Boltsomari emakumeak
Misterio gutxi daude emakume baten boltsoaren edukiarena baino. Edo hori diote, behintzat, gizonezko askok. Zenbat tramankulu eta sekretu gorde litzake andrazko batek boltsoan? Emakumeen esentzia ezkutua bertan egon ote litekeen galdetzen diote batzuek euren buruari. Ikusi duzue inoiz ume bat amaren edo izekoren boltsoa arakatzen? Zelako plazera! Zein mundu gordea!
Egia esateko, traste asko eta sekretu gutxi. “Badaezpada”ko gauza asko eta nahitaezko gutxiago. Inoren gauzak ere larregi. Zein emakumek ez du eroan senar edo lagunaren gauzak? “Boltsoa daramazunez, gordeko dizkidazu giltza/betarrekoak/diru-zorroa....?” Eskerrak orain gizonezko askok eurena ere badarabilten, gure sorbaldek eskertuko diote berdintasunari!
Errealitatea da, askorendako ezinbesteko osagarria dela. Batzuk ezingo ginateke boltso barik ibili, hainbeste gauza dauzkagu, batez ere lanera joaten garenean! Hor dator gure dilema: boltso handia ala txikia? Handia nahiago, baina arrisku bizia du, larregi kargatzearena. Badaezpada gauzez bete eta gero itzelezko pisuarekin oker-oker eginda. Orduan, esango didazue txikia aukeratzeko. Bai, baina txikian ez da ezer sartzen. Zelan sartu liburua, guardasol tolesgarria, konpresak, tanpoiak...? Ez dago lekurik!
Argazkiak.org | Boltsoa © cc-by-sa: txargain
Oso boltsozale garenondako badago trantze larri bat: boltso aldaketa. Edo bata bestean hustu, edo problemak dakarzkigu; izan ere, presaz eginez gero, beti dago zerbait ahazteko arriskua. Nork ez du laga gida baimena, eguzki-betaurrekoak edo eskularruak boltso aldaketa bizkorra egin ostean? Arriskutsua, benetan!
Esan beharra dago, Boltsomari andreak oso anitzak garela. Kolore guztietakoak, maila sozial orotakoak, adin espektro osoan agertzen gara. Eta gehiengoa garela esango nuke. Botsomaritar famatuak ere badaude, Ingalaterrako erregina, esate baterako. Bere edozein erretraturi begiratuta, beti boltsoa besotik zintzilik (ez sorbaldatik) ikusiko dugu. Errezepzioetan, galaz jantzita, loreak jasotzen. Beti. Boltsomari galanta eginda dago. Baina ez diozue inoiz galdetu zeuen buruari Elizabethek zer ote daraman bertan? Hori bai misterioa, eta ez nirean topa genezakeena!
Wikipedia / Wikimedia Commons: NASA / Paul E. Alers | © cc-by-sa:
Ricardo Stuckert/PR (Agência Brasil)
Baina ez dugu oso urrun joan behar emakume Boltsomaritar garrantzitsuak ikusteko. Gurera etorrita, ba omen dago beste andre bat gure taldekoa dena: Ino Galparsoro Arrasateko alkatea, hain zuzen ere. Badirudi beti daramala boltso handi bat gurutzatuta, berdin jaietako zortzikoa dantzatzeko, ongi etorri ekitaldian, inaugurazioetan edo dena delakoan, beti. Antza denez, Arrasaten batzuk “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzen diotela. Badakizue, zein gaiztoak izan gintezkeen! Kasu honetan, Galparsoro alkateak barruan daroanak ez dit kuriositatea pizten; izan ere, nirean dauden antzeko gauzak izango dira berean.
Baina, nondik datorkio gurutzatuta eramatearen joera hori? Badakigu Boltsomaritarrok oso era erosoa dela, batez ere pisutsua denean gure zorroa. Egia esan ez da oso dotore geratzen, baina praktikoa bada; batez ere, atzera-aurrera gabiltzanean.
Kaosenlared.net-etik
Hala ere, Arrasaten “no sin mi bolso” (boltso barik inora ere ez!) deitzea ez ote da beste ideia baten adierazgarri? Beharbada, izan liteke oraindik ez garela ohitu emakume normal bat lehenengo lerroan ikusten, eta hainbat gauza arrunt ez ditugula barneratu. Printzipioz agintedun emakumeak era konkretu batean jantzi behar omen direlako, eta osagarriak ere era batekoak izan behar direlako. Baina alkateak nola eramango du nik darabildan boltsoa eta nire modu berean, gainera?
Ez, mesedez, ez.
Ino Galparsoro elkarrizketatzen © cc-by-nc-sa: Goiena.net
Dena dela, baliteke hori izatea Boltsomari emakumeon enkantua, garenak izanda, gure boltsoa ez dugula inoiz bazterrean lagatzen!