Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Euskara Lapurdin, bisitari baten begietatik

Leire Narbaiza 2017/04/27 16:55
2017ko apirilaren 27an Info7 irratiko Gureaz blai-ko Egin kontu-n aireratua

Aste Santuko egun batzuk Lapurdin eman ditugu, bertako edertasunaz gozatzen. Paraje zoragarriak, herri ederrak eta etxe politak ikusi ditugu. Ezagutzen genituen lekuak berriro bisitatzen, eta toki ezezagunak deskubritzen. Gozatu hutsa!

Hizkuntzari ere erreparatu diogu, nola ez! Ibili garen lekuetan, behintzat, ia seinale guztiak elebidun zeuden. Bistatzeko leku askotan ere emandako paperak eta panelak euskaraz zeuden, eta euskara onean, gainera. Horrekin ere konturatu ginen. EAEn, esaterako akatsak eta hanka sartzeak oso arruntak izaten dira, eta itzulpenak traketsak. Guk aurkitutakoak, ordea, ederki zeuden.

"Alde orotara" modu erraz eta eraginkorra norabide/noranzko korapiloari.
"Alde orotara" modu erraz eta eraginkorra norabide/noranzko korapiloari irtenbidea emateko.

Onerako harritu gaitu horrek; izan ere, aldaketa sumatu dugu, onerako hori ere. aspaldian euskara ikusi ere ez zen egiten-eta.

Ahozkoan, oztopo gehiago izan ditugu. Ahalegindu izan gara euskaraz eskatzen, baina ez da posible izan kasu guztietan. Batzuetan ulertzeko gai baziren, baina berba egiteko ez. Dena den, jarrera oso positiboa aurkitu dugu, EAEn sarriegi gertatzen ez dena: no te entiendo modu txarrean erantzun izan digute herri nahiko euskaldunetan. Egun hauetan, aldiz, beti adeitsu. Edukazio kontu bat ere ba ote da?

Baina gutxien gustatu zaiguna izan da euskara=espainiarra identifikazioa. Askotan gertatu zaigu euskaraz eskatu eta zuzenean español esatea eta gaztelaniaz segitzea. Amorrua! Euskara izango ez balitz bezala Lapurdiko hizkuntza propioa! Badakit askok kortesiaz egiten dutela, gaztelaniaz ere badakitelako gutxienez zertxobait, baina askotan ez da gure frantsesa baino hobea izaten, gu frantsesez ere moldatzen baikara.

Nire arrangura, ostera, ez da frantsesa ezin izan dudalako praktikatu. Haserrea eragiten dit oso kezkagarria deritzodalako kontu honi. Azpian gauza asko dauzka. Batetik, badirudi euskara gureganatu dugula Hegoaldekook, guretu egin dugula, eta Ipar Euskal Herrikoak  desjabetu egin ditugula, titularitatetik kendu. Hegoaldekoona dela, batez ere gipuzkoar eta bizkaitarrena.

Bestetik, esan gura du bertako ia inork ez duela erabiltzen halako inguruetan. Ez eskatu, ez galdetu. Tristea benetan. Baina jasandakoa jasan eta gero normala ere bada. Egoera tamalgarria, benetan.

Errua ez da inorena eta denona da. Baina oraindik buelta emateko modua dagoela iruditzen zait. Nola? Gaitza, baina lehenengo pausua elkar bisitatzea da, elkar ezagutzea. Eta, jakina, beti euskaraz.

Gal diezaiogun mugari beldurra eta Espainiarantz gutxiago joan eta gehiago Euskal Herri kontinentalera, horrela ere herria egiten baitugu.

Hemen Info7n

Sehaskak, sabelak eta bihotzak

Leire Narbaiza 2017/04/22 12:55
Gipuzkoako Hitzan 2017ko apirilaren 21ean argitaratua

Benetan ez zaizu sartzen sehaska bat etxean? zuzen-zuzen galdetu zigun nonahi Bizkaiko foru diputazioak egindako iragarkiak. Helburua zen abegi-familiak lortzea aldundiaren babespean dauden adingabeendako. Pasa den astean iragarri zuten oraindik ere familia beharrean daudela ume hauek aterpetzeko, kanpainak ez duela nahi beste eragin, zoritxarrez.

Kuma

Hego Euskal Herrian 2016ko amaieran aldundiek eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak zenbatuta, 2.220 haur eta nerabe zeuden erakunde horien tutoretzapean. Datua ikaragarri altua begitantzen zait. Harrera familietan 992 besterik ez, erdia baino gutxiago. Horregatik, Bizkaiko diputazioak Gipuzkoakoaren bideari jarraituko dio eta familia profesionalak ere izango dira ume hauek babesteko. Hau da, familia batzuek soldata izango dute ume hauen kargu egiteagatik. Nafarroako gobernuak ere legez onartu du neurri hau, baina oraindik ez du martxan jarri.

Sehaska batendako lekua. Esloganak zeharo harrituta laga ninduen; izan ere, ume baten ardura hartzea sehaska batendako lekua izatea baino gehiago da. Nahiko friboloa ere iritzi nion. Harrera-familia izatea ez delako tontakeria, seme edo alaba biologiko bat edukitzea kuma kokatzea baino gehiago den moduan. Gainera, odol bereko seintxo batez erditzeko ez da behar inongo baimenik. Bai, ostera, harreran hartzeko. Azterketa-miaketa pasatu eta formazio ikastaroa egin behar da. Sehaskarako lekua baino, denbora, ordutegi egokia eta egonkortasuna ere behar dira. Gogoa ez da nahikoa.

Horregatik ez dut ulertzen nolatan guraso izan nahi duten pertsona askok gastatzen duten hainbesteko energia, denbora eta dirua atzerrian umeak adoptatu nahian, jakinda hemen ere badaudela haur babesgabeak, behar gaituztenak. Egia da adin txikiko horiek ez dutela seguruenera ordezko gurasoen abizenik eroango, zaintzaile horiek ez dutela inoiz ziurrenik guraso-ahala edukiko. Baliteke egunen batean bere familia biologikora itzultzea, baina beti izango da umearen onerako, gizartearen aldeko lana. Arazotsuak ere izan litezke, bai. Baina adoptatutako seme-alabekin ere gerta liteke, biologikoekin gertatzen den bezala.

Beharbada, horregatik ez dut oso ondo konprenitzen zerk bultzatzen dituen alokairuko sabelen bidezko ugalketara bideratzea euren guraso-nahia. Hainbesteko esfortzua eginarazi beste pertsona bati –diru-truke, beti ere– norberaren geneak transmititzeko? Ez zait buruan sartzen.

Bai, bolada betean dabil gaia nonahi. Guraso izan nahi duten horiek aitatzen dute inkubatzen duen emakumeak eskuzabaltasun hutsez egiten duela. Uler nezake familiako norbaitek bere burua eskaintzea maitasunagatik, edo lagun-min batek, giltzurruna batzuek ematen duten moduan. Baina ezezagun batek? Bederatzi hilabete zaintzen oso zorrotz, debeku askorekin, hasierako zorabioak eta botagurak jasan, tripa handitzea, pisua hartzea, gorputz aldaketak, orkatilak puztea, azaleko orbanak, hormona aldaketa bortitzak, mokorretako hezurrak zabaltzea, erditzea, episotomia, puntuak, esnea igotzea, titi puztuak, esnea moztu behar izatea,... Kontuan hartu barik emakumeek erditzean edukitzen dituzten arrisku larriak. Gaitza zait sinistea, benetan. Negozio usaina du horrek.

Horregatik ume larregi babes faltan egonda, eta nagusi gehiegitxo maitasuna eman nahian, sehaskendako lekua bilatu beharko genuke denon artean; etxeetan ez ezik, bihotzetan ere.

Gipuzkoako Hitzan

Udaberriko egun hauek

Leire Narbaiza 2017/04/07 20:57
Gipuzkoako Hitza-n 2017ko apirilaren 7an argitaratutakoa

Umetan udaberria izaten zen gure idazlanetako gaia. Irakaslea gelan sartu eta esaten zigun urtaro honen gainean idatzi behar genuela. Imajinatzen dut orrialdeak lorez eta txoriz beteko genituela, baita ostarkuz ere, jakinekoa baita sasoi idealizatua dela.


Agian horregatik, martxoaren erdi aldetik aurrera kantatzen dugu ahots betez Zea Mays-en “Negua joan da ta”, arao bat balitz legez, jakin dakigulako oraindik ere hotza, haizea eta ekaitzak jasan beharko ditugula.


Euskal Herrian aurtengo udaberriko egun hauek inoiz baino udaberriago direla esango nuke. Primadera garai nahasia da, baina, era berean, esperantzaz betea. Sentimenduak azal-azalean dauzkagu. Halaxe gaude motibo askoregatik. Aurten Korrika urtea ere bada, gainera.

Korrika ostarkua
aek-Korrika

Bai, Korrika dabil gure errepideetan, eta zoro kuadrilla horrek antxitxiketan egiten duen bitartean, besteoi begiak betetzen zaizkigu malkoz, gure hizkuntzaren alde etengabe norbaitek diharduela edozein txoko galdutan pentsatze hutsarekin.


Malkoak eta sentimenduak ere azaleratzen zaizkigu udaberri guztietan Durangon eta Otxandion. Aurten, batez ere, bonbardaketen laurogeigarren urteurrena oroitu -ez ospatu, mesedez!- dugulako. Durangaldeko ekitaldiez gain, aurten lehenengoz omendu dira euren etxe eta herrietatik, Gipuzkoatik, frankistek egotzi zituztenak, batez ere emakume eta umeak. Hauena estali eta makillatutako sufrimendua izan da luzaroan, andreak eta haurrak izanda errazago zela, edo gutxiago interesatu delako, beharbada. Ihes egin zutela esaten zen, baina bota egin zituzten, goian zerua eta behean lurra. Begi ertzetan malkoa, berriro ere.


Durangoko 80. urteurrena
Txelu Argoitiaren argazkia


Eta sailean etorriko zaizkigu beste bonbardaketa eta erreketen konmemorazioak: Eibar, Elgeta, Elorrio, Gernika, Bilbo,... gerra galdu izanaren oroitza. Horrela urterik urte. Negarrik negar.

Baina bedatse honek izango du malkoak xukatzeko aukera emango digun ekitaldi ezin garrantzitsuagoa, bihar bertan Baionan. Bakearen Artisauek lortuko dute lortzeko gaitza zirudiena, berritasun itxaropentsu bat. Izan ere, Euskal Herri kontinentaleko euskaldun hauen inplikazioari Bake artisauen ikurraesker beste urrats bat emango da aurrera. Begira diezaiogun ekitaldiari begi espainiar edo frantsesekin: Espainiako barne arazo bat, Frantziako hegoaldea zipriztintzen zuena, eta konponduko da esku hartu dutelako frantses batzuek, arazoaren parte ez zirenak. Dena musu-truk! Gratis et amore! Bitxia bada, behintzat. Euskaldunon begiekin begiratuta, maistraki egina. Ezinbestekoak zaizkigu artisauok.


Gainera, aurkitu dute modu irudimentsu bat desarmea gauzatzeko, estatuetako arduradunek ezingo diotenari ezetzik esan, orain arte bezala. Armak entregatuta, irudikatuko da bakearekiko konpromiso irmoa. Historia ilun eta hits baten amaieraren azken aurreko urratsak. Hemen ere begiak lausotuko zaizkigu, emozioz, batez ere falta ditugunak gogoan.


–Eta bitartean, aitatutako ekitaldi eta oroitza guztiak egiten direnean, zoro batzuek jarraituko dute korrika kilometroak egiten Euskal Herriko edozein bazterretan euskararen alde–.


Eta segituko dugu kantatzen “Negua joan da ta” udaren esperoan, lore eta txoriz beteko zaigulakoan esperantzaren leihoa, jakin arren oraindik ere elurra egin lezakeela, hotzak eta ekaitzak eraso liezagukeela, udaberria beti delako urtaro nahasia.

Gipuzkoako Hitza-n

Korrikia

Leire Narbaiza 2017/04/07 10:55
2017ko apirilian 7xan ..eta kitton azaldutakua

Gabian pasauko da Korrikia Eibartik. Zelako emoziñua! Baiña, lagunok, Korrikiak emozionatzeko eta antxitxiketan egitteko baiño gehixagorako balio bihar desku! Emon deixogun euskeriari lekua egunerokuan! Zelan, baiña?


-Euskeraz bizi zarien euskaldunok: lelehengo berbia euskeraz beti, sorpresa eder asko jasoko dittuzue. Pazientzixia izan ikasten dabizenekin,  eurek be euki bihar dabe gure hizkuntzan berba egitteko aukeria, eta animaizuez. Zaindu darabilzuena, ez zaittie narrasak izan. Ez erabili euskañola, gai zarielako hori berori euskeraz esateko. Irakorri gehixago, ez detsue kalterik egingo-eta!


-Euskeria jakin baiña gitxi erabiltzen dozuienori: emon pausua eta egizue berba gehixago, inguruan seguru dakazuela beti euskeraz egitten daben nonor. Atrebitzen ez bazarie komentau konfiantzako baten batekin, aldaketia errezago egitteko. Hasieran biolentua egingo jatzue, baiña danok pasau gara hortik.


-Euskeria ikasten zabizienpndako: Esplotau zuen onduan dagozen euskaldunak! ez dabiz, ba, esaten ikasi bihar zenduela? Ba, ointxe da euren txandia laguntzeko! Lotsia emoten badetsue, hasi sosiguz, esaldi laburrak botatzen. Umiak horretarako primerakuak dira. A! Milla esker esfortzuagaittik!


Eta danori ANIMO, karrera luzia da hau-eta, fondokua, egunero egin biharrekua. Tipi-tapa, tipi-tapa, poliki, gero korrika juateko! Eibar euskalduna lortzeko!

...eta kitto!-n

Gaztelu bat euskaldunondako

Leire Narbaiza 2017/03/26 21:50
Gipuzkoako Hitzan 2017ko martxoaren 24an argitaratuta

Etxauzia goitik

Nork ez du inoiz amets egin Egiptoko piramideak ikustearekin? Edo Jordaniako Petra hiria? Edo Peruko Machu Picchurekin? Bidaian gabiltzanean, gogoko dugu antzinako monumentu eta eraikinak ikustea. Gertu zein urrun. Bordelen zein Salamancan. Dorreak, zubiak, palazioak, gazteluak,... hainbeste dago ikusteko! Baina Euskal Herrian izaten dudan inpresioa da antzinako artea ikusteko aukera eraikin erlijiosoetan baino ez dagoela. Komentu, eliza eta ermita. Kito! agian udaletxeren bateko fatxada.


Beti iritzi diot tristea honi. Gure arte zibila urria izan da, elizetan inbertitu zuten gure aurrekoek euren dohain eta dohaintzak.  Beharbada, armarri dotoreren batean, odol-garbitasunaren erakusgarri.


Beste batzuetan, gerrek, lur espekulazioak, plan urbanistikoen faltak, ignorantziak eta sentsibilitate artistiko ezak gure herri asko laga ditu bertako jauregi edo etxe eder barik. Eibar, esate baterako, honen guztionen konbinazio perfektua izan zen: gerran sustraietaraino deseginda, espazio faltan edonola eraikia beti espekulatzaileen esku, eta agintariak ondarearekiko inongo errespetu barik. Ekaitz perfektua geneukan gutxia desagertzeko.


Zorionez, iaz ateratako “Etxea” liburuan Xamarrek erakutsi digu gure etxe tradizionalak direla gure benetako patrimonio arkitektonikoa. Seguruenera, ez beste herrialde batzuetan bezain ikusgarriak. Xumeagoak, ziur, edo hobeto esanda, ez hain nabarmenak. Sarriegitan, guk geuk kontuan ere ez hartuak, beharbada gutxiagotasun konplexua jota.


Baina crowdfunding bidez hau konpontzeko aukera eman digute. Bai, diru-bilketa bat (oraindik ere ez dakit nolatan ez dugun berba ingeles horrendako gure baliokide bat eman, euskaldunok hainbeste erabiltzen dugun finantzatzeko modua izanda). Hemen dugu bat gehiago, baina berezia baxenafarrek proposatu digutena.


Iparraldean une honetan hainbat funts-biltze daude martxan: Etxepare lizeoaren “Hazten gaitu, hazten dugu” sagarrondoak erosita egiten dena. Euskokarta, euskoaren karta elektronikoa lortzeko helburua duena (egunotan jarritako helburua lortu dute, gainera). Eta artikulu honi dagokiona, Etxauzia erostearena.

Etxauzia


Etxauzia da Erdi Arotik Baigorrin dagoen gaztelua, oraintxe salgai dagoena. Martxan jarri zuten kanpainaren leloa “euskaldun bat, euro bat” da. Izan ere, bi milioi euro behar dituzte erosteko, eta euren asmoa handia izanik ere, polito dabil. Asmoa erosi eta herriari itzultzea da, bertako ekonomia eta kultura sustatzeko, ondarea babesteko eta diasporaren etxea ere izateko.


Herriari itzultzea, herri ondare izan beharko litzatekeelako, eta beste gertuko herri batzuetan gertatu dena ez gertatzeko. Esate baterako, Zuberoako Etxarrin, non Pio X ordenako apaiz integristei saldu baitzieten bertako jauregi historikoa, AFRM nekazaritza eskola izandakoa. Edo Lakarrako Harispe jauregia, bikote espainiar bati saldu zitzaiona. Esku pribatuetara pasatuta, ez herriarenak.


Ezagutu nuenean ideia ederra eta bikaina begitandu zitzaidan: inoiz herriarena izan bako palazioa, euskaldun guztion emari txikiari esker erostea, denon artean! Euskadunondako gaztelu bat!


Badakigu jauregi barik iraun dugula luzaroan euskaldunok, baina zergatik ez diogu geure buruari jauretxe bat oparituko? Ez dizue ilusiorik egiten? Niri, itzela! Gainera proiektu sendo bat atzean duela! Horregatik egin dut bat proiektu eta diru-bilketarekin. Zu zeren zain zaude?

Gipuzkoako Hitzan

"De hoy no pasa sin que viole a una chavalita"

Leire Narbaiza 2017/03/24 22:24

Elgoibarrik Eibarrerako azken trena hartu dut, 9etakoa. Nire bagoian mutil nerabe kuadrilla bat zihoan, nabarmen: buila baten, korroskada, oihuka...


Halako baten entzun dugu ozen: "No pasa de hoy sin que viole a una chavalita".

Zur eta lur laga nau, ezin ezer erantzunda.


"Horrelakorik ezin da esan, ezta brometan ere" bota die suabe euren aurreko emakumeak. Baina barre egin diote, eta oihuka jarraitu dute.


Zalantzan egon naiz zerbait esan ala ez. Izan ere, horrelako mutikoen taldeek beldur puntu bat ematen didate, gaztetxoa nintzenetik, inoiz ez baita jakiten zelan erantzungo duten, eta liderrari haizeak nondik joko dion. Baina pentsatu dut beste emakumeari babesa eman behar niola.


Beraz, burua jiratu eta oihu egin diet ezin dela horrelakorik esan, biolazioarekin ez delako jolasten.

Batek, aurpegia eskuarekin estali eta barrezka segitu du. Biolazioak ez duela graziarik egiten, bota diot nik. Orduan lagun batek, umil, erantzun dit brometan zebiltzala. Atzera nik biolazioaren ezin dela bromarik egin, txantxa horiei stop esan behar zaiela.


Mutu utzi ditut.


Berehala, nire geltokira ailegatu gara. Atea ondoan zuten, eta ez dut aukera galdu beste kontutxo bat esateko horretan guztian pentsatu behar zutela. Barkamena eskatu dute, eta eskerrik asko!


Dar-dar baten irten naiz nasara, eta etxera iritsita ere, urduri segitu dut. Sekulakoa montatu diet, ez dakit ezertarako balioko zuen, baina besterik ezin nuen egin.


Guztiz nahastuta laga nau kontuak, baina uste dut badela ordua horrelakoen aurrean planto egiteko, eta isilik ez geratzeko. Hala sentitu dut!

Hizkuntz eskakizunak, ezjakintasuna eta gezurrak

Leire Narbaiza 2017/03/22 14:35
2017ko martxoaren 22an Info7 irratiko Gureaz blai-ko Egin kontu-n aireratua

Ez dakit zenbat denbora izango den, baina esango nuke duela hogeita bost urte ezarri zituztela hizkuntza eskakizunak EAEko administrazio publikoan. Mende laurden bat, beraz.

Mende laurden honetan kexak egon dira, baina azken aldian baino ez da entzuten formalki aldatuko behar direla eta berraztertu behar dituztela perfilok.

PSE-EE hasi zen hauteskunde kanpainan bideo iraingarri harekin, gogoratzen? Idoia Mendiak jarraitu zuen sasoi berean forentse EGAdunarekin tematuta. Era beran, EGAren zailtasuna jaisteko eskaera egin da Legebiltzarrean. Eta Bingen Zupiriak, oraingo Kultura sailburuak, segitu du esaten aztertu behar direla perfilok; izan ere, ez da logikoa kale-garbitzaile bati EGA eskatzea.

Tematuta daude hizkuntza eskakizunekin, eta EGA eskatze horrekin. Mendiarena forentseekin patologikoa da. Ez dakit zer uste zuen emakume horrek, hildakoekin baino ez zuela lan egiten mediku honek. Ez, bizidunak ere artatzen ditu, eta peritajeak egin. Beste medikuei besteko perfila eskatu beharko zaio, ezta? Bada, Osakidetzan egiten badu behar B2, bigarren perfila, izan beharko du, Osakidetzako guztiek duten bezala. Hortaz, gezurra esan zuen!

Zupiria jaunari ere esango nioke gezurra esan zuela EGA eta kale-garbitzaileena bota zuenean. Ez dut ezagutzen herririk EGA eskatzen dionik kale-garbitzaileari! Kale-garbitzaile gutxi dira,gainera, langile publiko, beraz gutxiri eskatuko zaio perfilik. Eta eskatzekotan B1, 1. hizkuntza eskakizuna. Horretan ere gezurra, edo ezjakintasuna (ez dakit sailburu baten ahotan zein den okerrago). Gainera, klasismo puntu bat ere badago adierazpenotan.

Itsututa daude EGArekin, euren ezjakintasunaren erakusgarri. EGA c1 da, oso maila altua. Gaztelaniaz askok ere gaindituko ez lukeena. Azterketa berrikusi behar dela? Ados nago, baina maila, azterketarena, Hizkuntzen Marko Europarrak finkatzen du, Europar Batasunak egindako lan zehatz batek, alegia; Europa osorako balio duena, eta hizkuntza askotarako. Honetaz gain, gogora dezagun C1ekin irakasleek klasea ematen dutela. Maila behar da horretarako, ezta?

Aztertu behar direla perfilak dioskute, baina aditz horren atzean “jaitsi” esan nahi dute. Hori da buruan dutena. Jaitsi, eta batzuetan kendu eskakizuna. Eta berraztertzearekin ni ados nago, birpentsatu egin behar dira, maila ez ezik modua. Maila, gainera, kasu batzuetan igo egin beharko da!

Lana kentzen dutela ere, bolo-bolo dabil. Baina ikusi dudanagatik, kualifikazio baxuko langileei ez zaizkie barkatzen eskakizunok, bai ordea goi mailakoei. Ezagutzen ditut gerenteak 4.ena beharko luketenak eta 2.ena ere ez dutenak, arkitektoak berbarik ere ez dakitenak eta 3.ena beharko luketenak. Polizia munizipal buruek 3.ena izan behar zutenak eta 0 direnak. Eta ez da ezer gertatu!

Honekin guztionekin ondoeza sortu nahi dute, hizkuntza eskakizunak baztertzaileak direla iradokita. Baina, orduan, duela 25 urte ez ziren baztertzaileak eta orain bai? Ez ote dugu aurrera egin?

Euskara arma darabilte, boto batzuen truke. Euskara politizatzen zentzurik txarrenean.

Info7n

Errumaniarrak baino ez ziren

Leire Narbaiza 2017/03/16 18:05

Istripu handia izan da Azkoitiko Azkarate portuan aste honetan. Hiru gizonezko hil ziren eta hainbat zauritu ere izan ziren. Albiste lazgarria, ezbeharrak jotzen duen guztietan bezalaxe. 

Istripua Azkaraten
Maxixatzen-etik hartua

Berriak tristetu nau, normala den moduan. Baina beste kontu batek larritu nau gehien: hildakoen jatorria nola aipatu duten, nire ustez era oker eta kezkagarrian.

Gipuzkoan gehien saltzen den kazetan "un vecino de Eibar y dos rumanos" ziren hildakoak. Horrela zekarren titularrean. Errumaniarrak ez ziren, antza, inongo bizilagunak. Tira, Eibarko bizilaguna ere ez zen Eibarren bizi, baina hori beste kontu bat da.

Baina kontu lexiko batean geratu izan balitz ha, gaitzerdi (zoritxarrez, lexikoak ia beti azaltzen du pentsamoldea). Bizkaian gehien saltzen den egunkariak, Gipuzkoakoaren enpresa berekoak, hurrengo egunean zioen istripuaren errua "errumaniarrena" zela. Aho bete hagin laga ninduen izenburuak. Higuinduta, itxi egin nuen berripapera. Inoiz ez zait suertatu halakorik irakutzea auto-istripu larri baten biharamunean. Bakarrik falta zen esatea albistean DBEa, RGIa alegia, kobratzen zutela.

Baina titular nazkagarri horiez gain, beste gauza batek ere eman dit antentzioa, nola aurkeztu dituzten hiru hildakoak komunikabide askotan. Eibartarraren gainean, adinaz gain, beste gauza asko jakin ditugu: Elgoibarren bizi zela, non egiten zuen behar, zenbat ume zituen, zein afizio zeuzkan, nongo kide zen,... Beste bien gainean, ostera, ezer gutxi. Errumaniarrak zirela eta adina. Kitto! 

Gizon errumaniar horiek ez ote zuten izenik? Eta familiarik? Ez dute umezurtzik laga? Alargunik? Gorpuak Errumaniara eroango dituzte? Eta non bizi ziren? Bakarrik? Pisu konpartitu batean? Zer zeukaten gogoko? Futbolzaleak ziren, ala nahiago zuten karta jokoan ibiltzea? Kantari onak ote ziren? Musika tradizionala zuten gogoko, edota pop-a? Zer dela eta etorri ziren ona? Zelan tratatu ditugu? Merezi izan die?

Zenbat galdera, inork erantzungo ez dizkigunak. Zenbat malko alferrik. Heriotzak berdintzen omen gaitu, baina komunikabideen esanek ez.

Post scriptum: Lehenengoz itzuli didate post bat gaztelaniara! Madrileko esracismo.com-ek itzuli eta argitaratu dit! Mila esker! Hemen

Irakaslearen gorrotoa

Leire Narbaiza 2017/03/10 23:20
Gipuzkoako Hitzan argitaratuta 2017ko maiatzaren 10ean

Gaur, idazten jarri aurretxoan, izan dudan irakaslerik txarrena ikusi dut. Txarrenetan txarrena. Sailkapena egitea gaitza bada ere, bera dago desohorezko lehenengo postu horretan. Bigarrenari alde handia atera diola esan dezaket, gainera.


Kalean zetorren, ni automobilean sartzen nenbilen, eta ateak espaloi zati bat okupatzen zuen. Ez dut, hala ere, mugitu bera erosoago pasa zedin. Izorra dadila.


Ez dut gorroto, nire gorrotoa merezi ere ez duelako. Baina barkatu ere ez diot egingo. Txarrena izate hori ez da ganorabakoa zelako, bazen arren; edo txarto azaltzen zituelako gaiak, nahiz eta hori ere hala zen. Txarrena zen klasean esaten zituen gauzengatik, egiten zituen mespretxuengatik, zuen gorrotoagatik.


Bitan izan nuen irakasle. Lengua (gaztelera) eman zigun lehenengo BBBn (BUP, oraingo 3. DBHn, eta UBIn (COU, oraingo 2. Batxilergoan) Filosofia! Okerrena zen klaseetan botatzen zituen zabor-pentsamenduak inbidia, gorroto eta bekaizkeriaren erakusgarri zirenak. Ikaskide bati galdetu zion ea zenbat irabazten zuen aitak, beste bati ea gurasoek nori ematen zioten botoa,... eta horrelako gauzak, etengabe.


UBIn genbiltzanean hiesaren hasierako sasoia zen. Orduan jarri berri zioten gaitzari izena, eta heroinazaleen eta homosexualen gaixotasuntzat hartzen zen. Batez ere, homosexualena. Imajina zenezakete zelako komentarioak egiten zituen: siderometalurgiko deitzen zien gaixoei, sidoso ere bai, marica-z jarduten zuen erdeinu osoz. Pentsatu barik bere aurrean geunden gaztetxoetako batzuk homosexualak izango zirenik. Edo bai, halako pertsonekin inoiz ez delako jakiten zein den gogoan duten helburua.

Hiesa

Horrelakoak libre botatzen zuen Aristoteles, Nietzsche edota Descartesen pentsamenduak azaldu beharrean. Ez dut uste ikastetxeko zuzendaritzak zekienik zer gertatzen zen bere orduetan, baina irakasle finkoa zen eta erretirora arte hantxe jardun zuen beharrean, gorrotoa zabaltzen.


Gu, ikasleok, batzuetan barre egiten genuen, besteetan haluzinatu. Izan ere, eskola oso autoritario, tradizional eta atzerakoia zen, eta neska-mutilok ez geneukan ezer esaterik. Bestalde, barre egiten genuenean egoerari egiten genion barre. Esan beharra dago, zorionez, orain asko aldatu direla kontu hauek, eta lehen irria sortzen zigunak orain sumin gaitzakeela. Gaur egun gaitzetsi egiten dugu ahulari barre egitea, gaizki dagoelako, lehen arrunta zen arren.


utobus transfoboaHorregatik, irakasle hori ikusi eta egunotan polemika sortu duen autobus transfobikoa akordura etorri, dena bat izan da. Bere ahotik entzundako esaldi homofobikoak etorri zaizkit trumilka. Maisu hark ez zuen inoiz transexualik aitatu -munstrokeria berarendako, ziurrenera-. Hala ere, homofobia eta transfobia gorroto beraren hari-mutur bi baino ez direla ezin denez ukatu, batzuei burla egitea besteei trufa egitea ere badakar. Multzo berean doazen irainak.


Duela hogeita hamar urte eskolan ahalegindu ziren ezinikusi hori irakasten. Orain autobusean garraiatzen dute herra hori, kasu bietan helburua delako ahalik eta jende gehien kutsatzea gorroto eta amorruarekin. “Normalak” izatearen izenean izurritea hedatu gura dutelako. Desberdinak direnekiko trufa eta burla egin, edo iraindu. Denak balio du-eta gorrozko ideia horiek zabaltzeko.

 

Kontsolamendu bakarra dut, jasotakoak  jasota ere, ez garela hain txarto irten. Ezta?

Gipuzkoako Hitzan

Euskalduna naiz por la gracia de Dios

Leire Narbaiza 2017/03/06 00:55
Madalenak kafesnetan saileko 4. atala

Euskalduna naiz, por la gracia de Dios. Hala definitzen dut euskaldun tipo bat. Berezkoa du euskara, zeruko grazia. Euskaldun hauendako euskara da jainkoak (balego) emandako ohorea, kondizio natural bat jaiotzetik datorkiena, 0Rh- odolarekin eta zortzi abizen euskaldunekin batera erantsia.


Euskaldun hauek, baina, ez dute ezer egiten euskara maila hobetzeko, uste dute emandako dohaina dutenez, ez dutela ezer egin behar, ez alfabetatu, ez liburu bat irakurri ere. Euskaldunak direlako, por la gracia de Dios.


Hori bai, erdaldunek ikasi behar dute euskara. Baina, era berean, euskaldun berriei gainetik begiratzen diete, plastikozko euskara egiten dutelakoan. Hauetako askok diote euskara batua ez dela ulertze. Kasualitatez, batuko zerbait ikasten badute, edo forma bitxiren bat agertzen bazaie, aurpegi muzina jarri eta hauxe esango dute: “baina hori erabiltzen da, ala?”, eurena baita euskara, eurek baitira euskararen zilborra. Euskaldunak baitira, por la gracia de Dios


Baina Jainkoaren graziak bedeinkatutako euskaldun hauek zabarrak izaten dira. Berdin zaie ondo ala txarto egin, ergatiboa jan edo “ikusi dizut” esan, eurek direlako aukeratuak. Euskaldunak direlako, por la gracia de Dios


Jakina, EGA ez dute gainditzen, eta kexaka dabiltza bazterretan, euskara euskaltegian ikasitako beste batek, ezer jakin barik, tituluduna delako, eurak euskaldunak direnean, por la gracia de Dios.

 

franko txanponaHori bai, sarriegi euskañolez dihardute, zabarkeriaren zabarkeriaz, ez direlako gai erdara erabili barik esaldi luze bat osatzeko, are gutxiago grazia edo umorea duen zerbait. Finean, euskara ume eta txakurrekin berba egiteko baino ez delako! Baina eurena benetako euskara, bizitza guztian egin dena.


Jainkoaren graziak salba gaitzala desgrazia honetaz!



Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Azken erantzunak
Irakurtzen dizkinat hire lanok, gustura. Segi.JOn Jon Etxabe, 2017/06/19 12:51
Iban! Zer esan nahi dok, ez dala bitxia? Kaleko ... leire, 2017/06/08 16:54
Bitxiak... edo "kaleko kontuak" :-( Iban Arantzabal, 2017/06/08 16:38
Artikulu bikaina Leire. Serafin, 2017/06/04 20:25
Gainera, estadistikak ematean, nazionalizatuta ... Ni, 2017/05/23 22:41
Hona hemen aurreko albistearen lotura: ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:51
Pasa den astean beste emakume bat hil zuten ... Emakume Eibartar erahila, 2017/05/15 12:50
Politta testua. Artistia haiz gero! Serafin, 2017/05/11 14:44
Milla esker, Serafin! Laztan bat! leire, 2017/05/07 21:23
Oso ona Leire. Biba zu. Serafin, 2017/05/06 21:28
Artxiboa
2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua