltzea.


Kuriosoa egiten zait Halloweenen itzulera reloaded hau: bizirik dauden hildakoak, mamuak, fantasmak agertzen zaizkigu nonahi, heriotza inoizkorik taburik handiena denean. Saihesten den gaia, inork aitatu nahi ez duena. Eta elkarrizketan sartuz gero, mintzakide asko deseroso sentitzen dira. Izan ere, ostrukarena egiten dugu. Gaiari itzuri eginda, ematen du guri ez zaigula gertatuko; ez garela sekula hilko, alegia.

Eibarko umiak Halloweenen
Arimen gaua Eibarko Sosolan

Hori ikasi nuen etxeko bat hil zenean. Harreman handiko ezagun batzuek ahaleginak eta bi egiten zituzten nirekin topo ez egiteko, izkin egiten zidaten. Ez zekitelako zer esan, nola zuzendu niregana. Gure amamek bazekiten, ostera. Gure aurrekoen heziketan bazegoen heriotzaren aurrean zelan jokatu, guri erakutsi ez zigutena, tabua delako horretaz berba egitea.


Horregatik nago oso ados Hedoi Etxartek Euskadi irratiko Faktoriako tertulian esandakoarekin (02:14:00-tik aurrera): boterearen ideologiak sinistarazi nahi digula ez garela hilko, baina hil egiten garela. Eta familiako bati gertatutakoan etortzen direla koplak. Izan ere, gizarte laikoa erritoetan dabil makal. Eliza katolikoak eskaintzen digula agur esateko modua.

entierro zibila eibarren
1932 g.g.b. Entierro zibila Eibarren, anda Urkizutik gora. Beste askoren artean, Juan Gabilondo, Luis Bueno eta Aurora Amuategi. Castrillo Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa


Batez ere, azpiegitura eskaintzen digu. Eliza asko ederrak dira, handiak. Estalita daude eta jesarlekuak dauzkate. Zeremonia egituratua, abestiak, intsentsua, despeditzeko era bat. Baina, hildakoa erlijioso ez denean, zer? Etxartek dioen moduan, laga gaituenak inguruan badu kolektiboren bat, edo ondo berba egiten dakien norbait, salba daiteke. Baina ez badu?


Hileta zibilak hori dauka, inor ez dela arduratzen, leku egokirik ez dagoela. Berriak zaretela kontu honetan. Eibarren, aldiz, entiarro zibilla egon da mende batez, gutxienez. Baita frankismoan ere. PSOEko norbait arduratu izan da abade laikoarena egiteaz. Kontua da, sasoi baten hileta hau aukeratzen zutenak sozialista zaharrak, errepublikanoak edota horrelako ideologia zutenak zirela –Egia da, gaur egun, eskatuz gero, edonorena egiten dutela, gogaide ez bada ere–. Eibarren tradizio bat badugu, laguntzen diguna beste ideologia batzuetakooi bidea egiten. Hala ere, Etxartek adierazi bezala, zerbait gehiago beharko genuke hileta zibil horiek hornitzeko. Maite ditugunei agur esateko zeremonia behar-beharrezkoa delako.


Beraz, Halloween eraldatzen gabiltzan honetan, gure sustraietara itzuli nahian; aprobetxa genezake heriotzaz, Herioz, Balbeaz hitz egiteko. Eta era berean, zer nolako agurra nahiko genukeen adierazi. Dena naturalagoa litzatekeelako.


Azaroan orbelak airez aire, ifartxo dultzean...


Gipuzkoako Hitzan

Futbolaren albo-kalteak

Leire Narbaiza 2016/10/23 15:43
Gipuzkoako Hitzan 2016ko urriaren 21ean argitaratua

Aitorpen bat egin behar dizuet, gaztetan oso futbolzalea izan nintzen. Oso! Igandero joaten nintzen Ipuruara Eibar ikustera. Ederki pasatzen genuen, eta gustura ibili nintzen. Gero ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina poliki-poliki joateari laga nion, bizitzaren beste arlo batzuetan murgildu nintzen. Eta jakin barik zelan, gorrotatzen amaitu nuen; erretzaile amorratuak tabakoa lagatzen duenean bezala, gero ezin duela usandu ere egin zigarroaren kea, eta tabakoaren aurkako zorrotzena bihurtu. Pasio zuena, gorroto bilakatuta. Tabakoaren lekuan jarri futbola, eta hori izan zen pasatu zitzaidana. Ez dakit nola.


Askotan hausnartu dut zer dela eta izan nuen aldaketa hura. Ez dut emaitza garbirik aurkitu. Baina esan nezake, dena hasi zela kontratu handi eta diru askokoak egiteari ekin ziotenean, Reala euskal herritarra ez zirenak kontratatzen hasi zenean. Gugandik urrundu zenean astiro-astiro, berba baten. Hor hasi zen nire ziaboga, aldaketa osoa.


Egia esatera, gogo-hoztasun horrek oinarri sendoa zuen. Orduan konturatu ez banintzen ere, hemendik, denboraren distantziak ematen duen perspektibarekin, berretsi nezake motibo askotxo neuzkala. Orain argi eta garbi ikusten ditut.


Futbola ez da alferrik herriaren opioa. Hala erabiltzen dute gobernuetatik. Bestela, nola azaldu partidu zaparrada etengabea? Zelan ulertu astean 7 egunetan jokatzen dutela futbolariek, ia edozein ordutan, astelehen buruzuri bateko gaueko 10etan, adibidez? Bai, telebista pribatuak, Txinako zaleek,... esadazue gura duzuena, baina atertu gabeko eraso honek planifikatuta dirudi.


Bestetik, aitatu behar dut, futbolak eta bere inguruan mugitzen den parafernalia horrek zein errespetu gutxi duen beste kolektiboekiko. Eibarren ondotxo dakigu hori! Egon zintezke urte osoan dantza taldearen emanaldia prestatzen egun zehatz baten herriko plazan jende guztiaren aurrean aurkezteko, baina futbol taldea beste dibisio batera igotzear dagoenez eta hori ospatu behar denez, dantza taldeak aldatu behar du eguna, astebeteko epean! Gero, gainera, ez igotzeko eta ospakizuna (eta dantza emanaldia) bertan behera lagatzeko!


Jarraitu nahi nuke Gipuzkoa-Bizkaiaren arteko ikusezinaz. Gauza asko daude horren atzean –batez ere egunkari talde ezagun bat, gorrotoa hauspotzea komeni zaiolako–. Futbolak sustatu egiten ditu ezinikusi horiek, askorendako identitate ikur bakarra futbol ekipoa delako. Esperientziaz diotsuet: ia beti Bizkaian lan egin duen gipuzkoarra izanik, sarriegitan esan didate “aaaa, Reala, uuu!”. Nik aurpegian egin diet barre, jakina!


Baina latzena futbolarien ukiezintasuna da. Messirekin gertatu da. Espainiar estatuan bizi garen guztioi dirutza lapurtu digu (zergarik ez ordaintzea lapurtzea delako), baina segitzen du normal-normal inongo lotsa barik jokatzen. Gainera, jendearen babesa du! Itzela.


Itzeletan itzelena, baina, Luna eta Enrich Eibarko jokalariena da. Imanol Epeldek bere blogean dioen legez, irakasleak balira aspaldian egongo lirateke kalean, lan barik eta beste inon lanean hasteko aukerarik gabe. Baina futbolariak direnez, ez da ezer gertatzen. Edo Abasoloren moduan, indultatuta libre, eraso sexualengatik zigortua izan bazen ere.


Horiek dira gure umeen idoloak, eredu dituztenak. Gero hileta jotzen ibiliko gara belaunaldi gazteek ez dituztelako espektatibak betetzen!

Gipuzkoakoa Hitza-n

Lehendakarigaiek euskaraz jakin behar dute, bai!

Leire Narbaiza 2016/10/18 16:49
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu"-rako egindako kolaborazioa, 2016ko urriaren 18an emititutakoa

Pasa den astean txiolari euskaldunen artean zabaldu zen Ser irrati kateari  Kirmen Uribek eskainitako elkarrizketa. Sarelariak asaldatu egin ginen; izan ere, elkarrizketaren izenburua zen “Lehendakarigai batek ez luke euskaraz jakin behar, baina detaile bat litzateke”.

Titular deigarria, benetan. Baina elkarrizketa entzunez gero, adierazpenak askoz ere deigarriagoak dira, batez ere kazetariak behin eta berriro aitatzen duelako Uribe euskara aholku batzordeko kide dela. Idazleak berak ere badio hori, nolabait batzorde horren bozeramale bihurtuta, edo.

Etengabe pertsonaren eskubideaz mintzo da, bakoitzak erabaki behar duela zein hizkuntzatan berba egin nahi duen. Ados egon ninteke, baina premisak funtziona dezan zati bat falta zaio. Zein hizkuntzatan hitz egin nahi den erabakitzeko, hizkuntza biak jakin behar dira, bestela ezinezkoa da. Elebakarrek ezin dutela aukeratu, alegia. Beraz, lehendakarigaiak jakin beharko luke euskaraz, gero erabaki ahal izateko euskaraz egin ala ez.

Adierazpenari, aholku batzordean dagoen baten ahotik etorrita, larria deritzot, erakusten duelako soziolinguistikaz gutxitxo dakiela, kaleko edozeinek bi bider pentsatuta ondoriozta lezakeelako aurrerago esandakoa. Horretara, zein da Uriberen meritua (edo beste edozein kiderena) aholku batzordean egoteko? Euskal idazlea izatea nahikoa da?

Tira, itzul nadin elkarrizketara. Edozein lehendakarigairen helburua lehendakari izatea dela esango nuke. Beraz, legalki hizkuntza koofizial bi dituen erkidego bateko agintari nagusia. Presidente egokia izateko beharrezkoa litzateke herri horretako hizkuntza jakitea, ezta? Hemen baino ez da hori gertatzen, beste leku batzuetan pentsaezina litzateke bertako mintzaira ez jakitea. Zer planteatuko du Uribek: zer nahi duzu lehendakari ona eduki ala lehendakari euskalduna?

Gainera, lehendakari horren peko gobernuak nola eska liezaioke edozein langile publikori hizkuntza eskakizuna, lehendakariak berak tutik ere ez dakienean? Zer oinarri du horrek?

Aitatzen duen beste kontu bat sentsibilitate nazionalistarena da. Baina ideia hori oso erredukzionista eta sinplista da, gaur eguneko EAErekin lotzen ez dena. Ez ote du Kirmenek gure gizartea ezagutzen? Ideia hori oso demodé dago, eta euskara ikasi nahi ez dutenek baino ez dute haizatzen!

Baina penagarriena azken hitza da: detailea. Detailea litzateke lehendakarigaiak euskaraz jakitea, edo ikastea. Ematen du euskaldunok konformatu behar dugula erdaldun elebakarrek emandako oparitxoekin. Aberatsen mahaietatik jausten diren ogi apurren zain dauden pobre gosetuak dirudigu. Detailea da euskara jakitea, ez justizia, ez eskubidea. Menperatuen mentalitatea da hori, bigarren mailakoak garela askorendako, alegia.

Euskal idazle saritua, baina baina gure aurreko analfabeto askoren mentalitatea duena.

Hemen Info7-ren webean

"Matxotiak"

Leire Narbaiza 2016/10/14 12:07
...eta kitto-n 2016ko urrixaren 14an argitaratuta

Zerk bultzatu ahal dau gizon bat, hartu-emon sexuala izan, grabau eta lagun bateri bialtzera? Ze motibo egon leike jarduera intimo eta pribau bat lagunekin konpartitzeko? Ze satisfakziño euki leike personiak halako kontu batekin?


Bakotxak egin leike gura dabena bere intimidadian, beti be konsetidua danian eta adin nagusikuen artian. Bakotxak dittu bere filixak eta bere fobixak, gustuak eta disgustuak. Hirukotian jardutzia sexu kontuetan ondo ikusten dot, gustoko izan ezkero. Baiña txarto dago baimen barik grabatzia, eta txartuago neurri barik zabaltzen bada. Larrixagua, bakarmen eskaeria egin, eta barkamenik eskatzen ez bajako kaltia sufridu daben  andrazkuari. Horrek ez daka izenik!


Esango neuke harrokerixa dagualaka autu honen guztionen atzian. Matxotien harrokerixia, arkerixia, berba baten. Munduari erakutsi nahixa ze matxuak diran, zelako balentrixia egin daben. Bakarrik falta dabe zutiñik jartzia eta ukabillekin bularrian jotzia King Kongen moduan, eta orrua egin!


Matxuak orroaka


Ez gaittu harrittu fulbolisten kontua izatiak, baiña aho bete hagin laga gaittu zale askok zelan defindidu dittuen jokalarioxok: pribauan egitten danak ez ei detse eragin bihar foball karreran.


Ez deigun ahaztu feminismuak erakutsi deskula pribaua, publikua dala. Izan be, ez ete dau euki oihartzun handixagua bidiuak Eibar taldeko fubolistak ziralako? Ez ete da larrixagua personaje publikuak diralako? Baiezkuan nago.

Hamen ..eta kitton

Save

Ama zaharrak, antisorgailuak eta gizon ikusezinak

Leire Narbaiza 2016/10/10 16:01
Gipuzkoako Hitzan 2016ko urriaren 7an argitaratua

Aurreko astean, zehaztu ezin dudan egunean, albistegi batean berri bi eman zituzten bata bestearen atzean, gaur egunean hain modan dagoen notizia harilkatzean. Batak zioen emakumeak EAEn gero eta zaharrago erditzen zirela bere lehenengo umeaz. Bestean, erkidegoko neskak euren amak baino lehenago izaten dituztela harreman sexualak, eta zeintzuk ziren erabiltzen zituzten antisorgailuak. Bietan emakumeengan zentratutako berriak, andrazkoak erantzule eta arduradun.

Egia esatera, azken boladan bazterrak harrotzen dabil ama “zaharren” kontua. Tarteka-marteka komunikabideetara ateratzen den polemika da. Batez ere, 60 urte baino gehiagoko emakume batek ume bat izan berri duenean. Orduan, debatea derrigorrean agertzen zaigu. Ezin dugu ahaztu, Italian ere osasun ministerioak amatasuna aurreratzeko kanpaina egin duela, kritika ugari jaso duena, bestalde.

Argi dago gai honek iritzi asko eragiten dituela, baina beti harritzen nau nolako gaitzespen tonua erabiltzen den ama “zahar” hauen kontra: ea ez dakiten zein arriskutsua den beraientzat adin horretan haurdun geratzea, ez dituztela umeak hazten ikusiko, berekoiak direla,… Ados egon ninteke ala ez, baina beti egon dira menopausian haurdun geratu diren emakumeak; ia beti gura barik. Baina gehien harritzen nauena da adinaren kontua inoiz ez dela gizonezkoen kontra erabiltzen, nahiz eta 80 urterekin aita izan. Aita “zaharrek” ikusiko ote dituzte umeak nagusitzen, ala? Edota ez ote da ardurabakoa eta berekoia aitatasuna edade ez ohikoetan? Non dago desberdintasuna?

Argi dago ugalketa kontuetan gizonei ez dietela gainean lupa jartzen, ez direla existzen, alegia. Kontu egizue, ugalkortasun tasa ere X ume emakumeko neurtzen dela, gizonezkoen zeregina ez balitz bezala, edo euren partea hartzea hutsa balitz legez. Momentutxo bateko atsegina besterik ez omen dira ugaltzearen mundu horretan, antza. Izan ere, kontuan hartu ere ez dituzte egiten. Umeak beti emakumeen pentzura. Mentalitate baten ajeak.

Errealitate hau askoz argiago ageri da hasieran aitatutako bigarren albistean, antisorgailuenean, alegia. Neskei baino ez zaie egiten galdera, ea zein antisorgailu erabiltzen duten harreman sexualak edukitzerakoan. Galdera honetan inplizituki neskengan lagatzen da nahi ez den haurdunaldi bati aurre egiteko moduaren ardura. Mutilek ez dute, itxura denez, horren erantzukizunik. Atzera ere, ikusiezin bihurtuta ugaltze gaietan, errespontsabilitaterik ez.

Tira, azken berri horrek badu mami gehiago. Batetik jakin nahi nuke zer ote den harreman sexual inkesta egin dutenentzat. Masturbazioaz ari ote dira? Um, ez dut uste. Argi dago sarketaz dihardutela. Beraz, hartu-eman heterosexualak dituzte buruan eta harreman mota zehatz bat. Dena oso gaurkoa eta anitza!

Teleberrian erreskadan emandako albiste bik laburbiltzen dute oraindik gaur egun ugalkortasunaz gure gizartean barruraino sartuta dauden usteak, finean gure aurrekoen berberak direnak. Gero kexatuko gara gizonek ez dutela nahikoa ardura hartzen haurren hazkuntzan. Nolatan, inkesta eta ikerketetan agertu ere egiten ez badira? Zelan, bada, ikerketa batek gizarte baten pentsamendua islatzen badu? Zenbat lan oraindik ere!

Gizpuzkoako hitzan

Tiritak, generoa eta rolak

Leire Narbaiza 2016/09/24 01:05
Gipuzkoako Hitzan 2016ko irailaren 23 argitaratutakoa

Jon farmazian sartu da umeendako tiritak erostera:

-Egun on, haurrentzako tiritarik?

-Mutila edo neska da?

-????

-Neskentzat Peppa Pig, mutilentzat Bob Esponja (Bob Belakia).

Euskal Herriko farmazia batean gertatu da hau eta nik twitterren irakurri. Ahoa bete hortz laga nau txioak eta hausnarketarako hainbat motibo.


Farmazian:
-Haurrentzako tiritak?
-Mutila edo neska?
-?
-Neskentzat Peppa Pig, mutilentzat Bob Esponja.
Patriarkatua horrela berritzen da.

— Jon Ordoñez (@jonordoez) 2016(e)ko irailak 17


Jakinekoa da kolore arrosa eta urdinaren bereizketarena. Aspaldi jardun dugu honetaz. Rol generoa arropa, kolore eta produktuetan, alegia. Ohikoa da printzesa/super-heroi dikotomia; printzesak/munstroak aukeratu beharra haurrei opari bat egiteko orduan. Zerga arrosaz ere hitz egin da aspaldion, baita “ama bezain polita”, “aita bazain azkarra” leloak zeuzkaten kamisetez ere. Orain marrazki bizidunen txanda iritsi da, antza.


Peppa txerritxoa


Ez dakit inoiz ikusi dituzuen zorioneko marrazki bizidun horiek. Peppa pig-en txerri familia bat agertzen da. Marrazkiak oso infantilak dira, naifak ia. Koloretsuak, txerriak arrosak dira. Baina arrosa fuertea da. Beste koloreak ere halakoak dira. Istorioak nahiko domestikoak, ume txikien kontuak eta bihurrikeriak. Peppa, txerri protagonista neskatila da, nahiko zintzoa.


Bob belakia


Bob Belakia, ordea, marrazki tradizionalagoa da marrazki bizidunen munduan, nire iritziz. Diseinua ez da hain infantila, eta koloreak ez dira hain indartsuak. Bob, mutila, belaki bat da itsasoan bizi dena eta kazetaria da. Istorioetan lagunenik gertatutako pasadizoak eta abenturak kontatzen dira.


Marrazki bizidun bi hauek ikusi izan ditudanean beti adinarekin lotu izan ditut. Peppa pig txikiei gustatzen zaie, eta nagusitxoagoei Bob Belakia. Hala da nire inguruko umeen artean, behintzat. Garapenarekin edo heldutasunarekin lotuagoa . Hizkerak eta egoerek adinarekin dutelako zerikusia. Sekula ere ez nituzke erlazionatuko, baina, generoarekin! Burutik ere ez zait pasatu!


Pasadizo txiki honek zalantza bat piztu dit: nola iritsi dira pentsatzera Peppa pig neskendako produktua dela? Zerk eragin die hori? Koloreak? Txerriak marrazkietan askotan dira arrosak. Koloreak ez  nau kezkatzen -edo esan beharko nuke, oraingoan ez dela nire kezka nagusia kolore segregazioak beti ardura didalako-. Kontu sakonagoak estutzen nau, marrazki bakoitzaren atzean dagoenak, eta asoziazioa ahalbidetu duenak.


Eta zer ematen dute aditzera marrazki biek? Bada, Peppa pig-enak umekeria, infantilismoa, familia giroa. Bob Belakia, aldiz, lagun giroa, mutil nagusien abenturak, lan kontuak, ganberrokeriak.

Ai, ene! Zelako asoziazio mentalak! Berriro ere betikoan gaude. Betiko rolak betikotzen, eskuz esku, tiritaz tirita, transmititzen. Neskei dagozkie familia, etxea, heldutasunik gabeko kontuak. Mutilei, ostera, kalea, lagunak, mundua, abentura harrigarriak, familiarengandik aparte, bihurrikeriak… Neskak etxean txintxo. Mutilak drogan kalean.


Farmaziako langileak hori guztia izango zuen subkontzientean, jakin barik. Baina tiritaz estalitako zauri bakoitzeko esaten ari zaio ume bakoitzari zer espero duen berarengandik: familia zalea/lagun zalea, sinplea/konplexuagoa, etxerako/kalerako. Ez da gehiegikeria, ez zait burua joan, patriarkatuak zirrikiturik txikiena erabiltzen baitu ahalik eta gazteen geureganatu dezagun berari komeni zaiona. Urratu txikienetatik sar litezke bakteria kutsakorrenak ere, tiritaren bitartez.

Hemen Gipuzkoako Hitzan

Debatean, euskara galtzaile

Leire Narbaiza 2016/09/20 22:47
Info7 irratiko Gureaz blai saiorako "Egin kontu"-n egindako kolaborazioa eta 2016ko irailaren 20rako

Hauteskunde kanpainaren azken astean gaude, ondotxo jakingo duzuenez. Etengabeko bonbardaketa honek laga digu albo kalte bat euskara da. Bideo formatuan eraso diote gure eskubideari. Eta ez ditut berriro ere hauspotuko gezurrak, pentsatze hutsak ere min ematen didalako. Gainera denok dakizue zertaz dihardudan. Ez du merezi aitatzea!


Kontua da, bideook ez direla eraso bakarra izan. Etb1en izandako debatean ere euskara izan zelako galtzaile. Galtzaile parte hartu zuten politikari batzuen gaitasun maila entzun ostean. Txarra baino txarragoa izan zelako.

Antza denez, ahaztu zaie horiei zein inportantea den hizkuntza ondo jakitea, ahalik eta ondoen adierazteko zein den euren proiektua gobernura ailegatuz gero. Momentu batzuetan, batzuek jaurtitako esaldiak ulertezinak ziren. Ikusleok deszifratu ezinda ibili ginen zer esan nahi ziguten. Eta, jakina, horrek guztiorrek sekulako kritika zaparrada ekarri zuen twitterren. Txiolarien jarduna barreetatik hasi, eta suminduraraino zihoan. Batzuetan entzundakoa sinistu ezinda ere ibili ginen, hain zen ulertezina esandakoa. Kritika zorrotza jaso zuten horregatik, batez ere politikari konkretu batek.


Egia esatera, txantxa giroa nagusitu zen, ezin bestela jasan astakeria gramatikal haiek guztiak. Belarriak odoletan geneuzkan, ia odolustutzeraino. Merkromina eta betadinerik onenena halakoetan barre egitea delako, hala ibili ginen, bestela ezin aurrera egin.


Horrela debate osoan. Baina kexa ere iritsi zen, txiolari batek gaztelaniaz esan zuen oso zatarra dela hautagai baten euskara mailaren kontra egitea, honek eztabaidatu eta espresatzeko ahalegina egiten duenean. (Es muy feo meterse con el nivel de euskara de un candidato que hace el esfuerzo de debatir y expresarse en euskara.).

Marimaistra handiak esaten duen moduan: “Euskararik onena, hitz egiten dena!”. Ados nago sorgin maitagarriak dioskunarekin. Baina kasu honetan ezin daitekeela aplikatu uste dut. Izan ere, kritikak jasan dituztenak ez dira euskaltegiko ikasleak, edo euskara asko jakin barik saiatzen den kaleko jendea. Kritikatuak politikariak dira, berbak darabiltzatenak bere ideiak azaltzeko. Hitza da euren lantresna, komunikazioa baita euren esparrua. Baten batek urteak daramatza euskara maila berarekin, hobetzeko ezer egingo ez balu bezala. Eta hori larria da, gaztelaniaz formatu egiten direlako.


Larritasuna ez ezik, axolagabekeria ere adierazten duelako; alegia, berdin zaielako nola hitz egin euskaraz. Gaztelaniaz inork inoiz ez luke onartuko halako mailarik, lotsagarria begitanduko litzaioke edozeini hala mintzatzea espainolez. Mespretxutzat hartuko lukete.


Guk, ordea, badirudi dena onartu behar dugula euskaraz bada, esfortzua egiten dutelako. Baina ez da hala. Maila egokia exijitu egin behar diegu, bestela alferrik gabiltza. Ez dezagun ahantz hautagai horietako bat edo beste agintari bihurtuko zaigula eta bere eskuetan izango duela hizkuntzaren alde (edo kontra) egitea.

Ez diezagutela barre egin, nahikoa gezur eta irain bota dituzte eta dagoeneko. Euskara maila duina exijitu behar diegu!

Hemen Info7ko web orrian

Mercadonaren lilura

Leire Narbaiza 2016/09/10 15:20
Gipuzkoako Hitzan 2016ko irailaren 9an argitaratuta

Pasa den astean Mercadona supermerkatua zabaldu zuten Eibarren. Denda handia, aparkaleku pila batekin. Ez dakit zer esango duten gure herrian denda txikiak dauzkaten dendariek, baina ez dut uste oso pozik egongo direnik; izan ere, supermerkatu berri horretatik oso hurrean beste handi bi ere badaude: Eroski eta El Corte Ingles. Hori 300 bat metroan. Ahaztu barik, Lidl, Dia eta BM ere badaudela hiriaren beste gune batzuetan. Ez dakit zelan lortuko duten guztiek bizirautea.


Tira, hain gune handiak zabaltzeak ez nau askorik harritzen. Badirudi hori dela azken boladan “modan” dagoena: supermerkatu/hipermerkatu asko leku txikian. Mercadona fenomenoak nauka miretsita, bere izen hutsa aipatzeak sortzen dituen kondaira eta lilura. Horrek lagatzen nau aho bete hortz.


Kontua da, aspalditik zebilela eskualdean denda zabalduko zutelako zurrumurrua. Prentsan ere agertu zen. Halako albisteak bolo-bolo barreiatutakoan, jendeak “Ze ondo!” esaten zuen. Ni horrekin txokatuta geratu izan naiz. Ez baitut konprenitzen denda horrek sortzen dien xarma. Zergatia eskatu eta arrazoibidea beti izan da bera: kremak.


Erantzunak begiak talo eginda utzi izan nau. Sakontzen hasi, eta inoiz ez dira gai izan esateko zer gehiagok erakartzen zituen. Beste batek esan zidan zeliakoendako produktu asko zituztela. Ea zeliakoa zen bera edo bera familiako norbait, nik itaundu. Eta ezetz, baina entzuna zuela jabearen alaba gaixotasun hori zuela eta horregatik gluten gabeko produktuen eskaintzarena.


Ikasle talde baten gertatu zitzaidan hau. Ezin ulertuta nenbilen, baina ikasleek, azkenerako ere ez zekiten zergatik zuten hain gustuko Mercadona. Nik ere segitzen nuen haluzinatuta.


Baina kaleko jendeari zer zirrara sor liezaiokeen deigarria zaidan arren, Mercadonaren beste kontu miragarri batzuek ere ematen didate atentzioa. Esate baterako, publizitaterik egiten ez dutela. Tira, ez dakit zer ulertuko duen publizitate berba esanda marka horrek; izan ere, errepideetan dauden panel handi horiek kontratatu dituzte. Eta herriko jubiletxeetako baten hainbat hitzaldi eman. Bertara joandakoak produktuz betetako poltsekin irteten ei ziren berbaldiotatik. Enpresak panel eta hitzaldi “informatibo” deitzen die ekintza hauei. Neohizkuntza darabilte elikagaien banaketako taldekoek ere, antza.


2016-08-17_12-10-04

Niri, ostera, harrigarriena prentsa idatziarena egin zait. Hiru egunkaritan titular bera agertu da denda berria dela eta: Mercadonak supermerkatu berria zabalduko du Eibarren 40 lanpostu «egonkorrekin» (Mercadona abre un supermercado en Eibar con 40 empleos «estables» 1, 2, 3). Berbaz berba berdinak. Harritzekoa, ezta? Agentziak banatutako prentsa oharra kopiatuta hiruretan. Hori bai, notizia baino publi-erreportajea da. Ordutegiaren berri ematen du, zein inbertsio egin duten, zein zerbitzu eskainiko dituzten,... Ez dute iragarkirik jartzen, baina publizitatea era ezkutuan, barra-barra darabilte. Prestigioagatik ote? Nork kobratuko du propaganda ezkutu hau? Nola?


Baina ez esan tristea ez denik denda baten gaineko mistika hau. Ez dakit zer bihurtzen gaituen, kontsumoaren akolitoak, produktu batzuengatik proselitismoa egiteko kapazak. Jabe aberatsen mesederako, gure miseriarako. Miseria morala, besterik ez bada ere. Erostea delako gure erlijio berria.

Hemen Gipuzkoako Hitza-n

Save

Hondartzara esku hutsik joaten ginen sasoi baten!

Leire Narbaiza 2016/08/28 23:10
Hondartza egun batzuetako lehenengo kronika.
Non ote dauden hondartzara toalla hutsarekin joten gineneko sasoiak! Ez krema, ez giltza, ez ezer! Beraneanteak ginen eta nerabeak; gu etxeratu orduko beti zegoen norbait etxean.
Gaizki ikusita zegoen kamiseta luze bat baino arropa gehiago eramatea hondartzara. Eskupainua sorbaldan ezarri, eta txankletei tirriki-tarraka eraginez abiatzen ginen.
Esandako moduan, kremarik ere ez genuen eroaten; izan ere, eguzkitik babesten gintuzten kremak ez genituen ezagutzen. Amen kontua zen Nivea -pote urdinekoa, ez zegoen beste Nivearik- ematea. Azenario eta "behiaren krema" ere bazeuden. Baina horiek beltzarantzeko baino ez zuten balio, olio hutsa baitziren. Azala frijitzeko, alegia.
Gero, gutxira etorri ziren babeserako kremak. Orduan, kapazua erabiltzea beste erremediorik ez zitzaigun geratu. Gainera, trenean joanez gero hareatzara, dirua eta giltza ere behar genituen. nerabezaroa pasata genuen! Behin lastozko kapazua hartuta, nik liburua ere sartzen nuen. Sekula ez dago-eta soberan.
Urik ere ez genuen eramaten! Lehen egarririk ere ez genuen izaten. Ez dakit nola egiten genuen. Iturriak bazeuden, baina ez dut gogoan bertaraino joatea edatera (ez zeuden hondartzan bertan). Orain nork pasa lezake plaia egun bat ur barik?
Hurrengo pausua krema gehiago eramatea izan zen: 50eko babes gradukoa,30ekoa, aurpegirako. Ezpainetako kakaoa ere sartu genuen orduan.
Zerbait jateko ere behar da. Batez ere egun-pasa joanda.
Bainujantzia aldatzeko ere sartzen dugu poltsan. Nerabezaroan barre egiten genion horri, atsoen kontua zelakoan. Orain denok kanbioarekin!!
Zapia/pareoa ere badaezpada. Erretzeko arriskua badugu, freskatzen badu, txiringitora joateko jantzi barik,..
Buruan jartzeko ere zerbait: kapelu, zapi edo bisera. Pintza/gomak ilerako luzetxo izanez gero, batu ahal izateko.
Hau bakarrik bakarrik edota lagunekin egun-pasa joateko! Umeak sartuz gero txangoan, ia guztia biderkatuta, gehi palak,pilotak, eskuarea, kubo eta abarrak! Ez nau harritu jendea ikustea gurditxoaekin (errekaduetarako erabiltzen duguna) hondartzara joaten. Oso praktikoa! Batez ere, nik orain, aulkia eta eguzkitakoa eroaten hasi naizenetik! Ez da sinplea señora eibartarra izatea!
Zelan konplikatu dugun bizitza!
plaiarako tramankuluak
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua