Kutsatu bitartean pentsatutakoak
Automobila badoa ziztu bizian autobidean. Ezin dugu segundorik galdu, lanera iritsi beharra dago-eta. Ahaztuta geneukan zer zen obligazioz gidatzea. Ondo ohituta baikeunden lantokia kilometro gutxira izanda, garraio publikoaren erosotasunera eginak ginen, denbora hori gurea zela jakinda, guretako, nahi genuena egiteko. Baina jan beharra dago, hipoteka ordaindu. Hurrean lanik egon ezean dagoen lekura joan behar, horretarako kilometroak egin behar badira ere.
Gidatze ordu-mortu horiek ez dira hain alferrikakoak pentsatzeko ematen dutelako, urduritasuna ez denean nagusitzen, behintzat. Buruari eragiteko balio dute. Eta bide luzean minutuak zaindu bitartean, paisaiak sortutako sentsazioak ere hausnartzeko parada eskaini.
Asko oldoztu barik, begi bistakoa delako, inguruaren degradazioa da aipagarriena: porlana eta zuloak nonahi, lur gorria agerian, pinudien forma geometrikoak mendi mazelak desitxuratzen dituztenak, industria-poligonoak edonon,… Bitartean, azeleragailuari sakatu eta gasolina erre eta erre.
Kontraesanak kezka eta mina sortzen du. Gure automobilak bakarka goazela isurtzen duen CO2 eta sufrean negutegi efektuan pentsatzeak zorabioa eragiten du egun eguzkitsu hauetan, udazken atipikoan.
Bidean kamioi asko aurreratu ditugu, asko inguruetakoak, baina beste batzuk Polonia, Bielorrusia, Letonia eta Eslovakiakoak. Sekulako trailerrak, karga-karga eginda. Zer merkantzia ote dakarkigute? Zenbat ordu eman dituzte bidean? Zenbat litro gasolio erreko dituzte?
Aurreraxeago, helburu dugun herrira heldu eta bueltaka behar ibili aparkatu nahian. Kontu bera etxera itzultzean. egunero batez beste, 20-25 minutu aparkatzeko. Berriro ere kezka bera, isuritakoa buruan eta amorrua bularrean; izan ere, hainbat aparkatzeko leku kendu dituzte udaletxeek, mugikortasunaren aitzakian. Osasuna (publikoa eta mentala), ordea, non geratzen da? Zer interes ezkutu dago aparkatze-leku deuseztatze honen ostean? Eta bueltaka, guk kutsatu eta kutsatu.
Artikulu hau ateratzen den egunean, gaur, alegia, Parisen munduko buruzagi politikoek emango dute euren akordioaren berri klima aldaketa frenatzeko. Beraz, idazten ari naizen momentu honetan ezer gutxi dakit neurri horietaz. Baina goi-bilera horretan ez dut esperantza larregi. Tira, gobernatzaile horiengan ez dut itxaropenik. Sarriegitan desengainatu gaituzte, Kyotoko protokoloarekin esaterako; izan ere, Japonian 1997an sinatutako akordioa paper bustia izan ez balitz beste oilar baten joko ligukeelako kukurruku.
Kontua da sinatzaile horiek, gobernu buruek, ez dutela munduan agintzen. Planeta honetako agintariak korporazio handietako nagusiak dira, estatuetako goi karguak euren nahiera mugitzen dituzten txotxongiloak dira, hariei eraginda.
Diruak agintzen du Lurrean. Aurpegirik ez bihotzik ez duen diruak. Horren atzean pertsonak, baina ondo ezkutatuta. Txintxinen hotsak baino ez dielako pozik ematen. Kutsatu behar dela etekina ateratzeko? Kutsatu, eta demokraziaz jantzi, herriak erabaki duelako birziklatu edo ez, adibidez. Gero maila minimoetara ailegatu ezean, errua jendeari egotzi: birziklatzen ez duelako, garraio publikoa erabiltzen ez duelako, janari gehiegi botatzen duelako, ur larregi kontsumitzen duelako,... Neoliberalismo domestikoa, alegia.
Argi daukat: protokoloak sinatu arren, eredua aldatzen ez den bitartean gure planeta honek jai du!