Maiatzaren Lehena
Maiatzaren Lehena bakoitzak gauza batekin lotuko du. Informatiboetan langileon eguna dela esango digute, eurak beharginak izango ez balira bezala. Batzuendako jaunartze eguna, eta ia gehienondako jai egun atsegina.
Langileon eguna errebindikaziorako eguna izan beharko litzateke, baina atzoko manifestazioei begiratuta, ez dirudi horrela hartzen dugunik. Edo bestela langile gutxi dago, edo egoera onean, edo
Alde batetik zein da behargin? Aldatu dira mende hasierako kontzeptuak: proletalgoa, burgesia Klase kontzientzia desegin egin da. Beste alde batetik, mileuristak izan arren, hipotekarekin itota badaude ere, ondo hezita (bere adiera gogorrean) gaude; protestatu, zertarako?
Eta arazorik handiena, sindikatuetan daukagun konfiantza falta. Noren alde egiten du sindikatuak arazo baten aurrean? Behargin finkoaren alde. Prekarietatea sufritzen dutenekin ez da inor gogoratzen. Hitzarmen kolektiboa eztabaidatzerakoan behin-behineko kontratua daukatenak ez du inork aintzat hartzen. Berba handitan esango dute, baina errealitatean ez dugu balio, hutsaren hurrengoa gara; azkenean, sindikatua langileek egiten dute, askotan egoera hobean dauden beharginek.
Horregatik, eskatuko nieke aldarrikapen hutsetan ez lagatzeko euren jarduna, eta euren negoziazioetan tartetxo bat egiteko txartoen daudenei. Maiatzaren Batean kaleak beteta ikusi nahi badituzte, behintzat.
Bonbardaketak
Gernikako bonbardaketa oso presente egon izan da beti gure etxean, ama Mariangelesek bizi izan zuelako. Askotan kontatzen zigun zelan gertatu zen, zer egin zuten eta zelako angustia pasatu zuten.
Mariangeles Muruetako neska gazte bat zen, lehengusinaren etxean lanean, Gernikan. Bonbardaketa hasi zenean ez dakit non zegoen, baina esaten zigunaren arabera noraezean ibili ziren, eta azkenean Lumora joan eta bertako elizako kanpandorrera igo zuten, han seguruago egongo zirelakoan. Bertan zekizkiten errezo guztiak egin zituzten, euren azkena zelakoan.
Bonbak nola botatzen zituzten, eta ondoren hegazkinak baxu-baxu jendea metrailatzen. Amaitu zenean, familiaren bila: ezer gertatu ote zitzaien. Zorionez, denek onik irten zuten.
Denborarekin, Eibarrera ezkondu zen eta gure ama izan zuen. Gure amak ere bonbardaketaren ondorioak jasan zituen eskolan: Formación del espiritu nacional-en maistrak esan zien: Los rojos bonbardearon Gernika. Bera altxatu eta ezetz esan zion, ama bertan izan zuela eta alemanak izan zirela. Jakina, zuzeneko lekukotasunak ez zuen ezertarako balio izan, eta zigortu egin zuten.
Durangoko bonbardaketan ama Virginia etxe barik laga zuten. Kale Barrian bizi zen alargundu berri bere zortzi seme-alabekin txikienak lau hilabete zeuzkan. Ahalegindu naiz jakiten non zeuden bonbardaketa egunean; baina Durangon ez egon arren, euren etxea txikitu eta ospa egitera behartu zituzten. Ezin dut imajinatu zer izan litekeen horrela gelditzea: goian zerua, behean lurra. Horiek ziren emakumeak!
Atzo bete ziren 70 urte Eibar bonbardatu eta erre zutenetik. Eibar ere txikituta gelditu zen. Oraindik pagatzen ari gara ondorioak!
Nire etxean argi-patioa dago, baina ezker aldekook baino eza daukagu. Beti bitxia egin izan zait. Bertan bizitzen jarri eta denbora batera jakin nuen bonbardaketan bonba bat erori zela gure etxean, ezker aldean. Berreraiki zutenean, patioa egitea erabaki zuten (lagun/etsai batek dio bigarren bonba nirekin erori zaiela)
Jakin nuenean, zirrara berezi bat sentitu nuen. Zirkulua itxi zela iruditu zitzaidan, amamekin lotzen ninduela kointzidentzia horrek. Badakit tontakeria dela, baina eurek ez badaude ere, eta denbora pasatu bada ere, begitantzen zait orain 70 urte gertatu zena presente dagoela, ondorioak hemen daudela. Nire iraganak eta orainak bat egiten dutela patio xume batean.
Beti antxitxiketan
Beti nabil antxitxiketan, lekuetara aillegau ezinda. Nere sensaziñua da iñun ez dodala astixa hartzen, ez dakadala denborarik nahi neuken moduan ibiltzeko. Eta ez jatan neri bakarrik pasatzen, holan ikusten dittut belaunaldiko guztiak, umiak izan edo ez izan.
Lagunekin egoteko astirik ez dogu hartzen. Bizitzia txarto antolatuta dakagu, rutiniak eruan egitten gaittu, eta egunerokotasunak jan. Burpilletik urtetzia ez da bape erreza.
Pare bat lagun haundi dakadaz bai Arrasaten eta bai Zumaian. Hong Kongen biziko balitzaz gehixago ikusiko nittuke. Seguru nago. Eurekin berba egitten dodanian beti maitzen dogu esaten ia egoten garan, bai, datorren hillian Eta sei hillebete pasatzen dira.
Guraso diranak esaten detsue umiekin ez dabela hartzen astirik. Eta guraso ez garanori be fenomeno bera gertatzen jaku; batez be, arratsaldez egiten badogu bihar, orduan bai ez dogula izaten lagunekin, famelixiakin egoteko aukera, ezta Euskal Jaixa antolatzeko be ez! Estraeskolarrik barik, lagunik barik, famelixa barik, astian zihar internet eta lankidiak baiño ez jakuz gelditzen!
Gizartia holan dago montauta. Oin badabiz famelixa bizitzia-eta konziliaziñuan gaiñian berba egitten, baiña susmua dakat alde batetik propagandia baiño ez dala; eta bestetik, guraso ez garanondako kaltia izango dala.
Ez dakitt zelan aurre egiñ arazo honeri. Kezkatu egiten nau, eta ni moduan, inguruko asko be bai. Guk; Amaiak, Elik eta hirurok hamabostian behin alkarrekin bazkaltzen dogu. Ordubetetxo bat, toki askotatik etarata, hiruron ordutegixak akoplauta. Eguen hórretan be antxitxiketan urtetzen dot. Baiña era bakarra da alkartzeko. Eta merezi dau.
Pozarren alkartzen gara. Egun hórrek oso berezixak izaten dira, desiatzen egoten gara noiz aillegau. Eta bazkaldu baiño ez dogu egitten! Sarri etaratzen dogu gaixa, eta hamen kontautakua aittatzen dogu hirurok. Alkartzen garanotan iraultza egitten dihardugula begittantzen jaku, sistemari jarki, matxinada txiki-txikixa gure gizarte-moduari, burpill zoruari dragia jartzen detsagula, eta 120xan ibili biharrian, 100ian dabillela.Gogorra, ezta? Haldan da be, guk garaipen txikitxotzat hartzen dogu, eta horrek juntadizua goxuagua egitten dau.
Holako gehixago egin biharko dogu, bestela iruntsi egingo gaittu bizimodu honek. Ez da hala?
365 egun
Hirurehun eta hirurogei egun 365, hurrengo urtea bisustua da-eta gelditzen zaizkit hogeitaka urteak edukitzeaz, urtebete. Hamabi hile berrogeiak izan aurretik. Bai, gaur hogeita hemeretzi betetzen ditut.
Inpresionatu egiten du. Nik laster berrogei! Nork esango luke! Gaztetasuna loriatzen duen gizarte honetan, urteak betetzea lotsagarria da, tragedia. Badirudi norberari helduaroa ez zaiola inoiz etorriko, bat gaztea dela, eta horrela izango dela betiko. Baina noiz bihurtzen gara heldu, eta noiz lagatzen diogu gazte izateari? Gure aita 73 urte betetzear hil zen, eta azkenera arte gaztea zela zioen.
Gaztetasuna ez ote da jarrera bat, mundua ikusteko modua? Ni baino askoz gazteagoek esango dute hau zahartzen dihardugunon aitzakia dela, geure burua zuritzeko era bat. Egia esan, izan liteke engainatzeko modua; baina benetan gazte izatea ez dago jaiotze datan, buruan baizik. Hau ere makinatxo bat bider esaten da justifikazio gisa, baina egia berdaderoa da.
Eskailerak antxitxiketan jaistea, parrandak, jendea ezagutzea, mundua ikustea, ikasteko gogoa, dibertitzeko premia, zorakeriak egiteko tirria, proiektu berriak martxan jartzeko bultzada, barrez lehertzeko joera, inozentzia guztiz ez galdu izana Pertsona askok gaztaroaren ezaugarritzat hartuko lituzke hauek. Galdu beharko genituzkeenak, antza, heldutasuna lortzean. Baina ez da hala, horiek guztiak jende heldu askok dauzka, nik barne. Gizarteak jarritako moldeak direla uste dut, katalogatzea gustatzen zaigulako, mugak jarri, klasifikazioak eta kartelak maite ditugulako.
Baliteke guztiz inoiz ez zahartzea; ez itxuraz, bihotzez baino. Zimurrak, ile urdina, okela ez tentea dira kanpoko ezaugarriak; hala ere, gorputz horren barruan gazte bat egon liteke. Gaur egun, borroka egiten da seinale horien kontra: botoxa, liftingak, operazioak. Baina ez da ezer egiten gaztetasun mentala mantentzeko: jarrera kontestatarioak, irudimena, desberdin bizi nahi izatea,
Orain hogei urte ez nuen neure burua horrela imajinatzen berrogei urterekin, ezta nire bizimodua ere. Señorago izango nintzela uste nuen, lan egonkor batekin, lau seme-alaben ama Ez da horrela, sinistu ere ez dut sinisten daukadan adina. Dena hain bizkor pasatu da! Era berean, ezer egin ez dudala ere begitantzen zait. Errealizazio pertsonalerako hiru gauza egin behar omen dira: zuhaitz bat landatu, liburu bat idatzi, eta ume bat izan. Ez dut bat bera ere egin! Ai, ama! Zelako desastrea! Zuhaitzarena, ez dut hain gaitz ikusten, landare asko landatu ditut, baina ez du balio. Liburuak, idatzi ez, baina zuzendu, hiru-lau bat; horrek ere ez du balio. Eta ume bat ekartzearena .enfin, oso-oso zaila.
Lasai nago, laster hori guztiori blog bat izatearekin parekatu eta homologatuko baitute! Warhol-ek esan zuen denok 15 minutuko fama izan behar genuela. Orain, Luistxok dixit, blogean gure 15 jarraitzaileak izan behar ditugu; hortaz, bete-betean asmatu dut.
Zaharragoa izango naiz, baina ilusioz beteago ere banago. Gure gaztaroko no future hura desagertu zen, gu geu gara-eta etorkizuna. Eta bagara!
Katilluk laurogei urterekin galdetu zuen beste gizon batek zenbat urte zituen, eta hirurogeitaka zituela erantzun ziotenean berak hau esan zuen: Edozein kakaumek jakaz hirurogeitamar urte!. Hori, bada, gu beti gazte, besteak dira zahartzen direnak!
Urkusuko sagarrondua
Askotan esan dot gehixen gustatzen jatan arbolia mimosia dala, loratzen dan lehelengua dalako, bere lora horixengaittik, loren usaiñagaittik. Martzuan sartzen garanian, nere arbola faboritua almendro japoniarra dala iruditzen jata, anbulatorixoko parkian ikusten dittut danak rosa, loran herrixari natura ikutu bat emoten...
Pagua be ikaragarri gustatzen jata, pagadi eder hórrek. Eta elorrixa., eta lizarra, eta arkazia, eta astigarrak, eta gorostixa, eta magnoliua, eta .danak. Tira, koniferak ez jataz asko gustazten, baiña izan leike gure artian oso fama txarra izan dabelako insignis piñuari esker.
Halan da be, benetan sagarronduak lagatzen nabe zoratzen. Itziartik Zumaixarutz jeisterakuan, eskuma aldian badago sagasti txiki bat, zelaitxo baten. Zelako lasaittasuna emoten daben!
Sagasti hori zoragarrixa da, baiña ikaragarri maitte neban Urkusuko torrien aurrian, zulo baten sartuta zeguan sagarrondua. Zuluan, hainbat ufal pasauta, kutsadura eta zikin artian, han altxatzen zan. Loratzen zanian, porlan eta galipot artera udabarrixa ekartzen zeskun. Ostian, sagarrak etortzen ziran, gorrixak. Ez zekan meriko makala! (zugaitz hau zan eibar.org-n aittatu nebana udazkenian loratu zalako).
Zegaittik egitten dot berba iraganian? Honezkero ez dagualako. Obrak egitten dihardue aspaldixan, eta egunotan kendu egin dabe. Ni gaur konturatu naiz, eta disgusto handixa hartu dot. Pasa dan astian, lanak inguratzen hasi jakozenian, imajiñau neban kenduko zebela. Baiña romantikegixa naizenez, pentsau neban errespetauko zebela. Ba ez da holan izan. Bota dabe, eta bere ordez, hormigonera bat porlana botatzen zebillen!
Karmeliten eliza atzian orube huts bat zeguan. Bertan automobillak aparkatzen genduazen, eta arbola mordua zeguazen. Etxiak egitteko danak kendu zittuen. Lagun batek bertan erosi zeban etxia, eta esan zestan blokien erdixan, jardiña zoiala, ez eukitzeko penarik arbolengaittik. Lau jardinera jarri dittue, Kutxako buleguetan dagozenen modukuak, baiña landara gitxiagokin!
San Andres pasialekua eta Legarre artian etxiak egitten dihardue. Egitteko bertan zeguazen laranja eta limoionduak kendu zittuen. Seguru ez dabela ezer sartuko. Gauza bera gertatu zan Bidebarrixetako etxeoste batekin. Kaki edar-edarra zeukan, baiña mendi erdi kendu zebenez, oin ez dago ezer.
Lehenengo Bidebarrixetako blokietako mimosia, oin Urkusuko sagarrondua. Hurrenguan ze ete da? Otolako artia?
Untzaga barriko arbolak Belgikatik ekarri zittuen itzelezko diru pillua pagauta. Baten bat hiltzeko egon zan, Untzagan daguan trafiko eta zaratiakin estresauta zeguazelako. Ondo ikusten dot arbola dotoriak ekartzia, baiña ez litzake hobia izango dakaguzenak zaintzia? Foru zaharretan, oker ez banago, arbola bat kendu ezkero bi sartu bihar ziran. Nun geldittu jakuz ganorazko ohitturak?
Omenaldi apala baiño ezin detsat egin sagarronduari, eta zer hoberik Atxagan poema bat Ruperrek kantauta baiño?
Sagarrondo bati sehaska kanta
Geldiro haziko zara, mara-mara,
sagarrondo xume, zipriztin, ttotto;
doi doi gizenduz sagarrondo ttipi
hogei urtez gero egonen zara potolo.
Zure abarrez txintxilikatuko dira
armiarmak, euritxuaren ttanttoak,
zure txulotan gordeko kattagorriak,
kattagorri lapur buztan haundiak.
Zirt zart etorriko zaizu apirila,
sagarrondo maite sagarrondo txuri;
txuriago maiatzaz sagarrondo loti
soineko berriaz printzesa irudi.
Ekainean bareak zuri begira,
zure fruituak noiz jausiko ote behera,
banketea nahi dugu zure kontura
sagarrondo txintxo, sagarrondo ona.
Korrika sentimentala eta sentimentuen Korrika
Radixuan Korrikian informaziñua. Aautomabillian noia eta ezin detsat emoziñuari eutsi. Malko batek urten desta begixetatik. Kontau dodan hau Korrika guztiekin gertatzen jata, baiña iñoiz ez naiz ausartu iñori esaten. Oiñ gutxi, aekako irakasle bateri aitortu netsan, zihero lotsatuta, eta berak esan zestan bardiña pasatzen jakola!. Handik aurrera jende gehixagori komentau, eta danak emozionau eta ixa guztiok negar egitten dogula jakin dot. Zenbat reprimitzen dittugun sentimentuak!.
Badakat lehelengo Korrikako pegatiña bat aitxak emondakua, Korrika hárek Eibartik ordu txikixetan pasatzen ziran, eta guk ikusi ez. 0 km jartzen dau, eta haundi-haundixa da. Altxor baten moduan gorde izan dot emon zestanetik, baiña oiñ hobeto zaintzen dot.
Ez dakit zein izan zan nere lehelengo Korrikia. Badakit hamasei bat urte nekala zapatu gaba baten pasau zana. Atxakixiakin, baimena eskatu genduan kalera urtetzeko. Kriston girua zeguan, ordu batak aldera zan pasatzekua, baiña oso atzeratuta zetorrenez, gu etxera itzuli bihar izan giñan ikusi barik. Hori bai, gabaz urtetzeko aukeria izan genduan!
Goguan dakat, Eskoriatzan ikasten nenbillela, Arrasatetik birrittan pasau zala, baten gabaz. Bertara juan giñan, eta AEDko lagun batzuek esan zeskuen jendia bihar zebela lastazauak (antortxak) eruateko. Korrikia Kanpantzarretik zetorren. Halako baten, txalapartian soiñua mendittik zetorkigun, dana illun eta gu lastazauekin Korrikiari laguntzen, babesa emoten. Arrasaten sartu, eta jendia txaloka. Zelako momentua, zenbat emoziño!
Aurten hirugarrenez eruan dot tatiagua Lau urteko Larraitzek oso ondo egitten dau berba, baiña bere gelako tatigua eruan zebala kontau zestan. Beti izanda oso pozgarria eta itzelezko ohoria, oso hunkigarrixa, momenturik emozionantienak. Lehelengoz seigarren Korrikan Eskoriatzako Ikasle eskolakua eruan neban. Benetako kilometrua, goizeko zazpiretan, Gatzaga eta Eskoriatza artian! Entregau neban Eskoriatza jartzen zeban kartelan onduan. Gero gure pisuan txokolatadia egin genduan. Oso emozionantia izan zan. Erretrato mordua etara zeskuen, baiña karretiari zeozer pasau, eta hondatu egin ziran. Lastimia!
Bigarrenez hamahirugarrenian, Eibarko Klub Deportibokua. Domeka eguerdixa, Eibarren zentruan, kriston egualdi politta, furgonatik nere izena esaten, aupaka! Hain edarra izan zan, irribarre baiño ezin neban egin. Ni oso urduri, pozik. Oso egun edarra izan zan, Galerias parkian bazkari popularra egon zalako, eta oso giro berezixa sortu zalako.
Aurten, azkeneko momentuko erabagixa izan da. Matrallako irratikua eruan dot, eruan bihar zebanak azken unian ezin izan dabelako. Zapatuan jakin neban, eta gabaz txarto egin dot lo, benetan. Laua izan da gure kilometrua, eskerrak! Amañako azken torretik lehelengora. Antxon Narbaizan eskuetatik jaso (laztan eta guzti) eta Jon Egigureneri emon. Jende gitxi egon da zati horretan, eskerrak Kontxi eta Garbiñeri, nere laguneri, hantxe egon diralako eskuma-ezker ni eskoltatzen, Los angeles de Txarli emoten genduan!
Eskoriatzakuan, pentsau neban lekukuari erreparau bihar netsala. Momentu baten ondo-ondo begiratu, eta pentsau neban zenbat jendek hartu zeban bere eskuetan, zenbatek ikutu genduan seigarren Korrika haretan. Oso espeziala izan zan.
Gaur be begiratu detsat. Eta gero gabian ETBn emondako reportajian Juan Gorritik kontau dau oso gauza politta: bigarren lekukua egin zebanian (lehelenengua Remigio Mendiburuk egin zeban pagoz, eta nahiko hondatuta zeguan) eta pare bat Korrika pasau ostian, antolatzailliak eruan zetsen lekukua garbittu zeixan. Berak ezetz esan zetsen, hori ez zala zikiña, hori jendian maittasuna zala. Ba, hori. Artista batek haiñ ondo esandakua nik ez dot hobeto esango.
Eskuz eskuz pasau dogu lekukua, sentimentuen Korrikan. Kilometroz kilometro egin dogu Korrika sentimentala, gure barruko goguak eta indarrak bertan jarritta, etorkizuna hobia izango dalako esperantzan, iñoiz Korrika gehixago premiñiagaittiki egiñ ez deigun.
Ondo etorri, Udabarri!
Udaberriko lehen eguna dogu gaur. Egutegixan arabera, jakiña. Herrixa edurtuta, eta hankak izoztuta jaiki gara. Edurra mara-mara, udabarrixari ondo etorrixa emoteko. Paradoja bat dirudi, baiña hala izan da. Otsuak be hasi dira Urkotik jeisten.
Itzela da edurte batek zelan konplikau leiken gure bizimodua. Asko nerbioso jartzen dira, ezin dabe automobilla erabilli! Beste askok, ostera, Babes zibillak eskatu arren, kasurik be ez, autua etara, eta errepidian gelditzen dira, ez atzera ez aurrera.
Beste batzuen kasuan, gustora geldituko litzakez etxian epeletan; baiña Madrilletik deitzen detse, eta eziñ ezetzik esan, nahi eta Burgosen kateatuta geratu. Hori bai, Madrillen ikusi dabe Burgos-Madril bidia garbi eguala. Hortaz, zelan ez da aillegau elgoibartarra? Kapritxua euki, eta etxera itzuli. Hurrenguan, helikopteruan eruan ahal dabe, edurrak ez dau-eta eragotziko!
Bestiok, trenian ibiltzen garanok, egunotan jendetzia aguantau bihar dogu; bai, egun normaletan autoz juaten diranak, baiña edurrakin bildurtu eta trena hartzen dabenak. Oiñ ez dake atxakixarik: autua kapritxoz erabiltzen dabe. Beste alde batetik, Eusko Trenekueri esango netseke, kalefaziñua traiekto osuan jartzeko, azkeneko geltokixan jeitsi arren, txartel osua pagau dogula! Badakitt abiadura handiko trenandako aurrezten dabizena; baiña trankill egon daittezela, horrendako seguru daguala dirua!
Edurrak ez desta animua lasaittu, bistan danez. Bihar be ez! Gustora juango nintzake, ba, ointxe bertan Somportera edurrakin disfrutatzera eta lasaitzera. Pixka bat eskiau, kafia hartu, eta hamakan eguzkittan egon, Um! Ezin leike diruakin pagau! Udabarrixan, baiña gatx ikusten dot.
Hoi ba, ondo etorri, Udabarri!
Fruitu siku tarta
Ez naiz oso gozozalia, naiña ikaragarri gustatzen jata postriak egittia. Sukaldian be ez naiz ona, sukaldari kaskarra naizela esango neuke. Baiña gaztetxotik dakat afiziño hori, nundik dakorkidan be ez dakitt.
Ez naiz primerako reposteria; egixa esan, gatxa da postre txarra egittia. Katastrofe haundixa gertatu bihar da txarto-txarto urtetzeko. Itxuria, igual eskasa, baiña gustua ona.
Eibartarren afarirako tarta bi eta sanblasak egin nittuan. Fritu siku tartia lehelengoz egitten neban, aprobetxau egin neban hainbesteko audientzixa nekala esperimentua egitteko. Hogei bat hamster neretako bakarrik:-)
Enekok esan zestan moduan, uste dot tartaletiak miñutu gehitxuago bihar zittuala laban. Hurrengorako badakitt. Hainbatek eskatu zestan errezetia, eta blogian holako sekziño bat zabaltzia erabagi dot. Erabagi, kaparradia jo, eta Asier Sarasuak egin. Eskerrak berari! Milla esker, Asier
Lantzian-lantzian kargauko dittut postriok. Sugerentzixak be onartzen dittut. Jarrittako guztiak lehelengo eginda eta dastatuta egongo dira, eta hamsterrak oneritzixa emonda.
Beheian jarri dot errezetian loturia, baten batek nahi badau hartu eta egitteko. Hori bai, egindakuan esan zelan urten detsuen!
On egin!
Beti ikasten
Gaur goizian Asier Sarasuak emondako ikastaruan praktikak egin bihar dittut. Hau da nere lehelengua:
Argazki ederra, ezta? Ba, Euskalerrixa da, asko maitte dodan lekua, ameserako tokixa. Ia zeiñek identifikatzen daben!
Itoitz
Askotan bidaiak nora baino, zelan eta norekin dira garrantzitsuak. Gizartean badago zabalduta horrelako uste ustel bat: ahalik eta urrunen, hobe. Denoi gustatzen zaigu ikustea Australiako kanguruak euren habitatean, Chichen Itzá-ko piramideak edota Islandiako geyserrak. Baina bidaiak beti gogoangarriagoak dira bertan bizi izandakoagatik, eta horretarako ez da Poloraino joan behar. Horrela gertatu izan zait pare bat bider; biak oso gertu. Bata Itoitz ezagutu genuenean.
Gazteak ginen, zoroak ginen eta gure lehengo asteburu-pasa elkarrekin. Hiru neska ilusioz beteak Euskal Herria hobeto ezagutzekotan joan ginen Piriniotako ibarrak bisitatzera. Bageneukan bertako herri batean lagun bat beti ari zitzaiguna esaten joateko eta joateko. Halaxe egin genuen.
Gure asmoa lagun honi bisita egin, kafetxo bat hartu berarekin, eta ospa, gu gure aldetik eta bera beretik. Baina ez zen horrela izan. Hainbeste poztu zen gu ikusteaz, kafeaz gain asteburu osoan ere egon ginela elkarrekin. Gure automobila aparkarazi, bere ford fiesta gorrian sartu gintuen eta bazter guztiak erakutsi zizkigun. Gainera, bere etxean egin genuen lo, eta Irati irratiko jaia ere parean tokatu zitzaigun. Gauean hara eraman gintuen, eta beste lagun batekin bertan elkartu. Zoragarria izan zen, guztiak egiten zigun ilusioa, dena zen nobedadea, berria. Begiak ere marrazki bizidun japoniarren moduan genituen, handi-handi, biribil-biribil. Ederra eta zoragarria delako paraje hori, baita gure bertako lagunak ere.
Zati gazi-gozo bat ere izan zuen bidaiak: Itoitz bertatik bertara ezagutzea. Gozoa, obrak hasi aurretik ezagutu genuelako, oraindik ezer ukitu barik zegoenean. Gazia, gure lagunak oso modu sotilean azaldu zigulako zer zen proiektu erraldoi hori. Baina apologia egin barik. Mila konturen artean, esaten zigun, adibidez, ikusten duzue marka laranja hori? Horraino iritsiko da ura urtegia egiten dutenean eta ondoren, eskualdeko ohitura bat kontatu. Gau hartan gutako batek ametsetan egin zuen ito egiten zela, ura goraino zetorkiolako. Ordudanik hirurok urtegiaren kontrakoak izan ginen.
Harrezkero makinatxo bat aldiz itzuli naiz bertara; ez baina, azken urteotan. Lanak aurrera joan ahala, gogorragoa zitzaidan egiten ari ziren astakeria, zentzu gabea. Bihotzean min ematen dit. Iaz joaten ausartu nintzen. Ikaragarria eta zentzugabea da zer egin duten, inoren interesen izenean gune zoragarria hondatu, herriak hil, eta jendea etxe gabe laga.
Itoitz gure historiako puntu beltzetako bat da. Gobernuen prepotentzia legeen aurrean. Beti esaten dut Itoitz proba-banku bat izan dela, zenbat egin daitekeen tira. Noraino iris daitekeen gobernu beten indarra, legeak aurka izanda. Itoitzen gertatu dena, toki gutxitan gertatu da: a posteriori legeak aldatu, egindako proiektua ilegala zelako. Azkenean, tribunal batzuk kontra, baina fidantza multimillonarioak jarriz obra bermatzeko. Beti gobernuaren alde, nahiz eta gobernuari arrazoirik ez eman, kontraesan nabarmenak.
Itoitz injustiziaren kontrako borrokaren sinboloa da, hain nabarmena izanda proiektuaren burugabekeria, eta hain gogor eginda gobernuak interes ekonomikoen alde, erakutsi digute Espainian ez dagoela bote gabekoentzako justiziarik, beti gobernu, dirudun eta boteretsuek irabazten dutela.
Bidaia iniziatikotzat hartu izan dugu lagunok. Horregatik dago azpitituluan, beti bihotzean daramadalako, nire bizitzaren zatia delako, galdu egin dugulako, bere alde borrokatu garelako.
Itoitz Euskal Herri eder eta kementsu hori delako; azken bataila galdu duen arren, beti burua tente, badakielako arrazoia bere alde dagoela. Horregatik, bidegabekeriei jarkitzen zaio, beste irtenbiderik ez dauka-eta