Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Aprobetxatu

Aprobetxatu

Leire Narbaiza 2012/08/31 11:10
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/31

Badira pare bat egun euria ari duena. Jende asko hasi da hileta jotzen «ai, uda amaitu da», «eguraldi txarra datorkigu», «euria, ze nazka». Euskaldun tropikal horiek tanta bi jausi orduko horrela hasten dira, nahiz eta hau aspaldiko abuzturik sikuena izan. Hori bai, horiek beroriek kexaka jardungo dute ur eskasia egonez gero, edo gure bazter berdeak gorri ikusita. Euretako askok argudiatuko dute abuztuaren amaieran gaudela eta oporrak amaitzear dituztela, eguraldi honekin ezin dutela bakantzen hondarrez profitatu. Zertan jardun dute, bada, oporraldi osoan?

Eguraldia eta aprobetxatu aditza oso lotuta erabiltzen dira. Eguraldi-iragarpenean (adibidez neguko asteburu baten), eguzki egun bat iragarri, eta hurrengoa euritsua datorrela esaten badigute, esatariak berak, tonu profesional horretan hauxe aholkatuko digu: «Badakizue, aprobetxatu». Zer aprobetxatu behar dugu? Eguzkia? Euria? Denbora? Zergatik ez digu gomendatzen ondo pasatzeko, disfrutatzeko, gozatzeko? Ez, aprobetxatu. Zer da hori? Kanpoan ibiltzea? Paseatzea?

Antza denez, ezin da eguna probestu euria ari badu. Ez dago egunaz baliatzerik kanpoan ibili ezean? Kontzeptu zeharo desberdinak ditugu horren gainean. Aterpean gauza asko egin litezke: liburu eder bat irakurri, margotu, umeekin antzerkia egin, familian bazkalosteko luzean solasean jardun, tabernan lagunekin barrena hustu, Arte Ederretako museoa bisitatu, blogean idatzi… Mila kontu atsegin, eder, eta aprobetxagarri.

Konturatuko zineten ez dudala oso gustuko gomendio hori. Agian berba bera oso desegokia begitantzen zaidalako. Aprobetxatu entzundakoan beti etortzen zait soberan edo botatzeko dagoena erabiltzea, inork nahi ez duenarekin zerbait egin, hala moduz hondakin hori salbatu. Miserableen kontuak, alegia, edo premia gorrian dagoenak egiten duena. Koadernoen marjinak erabiltzea aurreztearren.

Baina nola lotu kontu hau erabili eta botatzeko gure gizarte honekin? Nola uztartu aprobetxatzearen filosofia, jai baten 120 tona tomate alferrik galtzearekin? Gure gizartearen desorekaren adierazgarri ere bada. Izan ere, jende asko jai egunei begira bizi da. Asteburuan zentratuta, aisialdian. Astegunik ez omen da, baina gure bizitza astegun buruzurietako kontua da, proportzioak diosku.

Errutinak, lanak eta arazoek betetzen dute gure bizitza. Ez genuke horietaz ere disfrutatu behar? Horregatik daude hainbeste frustrazio eta egonezin, horrenbeste ihesaldi. Ospa egin beharra, egunerokotasunak itota, furgoneta hartu eta fitxatu aurretik ia, hanka, errealitateari izkin eginez.

Ni ere banoa geratzen zaizkidan egunak gozatzera! Hurren arte! Plazera izan da! Tabernetan (erreal eta birtualetan) elkartuko gara!

Hemen Berrian

Ricardo Gómez
Ricardo Gómez dio:
2012/08/31 17:38
Guztiz ados artikuluarekin, Leire! Niri ere ez zait inoiz gustatu eguraldi gizon-emakumeen "aprobetxatu" hori. Twitterren hitzaren gainean jardun genuenean, ez nuen inondik ere uste gai horrekin lotuko zenuenik. Chapeau!

Bide batez, artikuluan aipatzen duzun "ihesaldi" hitza ere gorroto dut, asteburu edo zubietako bidaia laburretarako gero eta gehiago erabiltzen dena. Nondik ihesi, nork bere bizimodutik? Horrela pentsatzea tristea da, barren! (Ondo erabili dut hitza? ;-))
leire
leire dio:
2012/08/31 19:42
Mila esker, Ricardo!
Aspaldi neukan buruan "aprobetxatu" horren gainean idaztea. Atentzioa ematen zidan entzuten nuen bakoitzean. Kontuan izanda sasoi batean parrandan ematen zuela asteburua, eta orain lasaiago etxean, tabernetan edo lagunak bisitatzen; inoiz ez diot zentzurik hartu. Mendira joaten nintzenean, edo asteburu-pasa norabait begiratzen zaio eguraldiari, era batera edo bestera prestatzeko maleta, baina aprobetxatu? Agian, etxean geratuta atzeratutako idazlanak zuzentzen aprobetxatuko nukeen gehiago astegoena!
Eta "ihesaldiak"… beste horrenbeste! Filosofada oso bat daukat horrekin, botelloiarekin lotzen dudana, eta laneko insatisfakzioarekin. Ea datorren astetik aurrera blogean geratu zaizkidan hondarrak eta "flekoak" jaso eta post batzuk idazten ditudan!
Bai, ondo erabili duzu! Ahoz, doinu indartsua eta intonazio berezia dauka! Denok ondo erabiltzen ikasi duzue, barren! ;-)
Milioi bat esker!!!
Asier
Asier dio:
2012/09/01 21:44
Gustau jata, Leire! Hilabeteko lana borobiltzeko modu politta. Zorionak! ;-)
leire
leire dio:
2012/09/01 23:47
Milla esker, Asier! Neuk be gustora idatzi dot.Asko eskertzen dira animuak!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua