Debarako bidean
Gaztetxotan hondartzara gindoazeneko bidaiak gogoratzen ibili ginen lehengoan. Eibartik Debarainokoa abentura hutsa zen. Egia esatera, nerabezaroan ia guztia da abentura; batez ere, ordura arte debekatutako gauzak egiten direlako, lagunekin kostara joatea bezala. Orduan guk trena erabiltzen genuen, gaurko Euskotren, sasoi hartan Ferrocarriles Vascongados zena. Puntuan inoiz ez ziren ibiltzen; eta irten bai, baina iritsi, ez zen jakiten noiz iritsiko ginen. Orduko bagoiak egurrezkoak ziren osorik: lurra, hormak, aulkiak… eta hain ziren zaharrak, non lurzorutik trenbideko harriak ikusten ziren.
Bertan joaten ginen, Indiako trenetan bezala elkarren gainean gazte, zahar, ume eta nagusi. Batzuetan jendetza ikaragarri handia zenez, umeak leihoetatik sartzen zituzten, marabunta haren erditik pasa ez zitezen. Bagoiek, plataforma bat zeukaten, eta zutik bertan, agian 10 pertsona joan gintezkeen.
Gaztetxook ez ginen kexatzen, zenbat eta gehiago, hobeto pasatzeko aukera. Koadrilan joanda, beti ahalegintzen ginen beste baten ondoan jartzen, eta mutilak izanez gero, hobeto, animatuagoa. Joanda gaude Debaraino merkantzia bagoian, jarleku barik, lurrean jesarrita, ateak zabalik! Gaur egun pentsaezina, segurtasun, arau eta modernizazioari esker (edo erruz?)
Gauzak horrela, Ferrocarriles Vascongados-ek izena, irudia eta trenak aldatu zituen. Puntualitatean eta bidaietan hobetu, eta Eusko Trenbideak izena hartu zuen. Ondoren, Euskotren bihurtu eta momentuz (Gascok errotuluak aldatzeko kapritxoa berriz ere ez badu, behintzat) hala darrai. Egunero erabiltzen dut eta esan beharrean nago oso gustura, puntual, merkea eta garbia dela, oso egokia.
Baina hondartzarako oraingo bidaiek ekarri dizkidate gaztetxotako oroitzapenak. Zurezko bagoi barik, Euskotren orain Ferrocarriles Vascongados bihurtzen da Debarainoko bidaietan. Agian, nerabea ez naizenez eta Amama Kipuletaren kontuak kontatzen nabilenez, ez datsegit batere!
Bitan aldiz hartu dut uztailean Elgoibarko azken geralekuan Debarakoa, goizeko 10,20an, eta lotsagarria izan da! Gainera, 3 urteko ume batekin eta aulkitxoarekin. Zer zen hura! jendea nonahi, surf-taulak, maletak, eguzkitakoak, aulkiak, bizikletak, umeen kotxeak,…Komun ondoan 20 pertsona zutik, eta asko erretiratuak. Onartezina! Zoritxarrez, europartu egin gara; eta lehen dibertigarria begitantzen zitzaiguna, orain deserosoa egiten zaigu. Zahartrosiaren ondorio ere izango da!
Konpainiak zer egin du? 3 tren gehiago jarri ditu hondartza orduetan, beti eguerditik aurrera, goizez ezer ez. Honek dirua balio du, baina zergatik ez jarri tren berria, bagoi gehiago dituena, eta Bilbo-Ermua baino egiten ez duena? Zikinduko ote dugun beldur dira Arriola & company? Edo apurtu? Konpontzeko asko du Euskotrenek eta, AHTean xahutu beharrean, diru gutxi bertan inbertituta egin liteke.