Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Inperialismo linguistiko goiztiarra

Inperialismo linguistiko goiztiarra

Leire Narbaiza 2012/09/13 23:40
Edo hizkuntza "handien" umeei irakasten zaiena

Debako zumardian badago zibulu-zabulu bat automobil itxura daukana, gurean oso popularra. Gidatzeko tokia libre izanez gero, arratsalde erdi eman genezake bertan, bidaia imajinarioak egiten. Txintxaun horren gauzarik onena da ume batek baino gehiagok erabil lezakeela, eta, gainera nagusiok ere bertan joan gintezkeela, aurre aldean banku moduko bat daukalako.

Halako bidaietako baten beste ume bat ere suertatu zitzaigun. Ez zuen 6 urte izango. Gidatzen hasi eta gaztelaniaz hitz egiten hasi zitzaidan, Antonio zitzaiola izena eta Toledokoa zela, Deban oporretan zegoela. Hori guztiori niri kontatu zidan. Ilobari ere esan zion zerbait, baina gure umeak ez daki gaztelaniaz. Antonio konturatu zen euskaraz egiten niola ilobari eta gauzak galdetzen hasi zitzaidan:

-¿Qué le has dicho?, ¿Le hablas en vasco? (Zer esan diozu? Euskaraz egiten diozu?)

-Sí. (Bai)

-¿Y no sabe castellano? (Eta ez daki gaztelaniaz?)

-No (Ez)

-Pues debería aprender. Es muy importate saber español. (Ba, ikasi beharko luke. Oso garrantzitsua da gaztelaniaz jakitea)

To, inperialismo linguistiko goiztiarra! Ume txikiak argi dauka bere hizkuntza dela hegemonikoa eta garrantzitsua, besteak ez direla inportanteak. Normalak direla, gureak ez. Gero guk umeak doktrinatu egiten ditugula esango digute!

Orain urtebete bizi izan nuen pasarte hau. Orduan idazteko izan nintzen, baina kontatu bat zela, bestea zela, ideien izozkailuan geratu zitzaidan, sasoi inspiratuagoa iritsiko zitzaidalakoan. Urtea joan da, eta Idurre Eskisabelen "Amua" artikuluak piztu dit gomuta. Akorduan neukan baina ahaztuta.

Betiko jasan beharko dugu egoera hau?

Txapis Otegi
Txapis Otegi dio:
2012/09/14 10:27
Hemen nire bizipen bat. Duela 3 urtekoa.
Alaba, Maddalen, gaixotu zitzaigun. Ez genion tankera onik hartzen eta zuzenean Zumarragako Eskualde Ospitaleko larrialdi zerbitzuetara jo genuen. Pediatrak bistadizo bat eman, betiko Dalsy jarabe sakratua emateko esan eta etxera. Pediatra erdalduna.
Eguna nolabait pasa genuen baina Maddalenek ez zuen hobera egiten. Hurrengo egunean berriro Zumarragara.Lehenbizi bi pediatrek ikusi zuten Maddalen. Neska Euskal Herritar batek eta pediatra argentinar batek. Bietatik bakar batek egin zuen euskaraz zer edo zer esateko ahalegina. Argentinarrak. "Ser modus Maxalen" esaten asmatu zuen mingainean korapiloa jarri zitzaion arte. Tankera onik ez Maddalenek eta hirugarren pediatra bat etorri zen. Euskaldun bakarra. Urretxuarra. Diagnostikoa diagn-OSTIKOA izan zen. Meningitis bakteriarra. Jarraitu baino lehen argituko dizut Maddalenek 7 urte dituela jada eta bere anaia bikiak baino 13 kilo gehiago, inongo ondoriorik ez zaiola gelditu.
Anbulantzian sartu eta ziztu bizian Donostia Ospitaleko Pediatria Larrialdietara. Eta han zuzenean UCI edo Artatze Intentsiboetako Unitatera. 48 orduz gutxienez han sartuta, bakarrik, bere amak eta nik egunean 3 alditan orduerdi inguruko bixita aukera genuen, besterik ez. Unitate hortan ez zegoen pertsona bakarra euskaraz zekiena. Ez mediku, ez erizain, ez inor. Eta Maddalenek hitzik ez gazteleraz. Pentsa gainera zer egoeratan zegoen. Ordu luzeak pasa zituen erdi esna erdi lo egoera makalean, tutu eta antzekoez josita gorputza. Eta bakarrik. Zorionez Maddalen poliki-poliki hobera egiten hasi zen eta 48 ordu eskas pasa zituen isolaturik. Artapen Intentsiboetatik gela normal batera pasa behar zuten unean bere ama eta ni hantxe geunden eta beti bezala "esperar un ratito fuera que la vamos a cambiar de cama" esan ziguten. 15 minutu luze pasa genituen kanpoan Maddalenen garraisiak entzuten, zer gertatzen zen ulertu gabe. Orduan atera zitzaigun zaintzailea mesedez barrura sartzeko eskatuz. Ohez aldatu nahi, baina zer egin nahi zioten euskaraz azaltzeko gai ez zirenez, ohe aldameneko burdinezko barrei helduta zegoen Maddalen. Ez zegoen kristauik hura handik mugituko zuenik! Amak eta nik alaba lasaitu eta azaldu genion zer egin behar zioten. Horrela eraman genuen gelara.
Logelan 15 egun inguru egin zituen/genituen. Ez dakit zenbaki zehatzak esaten, baina 15 egun hoietan gehienez 3 pertsona izan ziren Maddaleni euskaraz egiteko gai. Ospitaleko andereño bat, ipuin eta antzekoak ekartzen zizkiguna eta pare bat erizain. Ezta mediku bat ere Maddalenekin elkarrizketa bat eduki zezakeenik. Eta noski, goizero "esperar un ratito fuera" esaldi famatua mediku eta erizain tropela etortzen zenean Maddaleni sueroa aldatu, froga desberdinak egin, gorputzean banatuta zeuzkan orratzak ondo jarri etabar egitera. Egunero egunero, goizero goizero trauma bat 4 urteko alabarentzako.
Egun batean erizain bat garraisika hizketan ibili zen Maddalenekin "QUE TE ESTÉ TRANQUILA, QUE NO TE VOY A HACER DAÑO" ni gelatik kanporatu ondoren. Sartu behar izan nuen eta "No hace falta que le grites, es que no entiende el español. Por mucho que grites no te va a entender" bota nion. Tarteka errepide bazterretan galduta aurkitzen ditudan atzerritar bat bezala sentitu nintzen. Haiei ere neronek iha garraisi batean hitz egiten bait diet, hobeto ulertuko didatelakoan edo. Baina kasu hontan neure herrian nintzen atzerritar.
Egoerari errematea beste erizain batek eman zion. Orduan ama zegoen berarekin, eta gelatik kanporatu eta atea erdi irekia utzi zuen. Ez dakit zer esaten ari zitzaion Maddaleni eta bapatean ate atzetik zera entzun zion erizainari: "Bueno, Maddalen, ¿tendrás que aprender español no?" Errematea. Belarriak bero-bero eginda atera zen erizaina handik.
Lehen esan bezala zorionez Maddalen onik atera zen egoera hartatik. Beno, osasunez ondo. Baina bada ez bada ere ez iezaiozu esan Maddaleni ospitalera joan behar degula. Ez dakit nor bixitatzera joan ginen aurrenekoz, eta komeriak izan genituen. Mediku eta erizainen ikasketetan ziur nago gaixoekiko komunikazioa lantzen dutela, eta iruditzen zait gaixotasunarekiko sendabideez gain, komunikazio horrek ikaragarrizko garrantzia duela. Gaixoak lasaitu, gaixoei azalpenak eman, egoera latzetan gaixoa kontsolatu edo animoak emateko, bakarrik ez sentitzeko... Horregatik diot mediku eta erizain haiek ez direla onak. Ez direla Euskal Herriko mediko eta erizain onak. Burgosen bai, bikainak, edo Albaceten. Baina hemen ez. Maddaleni bizia salbatu zioten eta eskertzekoa da, baina nik ez ditut Osakidetzako langile bikaintzat. Eta ez naiz batere eroso sentitzen gaur alaba ondoan edukitzearen arduradunekin esker oneko ez izatearekin.
Eta listo. Badakit euskara eta euskaldunon aurkako beste eraso bat besterik ez dela, baina guk pertsonalki jasandakoa da, eta kontatzeko gogoa piztu zenidan.
Luzetxo joan zaidanez 5€ko tarifa eskas gelditu zait eta... orain zuk zor dizkidazu 5€. Fakturarik nahi?
Muxu pottolo bat!
Josu Jimenez Maia
Josu Jimenez Maia dio:
2012/09/14 10:38
Beste bizipen bat. Uda honetako arratsalde batean Iruñeako parke batean nengoen alabarekin, eta Uxue —hala baitu bere grazia gure alabak— haur-jolastokian ari zen, soka batetik gora eta behera. No behetik ikusten nuien alaba gora eta gora eta gora... eta kontuz ibiltzeko esan nion: "Uxue, kontuz ibili, mesedez". Ez zen parkeko ume bakarra; ama bat zegoen beste neskato batekin, jankerari eta hitz egiteko moldeari erretaratuta, haiek ere hemegoak, eta neskatoak hauxe esan zion bere amari:"Mamá, esa niña se llama Mercedes"

Amaren erantzunak argitu zion kontua. "No cariño, se llama Uxue, y le ha dicho mesedez, que en euskera ez por favor"

Hamaika t'erdi entzuteko jaioak gara, baiki.
ana morales
ana morales dio:
2012/09/14 14:03
Ba nik ere badut beste bat, zibuetakoa hau ere. Semeak bi edo hiru urte zituenean, arratsalde batean Bilboko Campo Volantineko zibuetan ginela, nik zeozer esan nion umeari euskaraz eta berak niri ere euskaraz erantzun. Ondoan gizon bat zegoen, bere neskatoarekin. Zeozer esan zion erdaraz nire semeari, eta nik, banekienez ez ziola ulertuko, euskaraz esan nion umeari. Gizonak, itzultzaile lanetan nengoela konturatuta, harrituta esan zidan: "¿No sabe castellano?" Ni, apur bat kikilduta (bai, hala da): "Pues no, todavía solo sabe euskara". Eta berak, inongo erreparo barik eta harro-harro: "Pues ya le puedes enseñar, que el euskera está muy bien, pero con eso solo no vas a ninguna parte".
Amorrua, sinestezina, umilazioa: dena batera sentitu nuen. Eta halako moduan egin zidaten gainez sentimenduok, non isilik geratu nintzen, erantzun aproposik asmatu ezinik. Arantza daukat sartuta harrez gero.
Beste egun baterako utziko ditut mediku kontuak, horiek biblia baterako ematen baitute. Basurtuko ospitalean nire semeak urteetan aguantatu behar izan dituen mediku eta erizain ezjakin, insensible eta ezjakin eta insensible guztiak bezala, harro ustelak.
Gasteizko Hizkuntz Eskolan
Gasteizko Hizkuntz Eskolan dio:
2012/09/14 14:14
Gasteizko Hizkuntz Eskolako harreran behintzat, euskarazko arreta bermatuta behar luke,legez, baina ez.
Aurrekoan lagun bat joan da Hizkuntz Eskolara agiri baten eske, eta euskaraz zuzendu zaio harrerako langileari.
Harrerako langileak: No te entiendo.
Lagunak: ¿Y no me puede atender nadie en euskera?
Harrerako langileak: No, pero si quieres sé inglés...

Eta hori erakunde publiko batean! Jende horiekin ez goaz inora.
Eraikuntza enpresako injeniariarenak
Eraikuntza enpresako injeniariarenak dio:
2012/09/14 14:25
Herri "euskaldun" bateko udaletxean gertatua.
Hirigintza batzordearen bilera zen, egitasmo potolo baten inguruan lanak egin behar zituen enpresako (Arian) injeniariaren azalpenak entzuteko bilduta zeuden talde guztietako zinegotziak. Bilera luze zijoan (erdaraz), eta idazkariak orri batzuk fotokopiatu bitartean atseden hartu zuten bildutakoek. Halako batean bi taldetako zinegotziak euskaraz hasi dira euren artean, eta hara non, enpresako injeniariak (argentinarra bera) honako hau bota dien lehor:
- ¡A hablar en vasco a la calle!
Eta PSOE eta IUko zinegotziek, ere, "eso, eso, a hablar en vasco a la calle".
Egundoko kalapita antolatu zen noski...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua