Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / 365 egun

365 egun

Leire Narbaiza 2007/04/05 00:02

Hirurehun eta hirurogei egun —365, hurrengo urtea bisustua da-eta— gelditzen zaizkit hogeitaka urteak edukitzeaz, urtebete. Hamabi hile berrogeiak izan aurretik. Bai, gaur hogeita hemeretzi betetzen ditut.

Inpresionatu egiten du. Nik laster berrogei! Nork esango luke! Gaztetasuna loriatzen duen gizarte honetan, urteak betetzea lotsagarria da, tragedia. Badirudi norberari helduaroa ez zaiola inoiz etorriko, bat gaztea dela, eta horrela izango dela betiko. Baina noiz bihurtzen gara heldu, eta noiz lagatzen diogu gazte izateari? Gure aita 73 urte betetzear hil zen, eta azkenera arte gaztea zela zioen.

Gaztetasuna ez ote da jarrera bat, mundua ikusteko modua? Ni baino askoz gazteagoek esango dute hau zahartzen dihardugunon aitzakia dela, geure burua zuritzeko era bat. Egia esan, izan liteke engainatzeko modua; baina benetan gazte izatea ez dago jaiotze datan, buruan baizik. Hau ere makinatxo bat bider esaten da justifikazio gisa, baina egia berdaderoa da.

Eskailerak antxitxiketan jaistea, parrandak, jendea ezagutzea, mundua ikustea, ikasteko gogoa, dibertitzeko premia, zorakeriak egiteko tirria, proiektu berriak martxan jartzeko bultzada, barrez lehertzeko joera, inozentzia guztiz ez galdu izana…Pertsona askok gaztaroaren ezaugarritzat hartuko lituzke hauek. Galdu beharko genituzkeenak, antza, heldutasuna lortzean. Baina ez da hala, horiek guztiak jende heldu askok dauzka, nik barne. Gizarteak jarritako moldeak direla uste dut, katalogatzea gustatzen zaigulako, mugak jarri, klasifikazioak eta kartelak maite ditugulako.

Baliteke guztiz inoiz ez zahartzea; ez itxuraz, bihotzez baino. Zimurrak, ile urdina, okela ez tentea dira kanpoko ezaugarriak; hala ere, gorputz horren barruan gazte bat egon liteke. Gaur egun, borroka egiten da seinale horien kontra: botoxa, liftingak, operazioak. Baina ez da ezer egiten gaztetasun mentala mantentzeko: jarrera kontestatarioak, irudimena, desberdin bizi nahi izatea,…

Orain hogei urte ez nuen neure burua horrela imajinatzen berrogei urterekin, ezta nire bizimodua ere. “Señorago” izango nintzela uste nuen, lan egonkor batekin, lau seme-alaben ama…Ez da horrela, sinistu ere ez dut sinisten daukadan adina. Dena hain bizkor pasatu da! Era berean, ezer egin ez dudala ere begitantzen zait. Errealizazio pertsonalerako hiru gauza egin behar omen dira: zuhaitz bat landatu, liburu bat idatzi, eta ume bat izan. Ez dut bat bera ere egin! Ai, ama! Zelako desastrea! Zuhaitzarena, ez dut hain gaitz ikusten, landare asko landatu ditut, baina ez du balio. Liburuak, idatzi ez, baina zuzendu, hiru-lau bat; horrek ere ez du balio. Eta ume bat ekartzearena….enfin, oso-oso zaila.

Lasai nago, laster hori guztiori blog bat izatearekin parekatu eta homologatuko baitute! Warhol-ek esan zuen denok 15 minutuko fama izan behar genuela. Orain, Luistxok dixit, blogean gure 15 jarraitzaileak izan behar ditugu; hortaz, bete-betean asmatu dut.

Zaharragoa izango naiz, baina ilusioz beteago ere banago. Gure gaztaroko “no future” hura desagertu zen, gu geu gara-eta etorkizuna. Eta bagara!

Katilluk laurogei urterekin galdetu zuen beste gizon batek zenbat urte zituen, eta hirurogeitaka zituela erantzun ziotenean berak hau esan zuen: “Edozein kakaumek jakaz hirurogeitamar urte!”. Hori, bada, gu beti gazte, besteak dira zahartzen direnak!

etiketak: udaberria, Txargainen
Patxi
Patxi dio:
2007/04/05 04:38

Fisikoki, ikusten dituzu 80 urteko aitonak, 60 dituztela diruditenak, eta alderantziz, ikusten dituzu 60koak, 80 dituztela diruditenak.

Mentalki, beste hainbeste: 80 urteko 20ko asko ikusten ditut nik, eta 80ko gaztetxo batzuk bai.

Zu beti izango zera gaztea Leire! Beti!!

Zorionak!!

oier g
oier g dio:
2007/04/05 17:18

Denpora barrixetara egokittuta, gizarte modernuak pertsonian betebiharrok egokittu dittu. Oin, gizakixan errealizaziñorako zera egittiakin nahikua: - Geranixua landatu. - "Zuzendarixari gutuna" idatzi. - Sagua klikatu.

Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2007/04/05 15:32

Zorionak Leire! Eustakio zure aitta, "Beti Gazte" koadrillakua zan. Aittan ezpalekua alabia.

Musu haundi bat

Serafin

asier
asier dio:
2007/04/06 23:10

atzaparretan ebagixa, eta ezin asko idsartxzi. hortaz...

zorionak!!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua