Barrura begiratzeko leihoak
Ez dakit zinemaz, ez naiz batere aditua, zaletasuna azken aldian ere makal dabilkit. Ez daki film bat ona ala txarra den esaten. Gustatu zaidala bai, edo aspertu naizela. Dena subjektiboa eta oso pertsonala.
Gaur "Barrura begiratzeko leihoak" filma ikustera joan naizenean banekien hunkituko ninduela, negar egingo nuela, emozionatu. Malkorik ez dut bota asko, baina emozionatu naiz, bai. Askotan. Ez nuen uste, baina, barre egingo nuela, eta irri ere egin dugu; izan ere, bizitza latza denean ere umoretik ere bada. Baina batez ere ideia eta gogoeta pila bat sortu zaizkit.
Bost historiak oso desberdinak izan dira, bostak ikuspuntu eta esperientzia ezberdinetik abiatuta, zigor eta emaitza diferenteak. Zuzendari bakoitzak bere erara kontatuta, nahi zuten moduan.
Jende gazte asko ikusleen arten. Guk batez bestekoa asko igotzen genuen. Harritu gaitu, gure adineko ingurukoak espero genituelako. Oso ondo, badator gazteria atzetik!
Barrua mugitu didate kontakizunek, oroitzapenak ekarri, lagun batzuk oroitu, aita ere buruan izan dut ia film osoan. Sarritan, buruari eragin diot baietz esateko, botatako hainbat esaldi biribilak izan direlako! Aulkitik altxatzean eta irteteko ilaran izan dut negargura, gustura orduan jardungo nuen uholdeka!
Ostean, baina, lagun zaharrekin elkartu, beste batzuk desbirtulizatu (joe, jarri zuen aurpegia abatarretan!) eta filmaz berba egin. Hala ere, zine-forum moduko bat beharko nuen dena xehatzeko. Ideia asko, eta iruzkin gehiago egiteko. Jozulin gizajoak nire guztiak jasan ditu bueltako bidaian (mila esker!)
Asko gustatu zait: Ttittika Rekalten lokuzioa, bikaina. Kontakizun arteko loturak.
Ez zait hainbeste gustatu: azpitituluak gaztelaniaz zeuden (ia osorik euskaraz da) baina gaztelaniaz ari zenean ez zegoen (frantsesekoetan ez naiz ohartu entzumenaren ulermen ariketa egiten ibili naizelako!). Kontakizunen arteko idatziak ere gaztelania hutsean.
Asko gustatu zait. Ez du manikeismorik egiten, eta historiak diren moduan kontatzen ditu. Gogorra da, baina helburua ez da pena ematea.Euren bizipenak ulertzeko erreminta hutsa da, gordin baina sentsibilitatez kontatuta. Ikusi beharrekoa!
Argi daukat zergatik jarri dizkioten hainbeste oztopo. Beldurra dutelako, pertsonak erakusten dituelako dokumentalak, ez munstroak, beraiek egiten duten legez. Ausarta da, aitzakiarik gabe. Ez galdu ikusteko aukera!