Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Pertsona publikoen arropa eta sexismoa

Pertsona publikoen arropa eta sexismoa

Leire Narbaiza 2014/11/21 11:39
Euskadi irratirako Faktorian egindako kolaborazioa

Karl Stefanovic-ek Australiako Channel Nine-ko albistegiko aurkezleak urte osoan jaka bera jantzi du. Alkandora eta gorbatak aldatzen zituen, baina alkandoren kasuan denak zuriak edo kolore argikoak ziren. Time-lapse bat egin dute eta nabarmen geratu da bere ondoko emakume aurkezleak egunero modeloz aldatu zuela, baina berari ia nabaritu ere zaiola egiten. Urtebetean aldatu barik eta inork ez du igarri.

Jakin gura nuke andrazko baten kasua izan balitz zer esango zioten. Ziur naiz, astea amaitu orduko jendeak antzemango ziola eta nonahi agertuko “eskandalua”. Izan ere, emakume batek arropa errepikatzea eskandalua da. Anormala den zerbait.

Agian, orain denbora gutxira arte jende arruntak arropa gutxi zuelako, eta asko izatea aberatsen kontua zelako. Orain, armairuak gainezka dauzkagu eta, gainera, gutxi dugula iruditu. Kontsumismoa, arropa merkea, eta modaren konbinazio zoroak eraman gaitu egoera surrealista honetara.

Aitortu behar dizuet niri ere gustatzen zaidala arropa aldatzea, eta kritika nigandik hasi beharko nukeela. Baina aldatzearenaz gain, uste dut hor ere badagoela sexu edo generoari dagokion osagaia: emakumeok txukun eta egoki janzteaz gain (honetaz ere asko hitz egin genezake), modan eta dotore jantzi behar dugu. Emakume publikoak (ejem) izanez gero, erakusleiho ere izan behar dugu. Hala gertatzen zaie ministro emakumeei, aurkezleei eta abarrei. Cécile Duflot-en kasuaz hitz egin izan dugu,Cécile Duflot eta soineko loraduna

edo Loyola eta Ana de Palaciori ahizpei egindako kritika zorrotzak estilo berezia zuelako.Loyola de Palacio

Bestalde, aktore, abeslari, printzesa eta abarrek arropa errepikatzen dutenean, artisten kasuan, kritikatu egiten da; printzesen kasuan, ostera, koipea emanda, xumea dela esaten dute, berrerabiltzen badakiena. Baina birritan baino gehiagotan errepikatzen badu denboran zehar (ez bi egunetan jarraian, hori ezinezkoa litzateke), zikoitz eta xuhurtzat hartuko dute, glamourrik ez duela ere esango dute. 

(Bilaketa bat egin dut Googlen: Letizia repite vestido, eta 70.000 sarrera irten zaizkit!)

Baina oreka mantentzea ere zaila da; izan ere, arropa gehiegi edo nabarmenegia jantziz gero ere, kargu hartuko diote emakume publikoari, Teresa Fernández de la Vegaren kasuan bezala: dirua xahutzen zuela zioten. Nola asmatu, baina?

Gizonezkoen kasuan askoz errazagoa da, Karl Stefanovic-ek demostratu duen bezala: kontrol gutxiago, kritika gutxi, eta dena errazago. Egia da, Lorenzo Milak La Dos kateko albistegian gorbata barik agertu zenean hautsak harrotu zituela, baina alergiadunek ere ez lukete igarriko hauts hori! Amatiñok ere pajaritekin, ttattarrekin eman zuen zeresana (gutxiago). Eta Pedro Toledok Banco Bilbao Vizcaya (BBV)ko kopresidentea izan zenak ere eman zuen zeresana trajea utzi eta sarri praka bakeroak, gorbata eta jaka janzten zituelako, orduan nahiko modernoa. Baina boterea eta dirua izatea zer ote, kritika gutxi jaso zituen! Pedro Toledo

Dena de, irratiaren kasuan erraz-erraz daukagu, bainu jantzian edo pijaman egon gintezke eta zuok ez zenukete inoiz jakingo! Ahotsa janztea da hemen arazoa!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera