Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Arnaldo Otegi meets Elizabeth II.a

Arnaldo Otegi meets Elizabeth II.a

Leire Narbaiza 2016/04/26 00:30
Bloga berpizteko, saski-nahaskia otu zait!

Kartzelatik irten denetik nonahi dugu Arnaldo Otegi. Indartsu eta gogotsu atera da, antza. Baina blog honetan ez dugu politikaz jarduten, politikarien janzkeraz baizik. Eta orain urte batzuk komentatu genuen elgoibartarraren estiloaren kontua. Egia da, Otegik joera markatu duela politikarien artean, gizonezko trajeen uniformizazioaz aldendu zelako, eta esan genezake it-boy bihurtu dela politikaren munduan, luzaroan barruan egon bada ere.

Horregatik harritu gintuen hainbeste Azpimarra+ etb1eko saioan, lehenengo euskarazko elkarrizketa luzean, Maddalen Iriarteri emandako hartan alkandora zimurtua jantzi izana. otegiren alkondara zimurtua

Ni ere ez naiz batere plantxazalea. Baina egia da, ez zuela oso ondo ematen pantailan. Ziur naiz, goizean etxetik irten zenean, lisatu eta dotore zegoela, baina egun osoan hala eman ondoren, jantzi berriko freskotasuna galduta zuela.

Otegik janzkerari dagokionez beste sorpresa bat eman digu: gorbata jantzi du! Halakorik! Londresen dago eta Jonathan Powellekin biltzeko jarri du zintzilikarioa! Ezustekoa izan da, halakorik ez nuen espero! Gorbaten kontrako iraultza, pikutara! Ai! Gainera, gorbata ere zimurtuta zegoen! Ze pasatzen da Elgoibarren? Ez dago lisaburdinarik? Deba errekako haize umelak ez du lisotasuna lortzen lagatzen? Ikertu beharrekoa!

otegi korbatiakin

Eta aprobetxatuz Otegi Britainia Handian dela, beste protagonista bat ekarriko dugu hona: Elizabeth IIa. Izan ere, pasa den astean 90 urte bete zituen gure amamaren lehengusinak! Bere look-a oso berezia da, beti dena konjuntatuta kapelarekin! Tira, boltsomari emakume izendatu genuen, beti boltsoa aldean zeramalako. 

Isabel II loibekin eta boltsua!

Urteurrena ospatzeko familia argazkia atera dute, amama zaharra iloba eta birlobekin. Boltsoa ezin falta. Itxura denez, hurrengo belaunaldian badu boltso kontu horrekin oinordekorik, eskuko-zakua gustura eroango dionik. Familiako neskatila gazteenetakoa!

Orain pentsatzen jarrita, Otegik Londresen jantzi du gorbata. Elizabeth bizi den hirian. Kasualitatea? Ez dut uste! Bertan ez dakit elkartu diren, baina Antigonak juntatu ditu aste honetako protagonistak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera