Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Zertarako nahi dugu etb1 hau?

Zertarako nahi dugu etb1 hau?

Leire Narbaiza 2015/11/17 09:00
Info7 irratiko Gureaz blai saiorako egindako kolaborazioa 2015eko azaroaren 12an

Larunbat gaua da. Etxean lasai egoteko gogoz, egonean, telebista piztu eta etb1en mariatxiak! Ai, ai, ai, ai, ai! Mexiko lindo y querido!!!! Uf!!! Sekulako disgustuak hartzen ditut telebista isiotzen dudan bakoitzean! Erosi eta kanalak instalatu nituenean, militatziaz-edo, 1. zenbakian jarri nuen etb1, zoritxarrean.


Mariatxiak, eta ostean “Eibar kantuan”. Musu truke grabatutako saioak, betelanak egiteko. Eta horrela asteburu guztietan, trikitixa ez denean, jota txapelketa, pastorala edo dantza soltea. 30 urtean dantzak ematen eta oraindik ez dute ikasi hankak eta oinak fokatzen: gerritik gora agertzen zaizkigu plano askotan. Euskal dantzetan!


Tira, ez diot halakorik eman behar ez denik. Baina, beharbada, beste une batean edo nahastuta, edo testuinguru baten barruan. Izan ere, prime-timean ematen dituzte, zerbait emateagatik, merke antzean. Asteburuko hurrengo kirol-zita etorri bitartean, edo meza. Eta horrela asteburu osoan, eta aste barruan ere… kanadarren bromak etengabe ikusten…


Lagun batek dioen moduan, betegarri diren saio horiek kendu eta doitze-karta (“karta de ajuste” delakoa) jarriko balute, ikusgarri egingo litzateke zenbat galtzu daukan. Audientzian, gainera, ez genioke larregi igarriko! Antzekoa izango luke-eta.


Norendako dago pentsatuta? Zertarako dugu kate bat euskaraz? itxurak atxikitzeko? Horretarako xahutu halako dirutza? Proselitismoa ere ez dute egiten, barren!


Etb3-n proiektua ere desegin zuten. Itxura ona zuen: modernoa, gaztea, kultureta,… baina Doraemon telebista bihurtu zuten. Beste desengainu bat.


Kontua ez litzateke larria izango euskaraz dugun telebista publiko eta jeneralista bakarra ez balitz, bitarteko guztiak dituena, bai dirutan, bai teknikan. Eta euskara sustatzea helburu izango ez balu. Barregarria litzateke dramatikoa ez balitz.


Badakizue zein garrantzitsua den telebista hizkuntza bat batzeko, normalizatzeko eta biziberritzeko? Horrela lortu du gaztelaniak batua zabaltzea, eskolarekin batera, jakina. Hiztegia, hitz jokoak, hizkera kolokiala, teknikoagoa,… erraz eta ondo zabaltzen da horrela, justu euskaldunok behar duguna. Eta zer esanik ez, oroitzapen erkideak sustatzeko, nazioa trinkotzeko… Horretan ere, kale!


Etsigarria da, edozein tokiko telebistatan produktu duinagoa egiten da, orokorrean. Eta ez profesional txarrak direlako. Ziur naiz behargin finak eta ekinak dituela etbk. Eta euren esku lagaz gero, ganorazko saioak egingo lituzketela seguru nago. Egin dituztelako, eta egiten dituztelako oraindik ere (batzuk salba daitezkeelako). Baina goikoen borondaterik egon ezean, zail dute


Goikoen erabaki hauek ez dakit utzikeriagatik edo maltzurkeriagatik diren. Eta bata ala bestea zein den hobea ere ez dakit. Dena den, denborak ihes egiten du bizkor, aukera galdua da etb. Beraz,  zertarako nahi dugu halako etb1? Ixtea ez litzateke zetzudunagoa? Ez dakit!


Hementxe

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua