Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Intelektual itxura izateko zer behar den (edo nola jantzi sari literario bat jasotzeko)

Intelektual itxura izateko zer behar den (edo nola jantzi sari literario bat jasotzeko)

Leire Narbaiza 2014/12/17 22:52

Nola jantzi intelektual itxurak egiteko? Gaur egunean sarritan planteatzen zaigu galdera hori, hainbat ebento, sari-emate eta ekitaldi daude non intelektual plantak egin behar diren, batez ere zalantza duena sari-jasotzailea bada.


Bizi garen gizarte “eskaparatista” honetan, itxura denez garrantzitsuena, pista batzuk eman nahi diet gure lagun gizonezkoei; izan ere, intelektual piura izateko ezinbestekoa da gizona izatea, jakina baita emakumeok oraindik ez dugula halako loriarik iritsi. Ez bekit gaizki uler, ez diot emazteok ezin gintezkeenik intelektualak izan, baina postureoan, oraindik ez dugu benetako espazioa lortu. Betorkigu berandu baino lehen!


Hara hor lehengo baldintza, gizona izatea. Bigarrena, aurpegian ilea izatea. Hala da, kausitu ote duzue idazle edo abeslari coolik bibote, bizar, kokospeko, papilota/patilla edo abarrik gabe, hori hipster edo modernoegi izan barik ere.


Buruko ilea, baldin eta oraindik bada, luzetxo, baina ez gehiegi eta desorraztuta, baina ez larregi. Natural antzean, baina oso estudiatua.Hori da komeni dena, jakinekoa baita azaluskeria dela helburu,


Hirugarrena, jaka janztea baitaezpadakoa da, amerikana izan behar du, gura dena, nahiera, baina hor ez dago eztabaidarik. Omendua rokero zaharra, makarra edota oso alternatiboa bada, onartuko zaio larruzko txupa , kremaileraduna, jakina.


Jakaren azpian, prefosta, alkandora eramango du sariztatuak, lisoa, kolore bakarrekoa eta praketan sartu gabe, arduragabekeria airea emateko lookari. Norbaitek originala izan nahi badu, tanto txikiko alkandora ere jantz lezake, baina beti oso leuna bada estanpatua. Alternatibo eta abozinatuendako tixerta ere erabil liteke, beti ere okasiorako kostumizatuta badago; alegia, slogan edo leloa ad hoc badu serigrafiatua.


Modelo hau nahikoa intelektual iruditzen ez zaionak ttattarra ere lot lezake idunean, hori bai, atorraren barrenak praketan sartu beharko ditu bai ala bai, narraskeriarik ez lagunok!

Erretzaileek pipa ere eroan lezakete, edo zigarretak eramateko iragazi luze horietako bat. Agian eztabaida ere sortuko du aretoan pipatzeak, baina pentsalariari zer ardura ote dio, ez da, bada, bera eguneko protagonistak?


Eta errematea, pastelaren ginga: fularra! Zer da intelektual ustezkoa fular gabe? Bai, txikia eta erabilia bada ere, zer axola dio? Tapauka ere izan liteke, baina ez oso negukoa. Estiloarekin jarrita. Jakin ezean, inguruan izango da emakumeren bat badakiena kolokatzen. Eska lekioke laguntza, beti egongo da abat edo bat prest zorionduari lepoan eskua jartzeko.


Eta argazkietarako mementoan interesante aurpegia jarri. Lehenengo planoa bada, eskua okotsean bisajeari eusten legez, eta ezpainak "muturtxoa" eginez, ez sobera, hauteman ez dakizuen. Beti oro era oso sotilean.


Hau da, estimatuok, Anti-gonatik errateko duguna. Kontuan hartuz gero, ikusiko duzue nolako arrakasta izango duzuen inguruan, saria elkarte gastronomikoaren ipuin lehiaketakoa bada ere. Berdin dio, hemen garrantzitsuena plantak egitea da, azalutsen erreinuan bizi baikara, oraindik ohartu gabe zeundeten, ala?


Disfrutatu premioaz eta hurrengo galan gonbida gaitzazue.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera