Abendu hasierako zarraparra
Abenduaren hasiera honetan efemerideak besterik ez dugu izan euskararen munduan. Herenegun Durangoko azoka amaitu zitzaigun, aurten 50 urte betetzen zituena, hilaren 6an Euskaldunon egunkariaren jaiotzaren 25 urteak gogoratu genituen eta abenduaren 3an euskararen eguna izan zen.
Aitortu behar dizuet: Durangoko azoka maite dut, gaur egunean hori esatea modan ez badago ere. Niri bost. Gozatua da ia euskal produkzio osoa elkarrekin ikustea, ajeak aje. Era berean, sarri esan den moduan, basamortuko ispilatze hutsa ez ote den sumatzen dugu. Jakin badakigu, argitaletxe eta diskoetxe askorendako urtean bizi ahal izateko modu bakarra. Baina, niri batzuetan iruditzen zait afankeriatik ere baduela, garena baino gehiago erakutsi beharrean gaudelakoan, xumetasuna guretako ez balitz legez. Poz-pozik jarriko nintzateke erositako liburuen herena irakurriko balitz, sikiera! Izan ere, esteroideak hartutako gimnasioko gazte horietako bat ematen du euskal kulturak Durangon, egunerokoan agertzen zaigun maskal eta mirrinaren aldean.
Eta azoka baten izan zen Euskaldunon egunkaria lehenengo aldiz ikusi genuen eguna, orain mende laurden. Euria ari zuen goian behean egun hartan, baina aurrera atera zen, ostu ziguten arte. Horregatik, ezingo dugu ahaztu zer esfortzu izan zen hura eta gainera egunkari bi egin behar izatea dena kontra izanda, baita eguraldia ere. Ez dezagun ahantz eguneroko borroka dela, euskarak behar duela euskaraz egiten den prentsa eta babestu, irakurri eta erosi egin behar dela, alde guztietatik jartzen zaizkiolako oztopoak eta murrizketak, azken aldian diru-laguntzekin gertatu den bezala.
Murrizketak aitatu eta egun instituzionalak datozkigu burura, euskararen eguna, esaterako, beste efemeridea. Euskaldun berrien plaza, iturri, kale edo pasealekua aldarrikatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Ados, estatua bat ere merezi dute, miresmen osoa dute nire partetik euskaldun berriek. Baina ez da kontraesana halakorik aldarrikatzea oztopoak besterik jartzen ez zaienean, dirutza balio duenean euskara ikasteak? Ez da hipokresia biribila? Hain nekatuta nago aditz hutsak entzuteaz euskarari buruz dihardutenean: maitatu, bultzatu, sustatu, indartu,… partizipioan, hiztegian agertzen diren moduan. Ez, bada ordua aditz horiek orain aldian eta geroaldian jokatzeko, moduzko esaldiak lagunduta (NOLA) eta diru partidaz hornituta. Bestela ezerezean geratzen da, plantak egitean, azalutsean.
Aditz horiek jokatu ezean, esadazue zertan indartu lezakeen euskararen erabilera globoak askatzeak, lip-dubak/flash-mobak egiteak, lasterketek, mendi martxek? Zertarako? Zertarako balio digu euskararen egunak? Egokitu zaigun santuak ere euskararen alde egin zuen bakarra hilzorian berba arraro batzuk lardaskatzea besterik ez zen izan-eta! Hori da oinarria? Ulertzekoa da beste guztia!
Santuak santu, efemerideak efemeride, lorrindu, lokatzetan sartu, gozatu eta disfrutatuko dugu euskara, euskaraz eta euskararekin. Gauza berbera opa dizuet zeuei