Zelan aldatzen diran gauzak!
1992xan ...eta kitto alkartia egitteko alkartu giñanian, ordenadoriak gure bizitzetan kontu arraruak ziran. Baten batzuek bazeken biharrerako, baiña ez danok. Etxian, iñork be ez, esango neuke. Eta eukitta, sarrittan, gehixago erabiltzen zan idazteko makiña moderno leztxe, ez besterik. Internet zer zanik be ez genkixan!
Poliki-poliki sartu ziran honek trepetxuok geure bizitzan eta oin ezin dogu imajinau ze litzaken konexiño barik bizitzia. Ez dot esango zelan kabixau deskun gauzak egitteko modua, zeuek be neuk baiño hobeto dakizuelako. Pentsatzen jartzen bazarie hamaikatxo desbardintasun topauko dozue.
Geu be kanbixau gara. Asko teknofobuak giñan. Konfesauko detsuet: bildurra emoten zestan ordenadoriak. Hankia sartziari netsan bildurra, zeozer txarto egin eta dana hondatzia edo galtzia. Zela aldatzen diran gauzak, kamarada! Oin friki izatetik gertuago nago.
Tira, Amamakipuleta ipoiñak alde batera lagata, kontau gura dot nere eritxixan euskaldun euskalzaliori teknologixa barrixak ekartzen deskuezen on guztiak; izan be, dana da biharrezkua gure komunidadia sendotzeko, horixe da, hain zuzen be, euskera alkarte baten lelehengo pausua: alkarren barri izatia, existitzen garala jakitzia. Eta horretan internetek aukera zoragarrixa emoten desku.
Horretaz aparte, produkziñua aittatu gura neuke. Zenbat aukera dittugun sarian, ezin dogu ahaztu iñoiz ez dala hainbeste idatzi euskeraz, horrek dakarren indar guztiarekin. Papelezko formatu klasikuen onduan, blog mundua be badakagu, (ez ahaztu eibar.org blog komunidade eibartarra izan dala lelehengo komunidade euskalduna, eta hamaika urte (bai, 10+1) daroiazela ziber-espaziuan). Blogak esparruak zabaldu dittuez, sekula erabili bako gaixak jorratu diralako, eta edonori aukeria emoten detsalako, bai idazteko bai irakortzeko, munduko edozein tokittan. Dakagun testu kantidadia itzela da, eta haunditzen dabil egunetik egunera, bizittasun seiñale.
Zer esanik ez, sare sozialak emoten deskuen aukeria, Twitterrek esaterako. Euskaldunok alkarren barri eukitziaz gain, alkarren arteko komunikaziñua be errezten dau. Sarian gagozen euskaduenen arteko loturia estutu eta indartzeko balio dabelako. Gero, Euskal Herrixa hain txikixa danez, edozein tokittan topau zeinke ezagun hori! Horretara, ezagutza “erreala” be izan leike.
Horregaittik, asko pozten nau, ...eta kitto-k emon daben pauso honek. Bazan ordua! Dana ondo egitten bada, web erreferentia bihurtu bihar da, komunikabide erdeldunen aurretik. Eibarren edozer gertatzen dala be, eibartarrok eukiko dogu nora jo, eta euskeraz. Zorionak eta bide ona izan deizuela!
Katxonderstaneko elkarrizketa: #kefumepa!
Autobonboa da edo ez dakit nola klasifikatu hau, baina ordu beteko elkarrizketa egin zidaten Katxonderstanen. Ostean, bazkaltzera ere gonbidatu ninduten. Mirari Martiarena eta Martin Kitto inkognitoarekin egotea plazera izan zen. Nik ederki pasatu nuen, entzuleek, ziurrenik ez hainbeste! XD
Hementxe, Katxonderstaneko kronika. Ezkor joan nintzen. Motiborik? Bai! Hain ezkor? Zuek esango didazue!
Abendu hasierako zarraparra
Abenduaren hasiera honetan efemerideak besterik ez dugu izan euskararen munduan. Herenegun Durangoko azoka amaitu zitzaigun, aurten 50 urte betetzen zituena, hilaren 6an Euskaldunon egunkariaren jaiotzaren 25 urteak gogoratu genituen eta abenduaren 3an euskararen eguna izan zen.
Aitortu behar dizuet: Durangoko azoka maite dut, gaur egunean hori esatea modan ez badago ere. Niri bost. Gozatua da ia euskal produkzio osoa elkarrekin ikustea, ajeak aje. Era berean, sarri esan den moduan, basamortuko ispilatze hutsa ez ote den sumatzen dugu. Jakin badakigu, argitaletxe eta diskoetxe askorendako urtean bizi ahal izateko modu bakarra. Baina, niri batzuetan iruditzen zait afankeriatik ere baduela, garena baino gehiago erakutsi beharrean gaudelakoan, xumetasuna guretako ez balitz legez. Poz-pozik jarriko nintzateke erositako liburuen herena irakurriko balitz, sikiera! Izan ere, esteroideak hartutako gimnasioko gazte horietako bat ematen du euskal kulturak Durangon, egunerokoan agertzen zaigun maskal eta mirrinaren aldean.
Eta azoka baten izan zen Euskaldunon egunkaria lehenengo aldiz ikusi genuen eguna, orain mende laurden. Euria ari zuen goian behean egun hartan, baina aurrera atera zen, ostu ziguten arte. Horregatik, ezingo dugu ahaztu zer esfortzu izan zen hura eta gainera egunkari bi egin behar izatea dena kontra izanda, baita eguraldia ere. Ez dezagun ahantz eguneroko borroka dela, euskarak behar duela euskaraz egiten den prentsa eta babestu, irakurri eta erosi egin behar dela, alde guztietatik jartzen zaizkiolako oztopoak eta murrizketak, azken aldian diru-laguntzekin gertatu den bezala.
Murrizketak aitatu eta egun instituzionalak datozkigu burura, euskararen eguna, esaterako, beste efemeridea. Euskaldun berrien plaza, iturri, kale edo pasealekua aldarrikatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Ados, estatua bat ere merezi dute, miresmen osoa dute nire partetik euskaldun berriek. Baina ez da kontraesana halakorik aldarrikatzea oztopoak besterik jartzen ez zaienean, dirutza balio duenean euskara ikasteak? Ez da hipokresia biribila? Hain nekatuta nago aditz hutsak entzuteaz euskarari buruz dihardutenean: maitatu, bultzatu, sustatu, indartu,… partizipioan, hiztegian agertzen diren moduan. Ez, bada ordua aditz horiek orain aldian eta geroaldian jokatzeko, moduzko esaldiak lagunduta (NOLA) eta diru partidaz hornituta. Bestela ezerezean geratzen da, plantak egitean, azalutsean.
Aditz horiek jokatu ezean, esadazue zertan indartu lezakeen euskararen erabilera globoak askatzeak, lip-dubak/flash-mobak egiteak, lasterketek, mendi martxek? Zertarako? Zertarako balio digu euskararen egunak? Egokitu zaigun santuak ere euskararen alde egin zuen bakarra hilzorian berba arraro batzuk lardaskatzea besterik ez zen izan-eta! Hori da oinarria? Ulertzekoa da beste guztia!
Santuak santu, efemerideak efemeride, lorrindu, lokatzetan sartu, gozatu eta disfrutatuko dugu euskara, euskaraz eta euskararekin. Gauza berbera opa dizuet zeuei
Kutsatu bitartean pentsatutakoak
Automobila badoa ziztu bizian autobidean. Ezin dugu segundorik galdu, lanera iritsi beharra dago-eta. Ahaztuta geneukan zer zen obligazioz gidatzea. Ondo ohituta baikeunden lantokia kilometro gutxira izanda, garraio publikoaren erosotasunera eginak ginen, denbora hori gurea zela jakinda, guretako, nahi genuena egiteko. Baina jan beharra dago, hipoteka ordaindu. Hurrean lanik egon ezean dagoen lekura joan behar, horretarako kilometroak egin behar badira ere.
Gidatze ordu-mortu horiek ez dira hain alferrikakoak pentsatzeko ematen dutelako, urduritasuna ez denean nagusitzen, behintzat. Buruari eragiteko balio dute. Eta bide luzean minutuak zaindu bitartean, paisaiak sortutako sentsazioak ere hausnartzeko parada eskaini.
Asko oldoztu barik, begi bistakoa delako, inguruaren degradazioa da aipagarriena: porlana eta zuloak nonahi, lur gorria agerian, pinudien forma geometrikoak mendi mazelak desitxuratzen dituztenak, industria-poligonoak edonon,… Bitartean, azeleragailuari sakatu eta gasolina erre eta erre.
Kontraesanak kezka eta mina sortzen du. Gure automobilak bakarka goazela isurtzen duen CO2 eta sufrean negutegi efektuan pentsatzeak zorabioa eragiten du egun eguzkitsu hauetan, udazken atipikoan.
Bidean kamioi asko aurreratu ditugu, asko inguruetakoak, baina beste batzuk Polonia, Bielorrusia, Letonia eta Eslovakiakoak. Sekulako trailerrak, karga-karga eginda. Zer merkantzia ote dakarkigute? Zenbat ordu eman dituzte bidean? Zenbat litro gasolio erreko dituzte?
Aurreraxeago, helburu dugun herrira heldu eta bueltaka behar ibili aparkatu nahian. Kontu bera etxera itzultzean. egunero batez beste, 20-25 minutu aparkatzeko. Berriro ere kezka bera, isuritakoa buruan eta amorrua bularrean; izan ere, hainbat aparkatzeko leku kendu dituzte udaletxeek, mugikortasunaren aitzakian. Osasuna (publikoa eta mentala), ordea, non geratzen da? Zer interes ezkutu dago aparkatze-leku deuseztatze honen ostean? Eta bueltaka, guk kutsatu eta kutsatu.
Artikulu hau ateratzen den egunean, gaur, alegia, Parisen munduko buruzagi politikoek emango dute euren akordioaren berri klima aldaketa frenatzeko. Beraz, idazten ari naizen momentu honetan ezer gutxi dakit neurri horietaz. Baina goi-bilera horretan ez dut esperantza larregi. Tira, gobernatzaile horiengan ez dut itxaropenik. Sarriegitan desengainatu gaituzte, Kyotoko protokoloarekin esaterako; izan ere, Japonian 1997an sinatutako akordioa paper bustia izan ez balitz beste oilar baten joko ligukeelako kukurruku.
Kontua da sinatzaile horiek, gobernu buruek, ez dutela munduan agintzen. Planeta honetako agintariak korporazio handietako nagusiak dira, estatuetako goi karguak euren nahiera mugitzen dituzten txotxongiloak dira, hariei eraginda.
Diruak agintzen du Lurrean. Aurpegirik ez bihotzik ez duen diruak. Horren atzean pertsonak, baina ondo ezkutatuta. Txintxinen hotsak baino ez dielako pozik ematen. Kutsatu behar dela etekina ateratzeko? Kutsatu, eta demokraziaz jantzi, herriak erabaki duelako birziklatu edo ez, adibidez. Gero maila minimoetara ailegatu ezean, errua jendeari egotzi: birziklatzen ez duelako, garraio publikoa erabiltzen ez duelako, janari gehiegi botatzen duelako, ur larregi kontsumitzen duelako,... Neoliberalismo domestikoa, alegia.
Argi daukat: protokoloak sinatu arren, eredua aldatzen ez den bitartean gure planeta honek jai du!
Franco, gugan bizirik
Berandu nabil. Hamabost egunean behin zutabegintzan jarduteak hori du, tarteko datak aste bien artean ahaztuta geratzea. Baina gai batzuk beti dira gogoan izatekoak.
Azaroaren 20ko data atsegina izatea nahiko nuke, lagun handi biren ezkontzako eguna izatea, besterik ez. Arraten izan zen, eta egun osoan zehar elurra mara-mara egin ondoren autobusean jaisteko izandako komeriak akorduan edukitzekoa soilik.
Data hori eztegua ez ezik, hainbat heriotzarena ere bada. Ankerrak ia guztiak, bat esperantza emaile ere bai. Franco diktadorearenaz dihardut.
Zazpi urte nituen gertatu zenean eta gomutan ditut kontu asko. Umeegia banintzen ere, gogoratzen dut agonia luze hartan jendeak posturak egiten zituela. Hil-hurren zegoela atera zioten argazkiaz ere oroitzen naiz. Tira, esan nezake non nengoen Arias Navarrok Españoles, Franco ha muerto esaldi famatua lehenengoz entzun nuenean ere.
Ez dakit nintzen ume hark zer espero zuen gertaeraz. Orduko haurrok pozez bizi izan genuen hiru eguneko doluagatik jai eman zigutelako eskolan. Zuri-beltzezko telebista bakar hartan hil kaperan sartzeko zeuden ilara amaigabeak baino ez zizkiguten erakusten, eta hilotzaren aurrean jendearen malkoak. Gogoan dut koroatzea ere ikusi genuela, eta nire inozentzian ez zuela balio esaten nuela, koroa ez ziotelako buru gainean jarri, behar den bezala, Disneyren eraginez edo…
Baina ez pentsa hau Cuéntame telesaio zaharminduaren beste atal bat denik. Inguruan ikusten nuen esperantza ere kontatuko nuke. Aurreikuspen batzuk nahiko zapuztuta geratu ziren, batez ere, arlo politikoan eta askatasunen alorrean. Ez dut hori jorratuko, ni baino jantziago daudenek ederto azaltzen dute-eta.
Ez naiz hasiko sakontzen bide-bazterretan hamaikatxo fusilaturen gorpuzkinak daudela, seguritate indarren metodo anti-demokratikoetan, justiziaren justizia faltan, politikari batzuen ustelkerian, enpresari handien arpilatzean, obra erraldoien megalomanian, entxufe zikinetan, Mendebaldeko Sahararen abandonuan, ez. Berrogei urteko frankismoak berrogei urte geroago ere ondorio psikologikoak laga dizkigu, denoi inkontzientean, behintzat.
Izan ere, pentsamendu erreprimitua eta kontrola utzi digu herentzian. Beti frogatu behar dugu nortzuk garen, adibidez. DNI noranahi eraman eta edonori erakutsi behar diogulako. Erosketak kreditu-txartelaz eginez gero, erakutsi egin behar da, nahiz eta kodea tekleatu behar izan. Berdin dio, zintzo, edonon. Beste herrialde “aurreratu” batzuetan ez dago, ordea. Hau diodan guztietan, jendea, harriduraz, defentsiban jarri, eta sentimendu deserosoa sortzen zaie –Baina orduan nola jakin benetan nortzuk garen?– Bo, gezurretan gabiltza, ala? Beti demostratzen jardun behar ote dugu? Frantzian ibili izan naizenean, berbarako, inoiz ez didate ezertarako ere eskatu dokumentua, inon ez. Gure Hegoalde maitean, berriz, ezin kalera irten DNI barik. Estatu polizial frankistaren ondorio zuzena.
Ergelkeria galanta bota dut, agian. Baina gauzkan estatuak diktadorearen mausoleoa mantentzen du, metafora itzela. Gai batzuetan pentsamendu bakarra nagusitu da, nazioaren batasunarena. Ez izan disidente. Ez sartu politikan, amamaren aholkua. Ez ezker, eskuin, hori da onena. Ideologia izatea txarra da. Apolitikotasunaren aldarria nonahi. Francok ere hori esaten zuen, bera apolitikoa zela.
10 urte!!
Kalamuatik Txargainera
Itoitz eta Artxandatik bueltan
Gaur hamar urte hasi nintzen txoko honetan, ziurtasun falta ikaragarriarekin, neure buruari galdetzen ea zertan nenbilen, zein nintzen ni blog bat zabaltzeko kazetari edo idazle izan barik. Harroputz samarra ere sentitu nintzen halako toki bat zabaltzearren. Eskerrak neure ziber-familiari, eibar.org elkarteko kideei, eurek eman baitzidaten bultzada eta indarra pausua egiteko. Pausua ez ezik, harrera ere egin zidaten, goxo hartuta. Eskerrik asko, lagunok!
Ez dakit nolakoa izango zatekeen nire bizitza bloga sortu eta elikatu izan ez banu. Ez dut uste funtsean asko aldatuko zenik. Dena den, ezin izango nuen zenbait arlo berri bizi izango. Ez nukeen esploratuko hainbeste internetek eskaintzen dizkigun kontu asko. Ez nintzatekeen Sustatuko Zer erantzi-n kolaboratzaile izango, ondorioz ez nukeen Elena Lakarekin batera Anti-gona bloga (stand-by-n dagoena) sortuko. Beraz, inoiz ez nukeen Euskadi Irratiko Faktorian kolaboraziorik egingo.
Kalamuatik Txargainera sortu izan ez balitz, ez nukeen inoiz Berrian kolaboraziorik egingo, ezta Gipuzkoako Hitzan idatziko. Hori dela eta, ez nintzatekeen Info7-ko Gureaz blai-n pilula-egileetako bat. Ez.
Blogari izan ez banintz, ziurrekin twitterren ez nintzatekeen ibiliko. Horregatik, ez nukeen ezagutuko hainbat pertsona zoragarri. Ez nituzkeen izango orain ditudan lagun on batzuk. Ez nukeen neure burua proiektu zoroetan sartuta ikusiko. Marimaistra, orain oporretan dagoena, ez zatekeen jaioko.
Horretara, blog barik nire bizitza askoz aspergarria izango litzateke. Ziur. Hori dela eta, eskerrak ematea besterik ezin dut, espazio honek eman dizkidan satisfakzioak ikaragarriak izan direlako. Sareak ondo hartu nauelako, eta txarrik ere ia ez dudalako gogoratzen. Dena ederra izan delako, irribarrez betea, baita algara nahikotxoz ere. Dena opari!
Mila esker aunitz!
oharra irakasleendako: baldintza lehen aldian lantzeko aproposa, ezta?
Zertarako nahi dugu etb1 hau?
Larunbat gaua da. Etxean lasai egoteko gogoz, egonean, telebista piztu eta etb1en mariatxiak! Ai, ai, ai, ai, ai! Mexiko lindo y querido!!!! Uf!!! Sekulako disgustuak hartzen ditut telebista isiotzen dudan bakoitzean! Erosi eta kanalak instalatu nituenean, militatziaz-edo, 1. zenbakian jarri nuen etb1, zoritxarrean.
Mariatxiak, eta ostean “Eibar kantuan”. Musu truke grabatutako saioak, betelanak egiteko. Eta horrela asteburu guztietan, trikitixa ez denean, jota txapelketa, pastorala edo dantza soltea. 30 urtean dantzak ematen eta oraindik ez dute ikasi hankak eta oinak fokatzen: gerritik gora agertzen zaizkigu plano askotan. Euskal dantzetan!
Tira, ez diot halakorik eman behar ez denik. Baina, beharbada, beste une batean edo nahastuta, edo testuinguru baten barruan. Izan ere, prime-timean ematen dituzte, zerbait emateagatik, merke antzean. Asteburuko hurrengo kirol-zita etorri bitartean, edo meza. Eta horrela asteburu osoan, eta aste barruan ere… kanadarren bromak etengabe ikusten…
Lagun batek dioen moduan, betegarri diren saio horiek kendu eta doitze-karta (“karta de ajuste” delakoa) jarriko balute, ikusgarri egingo litzateke zenbat galtzu daukan. Audientzian, gainera, ez genioke larregi igarriko! Antzekoa izango luke-eta.
Norendako dago pentsatuta? Zertarako dugu kate bat euskaraz? itxurak atxikitzeko? Horretarako xahutu halako dirutza? Proselitismoa ere ez dute egiten, barren!
Etb3-n proiektua ere desegin zuten. Itxura ona zuen: modernoa, gaztea, kultureta,… baina Doraemon telebista bihurtu zuten. Beste desengainu bat.
Kontua ez litzateke larria izango euskaraz dugun telebista publiko eta jeneralista bakarra ez balitz, bitarteko guztiak dituena, bai dirutan, bai teknikan. Eta euskara sustatzea helburu izango ez balu. Barregarria litzateke dramatikoa ez balitz.
Badakizue zein garrantzitsua den telebista hizkuntza bat batzeko, normalizatzeko eta biziberritzeko? Horrela lortu du gaztelaniak batua zabaltzea, eskolarekin batera, jakina. Hiztegia, hitz jokoak, hizkera kolokiala, teknikoagoa,… erraz eta ondo zabaltzen da horrela, justu euskaldunok behar duguna. Eta zer esanik ez, oroitzapen erkideak sustatzeko, nazioa trinkotzeko… Horretan ere, kale!
Etsigarria da, edozein tokiko telebistatan produktu duinagoa egiten da, orokorrean. Eta ez profesional txarrak direlako. Ziur naiz behargin finak eta ekinak dituela etbk. Eta euren esku lagaz gero, ganorazko saioak egingo lituzketela seguru nago. Egin dituztelako, eta egiten dituztelako oraindik ere (batzuk salba daitezkeelako). Baina goikoen borondaterik egon ezean, zail dute
Goikoen erabaki hauek ez dakit utzikeriagatik edo maltzurkeriagatik diren. Eta bata ala bestea zein den hobea ere ez dakit. Dena den, denborak ihes egiten du bizkor, aukera galdua da etb. Beraz, zertarako nahi dugu halako etb1? Ixtea ez litzateke zetzudunagoa? Ez dakit!
Nazio foraleko migratzailea naiz
Mugaldean bizi izanda, eta nire herrialdean lanik aurkitzen ez dudanez, migratzaile bihurtuta nago eta ondoko herrialdean nabil lanean. Zortez, ez dut etxea laga behar izan, migrazio hau egunerokoa delako. Horregatik, muga egunean birritan zehartzen dut, joan-etorrian. Hau gertatzen zaigu migratzaile ekonomikooi, nahi baino gehiagotan pasa behar ditugula fronterak, ikusezinak badira ere.
Gure muga Schengen eremuan dago; beraz mugimendu askatasuna bermatzen digu; baina ez da estatuen artekoa, ez dut pasaporterik aurkeztu behar igarotzeko, ez nortasun agiririk. Komunitate autonomoen artekoa ere ez da. Autonomia estatutu bera dugu herrialde bien gainean nabil etengabe. Nazio foral bateko taifen erreinuen arteko muga zeharkatzen dut lan egiteko.
Lurralde antolaketa hau zoramena da; nire iritziz, probintziakeria zentzugabea hain territorio txikian. Foralitate honek kaltea baino ez baitigu eragiten, batez ere naturalki probintziaz –bai, probintzia, ez dut lurralde historikoa idatzi nahi, demontre!– sarritan aldatzen dugunoi. Ez du ez hanka, ez buru.
A8 autobidean dugu adibide garbia. Gipuzkoarra izanda, Gipuzkoarantz egingo banitu bidaiak 35 euro ordainduko nuke tope hilean. Bizkaitarra banintz, ordea, eta Bizkairantz egingo banu, deskontua izango nuke. Baina gipuzkoar honek Bizkaiko herri bat duenez helburu, eta autopista bera erabili arren, ez dut ez deskontu ez toperik, kontrara, kontu korrontea hustuketa. Berba batean, lapurreta egiten digute; ostea baita arantzel hori ezartzea, pertsona mugimendu librea beharko lukeen eremuan. Gainera, mugaldekoak zigortzen gaitu, hartu-eman naturalak ditugunok alderdi bien artean.
Badakit nazio forala eta aldundiak aldarrikatzen dituztenak ez daudela independentziaren alde, baina egunen batean lortuko bagenu hau horrela geratuko litzateke? Jarraitu beharko genuke garraio-txartel bi izaten, bata ala bestea erabiltzeko bidaiaren arabera? Prezio desberdinekin? Tira, independentzia iritsi barik ere, burugabekeria hutsa da. Nahiago nuke nazio forala beharrean, nazio florala –barkatu hitz joko erraza– aldarrikatuko balute, berdeago eta porlan gutxiagorekin izango litzateke, sikiera!
Dena den, herritarron dirutxoak edota erosotasuna garrantzitsuak izan arren, inork pentsatu du honek zelako eragina duen Autonomia Erkidegoan, Baskonian, Euskadin, Euskal Herrian, edo dena delakoan? Trinkotzeaz dihardut, sendotzeaz. Barne kohesiorako oztopoa eta enbarazua baino ez da. Harri bat gehiago naziogintzaren bidean. Txokokeria indartzen duelako; identitate hutsalak, oinarri gabekoak hauspotzen. Zoramen absolutua.
Era berean, konspiranoiko jarrita, galdetzen diot neure buruari zein interes ezkutu dauden proiektu ero honetan. Hau bultzatzen eta babesten dutenek zer duten kaskoan. Zer dela eta desberdintasun arrazoi gabe hauek kilometro gutxitan? Erantzunak baino, galdera besterik ez dut.
Kontua da, horrela segituz gero, laster, Euskadi foral honetan check-pointak jarriko dizkigutela probintzien artean! Edo Bidasoan zegoen antzinako muga, txapel okerrak beharrean, mikelete eta foru poliziak. Karta berdea ere atera beharko dugu, eta kontrabandistak berpiztu! Tira, arantzela pagatzen ditugu dagoeneko!
Barne mugek estutzeko baino ez dute balio, eta estutasunak ito baino ez du egiten!
Amancio Ortegari egingo nizkiokeen galderak
Zer sentitzen ote da munduko aberatsena izanda? Zer ote da eguneroko arazo txikiei prezioari begiratu barik aurre egitea? Ingurukoei estutasunetan laguntza materiala eman ahal izatea, inporta barik zenbat eta nolakoa den beharra. Kapritxo apetatsuenean gastatuta ere, dirua agortuko ez dela jakitea ikaragarria izan behar da. Ikaragarria, zentzu guztietan.
Pasa den astean iragarri zuten Amancio Ortega zela munduko aberatsena. Nola hartu du berak albistea? Aberatsena izateko lehia bizia zuen, ala hirugarrena izanda konforme zegoen? Nolakoa da bere bizimodua? Goizean goiz jaikitzen jarraituko du? Zein tristea! milaka milioi euro izan eta lanean segitu diru makina asegaitz hori elikatzeko. Zertarako? Zer nezesidade?
Hori alderdirik fribolo eta hutsalenetatik begiratuta. Gure amamak esaten zuen ondradu izanda, inor ez zela aberats bihurtzen. Are gutxiago munduko aberatsena izatea, gehituko nuke nik. Ortega jauna ohean sartzen denean, eta loak hartzeko zain dagoen momentutxo horretan, zer pentsatuko du? Akorduan izango ditu bere menpekoak? Indiako ume eta neskatila horiek, kontratu barik lanean dauzkanak, 0,88 € eguneko kobratzen dutenak, astean 72 orduz?
Komunean, obratzen dabilenean, ez dio ezerk ausiki egingo kontzientzian? Baina izan liteke maila horietan dabiltzanen kontzientzia aspaldi egotea ezkutatuta, ahaztuta, euren gurasoen etxeko gelako armairu gaineko tiraderan lagata edukitzea… Izan liteke.
Telebistarik ikusiko du? Albistegirik? Egunkaririk irakurriko? Ikusi ote ditu sahararren errefuxiatu kanpalekuetan jasandako uholdeak? Tira, hemengo jende normaltxoak ere ez du jakin, toki gutxitan agertu delako. Baina gerratik eta miseriatik ihesi joandakoen argazkirik iritsi zaio begien aurrera? Zer sentitu du? Mekanismorik martxan jarri zaio barruan, bere dendetako soberakinak ematea, adibidez, karitate makurren eta klasistenaren izenean baino ez bada ere? Hutsaren hurrengoa litzatekeena? Ala, txindurriei begiratzen diegun bezala behatuko die? Beste galaxia batean gertatuko balitz legez?
Don Amanciok justizian pentsatuko ote du inoiz? Zer begitantzen ote zaio munduko hiritarren %1ek beste %50k adina aberastasun izatea? Justizia dibinoa dela iritziko dio “nik balio dudalako”? Jainkoen aukeratua?
Ezin dut imajinatu zer sentituko den Amancio Ortega izanda. Berarentzat normalitatea zer ote den. Zertarako behar duen hainbeste diru. Inkognitak besterik ez dit sortzen pertsona horrek eta inguruan dagoen guztia.
Baina harrigarriagoa iruditzen zait zenbait espainiarren harrotasuna munduko aberatsena espainiarra delako. Ez zait buruan sartzen. Beraiek ere aberastasun horren partea jasoko dute? Banatuko die zerbait Gabonetan, esate baterako?
Era berean, ez ditut konprenitzen aho-betez diotenak munduko bigarren Zararik handiena Donostian dagoela, New Yorkekoaren pareko ia. Gipuzkoar horiek komisioa izango dute? Deskontua erosketetan?
Guinness errekorra haustea da helburua, kosta ahal kosta. Pobrezia eta esplotazioa tartean egoteak bost axola, familia batek Forbes-en top-ean jarraitzea da xedea, abertzalekeriaz aldarrikatuta gurean ere munduko handiena, aberatsena,… badagoela. Diruzalekeriak sinestarazi nahi digun zoriontasunaren espejismoa, errealitate gordina ezkutatzen duena.
Euskaltegien heriotza
Euskara irakaslea naiz, euskaltegikoa. Orain 25 urte hasi nintzen ofizio honetan eta laster amaituko dudalakoan nago.
Euskaltegietako irakasleek amesten dugu egun horrekin: gure ofizioaren behar izana ez dagoen unearekin, Euskal Herria euskalduna den momentuarekin. Eta gure sektorea hiltzeko jaio bazen ere, eutanasiak hilko du edo hobeto esanda, lasai hiltzen utziko dute, uzten ari dira.
Bai, laster lanez aldatu beharko dut, hiltze luze honetan kabitu ezinda. Kontua da Euskal Herria ez dela euskalduna, gure ametsa ez dela bete; baina, hala ere, desagertu egingo gara. Poliki, atentzioa eman barik, ia inori ez diolako ardura helduen euskalduntzeak.
Gelak husten ari dira, mila arrazoi direla eta. Batetik garestia delako oso, prezioak eskandalagarriak dira gure hizkuntza, ofiziala ere badena, ikasteko. 8 ordu astean ikasturte osoan 400 eurotik gora dago. Ez ahaztu gaztelania ikastea EAEn doan dela, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailaren eskutik. Euskara ez. Baten batek esango du azterketa gaindituz gero diru zati bat itzultzen dela, eta egia da batzuetan. Baina aldez aurretik jarri behar da dirua eta azterketa gainditu. Beraz, titulua lortu.
Titulitisak jota gaude, alegia. Gure beste gaitzetako bat. Behar ez duenari ere, dirua itzultzeko exijitzen zaio-eta. Hala dauzkagu gelak titulu-bila dabiltzanekin beteta. Obsesionatuta. “Yo sólo quiero preparar el segundo perfil, no quiero nada más” halakoak ere entzun izan ditugu, azterketa pasatzeko euskararik ikasi behar ez balitz bezala. Tamalgarria! Beste ikasle asko urduri, gaizki pasatzen. Titulua lortu lanerako. Lanean titulua eskatu, baina euskaraz egiteko ez. Sarriegitan paper madarikatua kaxoian sartuta, hautsa hartzen. Alferrik emandako denbora larregi, neurona xahuketa, esfortzu antzua.
Gizartea aldatu egin da. Ezin da ukatu. Hauxe ere bada euskaltegiak husteko beste arrazoi bat. Anjel Lertxundik atzo Berriako “Apalaldia” zutabean aitatzen zuena: Umil apatiko eta etsipen puntu batez gaude? Susperraldiaren dekadentzia bizitzen ari gara? Barealdia indar falta da, itsas zakarraren abisua, akaso?
Euskarari dagokionez erlaxatu egin gara. Ikastolan ibilitako guraso batzuek, ikastolan Lehen Hezkuntzan dabiltzan seme-alabekin gaztelaniaz dihardute. Kezka dago ikastola batzuetan, lehen DBHn hasten ziren ikasleak gela barruan gaztelaniaz. Orain LHko 1. mailan… Euskara salbatuta dago, ez dut ahaleginik egin behar, dena eginda baitago” dute askok barneratuta. Horregatik, zertarako joan euskaltegira? Txakurrekin eta ume txikitxoekin egiteko nahikoa badakit-eta!
Euskara despolitizatu behar zela zioten, baina hori beharrean, deskontzientzatu egin gara. Lasaitu, petraldu. Jardun behar denean, tipili-topolo edonola esan, kalitatea apalduta.
Eta euskaltegiak hortxe daude, zain, Euskal Herrian oraindik premia gorria dagoelako; sektorearen agonia, ordea, ondo hasita dago, utzikeriaz, nagikeriaz. Ezkorra naiz, baina gremioko asko ere hala daude, errealitatearen lekuko garelako.
(Hementxe ere entzun dezakezue)