Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Alkarrizketa …eta kitto-n

Leire Narbaiza 2012/09/15 01:30
Aste honetako zenbakixan

Astion alkarrizketia egin deste azken aldizkariko zenbakirako. Bertara juan eta etzian moduan erretratuak etara eta barriketan jardun genduan. Azpixan jarri dot web-orrixan agertutako moduan. Pare bat gauza ez dittue nik esandako moduan jarri (adibidez baietza emongo netsakela datorren udan), baiña nahiko fidela da. Hemendik Hollywoodera :-)

Leire Narbaiza, Berria-n udako zutabegille: "Anekdotak idazteko pizgarri modura erabilli dittut"

Lanbidez irakaslia eta afiziñoz blogarixa dan eibartarrak abuztuan egunero idatzi dau iritzi artikulo bat, Berria egunkarixan argittara emoteko. Hasierako erreparuak gaindittuta, pozik dago bizipen barrixarekin eta, lehenagotik be bestien iritzi artikuluak irakortzeko ohittura haundixa izanda be, ointxe bestiak idazterakuan egitten daben ahalegiñ haundixa hobeto ulertzen dabela diño.

- Nolatan animau zara udan iritzi artikuluak idaztera?
Uztaillaren erdialdera Berria-tik deittu zesten, abuztuan egunero kaleratzeko iritzi artikulua idazteko proposatzen. Pentsatzen hasi eta beldur piskat emoten zestan, bestiak beste ez naizelako ez kazetarixa, ez idazlia, baiña azkenian animau eta baietz erantzutia erabagi neban.

- Zuretako esperientzia barrixa izan da, ezta? Zer moduzkua?
Oso ona. Gogorra izanda be, engantxau egitten dau. Egixa esateko, idazten jardun doten bittartian egun osuan artikuluarekin bueltaka ibiltzen nintzan, zeren gaiñian idatzi pentsatzen lehelengo eta gero, ordenadore parian jarri eta pare bat ordu erraz emoten nittuan, idatzi, berridatzi eta azkenian kaleratu biharrekua erredakziñora bialdu aurretik. Ez dakit datorren urtian atzera be idaztia proposauko desten ala ez, baiña pentsatzen dot baietz esango nebala barriro.

- Zeren gaiñian idatzi zeure esku laga dabe? Zelan aukeratu dittuzu gaixak?
Nere inguruan laguntza eskatu neban eta gai-zerrendak be osatu nittuan, baiña nahiz eta gai diferentiak euki zerrendak bakarrik ez desta larregi lagundu, idazteko pizgarri modukua bihar neban eta horretarako anekdotak erabilli dittut, nere inguruan pasautakuak edo Twitter bittartez jasotakuak idazteko aitzakixa izan dira neretako.

- Udia holakuak idazteko sasoi aproposa da?
Akaso biharrerako ez da sasoirik egokixena, baiña gaixak hartzeko orduan bai, bestiak beste jendia eguneroko rutinatik kanpora ibiltzen dalako. Gaiñera, bizitzen dihardugun situziñuarengaittik-edo, aurtengo udan behintzat ez dot gaixak topatzeko arazorik euki.

- Zuk bloga dakazu. Zelako aldia ikusten dozu bertan egitten dozunaren eta egunkarirako idatzi dozunaren artian?
Bloga norberana izanda, norberak agintzen dau modu batian azaltzeko. Idatzittakuaren neurrixan muga norberak ipintzen dau, maiztasuna be norberaren esku dago, argazkixa ipiñi ala ez… alde horretatik askatasun gehixago emoten dau blogak. Baiña egunkarixan idazten hasi eta segiduan ikusi neban papelak zelako indarra dakan, pentsatzen dot jende gehixagorengana aillegatzen dirala idatzittako artikuluak. Izan be, blogian idatzittakua jende askok irakorritta be, badirudi hor esandakuak interneten geratzen dirala gehixago, baiña egunkarixan artikuluak kaleratzen hasi eta gitxira aspaldiko lagunak idatzi zesten, egunkarixan idatzittakua ikusi ebela kontatzen. Bestalde, egunkarixak zuk idatzittakua kaleratziak beste pisu edo konfidantza modukua emoten dabela pentsatzen dot, babes moduko bat. Eta hori bloga zazpi urtian martxan dakatela eta Eibar.org barruan egotiak be mailla batian babes moduko hori eskintzen dabela, baiña ez da gauza bera.

Inperialismo linguistiko goiztiarra

Leire Narbaiza 2012/09/13 23:40
Edo hizkuntza "handien" umeei irakasten zaiena

Debako zumardian badago zibulu-zabulu bat automobil itxura daukana, gurean oso popularra. Gidatzeko tokia libre izanez gero, arratsalde erdi eman genezake bertan, bidaia imajinarioak egiten. Txintxaun horren gauzarik onena da ume batek baino gehiagok erabil lezakeela, eta, gainera nagusiok ere bertan joan gintezkeela, aurre aldean banku moduko bat daukalako.

Halako bidaietako baten beste ume bat ere suertatu zitzaigun. Ez zuen 6 urte izango. Gidatzen hasi eta gaztelaniaz hitz egiten hasi zitzaidan, Antonio zitzaiola izena eta Toledokoa zela, Deban oporretan zegoela. Hori guztiori niri kontatu zidan. Ilobari ere esan zion zerbait, baina gure umeak ez daki gaztelaniaz. Antonio konturatu zen euskaraz egiten niola ilobari eta gauzak galdetzen hasi zitzaidan:

-¿Qué le has dicho?, ¿Le hablas en vasco? (Zer esan diozu? Euskaraz egiten diozu?)

-Sí. (Bai)

-¿Y no sabe castellano? (Eta ez daki gaztelaniaz?)

-No (Ez)

-Pues debería aprender. Es muy importate saber español. (Ba, ikasi beharko luke. Oso garrantzitsua da gaztelaniaz jakitea)

To, inperialismo linguistiko goiztiarra! Ume txikiak argi dauka bere hizkuntza dela hegemonikoa eta garrantzitsua, besteak ez direla inportanteak. Normalak direla, gureak ez. Gero guk umeak doktrinatu egiten ditugula esango digute!

Orain urtebete bizi izan nuen pasarte hau. Orduan idazteko izan nintzen, baina kontatu bat zela, bestea zela, ideien izozkailuan geratu zitzaidan, sasoi inspiratuagoa iritsiko zitzaidalakoan. Urtea joan da, eta Idurre Eskisabelen "Amua" artikuluak piztu dit gomuta. Akorduan neukan baina ahaztuta.

Betiko jasan beharko dugu egoera hau?

Uztailleko denpora-pasak

Leire Narbaiza 2012/09/13 01:17
Egin bihar dana eurixa danian eta sugalindara txiki bat etxian!

Uztail honetan umezain ibili naiz. Oporrak beste askok baiño lehenago hartuta, hiru urteko loibia zaindu dot. Goizian goiz (biharrian nenbillenian baiño goizago) autobusa hartu eta Elgoibarrera juaten nintzan. Beti esnatik, beti zain, ia ze gauzatzu egingo genduan goiz horretan!

Demaseko bitalidadia dake umiak. Gu oondiokan erdi-lo eta eurak burrukarako prest. Enegixia bihar izaten neban hain goizetik jardutzeko. Txarrena izaten zan eurixa ziharduanian, hamaikatxo gauza egin arren beti astixa izaten genduan beste zeozeretako.

Makiña bat partxis , antzar-joko eta puzzle. Ipoiña irakorri, historixak kontau eta asmatu, planak planiau, berriketan egin, musikia entzun, telebisiñua ikusi, kantau, erretratuak etara (sorta itzela), lo egin, dantzan ibili, ipadian jolasian jardun, twitterren abatarretan kuskuseau, hasarratu, mimuak egin,… eta kantuak sortu eta grabau!

Bai, kantuak sortu. Pare bat goizetan sortzaile jaiki nintzan eta kantu batzuk asmatu nittuan. Txarrak, baina primeran pasau genduan, eta pasatzen segitzen dugu, ondiokan kantau eta entzun egitten dittugu-eta!

Kontua da Sortzen-Ikasbatuaz "Ene kantak" DVDia asko gustatzen jakola gure sugalindariari eta hori ikusi eta eztun dogu behin baiño gehixagotan. Batez be kantu hau "Goazen komunera":

Bonbillia ixiotu jatan kantua eztzutzerakua eta bersiño libria egin neban komuneko beste kontu batekin, txiza egittera juatia. Pardela kendutakuan kostau egitten jakue komunera juatia, eusten ibiltzen diralako. Eta askotan beranduegi izaten da. Horregaittik asmatu neban hau. Juatia gura ez dabenian kantau eta abestixak esaten dabena egin eta listo!

Telefonuakin grabau neban, gaizki txamar! Ez dot barriro be grabau bixak begira nittualako, bata kantuan eta bestia dantzan, begixak zabal-zabalik eta erdi barrezka:

Beste bat be egin neban, txikixan izenakin. Kantatzen detsagun bakotxian haluzinau egitten dau

Gehixago be asmatu nittuan, baina grabau bakuak haiziak eruan dittu, eta seguruenik hobe! Baiña ze ondo pasau genduan! Telefonua "osten" destenian, jo ta sua entzutzen dittue hónek kantuok! Eurek barrezka, ni pozik eta gurasuak belarrixetarako tapoiak jartzeko goguakin!

Gero eguzkixak urten zeban, eta beste kontu batzuk egin genduazen. Inspirazioñuak alde egin zestan ;-)

Barrura begiratzeko leihoak

Leire Narbaiza 2012/09/11 00:11
Filmaren estreinaldia.

Ez dakit zinemaz, ez naiz batere aditua, zaletasuna azken aldian ere makal dabilkit. Ez daki film bat ona ala txarra den esaten. Gustatu zaidala bai, edo aspertu naizela. Dena subjektiboa eta oso pertsonala.

Gaur "Barrura begiratzeko leihoak" filma ikustera joan naizenean banekien hunkituko ninduela, negar egingo nuela, emozionatu. Malkorik ez dut bota asko, baina emozionatu naiz, bai. Askotan. Ez nuen uste, baina, barre egingo nuela, eta irri ere egin dugu; izan ere, bizitza latza denean ere umoretik ere bada. Baina batez ere ideia eta gogoeta pila bat sortu zaizkit.

Bost historiak oso desberdinak izan dira, bostak ikuspuntu eta esperientzia ezberdinetik abiatuta, zigor eta emaitza diferenteak. Zuzendari bakoitzak bere erara kontatuta, nahi zuten moduan.

Jende gazte asko ikusleen arten. Guk batez bestekoa asko igotzen genuen. Harritu gaitu, gure adineko ingurukoak espero genituelako. Oso ondo, badator gazteria atzetik!

Barrua mugitu didate kontakizunek, oroitzapenak ekarri, lagun batzuk oroitu, aita ere buruan izan dut ia film osoan. Sarritan, buruari eragin diot baietz esateko, botatako hainbat esaldi biribilak izan direlako! Aulkitik altxatzean eta irteteko ilaran izan dut negargura, gustura orduan jardungo nuen uholdeka!

Ostean, baina, lagun zaharrekin elkartu, beste batzuk desbirtulizatu (joe, jarri zuen aurpegia abatarretan!) eta filmaz berba egin. Hala ere, zine-forum moduko bat beharko nuen dena xehatzeko. Ideia asko, eta iruzkin gehiago egiteko. Jozulin gizajoak nire guztiak jasan ditu bueltako bidaian (mila esker!)

Asko gustatu zait: Ttittika Rekalten lokuzioa, bikaina. Kontakizun arteko loturak.

Ez zait hainbeste gustatu: azpitituluak gaztelaniaz zeuden (ia osorik euskaraz da) baina gaztelaniaz ari zenean ez zegoen (frantsesekoetan ez naiz ohartu entzumenaren ulermen ariketa egiten ibili naizelako!). Kontakizunen arteko idatziak ere gaztelania hutsean.

Asko gustatu zait. Ez du manikeismorik egiten, eta historiak diren moduan kontatzen ditu. Gogorra da, baina helburua ez da pena ematea.Euren bizipenak ulertzeko erreminta hutsa da, gordin baina sentsibilitatez kontatuta. Ikusi beharrekoa!

Argi daukat zergatik jarri dizkioten hainbeste oztopo. Beldurra dutelako, pertsonak erakusten dituelako dokumentalak, ez munstroak, beraiek egiten duten legez. Ausarta da, aitzakiarik gabe. Ez galdu ikusteko aukera!

Arrateko zelaiko bai floridadia...

Leire Narbaiza 2012/09/09 16:45
...handixek gora dago zerura bidia!

Atzo Arrate eguna izan zen, Eibarko jairik onena. Arrateko zelaian belarra gorri egon arren, inoiz baino loratuago. Hiru Trukuk kantatutako abesti tradizionalak dioen moduan:

Zelai loratua, Eibar euskaldunena agertzen delako, tontakeria guztiak alde batera lagatzen direlako, gauekoa ez ezik eguneko parranda ere badelako, oporretatik bueltan lagunekin elkartzeko eguna delako, Arrate leku magikoa delako

Horretaz gain, ezpata-dantza berezia duelako

2005-09-08_Arrateko-Amaren-dantzak 073

eta dantzarien sexua, generoa, sexualitatea berdin delako. Genetikoki XX edo XY diren axola ez zaigulako.

2005-09-08_Arrateko-Amaren-dantzak 039-rekort

Pololo azpian zakila edo bagina duten inori ardura ez diolako. Berdin jantzita, jaian berdin parte hartzen. Dantzariak dira, pertsonak, jaia goratzen eta disfruta(arazten).

Horregatik ere Arrateko zelaian loreak nonahi! Naturaltasunez eta kontzienteki!

Xenofobia aplikatua

Leire Narbaiza 2012/09/07 01:22
Parkeetan entzuten diren astakeriak

Atzo Elgoibarren, Malako  parkean eguerdi aldean amama batek iloba etxera eraman nahi zuen. Baina neskatilak ez zuen nahi. Horregatik etengabe ari zitzaion erreguka etxerako bidean har zezan. Horrela:

-¡Vamos! (Goazen!)

-¡No! (Ez!)

-Te quedas sola, e?¿Con quien te quedas? (Bakarrik geratuko zara! Norekin geratuko zara?)

-¡Sola! (Bakarrik)

-¿Y si viene el gitano y te lleva? (Eta ijitoa etortzen bada, eta eramaten bazaitu?

Xenofobia aplikatua! 3 urtetik aurrera!

Ijito berdin bahitzaile. Ijitoa Sakamantekas da. Joera gaiztoak dituena, ume txiki bat ikusi eta eroango duena, gogoak ematen diolako. Arriskutsuak dira, apetatsuak.

Neskak ezin dira bakarrik geratu, bahitu egingo dituzte. Beti lagundua, beti babestuta.

Hirugarren batekin mehatxatu behar ditugu umeak egin beharrekoa bete dezaten? Xenofobia eta beste fobia batzuk irakatsi ordez, hobe litzateke berba egite haurrarekin. Seguruenik inposizioa ere hobea da: bazkalordua da, etxera joan behar dugu. Horrelakoa da bizitza.

Parkeak, azpimundu hori!!

Aurreiritziak

Leire Narbaiza 2012/09/05 01:20
Ezjakintasunak sortzen dituenak

Munduan ia 800 milioi pertsona dira analfabetoak, gehiengoa emakumeak eta afrikarrak. Ez dute eskolara joateko aukerarik izan, eta horrekin bizitza hobea izateko aukerak ere murriztu egin zaizkie. Gurean, zorionez, holakorik ez dago; nahiz eta analfabeto funtzionalak badauden, irakurtzen eta idazten jakin bai, baina gai ez direnak zer irakurri duten ulertzeko, alegia. Analfabetismo funtzionalak arazo handiak sortzen ditu, pertsona horiek zailtasunak dituztelako ikasketetan, eta eskola-porrotera kondenatuta daude.

 

Hemen denok gara eskolatua, hizkuntza baten behintzat, bai. Horregatik, ondo edo txarto, gai gara idatziz komunikatzeko; nahiz eta batzuek bere ama hizkuntza (euskaran) alfabetatu barik egon, kontu latza! Era berean, horietako batzuk oso harro sentitzen dira benetako euskaldunak direlako, eta euskaldun berriak kritikatzen dituzte, ondo egiten ez dutelakoan. Ai, jainkoaren graziaz euskaldun diren horiek zer egin dute, bada, euren maila hobetzeko, euskaran sakontzeko. Batere ez, baina hiztun jator ustezkoak eta harroak izaten dira asko.

 

Euskaldunok, gure hizkuntzan alfabetatuak izan ala ez, erdaldun elebakarrek edo euskaldun hartzaileek (euskara nahiko ez dakitenek) askotan jo izan digute adarra erdaraz dugun ahoskerarengatik: erreak larregi ahoskatu, eseak txistuka egiten ditugula, azentu euskaldunegia dugula,… azken baten boronoak (artaburuak) garela esango digute. Ezjakintasuna ausarta da, gero!

 

Inor konturatu ote da euskaldun alfabetatua hizkuntza bitan dela alfabetatua? Ele bitan kultua? Izan ere, ez dago euskaldun alfabetaturik, gutxienez, elebiduna ez denik!

 

Kultura maila altuagoa dutela ere estera ausartuko nintzateke, eta ez da boutade bat, esperientziak esan dit bietan alfabetatuak kultuagoak direla, agian, askok alfabetatzeko ardura hartu dutelako, interesa izan dutelako, bai alfabetatzeko, bai euskara ikasteko. Irakurzaleak eta jakin-nahia dutela ere esango nuke. Nire lagun kulturetenak halaxe dira, behintzat.

 

Hori zioen lehengo egunean lagun batek, adarra jo ziotela gaztelaniaz berba egiteko moduagatik, boronoa zela. Eta beste euskal herritar batzuek, gainera! Gu gara caseroak baina hain dira ezjakinak, ezen ez baitakite ebakera kontua baino ez dela arraroa egiten zaien hori. Ahoskeragatik etiketatu egiten gaituztela. Uste dute eurek ez dutela azenturik gaztelaniaz! Ez gutxi! Nahiko nituzke kanpoan ikusi ea zer esaten dieten!

 

Hortik datoz Kalakan talderen gainean telebista lokal batean botatakoak. Nola liteke euskaldun basa horiek Pop-aren Erreginarekin jotzea? Euskarazko kantu bat! Euskarak behiekin berba egiteko baino ez du balio-eta! Txalaparta? Tresna primitiboagorik ba ote dago?!

 

Euren buru txiki horietan besterik ez dute ikusten, perspektiba hertsia eta murritza dutelako, mundua euren betaurrekoekin baino ezin delako ikusi eta eurena baino ez delako comme il faut, behar den modukoa, moderno, aktual eta cool-ak! Grrr, Zelako higuina ematen didaten, aurreiritziz betetako ustezko intelektual horiek!

Debarako bidean

Leire Narbaiza 2012/09/03 11:06
Uztaileko kontuak irailean kontatuak

Gaztetxotan hondartzara gindoazeneko bidaiak gogoratzen ibili ginen lehengoan. Eibartik Debarainokoa abentura hutsa zen. Egia esatera, nerabezaroan ia guztia da abentura; batez ere, ordura arte debekatutako gauzak egiten direlako, lagunekin kostara joatea bezala. Orduan guk trena erabiltzen genuen, gaurko Euskotren, sasoi hartan Ferrocarriles Vascongados zena. Puntuan inoiz ez ziren ibiltzen; eta irten bai, baina iritsi, ez zen jakiten noiz iritsiko ginen. Orduko bagoiak egurrezkoak ziren osorik: lurra, hormak, aulkiak… eta hain ziren zaharrak, non lurzorutik trenbideko harriak ikusten ziren.

Bertan joaten ginen, Indiako trenetan bezala elkarren gainean gazte, zahar, ume eta nagusi. Batzuetan jendetza ikaragarri handia zenez, umeak leihoetatik sartzen zituzten, marabunta haren erditik pasa ez zitezen. Bagoiek, plataforma bat zeukaten, eta zutik bertan, agian 10 pertsona joan gintezkeen.

Gaztetxook ez ginen kexatzen, zenbat eta gehiago, hobeto pasatzeko aukera. Koadrilan joanda, beti ahalegintzen ginen beste baten ondoan jartzen, eta mutilak izanez gero, hobeto, animatuagoa. Joanda gaude Debaraino merkantzia bagoian, jarleku barik, lurrean jesarrita, ateak zabalik! Gaur egun pentsaezina, segurtasun, arau eta modernizazioari esker (edo erruz?)

Gauzak horrela, Ferrocarriles Vascongados-ek izena, irudia eta trenak aldatu zituen. Puntualitatean eta bidaietan hobetu, eta Eusko Trenbideak izena hartu zuen. Ondoren, Euskotren bihurtu eta momentuz (Gascok errotuluak aldatzeko kapritxoa berriz ere ez badu, behintzat) hala darrai. Egunero erabiltzen dut eta esan beharrean nago oso gustura, puntual, merkea eta garbia dela, oso egokia.

Baina hondartzarako oraingo bidaiek ekarri dizkidate gaztetxotako oroitzapenak. Zurezko bagoi barik, Euskotren orain Ferrocarriles Vascongados bihurtzen da Debarainoko bidaietan. Agian, nerabea ez naizenez eta Amama Kipuletaren kontuak kontatzen nabilenez, ez datsegit batere!

Bitan aldiz hartu dut uztailean Elgoibarko azken geralekuan Debarakoa, goizeko 10,20an, eta lotsagarria izan da! Gainera, 3 urteko ume batekin eta aulkitxoarekin. Zer zen hura! jendea nonahi, surf-taulak, maletak, eguzkitakoak, aulkiak, bizikletak, umeen kotxeak,…Komun ondoan 20 pertsona zutik, eta asko erretiratuak. Onartezina! Zoritxarrez, europartu egin gara; eta lehen dibertigarria begitantzen zitzaiguna, orain deserosoa egiten zaigu. Zahartrosiaren ondorio ere izango da!

Konpainiak zer egin du? 3 tren gehiago jarri ditu hondartza orduetan, beti eguerditik aurrera, goizez ezer ez. Honek dirua balio du, baina zergatik ez jarri tren berria, bagoi gehiago dituena, eta Bilbo-Ermua baino egiten ez duena? Zikinduko ote dugun beldur dira Arriola & company? Edo apurtu? Konpontzeko asko du Euskotrenek eta, AHTean xahutu beharrean, diru gutxi bertan inbertituta egin liteke.

Egindakoaz baliatu

Leire Narbaiza 2012/09/01 01:10
Lan batek hamaika alde dauzkalako

Bekaizti hutsa naiz, badakit. Zer ikusi, huraxe nahi! Hori pasatu zait egunotan ikusi (eta entzun) ditudan blog batzuekin. Boz goran irakurtzeaz ziharduten, edo podcastak dituzte. Inbidia galanta eman didate eta zerbait egitea pentsatu dut

Asko gozatzen dut altuan irakurtzeaz, ikasleekin ere ahalegintzen naiz, halamoduz lantzen, era intuitiboan, prestakuntza askorik gabe. Nire ustez, testua askoz hobeto egiten dugu gure. Ikasteaz gain, atsegin handiz egiten den konta denez, momentu ona pasatzeko ere balio du.

Tira, Berriarako idatzitako azken artikulua "Aprobetxatu", erabili dut horretarako. Ez dago oso ondo, berba batzuetan kateatu egiten naizelako. Baina 5 bat irakurraldi egin ostean, azkena jarri dut.

Ez egin barre askorik. Edo bai, ze demontre! Nik ere fenomeno pasatu dut hau grabatzen-eta!

Aprobetxatu

Leire Narbaiza 2012/08/31 11:10
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/31

Badira pare bat egun euria ari duena. Jende asko hasi da hileta jotzen «ai, uda amaitu da», «eguraldi txarra datorkigu», «euria, ze nazka». Euskaldun tropikal horiek tanta bi jausi orduko horrela hasten dira, nahiz eta hau aspaldiko abuzturik sikuena izan. Hori bai, horiek beroriek kexaka jardungo dute ur eskasia egonez gero, edo gure bazter berdeak gorri ikusita. Euretako askok argudiatuko dute abuztuaren amaieran gaudela eta oporrak amaitzear dituztela, eguraldi honekin ezin dutela bakantzen hondarrez profitatu. Zertan jardun dute, bada, oporraldi osoan?

Eguraldia eta aprobetxatu aditza oso lotuta erabiltzen dira. Eguraldi-iragarpenean (adibidez neguko asteburu baten), eguzki egun bat iragarri, eta hurrengoa euritsua datorrela esaten badigute, esatariak berak, tonu profesional horretan hauxe aholkatuko digu: «Badakizue, aprobetxatu». Zer aprobetxatu behar dugu? Eguzkia? Euria? Denbora? Zergatik ez digu gomendatzen ondo pasatzeko, disfrutatzeko, gozatzeko? Ez, aprobetxatu. Zer da hori? Kanpoan ibiltzea? Paseatzea?

Antza denez, ezin da eguna probestu euria ari badu. Ez dago egunaz baliatzerik kanpoan ibili ezean? Kontzeptu zeharo desberdinak ditugu horren gainean. Aterpean gauza asko egin litezke: liburu eder bat irakurri, margotu, umeekin antzerkia egin, familian bazkalosteko luzean solasean jardun, tabernan lagunekin barrena hustu, Arte Ederretako museoa bisitatu, blogean idatzi… Mila kontu atsegin, eder, eta aprobetxagarri.

Konturatuko zineten ez dudala oso gustuko gomendio hori. Agian berba bera oso desegokia begitantzen zaidalako. Aprobetxatu entzundakoan beti etortzen zait soberan edo botatzeko dagoena erabiltzea, inork nahi ez duenarekin zerbait egin, hala moduz hondakin hori salbatu. Miserableen kontuak, alegia, edo premia gorrian dagoenak egiten duena. Koadernoen marjinak erabiltzea aurreztearren.

Baina nola lotu kontu hau erabili eta botatzeko gure gizarte honekin? Nola uztartu aprobetxatzearen filosofia, jai baten 120 tona tomate alferrik galtzearekin? Gure gizartearen desorekaren adierazgarri ere bada. Izan ere, jende asko jai egunei begira bizi da. Asteburuan zentratuta, aisialdian. Astegunik ez omen da, baina gure bizitza astegun buruzurietako kontua da, proportzioak diosku.

Errutinak, lanak eta arazoek betetzen dute gure bizitza. Ez genuke horietaz ere disfrutatu behar? Horregatik daude hainbeste frustrazio eta egonezin, horrenbeste ihesaldi. Ospa egin beharra, egunerokotasunak itota, furgoneta hartu eta fitxatu aurretik ia, hanka, errealitateari izkin eginez.

Ni ere banoa geratzen zaizkidan egunak gozatzera! Hurren arte! Plazera izan da! Tabernetan (erreal eta birtualetan) elkartuko gara!

Hemen Berrian

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua